Maiatzaren lehena: 1886-2004: Borroka eguna folklore bihurtuta


2021eko uztailaren 27an
Euskal sindikatuek, munduko beste herrialdeetakoek bezala, eta batzuk besteak baino zatituago egonda, berriro ere dei egin diete langileei maiatzaren lehena dela eta kalera irten daitezen. Alabaina, hasiera batean aldarrikapen eta borroka eguna zena gaur egun batez ere egun folklorikoa da lokartuago dagoen eta kontsumismoa nagusi den gizarte honetan. Horren erantzukizuna ez da gaurko gizarte eta politikarena soilik, sindikatuek ere badute erantzukizunik, oro har inoiz baino zatituago eta burokratizatuago baitaude.

2004. urte honetan sindikatuek, berriz ere zatituta, Euskal Herriko sei lurraldeetan egingo dituzte manifestazioak. Batzuek eta besteek egun horretan egingo dituzten aldarrikapenak antzekoak izango dira. Sindikatu abertzaleak izango dira besteengandik desberdina izango den aldarrikapena egingo dutenak, lan harremanen euskal esparrua eskatuko baitute. Sindikatuek egingo dituzten gainontzeko aldarrikapenak berdinak izango dira: lan baldintza kaxkarren, lan diskriminazioaren, gazte eta emakumeen langabeziaren, lan istripuen... aurkako borroka. Guztien aldarrikapen horiekin batera greban edo birmoldaketa prozesuan murgilduta dauden enpresen oihuak entzungo dira »ontzigintzako enpresenak, ekipoko ondasunen arlokoenak, eta abar...

Maiatzaren lehenaren jatorria: 18 orduko lanaldiak

Gaur egun ospatzen den maiatzaren lehenak 1886ko maiatzaren 1ean du jatorria. Egun hartan Ameriketako Estatu Batuetan greba orokorra hasi zen zortzi orduko lanaldia eskatzeko. Greba handik egun batzuetara bukatu zen, langile askoren heriotza eta beste ehunka langileren espetxeratzearekin. Sortutako iskanbilen erantzuletzat jo zituzten sei langile ere atxilotu eta haietako lau urkatu eta beste biak bizitza osorako espetxera kondenatu zituzten. Orduz geroztik "Chicagoko martiriak" izenez ezagutzen ditugu langile haiek. 1889an II. Internazionalaren Kongresuak mundu osoan Lanaren Eguna ospatzea erabaki zuen Ameriketako Estatu Batuetako greba hura gogorarazteko. 1890ean hainbat herrialdetan ospatzen hasi zen, besteak beste Espainian, eta Euskal Herrian ere bai, Bizkaian batez ere »gehienbat meatzariek eta siderometalurgiako langileek ospatzen zuten Bizkaian».

Zein izan zen maiatzaren lehen hartako grebaren testuingurua? XIX. mendearen bukaera aldera Ameriketako Estatu Batuetan lanaldiak 18 ordukoak izatera iritsi ziren. 1885ean Ameriketako Estatu Batuetako langile batetik bestera eskuz esku pasatuz joan zen 1886ko maiatzaren 1ean ekintzak egiteko deiaren orria. Honela zioen deialdi hark: "... Matxinada eguna, ez atseden eguna. Langilearen mundua kateatuta daukaten instituzioetako batzordekide handiusteak agintari izango ez diren eguna... Gaur egun herrialde osoko herrien etorkizuna mendean daukatenen aurka langileen elkartasunarekin osatutako ejertzitoa izugarrizko indarrez mobilizatuko den eguna. Zapalkuntza eta tiraniaren aurka, ezjakintasunaren eta edozein motatako gerren aurka protesta egiteko eguna. ‘Zortzi orduko lana, zortzi orduko atsedena eta nahi dugun edozertarako zortzi ordu izaten hasteko eguna’».

Chicago atzerritarren hiria zen, Alemania, Irlanda, Bohemia, Frantzia, Polonia, Errusiako etorkinen hiria. Langileak protestan hasteko giroa sortzen ari zen. 1872an Chicagon izandako sute batek milaka langile utzi zituen etxerik gabe eta gosez. Gertaera hark laguntza eskatzeko manifestazioak eragin zituen, baina balak izan ziren jasotako erantzuna. 1887an greba uholde handia izan zen herrialdeko trenbide sarean. Zenbait hiri amerikarretan, Chicagon, besteak beste, greba orokorrak egin ziren. Poliziak balekin erantzuten zien mobilizazio haiei. Hori guztia 1873ko Depresio Handiarekin batera gertatu zen. Langabeziak azkar batean egin zuen gora, eta bi hamarkada iraun zituen. Alabaina, zenbait langile prestatzen eta antolatzen hasi zen, bai politika aldetik eta bai militarki. Egoerari aurre egiteko, ezkutuko elkarteak sortu zituzten, trade union direlakoak, eta langileez osatutako alderdiak. Sindikatuak ere ezkutukoak ziren. Chicago lehertzeko puntu-puntuan zegoen hiri bilakatu zen. Klaseen arteko borrokak berekin ekarri zituen bai mobilizazio baketsuak eta bai armatuak. Garai hartan, gaur egun bezala, bazen borroka armatua gaitzesten zuenik. Langileen Alderdi Sozialista zen haietako bat. Testuinguru horretan jaio zen zortzi orduen aldeko mugimendua.

McCormick-en sarraskia eta Haymarket-eko epaiketa

1886ko maiatzaren 1ean langile klaseak zortzi orduen aldeko greba egin zuen. Detroit, New York, Cincinati, Kentucky, Chicago »matxinadaren gotorlekua» izan ziren mobilizazio handieneko hiriak. Hamarnaka mila langilek, zuriek nahiz beltzek, egin zituzten grebak eta manifestazioak hiri horietan. Zenbait ugazabek onartu zituzten lan aldarrikapenak, baina beste zenbaitek, Chicagoko McCormick-ek, adibidez, ukatu egin zituzten. Han gertatu zen langile sarraskia. Ugazabak poliziari deitu zion lantokia inguratzen zuten bertako langileak menpera zitzan. Langile asko hil ziren poliziak jaurtitako balen ondorioz. Maiatzaren 2an eta 3an berriz bildu ziren langileak enpresaren aurrean, eta poliziak berriz ere tiroekin erantzun zien. Orduan ere hildako eta zauritutako ugari izan ziren. Maiatzaren 4an egoera errepikatu zen; makina bat langile hil zen. Zalaparta hartan, ustez poliziaren aurka jaurtitako bonba bat lehertu zen. Polizia batek galdu zuen bizia.

"Haymarket"eko atentatua izenez ezagutzen den gertaera haren ondorioz sei langile atxilotu eta epaitu zituzten, baina inoiz ez zen frogatu haiek izan zirela errudunak. "Chicagoko martiriak" izena jarri zien jendeak sei langile haiei: August Spies, Albert R. Parsons, George Engel, Adolf Fischer, Samuel Fielden eta Michael Schwab-i. Seiei jarri zieten urkamendian hiltzeko zigorra, nahiz eta azken biei azkenean zigorra aldatu, eta bizitza osoan bortxazko lanak egin behar izan zituzten. Urkatua izateko txanoa buruan jartzen zioten bitartean, Spies-ek hauxe esan zuen: "Egunen batean gure isiltasuna gaur itoko dituzuen ahotsak baino ahaltsuagoa izango da". Historiak oraindik ere arrazoia ematen dio Spies-i. Parsons-ek, berriz, ondorengoa oihukatu zuen: "Utz iezadazu hitz egiten, Matson sheriffa. Entzun dadila herriaren ahotsa...". Sokalasterra estutu egin zen, eta bere ahotsa isildu. Gertakari haiek protesta piloa eragin zuten mundu osoan.

1889an erabaki zen mundu osoan lanaren eguna ospatzea
1889ko uztailaren 20an, Parisen, Bigarren Internazionala eratzeko kongresuaren bukaerako ekitaldian erabaki zen 1890etik aurrera maiatzaren 1ero egun hura gogorarazteko Lanaren Eguna ospatzea herrialde guztietan, zortzi orduko lanaldia eskatzeko manifestazio handiak eginez. Euskal Herrian martxan zegoen garai hartan Bilboko Labe Garaiak, beranduago Bizkaiko Labe Garaiak bilakatu zena. Bertako kontseiluak maiatzaren lehenak jaieguna edo laneguna izan behar ote zuen eztabaidatu zuen 1891n. Egun hartarako langileen mobilizazio latzak zeuden aurreikusita. Siderometalurgiako eta meatzeetako nagusiak azkenean ados jarri ziren: 1891ko maiatzaren lehena ofizialki laneguna izango zen. Egun hartan sute handi batek Nerbioiko Ontzioletako instalazioen zati handi bat kiskali zuen; ezin izan zen argitu sutea nola sortu zen. Handik egun batzuetara beste greba bat hasi zen.
Azkenean, 1917ko Washingtongo Nazioarteko Biltzarrean lanaldia gehienez ere zortzi ordukoa izatea erabaki zen. Handik bi urtera, herrialde gehienek bat egin zuten erabaki harekin. Hala ere, legeak lege, gaur egun mundu osoko milioika pertsona ari dira oraindik ere zortzi orduko lanaldiaren eske.
Maiatzaren lehena desberdina da munduko leku batetik bestera, eta zenbaitetan, 1886tik hasi eta gaur egun arte, munduko hainbat lekutan manifestazioak indarkeriaz eta hildakoekin bukatu izan dira eta bukatzen dira. Euskal Herrian eta Espainian, esaterako, frankismoaren garaian debekatuta egon ziren maiatzaren leheneko manifestazioak, egun horretan lan aldarrikapenekin batera aldarrikapen politikoak egiten baitziren. Maiatzaren lehena ospatzeko, frankismoak "jolas eta dantzak" eta futbol partidak antolatzen zituen. Egun hura iritsi aurreko asteetan langileen eta politikarien liderrak nahiz sindikatuetakoak atxilotu eta erbesteratzen zituzten. Hala ere, langileak orain baino batuago zeuden, frankismoaren aurkako borrokak lotzen baitzituen, eta manifestazioa egitera joaten ziren poliziak indarrez mendean hartuko zituztela jakinda ere.
"Trantsizio politikoa" delakoarekin, 1976an Euskal Herrian eta Espainian maiatzaren lehena ofizial egin eta egun horretako manifestazioak baimendu ziren. Lehenengo urteetan oso jendetsuak izaten ziren langileen manifestazioak, nahiz eta gehienetan ez ziren elkarrekin egiten. Baina poliki-poliki, egun hori borroka eguna izatetik jaiegun izatera pasatu zen eta gaur egun herritar askok atseden hartzeko erabiltzen du. Manifestazioetako parte hartzea abaila handian gutxitzen joan da. Azken urte hauetan Euskal Herrian zertxobait berreskuratu dugu egun hori, baina oraindik urruti gaude "trantsizio politiko"ko manifestazio jendetsu haietatik. Eta une zehatz batzuetan sindikatu abertzaleen artean izandako batasuna kenduta, sindikatuen arteko zatiketa izan da beti nagusi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Oloro-Donamariako suprefetura okupatu du ELBk, behi tuberkulosiaren kontrako protokolo “gogorregia” salatzeko

Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]


Negoziazioa: negarrerako zioa

Hezkuntza publikoko irakasleok  hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]


2025-04-10 | ARGIA
Maiatzean beste bost greba egun egingo dituzte EAEko hezkuntza publikoko irakasleek

Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.


2025-04-10 | ARGIA
Negoziazioak “boikoteatzea” egotzi diote sindikatuek Nafarroako Gobernuari, funtzio publikoko greban

Nafarroako funtzio publikoan 30.000 langile zeuden grebara deituta asteazken honetan. Deialdiak jarraipen desberdina izan du sektorearen arabera, eta sindikatuek salatu dute foru gobernuak "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nahita.


Teknologia
Teknologia kakatsua eskuratzeko kurba

Ekonomialariei asko gustatzen zaizkie merkatuen jokabideak adierazten dituzten grafikoak, kurbak alegia. Deigarria egin zait zentzu horretan Pluralistic webguneko “The future of Amazon coders is the present of Amazon warehouse workers” artikuluan (Amazonen... [+]


2025-04-08 | ARGIA
Grebara joko dute Donostiako gizarte zerbitzuetako langileek

Bost greba egun deitu dituzte apirilerako, "lanez gainezka" daudela eta giza baliabide eta material "oso murritzak" dituztela argudiatuta. ELA sindikatuaren esanetan, udalak "ez du mugimendurik egin nahi".


Gaixo dagoen Gotzon Telleria euskal presoa etxeratzeko eskatu dute sindikatuek

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuak, Sarek abiatutako Gotzon SOS kanpainara batu dira. 2019an antzeman zioten gaixotasun genetiko sendaezina 68 urteko preso politiko bilbotarrari. Sindikatuek gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik... [+]


2025-04-08 | Gedar
Greba mugagabera joko dute asteazkenean Trapagarango MFSko langileek

Fabrika itxi eta 106 beharginak kaleratzeko asmoa dauka enpresako zuzendaritzak, eta zabalik dago lan-erregulazioari buruzko kontsulta-aldia.


2025-04-07 | Ahotsa.info
Hego Euskal Herriko langile eta pentsiodunak kalera atera dira bizi baldintza duinak bermatuko dituzten gutxieneko soldata eta pentsioak eskatzeko

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako eta ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek babestutako manifestazioak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean izan dira. Bertan, Euskadiko eta Nafarroako gobernuei eskatu diete zerga eta aurrekontu... [+]


Langileek epaiketari uko eginda, Guardian enpresak xake mate egin du Laudion, urte luzez jokaldia prestatu eta gero

Guardian Llodio fabrikako behargin gehienek epaitegira jotzeko bidea bertan behera utzi ondoren, multinazionalak lortu du nahi zuena: enpresa errentagarri bat ixtea erabateko inpunitatearekin. Ez da egun batetik bestera sortutako estrategia, eta bide luzea izan arren, erabat... [+]


Hezkuntza saila eta sindikatuak ostiralean bilduko dira, eta akordio bat lortzeko nahia adierazi du Jaurlaritzak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek urtarrilean abiaturiko greba zikloaren bigarren kolpea amaitu eta biharamunean deitu du bilera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Begoña Pedrosa sailburuak adierazi du "akordio bat lortzeko nahia"... [+]


Eguneraketa berriak daude