Kontxi Aizarna: "Lehen gurasoek konplizitate handiagoa zuten irakasleekin"

  • Xirula Mirula: Imanol Urbieta. Baina, Imanolekin batera, Kontxi Aizarna. Hasiera-hasieratik ari da Kontxi Imanolen ondoan lanean. Elkar osatzen dute eta nekez burutuko lukete batak bestea gabe. Bien lan eta eginahalaren ondorio da Xirula Mirula. Bataren jeinutasuna bideratzen asmatu du besteak. Imanol Urbietak du osperik handiena, baina maila bereko omena merezi du Kontxi Aizarnak. Honekin hitz egiteak hura hobeto ezagutzea dakar. Kontxi Aizarnaren mintzoan guztiz presente dago Imanol, eta elkarrizketan zehar behin eta berriz izango du hizpide.

2021eko uztailaren 28an
25 urte da ezagutu zintudanetik. "Zilarrezko ezteiak", esateko moduan. Adarra elkartearen udako ikastaro pedagogikoak izan ziren, Bilboko Sarriko fakultatean. Irakasle ari zinen zu, musikaren didaktika zen gaia eta Xirula Mirularen bidetik jardun zenuen. Ni ikasle nintzen, jakina. Ze bide egin du Xirula Mirulak harrezkero?
Hasi berri ginen orduan. Imanol Urbieta zen aitzindari, jakina. Musikaren pedagogia zerbait berri zen gure artean. Ez Europan, hala ere. Boom handia izan zen. Irakasle jendeak eta musikan interesa zuenak bide berria izan zuen Xirula Mirula. 25 urte honetan esperimentatu eta ikasi egin dugu. Munduan zer egin den ere ikusi dugu. Dena dela, orduko ildo beretik jarraitu dugu: haurra da inportanteena, haurra da abiapuntua, haurra da helburua. Horri eusten diogu. Bestetik, musika haurraren heziketan baliabide da. Haurra helburu, musika baliabide, beraz. Eta hizkuntza lantzeko ere, tresna da musika. Hungaria eta Alemaniatik jaso genituen orientazioak dira. Alemanian, esaterako, Corelliren eskolan izan eta esan ziguten: "Gure bidetik ari zarete. Are gehiago, urrats bat aurrera egina duzue, guk ez dugu eta hizkuntzaren arazo hori". Ama-hizkuntzaren garrantzia, musika egiterakoan, eta hizkuntza beraren musikaltasuna kontuan hartzea, kantatzeko, erritmoa lantzeko eta beste ezertarako. Gure arabera, musikak haurraren heziketa orokorrean laguntzen digu, gorputza lantzen, ezagutzen, soinu-iturri bilakatzen... Oinarri horren gainean ari gara oraindik. Ez dugu hori aldatu. Berritasunak? Materialak, argitalpenak, eskarmentua...

Euskara egokiaren bidetik, eta Euskal Herriari begira betiere... "Izarraitz, Ernio, kantu zahar bat bihotzak adio..."
Esan dizut. Haurra da abiapuntu eta helburu. Euskal Herriko umeekin ari gara lanean, eta bere ingurura joko dugu, ezagutzen lagunduko diogu: haurra, familia, etxea, auzoa, herria... "Izarraitz, Ernio... ", baina Everest ere bai, eta Mississippi, baina beste maila batean. Musikak balio digu Euskal Herria ezagutzeko. Eta euskarari dagokionez, berriz, hizkuntza errespetatzea dugu lehenengo, eta hari musika jartzea gero. Pedagogiak jarri gaitu horretara. Hizkuntza transmititu nahiak eta horretarako musikaz baliatzeko asmoak zuzendu gaitu horra.

Hizkuntzari dagokionez, kolaboratzaile onak izan dituzue. Anjel Lertxundiren letrak ageri dira zuen kantuetan, Joxantonio Ormazabalenak, Juan Martin Elexpururen bat...
Hitzei dagokienez, Imanolek sortu ditu letra gehienak. Gaur egun elkarlanean ari gara zenbait lagunekin. Joxantonio Ormazabal aipatu duzu. Oraindik ere zenbait letra egin dizkigu, baina askotan arazoak ditugu. Hizkuntza errespetatu behar dugu, baina musikaren arauak ere bai. Imanoli asko kostatzen zaio besteren letrak zuzentzea. "Beraiek idazle dira, nik baino gehiago dakite, zer esan behar diet nik? Ni txapuzeroa naiz". Hala esaten du. Eta egileari hots egiten badio, honek onartu egiten dizkio oharrak: "Aurrera, Imanol, egin ezak egokiena!". Gaur egun, hizkuntzalaria, idazlea, musikaria... taldea osatzen dugu, elkarlanean.

Denak aipatzen ari gara, zu zeu izan ezik. Talde horretan non da Kontxi Aizarna?
Kontxi saltsa-maltsan dabil. Kontxik Manolori esaten dio hurrena zer egin. Eta "hurren" hori egiteko proposamenak egiten dizkio. "Hemendik abiatuko bagina?". Saltsa-maltsan. Bitartekari.

Nola sartu zinen bide horretan?
Halabeharrez. 19 urte nituela, Zarauzko ikastolan hasi nintzen lanean, artean irakasle-titulurik ez nuela. Irakasleak behar ziren, nonbait, eta ikastaro bereziak egin genituen zenbait lagunek. Lontxo Oihartzabal, Txiliku eta beste genituen irakasle. Ikastaroa egin eta agirien jabe egin ginen. Halako batean, ikastolatik deitu ninduten, lanerako. Irakasle nintzela, berriz, 5 urteko haurrekin, ume batek behin: "Kontxi, jo ezazu txirula!". Esan nion: "Idurre, ez dakit!". Eta Idurre txikiak: "Andereño zara eta ez dakizu txirula jotzen?". Hortik abiatu zen nire historia. Horrek erabat astindu ninduen. "Zerbait egin beharko dut!", esan nion neure buruari. "Eginak ditut hamaika ikastaro: psikomotrizitatea, hizkuntza, pedagogia, psikologia... musika ez beste denak! Zerbait egin beharko dut!". Ordurako, musika-eskola zuen Imanolek Zarautzen. Ikastolan ikasle nituen umeak, eskolatik irten eta musika-eskolara joaten ziren. Nik zer egin nuen?, haiekin batera joaten hasi nintzen. 5-6 urteko umeekin batera ikasten hasi nintzen, notak, txirula... haiek baino azkarrago ikasten nuen, jakina, eta poliki-poliki, ikasle izatetik laguntzaile izatera igaro nintzen. Mundu liluragarria ireki zitzaidan: musikaren mundua, eta Imanol bera. Gero eta gehiago sartu nintzen mundu horretan. Zenbait urte eman nituen ikastolan eta musika-eskolan, bietan lanean, ezin izan nuen arte. Ikastolan bost urte egin lanean eta eszedentzia eskatu nuen, musikan lan egiteko erabat. Gero, hainbat urte musika-eskolan lanean eta atzera ikastolara itzuli nintzen. Orain dela 6-7 urte ordezkapenak egiten hasi nintzen Zarautzen -behin ere ez dut beste inora curriculuma bidali-, eta, iazko ikasturtetik, 2 urteko umeekin ari naiz, irakasle.

Alde handia, horratik! Dena dela, seguru nago musikak presentzia handia izango duela zuela lanean...
Bai horixe. Ematen ditudan -nolabait esateko- aginduak ere kantuan ematen ditut. Oso gogorra izan da 2 urteko haurrekin lan egitea. Behin ere ez nintzen 2 urtekoekin lanean egona. Lankide jatorrak ditut, ordea, eta haiei esker egin dut aurrera. 2 urtekoekin lanean hasi nintzenean, lehenengo hiru astean 4 kilo galdu nituen. Irabazi nituen atzera eta gaitz erdi. Baina ez nuen uste hain gogorra zenik.

Zer da gogorrago, 2 urteko umeekin lan egitea, ala Imanolekin?
Biak dira gogor eta intentso. Desberdinak, hala ere. Imanolekin ez naiz aspertu behin ere. Ernegatu bai. Bera ere bai, jakina.

Zer jakin behar du pertsonak -musikaz jakin, alegia-, pertsonago izan dadin?
Haurrak txikitandik izan behar du musikarekin harremana. Musikaz gozatzeko aukera izan behar du: dantza, kantatu, musika tresnak erabili... Eskola-aroan, irizpide jabe egingo da. "Musika hau gustatzen zait. Honek tristatu egin nau. Hau entzutean begiak ixten ditut". Gustatu - ez gustatu. Sentitzen dut - ez dut sentitzen. Artistaren margolana ikustea bezala. Irizpidea.

Gaur egun bestela da bide nagusia, ordea. Haurrak, asko eta asko, eskolak irten eta musika-akademian ari dira. Solfeo, pentagrama eta musika tresna, asko ikasi eta gutxi gozatu...
Musikaren garrantzia asko aldatu da. Lehen ez zen derrigorrezkoa ere. Musika zaletasuna zuenak kontserbatoriora jotzen zuen, sufritu behar zena sufritu eta gaitasuna izanez gero karrera egingo zuen. Eta eskola eta kontserbatorioa, biak egitea lan handia zen. Gaur egun presentzia handiago du musikak eskolan. Derrigorrezko ikasgaia da, nahiz eta ordu gutxi dituen. Hortaz, orain 25 urte esaten genuena egia bihurtu da: musika haur guztien eskubide eta ondare da. Gaur egun, haurren eskura dago musika, eta eskolak erakusteko obligazioa du. Besterik da helburua. Nire ustez, eskolak lortu beharko luke haurra musikaz gozatzeko gauza izatea. Batxilergoan, bestalde, Batxilergo artistikoaren aukera dute ikasleek: hor da kontserbatorioko bidea eta beste...

Batxilergoan. Ongi. Zertan da, hortaz, umeteria hori dena solfeo liburua eta pentagrama koadernoa galtzarbean hartuta, eskolatik irten, otartekoa jan eta akademiara, musika ikastera?
Haur guztiek denetik jakitea nahi dugu. Dena, eta ondo. Denbora librea duela eta haurrari aukera ematea, ondo iruditzen zait. Dela dantza, pianoa ikasi, baleta edo zernahi. Baina oso ludiko izan behar du...

Ez da ludiko, ordea...
Ez, ez da. Obligazioa. Xirula Mirula eskolan, adibidez, bagenuen haur bat hainbat zailtasun zituena. 7-8 urte zituen. Logopedaren beharra zuen, igeri ere egiten zuen -behar zuelako-, eta musika-eskolara ere etortzen zen, psikomotrizitatea lantzen genuelako eta horren premia ere bazuelako. Behin, amarekin etorri zen, ordutegiaren gorabehera zela eta. Aldatzeko kontua, besterik gabe. Han ari nintzen ni, amari esaten: "Ez dakit ba. Juxtu antzean gabiltza. Zuen umea taldez aldatzea ere, beharbada ez da egokiena...". Horrela. Eta, umeak, amari: "Ama, eta noiz jolastu behar dut?". Orduan, nik, amari: "Barkatu, ez ezazu ekarri. Hona ekarri partez, eraman ezazu parkera. Egin dezala jolas!". Nire galdera: zer behar du umeak, zer behar dute gurasoek?

Irauten al du Goiazko baserriak? Xirula Mirularen habietako bat...
Baserriak irauten du, Mikelandegi-zarra. Baserriak bai, guk ez. Udalekuak antolatzen ziren han. Udalekuak egiten hasi zireneko garaia zen, geroko udaleku ofizialak baino lehen. Zarauzko musika-eskola garaia izango zen, noski. Imanolen ideia. "Udan beste nora edo nora bidali beharrean, zertan ez dugu guk geuk udalekua egiten?". Dozena erdi lagunen artean baserria erosi eta udan umeak hara eramaten hasi ziren. Umeek lagunartean segitzeko modua zen, urtean egiten ez ziren zenbait lan egiteko aukera: mendira joan, gaupasak egin -ume mailako gaupasak: sua egin, izarrei begira egon-, ... udaleku ziren, baina udaleku "anarkoak", nahi izanez gero...

Gaur egun, sui generis hitza erabiliko genuke. Dena dela, "anarko" edo sui generis, Imanol bera bezala...
Asko aldatu da gizartea. Orduan gurasoek konfiantza handiago zuten irakasleengan. Gaur egun beldur eta kezka handiago dute: "Ongi tratatuko dute? Arriskurik izango du? Gaitzen bat ekarriko du?"... Lehen askoz sanoago ginen. Bazegoen konfiantza, eta bazegoen konplizitatea. Haurrak Goiatzera bidaltzen zituzten gurasoek bigarren aita zuten Imanol. Andoni Egaña eta, hantxe ibili ziren. Andonik beti esaten duena: "Imanol? Batetik, nire lagunaren aita da. Bestetik, gure aitaren laguna".

"Tximeletak mendian, lore baten gainean", "Bir-bir-bir", "Plisti-plasta, plisti-plaust", "Astoa ikusi nuen", "Sagutxoak munduan", Haur kantarien birlorak kasete gogoangarria argitaratu zenuten. Beste sasoi batean, eta bestelako lana, Atotxa giroan izenekoa... Horren neurriko "erokeria" ederrik egiteko girorik ez dago...
Oso lan berezia izan zen. Orduko Erreala eta gaurkoa ez dira bat, bi zeharo desberdin baizik. Ni ez naiz futbol zalea, eta kosta zitzaidan jokoz kanpoko jokaldia zer zen ulertzea. Garai hartan esaten zuten Atotxako jendeak ez zuela animatzen, hotza zela... Batek jakin Imanolek eta Errealak zer hitz egin zuten. Kontua da, hamabostero, Erreala Zarautza autobusa bidaltzen hasi zela. Umez betetzen zen, txistua jotzen zuten, eta helburua, berriz, Atotxara joan eta Erreala animatzea. 7. atetik sartzen ginen beti. Inor galtzekotan, bagenekien: 7. atean aurkituko genuen. Toki zoragarria eskaintzen ziguten, ate baten atzean. Garai hartan bertako jokalariak ari ziren Errealean, eta giro berezia zegoen. 1980an edo -Ligako txapeldun atera aurreko urtean, behintzat-, txapelketa irabaziko zuela ematen zuen. Azkenaurreko partidan galdu zuen aukera. Giro bero horretan egin genuen Atotxa giroan kasetea. Jokalari denak aipatzen ziren kantuan. Musika-eskolak Erreala animatzen zuen eta kasetea, omenaldi zen, eta, beharbada, eskolarako diru-iturri, Goiazko baserrian inbertitzeko asmoz. Urte hartan Errealak ez zuen Liga irabazi, kasetea egin genuen baina dirurik osatu ez, eta Goiazko baserriak ere ezin izan zuen aurrera egin. Giroa ere aldatu zen, Imanol ere Zarauzko eskolatik Donostiako Irakasle Eskolara, apaizgaitegira, joan zen irakasle. Orduantxe sartu nintzen ni, buru-belarri, Zarauzko musika-eskolan. 80-81ean. Gaur egun horrelako kasetea egitea? Ez dut uste posible denik. Kanpoko jokalariak -euskaldun gutxi, behintzat-, Erreala Elkarte Anonimo eginda, dirua nagusi... Gainera, ez nago ados Errealaren "Gipuzkoarena" proiektuarekin. Uste dut gehiegikeria dela, hamar urte ere ez dira Anoeta egin zenetik, diru publikoa erabili zuten, eta orain hau? Futbolaz asko jakin gabe ere, Errealak zaindu dezala harrobia, eta benetan Gipuzkoako taldea egin.

Osatu duzuen material aukera handi horren artean, beste bat berezia: Afrikakoa. Esperientzia bitxia zuen ibilbidean, ala?
Musika-eskolan ginela, lagun egin genuen Antzuolako familia bat. Alaba zuten, zenbait ezintasun zituena. Donostiako kontserbatoriora joan ziren, musika ikasteko asmoa zuela eta. Kontserbatorioan esan zieten haiek ez zutela neska haren ezintasunei aurre egin eta laguntzeko prestakuntzarik. Guregana bidali zituzten. Eta etorri ziren. Eta ea hartuko genuen eskolan. Eta horrela. Antzuolatik Donostiara etorri behar eta autoan zorabiatu egiten zen neska. Baina Xirula Mirulara etortzen hasi eta ez zen gehiago autoan zorabiatu. Familia honek ezagun bat zuen Afrikan misiolari. Horretaz hitz egin ziguten, beste alaba bat han izana zutela, bisitan, argazkiak erakutsi zizkiguten... Argazkietan, umeak, koxkortuak ere, amaren lepotik zintzilik, bizkarrean. Eta afrikarrek musikarako duten sena. Eta hau eta hura. Eta Afrikara joango ote ginen hasi ginen geu ere. Eta harremanetan jarri ginen misiolariarekin, musikaz jakin nahia genuela eta. Misiolariak, baietz, baina ostatu truke, bertakoei musika erakusteko. "Guk Afrikako jendeari musika erakutsi? Haien musika sena aparta da eta!". Aldi berean, tokatu zen Imanolek Afrikara bidaia agindu ziola gure eskolako ikaslerik zaharrenetako bati. Imanol gauzak agintzen beti. "Estimuluak" jartzen. Eta joan ginen Afrikara, Kongora. Kinshasara joan ginen lehenengo, eta Lubumbashira gero. Hemengo aireportuan lurrartu eta 500 kilometro egin genituen lur-orotarikoan, mendian gora, 2.000 metroko altueran. Bihotza betean hartu gintuzten. Zain geneuzkan. Guk musika-eskolak eman zain. Uste genuen haurrei emango geniela eskola. Misiolariak, ezetz, helduei, misioaren inguruan ari zirenei, gero haiek umeei erakusteko. Aluzinatzekoa! "Nola erakutsi musika barru-barrutik daramatenei?". Egia, kantatzen dute, dantza egiten dute, bizi dute musika... erritmoak eroturik bizi dira. Pentagramaren berririk ez, ordea. Horixe erakutsi genien: zuriak zenbat balio duen, beltzak zenbat... Zuriak, bi beltz balio dituela... Hori han esan beharra ere! Onik atera ginen, behintzat. Hilabete egin genuen han eta astebetez eman genuen eskola. Erlojurik ez dute, baina eskola hiruretan hasten bazen, ordu bietan han ziren, eskola hasi zain. Presarik ez dute. Zer edo zer egingo dutela agindu eta zuk, "Eta noizko?", beraiek: "A, ez dakit ba! Lehenengo, bazkaldu. Gero, lokamutsa. Ondoren, zera... Baina egingo dut". Erlojuaren mende bizi gabe, alegia. Baina musika-eskolaren zain egoten ziren. Eta eskola zertxobait lehenago bukatzea ezta pentsatu ere! "Oraindik ez da garaia!", esaten ziguten. Bestalde, konturatu ginen, Kongon behintzat, emakumeek egiten dituztela lanik handienak. Ehotzea, adibidez, artoa ontzi handian jarri eta makilaz jotzea xehe-xehe egin arte, emakumeek egiten zuten, erritmo handiz. Ontzian dagoen artoa jo eta arnasa bota, kolpea jo eta arnasa bota... Bitartean, haurra bizkarrean. "Erritmoaren sena hortik ote dator?", gu, geure buruei galdezka. Tira, 8 egunean, solfeo notak ikasi zituzten eta nota horiek txirula jotzen. Misiolariak, bitartean, haren asmoaren berri eman zigun: eskola jaso nahi zuen. Batez ere, emakumearen egoera zuzentzeko. Gertatzen zen, eskola garaian, artoa ereiteko sasoia igual, eta familian mutilak eskolan segitzen zuela eta neska lanean jartzen zutela. Emakumeari bestelako estatusa eman nahi zion misiolariak ze, garai hartan, eskola zuten taldeei baino ez zieten irakasleak jartzen Kongoko gobernuak. Gure asmoa: "Nola lagundu hauei?", eta "Tira, musika-estudioa dugu, diskoa egingo dugu, hauei laguntzeko". Halaxe egin genuen. Bigarren bisita egin genuen hara, grabazioa egin ahal izateko traste denak hartuta. Diskoa osatu genuen eta, bildutako diruaz, eskola jaso zuten. Diskoan, Kongokoen kantuekin batera, gitarra entzuten da, eta eskusoinua! Izan ere, halaxe barneratu zituzten guk eramandako tresnak!

Ez da Euskal Herritik kanpora egin duzuen lan bakarra...
Kanpora, oporretan. Urtean egin ez duguna egiten dugu oporretan. DBHko material osagarria egiten hasi ginen orain urte batzuk. Musikaren historia dugu ardura. Ikasleek entzuna dute Beethoven, baina ez dute askorik jakiten. Gu, Alemanian izan ginen, Beethoven jaio zeneko etxean, ibilitako lekuetan… grabatu eta haren historia kontatzen dugu, ordu laurden batean, gaztetxoek ezagutzeko moduan. Horrela, aitzinarotik hasi eta Barrokoa, Klasisizmoa, Errenazimentua, Errusiako musika nazionalista, Norvegiakoa… aztertu ditugu. Jaurlaritzak lagunduta. Sariak ere jaso ditugu, Migel Alzola saria, euskaraz ekoitziriko bideorik onenaren saria jaso zuen gure lan honek. Kanpoan ibili gara baina etxeko musika ahaztu gabe: Arriaga, Gaiarre, Sarasate eta beste asko ere aztertu ditugu…

Musika klasikoa gaztetxoentzat, lo-kantak haurrentzat: "Kun-kun lo-lo". Holako lan ederrak egiten asmatzea ere!
Sehaska kantak dira. Betiko lo-kantak berreskuratu nahian egindako lana. Hala ere, gure lanak ez dira haurrak entzuteko, irakasleek eta gurasoek ikasi eta haurrekin batera kantatzeko baizik. Haurraren aurrean dagoena askoz inportanteago da, diskoa baino. Sehaska-kantak berreskuratu ditugu, euskal tradiziokoak, hizkuntzaren transmisioan laguntzeko, hainbat guraso gaztek ez daki eta lo-kantarik kantatzen. Askori gustatu zaio lan hau eta udaletxe askok eskatu digute: harrokeriak alde batera utzita, 15.000 ale saldu ditugu. Horixe da harro egoteko moduko fortuna! Gure altxor bat berreskuratu dugu. Eta, betikoa esango dut: inportantea ez da diskoa haurrari jartzea; dela aitak, dela amak, kanta hauek haurrari kantatzea baizik.

Esan "zaharra" da: "Gizon handi baten atzean beti dago emakume are handiago bat". Zu zeu, kasu honetan, ez inoren atzean, baina Imanolen ondo-ondoan. Xirula Mirula zure lanaren ondorio ere bada aspaldi...
Hala esaten dute. Ez dut harro izan nahi, baina neuk jardun dut urte askoan Imanol animatzen eta laguntzen. Zenbait jendek esaten du: "Zu izan ez bazina Xirula Mirula ez zen izango gaur egun dena". Nik lagundu egin dut. Baina izpiritua eta alma mater-a, badakigu nor den: Imanol.

Nola definituko zenuke Imanol?
Berari gustatzen ez zaion hitz bat erabilita: artista. Eta artista denak bezala, oso arraroa. Eta jeinu izaera. Artista, sortzaile... erditzeko makina. Etengabe ari da sortzen, presa ere badu, denbora falta du barruan duen dena kaleratzeko. Lehengo batean esan nion: "Lehen bai, iristen nintzen zuk egindakoak txukun jartzera, baina gaur egun ez. Hiru lagun beharko zenituzke barruan daukazun guztia garaiz ateratzekotan". Sortzen eta sortzen ari da, neurriz gain. Orain dela 20 urte baino gehiago. Askotan esaten du: "Ideia buruan sortzen denetik ahora edo lumara heltzen denerako, zahartu zait". Karpeta pila du, egindako lanak argitaratzera iritsi ezinik. Eta jeinua izanda ere, akatsa ere badu: desordenatua da, oso. Hori ere bai. Ordena behar-beharrezkoa du, baina, bera, desordenatua: papera, papera, papera… Behin esan nion: "Mahai handi bat jarriko dizut etxe honetan bertan, zure paper denak bertan txukun gordetzeko!". Berak, ezetz: "Ez, Kontxi, alferrik ari zara. Hobe duzu lurrari lau hanka jarri!".

Lan berriak sortuagatik, garai bateko "Txoria nintzela", "Txiki-txiki-txikia", "Bir-bir-bir" eta horien maila gainditzerik ba ote da?
Ez, ez dut uste. Oraintxe ere, noiznahi esaten dit Manolok: "Begira, ze kanta egin dudan, halako eta halako lantzeko!", eta gitarraz jotzen hasten zait. Nik, burua lehengoetan: "Ba ez duzu ba harako kanta hura, hori lantzeko!". Hark: "Hura zaharra da!", eta nik: "Bai, zaharra, baina kosta behar zaizu hura bezain ona egitea!". Izan zuen garai bat oso berezia, irakasle-eskolako irakasle ere izan zenean. Batetik, musika-eskolan, haurrei erakusten zien. Bestetik, irakasle-eskolan, irakaslegaiei. Sinbiosi inportantea izan zen. Batzuekin esperimentatu eta besteekin kontrastatu. Garai horretakoak dira zenbait lan, hobetuko ez dituenak. "Zaharra", "aspaldikoa"… hori esateak niri ez dit balio.

Hobe luke beste hitz bat erabili: "klasikoa"
Horixe. Betiko dira. Honezkero, herriarenak. Zenbait materialetan ere halaxe jarri izan dute. Imanolen kanta ezarri eta, egilea, "Herrikoia". Eta Imanolena izan! Imanolen kantak dira, baina, aldi berean, "herriarenak", hori ere gauza polita da.

Zergatik ez diote Imanoli Kontxi definitzea eskatzen?
Ez dakit ba...

Helena Taberna zinema zuzendari nafarrak dio emakumea ez dela inon agertzen, ikusezina dela, lan ona eginagatik ere...
Ez dugu berdintasuna iritsi. Zapaterok zortzi eta zortzi izendatu ditu ministroak. Eusko Jaurlaritzan baino gehiago dira… Nik uste emakumeak inurriak bezala garela, lanean eta lanean, baina egindako lana ez zaigu ezagutzen. Dena dela, lan hori egingo ez bagenu, orduantxe bai, akordatuko litzateke jendea! Ez zaigu lana aitortzen. Egin didazun galdera: "Zergatik ez diote Imanoli Kontxi definitzea eskatzen?". Batzuek bai, esango dute, nire laguntzari esker ere egin duela lan Imanolek. Baina, oro har, jendeak ez daki. Gizona da lehenen, emakume handiak gorabehera. Helena Tabernarekin ados egon beste erremediorik ez. Ane Muñozek film laburra egi berri duela? Julio Medem eta kitto egiten du jendeak.

Ze musika jarriko zenioke elkarrizketa honi?
Hector Berliozen "Sinfonia fantastikoa". Badu ametsa, badu fantasia, badu indarra. Gustatzen zait.

Elkarrizketarekin batera bertso bat eransteko ohitura du Aitor Mendiluzek. Ze bertso-doinu aginduko zenioke?
Tira, elkarrizketarekin loturarik ez du, baina leku honekin bai. Hau, izan ere, ganbara zen garai batean. "Xagutxo batzuekin bizi naiz ganbaran", doinu horixe.

Imanolek txapela merezi du, eta zuk hark bezainbeste. Edo, gutxienez, lore-sorta...
Eman zidaten, 2003ko neguan Imanoli Kursaalen egin zioten omenaldian. Orduan ere, hari tiraka ibili nintzen: "Jar zaitezela hemen, aurrerago. Zure lekua hor da", eta abar. Lore-sorta eman zidaten orduan. Badakizu, lore eta lorontzi. Horrela ibiliak gara emakumeak duela gutxi arte.

Aizarnatik mundura

Ibiltari gara. Sei anaia-arreba gara, bost neska eta mutila. Denak Aizarnan jaioak. Anaia 20 eta zenbait urte dira joan zenetik. Fabrikan finikitoa eskatu eta beste hiru lagunekin alde egin zuen hemendik, mundua ikustera. Tongara joan ziren, Zeelanda Berrira. Gero, sosak bukatu eta Mexiko aldera joan ziren. Anaia lanean, Cancun-en, pizzerian. Ingelesa ikasi nahi zuen, baina ez zuen ikasten: "Aurreratuta noa eta harrapatuko nau atzetik", esaten zuen. Mexikon zegoela, New Yorkeko jendea ezagutu zuen eta halako batean bertara joan zen. Paperik gabe, hala ere. Zerbait egin behar eta etxeetako zomorroak akabatzen lan egin zuen: Paul Newman-en etxean labezomorroak akabatzen ibilitakoa da gure anaia. Poliki-poliki, agiriak lortu zituen eta bertan bizi da. Urtean bi buelta egiten ditu Euskal Herrira. Etxe garbitzen egiten du lan New Yorken oraindik. Hasieran, tokatzen zitzaion etxea. Orain, jende "aukeratuaren" etxeak garbitzen ditu, direla moda diseinatzaileenak, eta besterenak. Manhattanen egiten du lan eta Dorre Bikiak eraitsi zituztenean, bertatik 300 metrora zegoen eta hura zuzenean kontatu zuen EITBrentzat. A, eta ingelesa ere ikasi zuen.

Arreba zaharrena, 16-17 urte zituela irten zen Aizarnatik. Parisa joan zen. Suitzan bizi da egun, NBErentzat lanean, telekomunikazio sailean. Bidaia asko egin ditu.

Bigarren ahizpa, aleman batekin ezkondu zen eta hantxe bizi izan da urte askoan. Hirugarrena da anaia. Hurrena, Zarautzen bizi da. Bidaia zalea. Ondotik nator ni, eta, gazteena, Maribel, ETBko esataria, irakurzale eta bidaia zalea. Asko gustatzen zaio idaztea.

Horretan, nire lankide baten aitak bere alabari esan ziona kontatuko dizut. Haiek Ondarretan jaioak dira, baserrian, baina eraitsi zuten hura ere. Bada, aitak esaten dio alabari: "Kontxi eta! Aizarnako puntan jaio, bata Amerikan, bestea Suitzan, bestea telebistan… eta gu, hemen, kapitalean jaio, Ondarretan, eta gu ezer ez gaitun!". Gure amak lagundu digula esango nuke, haiek izan ez zutena guk izan dezagun saiatu zen. Umeei onena eman nahi zien. Hasteko, ikasketak. Gure amak dio 11 urte arte besterik ez zela joan eskolara. Bitartean, hiru saio egin zituela umezain. 11 urte bete eta erabat utzi zuela eskola, "Dividir ere ez ninan ikasi!", esaten digu.

Ni neu Aizarna-Zarautz-Donostian bizi naiz. Nire autoan beti dago poltsa bat bete arropa. 10 urte nituela Irunera bidali ninduten, eskolara. 14 urte nituela, Zarautza joan zen familia bizitzera. Etxea alokatuta egon zen hainbat urtean. Aita hil eta gerora, "Aizarnako etxearekin zer egin behar dinagu?" egin zuen galdera gure amak, eta Maribelek eta biok hartu genuen, hark alde bat, eta nik bestea. Berritu eta bertan gara. Bakean. Batzuetan bake handiegian...

Bertsoa

Doinua: Xagutxo Batzuekin

Aizarnako etxea
duzu babespea,
zail da zer pake duen
adieraztea.
Nolaz duzu gehiegi
denaren ustea?
Utzi, utzi, hobe da
pakean uztea
eta nahi duzunean
zerorrek haustea.


Azkenak
Correosek Gipuzkoan dituen lantokietako langileek salatu dute udan izaten ari diren lan-karga “jasanezina”

Udan lantaldea asko murriztu da langile gehienek oporrak hartu dituztelako, eta sindikatuek salatu dute Correosek apiriletik langileen oporraldien berri izanda ere ez dituela langile gehiago kontratatu.


Espainiako Parekotasun Legeko akatsak aukera ematen du senideak zaintzeko baimena eskatu duten langileak kaleratzeko

2/2024 Lege Organikoa abuztuaren 22an sartu da indarrean, eta “akats tekniko tamalgarria” du, Espainiako Berdintasun sailburu Ana Redondok adierazi duenez. Sexu-indarkeriaren biktimak kaleratu ezin direnen taldean sartu dituzte. Espainiako Berdintasun Ministerioak... [+]


Beroak adinekoen heriotza hirukoiztuko du Europan 2100. urterako

Hori da ikerketa berri batek ondorioztatu duena, baldin eta betetzen badira gaur egun berotzearen handitzeari buruz dauden aurreikuspenak. Eta NBEren arabera, mende amaierarako tenperaturak 3 graduko igoera izango du XX. mende hasierarekin konparatuta.


Miarritzeko auzapez ohi Didier Borotra zendu da

Politikari zentrista ezaguna, 1986tik 1991ra Departamendu kontseilari izan zen, 1991tik 2014ra Miarritzeko alkate eta Frantziako senatari 1992tik 2011ra. 86 urte zituela zendu da abuztuaren 21ean, infartu baten ondorioz.

 


Emazteari eraso egin zion ertzaina kargutik kendu dute

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi du: “Ertzaintzako barne arautegiak hutsegite larritzat eta botatzeko arrazoi posibletzat ditu horrelakoak”. Gainera, Gipuzkoako Fiskaltzak eskatu dio instrukzioko epaitegiari auzia genero indarkeria... [+]


2024-08-22 | Euskal Irratiak
Maddi Kintana: “Gazte euskaldunen hizkeran frantsesak eragin handiagoa du”

Maddi Kintanak Baiona, Angelu eta Miarritzeko gazteen euskara aztertu du bere tesian. Hitz berriak sortzen dituzte baina baita hitzak beste hizkuntzetatik hartzen ere, besteak beste, interneten eraginez.


Iruñeko haur-eskola publikoetako ikasle berrien %37 familia sozioekonomiko ahulekoak dira

Plaza eskatu duten guztiak onartuak izan dira onarpen-sistema berria eta zikloaren doakotasunari esker. 12.000 euro baino gutxiagoko errenta duten familien 297 umek izango dute plaza.


Tanpoiek metalak dituztela frogatu dute; tartean, beruna eta artsenikoa

Lehen aldiz, ikerketa bat egin dute tanpoiek metalak ote dituzten ikusteko. Izan ere, metal batzuk toxikoak dira, baina AEBetako, Europako eta Erresuma Batuko legediek ez dute horri buruzko araudirik.


2024-08-22 | June Fernández
MIGRAZIO-DOLUA
Herrimina trauma bihurtzen da

Herrialde berri batera moldatzeak dakarren astindu identitarioaz gain, migrazio-bidaietan eta berton aurre egin behar dieten indarkeriek oztopatzen dituzte etorkinen bizipenak. Psikoterapia da ondoeza sendatzeko bide bat, baina ez bakarra.


Euskal preso politikoei espetxe politika arrunta aplikatzeko eskatu dio Sarek Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailari

"Jarrera proaktiboagoa" eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sail berriari Sarek, abuztuaren 20an egindako prentsaurrekoan. Espetxeetako normalizazioa "oraindik urruti" dagoela salatu dute, ikusita 148 presoetatik "ehun preso baino gehiago" egon... [+]


Energia-enpresa nagusiek biodibertsitateari eragindako kalteen %47 ezkutatzen dute, EHUren ikerketa baten arabera

"Irudia zuritzeko" estrategiak erabiltzen dituzte energia arloko enpresa nagusiek. Ekintza positiboak azpimarratu eta inpaktu negatiboa "estaltzen" dutela ondorioztatu du ikerketan parte hartu duen EHUko doktoregai Goizeder Blancok.


Eguneraketa berriak daude