Esther Lopez: «Oraindik ere asko dut emateko»


2021eko uztailaren 16an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Lau talde izan ziren norgehiagokan, Tenerifen jokatu zen Europako Kopa irabazteko lehian: Tenerife Marichal, Azerrail Baku (Azerbaijan), Cannes (Frantzia) eta Sirio Perugia (Italia). Jokatu beharreko partidak amaitu ostean, etxeko taldeak irabazi zuen garaikurra, tartean, Esther Lopez hernaniarra zelarik.

Txapelketa irabazi ostean eman du zeresana hernaniarrak. Aurretik ordea, urte askotako lana du Lopezek. Izan ere, oso gazte zela hasi zen boleibolean jokatzen eta azken hamabost urteotan Espainiako talde ugaritan ibilia da. Horra hor ibilbide luze horrek utzitako fruitua.

Hamabost urte atzera eginez, nola gogoratzen dituzu hasierako urteak?
Oso oroitzapen onak ditut herriko taldean ibilitako garaiaz. Oso gustura nengoen talde giroan eta egiten nuen kirola gainera, izugarri gustatzen zitzaidan. Lehenengo mailarako jauziak, baina, ustekabean harrapatu ninduen. Ordutik hona, batera eta bestera ibili naiz, tituluak irabazi asmotan.

Ibilbide luzea, beraz.
Hamalau urte nituen eta orduan Hernaniko taldean jolasten nuen. Gabonetako oporren aitzakian, Venta de Bañosen (Valentzian) torneo bat zela eta bertara joan ginen jokatzera. Lehenengo mailako talde ugari ziren torneoan jokatzen eta tartean Toledoko taldeak ni eta Hernaniko taldeko beste bi jokalariengan interesa azaldu zuen. Horrela, nire taldeko beste biek ez bezala egun gutxitan Lehenengo Mailarako jauzia egin nuen. Hamabost urteotan, Ciudad Real, Socuellamos, Gasteiz, Benidorm, Avila... taldetan jokatzeko parada izan dut.

Europako Kopa irabazi berritan, garaipen bikoitza zurea.
Izugarrizko poza daukat barruan, ezin sinetsi nago oraindik. Urtetako lanak merezi izan du, ongi egindako lan baten emaitza izan da. Kirolari naizenetik Europako Kopa irabaztea lortu ezinezko jomuga bat izan da, eta azkenean lortu dut. Jokalari onenaren saria irabaztea, ez nuen inondik inora ere espero. Nire indar eta ahalegin guztiak, taldeak Txapelketa irabazteko izan dira. Denboraldi bikaina egiten ari gara, eta garaipena horren guztiaren ondorioa izan da.

Nolakoa izan da Txapelketan aurkitu duzuen maila?
Maila izugarri ona izan da. Liga bezala, emakumezkoen boleibola kontuan harturik, esan daiteke Italiakoa dela munduko Ligarik onena. Finalean bertan Italiako Sirio Perugia taldearen aurka jokatu genuen, eta oso ona izan zen euren jokoa. Txapelketako antolatzaile izan garen momentutik, finala jokatzea ziurtaturik geneukan gure taldean. Lau taldetan banatuta egon da Txapelketa, eta talde bakoitzeko lehenengo laurek jokatzen zuten finala. Txartela ziurtatuta eduki arren, gure taldeko lehenengoak izan ginen, beraz, merezimenduz iritsi gara finalera. Eta ondoren ere, egindako joko onaren ondorioz gurea izan da garaipena. Espainiako Ligako talde batek Europako Kopa lortzen duen lehenengo aldia da hau.

Orain bi urte iritsi zinen Tenerifera, Espainiako Ligako talderik onenera.
Lehendakariak deitu ninduen eta Tenerifek ni fitxatzeko zuen interesa adierazi zidan. Ez nuen inondik inora espero eta zer esan ez nekiela geratu nintzen. Pentsatu gabe baiezkoa eman nuen. Bigarren denboraldiaren amaieran garen honetan, izugarri gustura nago bertan.
Izan ere, Tenerife talde ikusgarria da, ikusi besterik ez dago azken urteetan taldeak lortu duen palmaresa. Azkeneko bederatzi Espainiako Kopak irabazi ditu, zazpi Liga... Duela bi urte hartutako erabakia egokia izan zen.

Denboraldia amaitzear dela, nola daude taldeko animoak?
Garaipen honen ondoren zeharo indarturik dago taldea, ilusioz beterik. Denboraldia bukatzeko bi partida besterik ez zaizkigu geratzen. Esan beharra dago orain arte partida guztiak irabazi ditugula eta geratzen diren bietatik bat irabaziz gero, ziurtaturik dugu finalerako txartela. Izan ere, Liga bi taldetan dago banatuta eta talde bietako lehenengoek jokatuko dute Play-of-a. Horixe irabaztea da orain taldearen helburua, denboraldiari amaiera ona emateko

Espainiako selekzioko jokalaria izan zara azken urteotan. Atenaseko Joko Olinpikoak direla-eta, nolakoa da egoera?
Udan torneo batzuk jokatu behar ditu Espainiako taldeak baina oraindik ere deialdi ofizialik ez dago. Lehenengo hogeita bateko taldea osatzen da, eta horien artean aurkitzen naiz momentuz. Gauzak gehiegi aldatzen ez badira, bertan izatea espero dut.

Espainia, selekzioen arteko A mailan, gorengo mailan dago une honetan. Kategoriari eutsi ahal izateko Errusia, Grezia eta Errumania bezalako talde handien aurka jokatuko du udan. Orduan ikusiko da selekzio bezala non gauden.

Joko Olinpikoei dagokienez, Espainiak ez du parte hartuko. Izan ere, sailkatzeko aurre olinpiko batzuk jokatzeko txapelketa txiki bat egin behar zen, baina inongo Federaziorik ez zen egin horren kargu. Ardura hartzeko ez zen inor prest azaldu, ondorioz, ez dugu bertan parte hartzeko aukerarik izango.

Mauricia Cacciatori italiarra fitxatu du aurtengo denboraldirako Tenerifek. Hedabideeta kirol orrietan ez da beste ezertaz hitz egiten.
Tenerifen betidanik egon da boleibolerako zaletasuna, baina egia da aurten goia ukitu duela. Emakumezkoen kirola ez da bereziki komunikabideen aldetik oso babestua dagoen zerbait. Eta Mauriciaren etorrerak mesede egin dio Espainiako emakumezkoen boleibolari. Hori ezin da ukatu. Izan ere, emakume kirolari gisa hedabideetan ateratzeko, izugarrizko lorpen edo markak izan behar dituzu. Eta egun Cacciatori dela medio, Espainiako boleibolaz askoz ere gehiago hitz egiten da. Mauricia Tenerifera etorri aurretik, jende askok ez zuen boleibola ezagutu ere egiten. Mauricia modeloa delako da ezagunagoa, baina jokalari bat gehiago da taldean. Berari esker boleibolaz gehiago hitz egiten da, baina, ez dut batere gustukoa zenbait hedabidek darabilten hizkera. Cacciatoriren taldea garela entzuteak sutan jartzen nau. Gu ez gara inoren taldea, gu Tenerife gara. Zoritxarrez bada ere, emakumezkoen boleibolaz hitz egiteko neska bat ekarri beharra guztiz lotsagarria iruditzen zait.

Aurrera begirako asmoak.
Momentua bizitzea gustatzen zait. Eta egun bizi dudana ez nuke ezergatik aldatuko. Tenerifera duela bi urte iritsi nintzen eta urteroko kontratua dudanez, datorren urtean ez dakit non egongo naizen. Momentu honetan bi helburu garrantzitsu ditut: Liga irabazi eta selekzioarekin A kategorian mantendu.
Egiten dudanarekin zoriontsu sentitzen naiz, eta oraindik ere emateko asko dudanaren sentipena dut. Etorkizuna denborak erabakiko du.


Azkenak
Zestoako Gaztetxearen desalojoa geratzea lortu dute

Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.


Yael Braun-Pivet izango da berriz Frantziako Asanbleako lehendakaria

Frantziako Asanbleak Yael Brau-Pivet hautatu du legebiltzarreko presidente. Lehia aurreikusten zen FHB eta Macronisten artean, eta azkenean, gutxigatik bada ere, lehendakariaren alderdikoak gailendu dira.


Margolan figuratibo zaharrena

Sulawesi (Indonesia) uhartearen hegoaldean, Leang Karampuang kobazuloan hiru irudi antropomorfoz eta basurde batez osatutako margolana aurkitu dute Griffith eta Southern Cross unibertsitateetako eta Indonesiako Agentzia Nazionaleko arkeologoek. Nature aldizkarian argitaratutako... [+]


Leonard Peltierren ihes ukatua

Lompoc (Kalifornia, AEB), 1979ko uztailaren 20a. Leonard Peltier ekintzaile indigenak eta beste bi presok espetxe federaletik ihes egin zuten. Iheskideetako bat kartzelaren kanpoaldean bertan tirokatuta hil zuten; bestea ordu eta erdi geroago atzeman zuten handik milia batera... [+]


Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak

Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela... [+]


Donostiako udaltzainek Parte Zaharreko hainbat gazte “jipoitu eta zauritu” dituztela salatu dute

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu du Donostiako Udaltzaingoak auzoko hainbat gazteren aurka astelehen gauean egindakoa: “Auzoko hainbat gazte futbolean jokatzen ari ziren Trinitate enparantzan, Udaltzaingoa hurbildu eta mehatxuka guztiak identifikatzeko agindua... [+]


Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute

401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.


Hamabost urte beharko dira Gazako genozidioan Israelek sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko

NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.


1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan

Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.


Eguneraketa berriak daude