Iparraldea eta Hegoaldea elkarri begira: elkarrekiko ezagutza eta onarpena, horra bidea

  • Iparra-Hegoa izeneko ekitaldia IX. aldiz burutu zen joan den martxoan Segura herrian. Aberri Eguna apirilaren 11n ospatu zen, Iparraldeko eta Hegoaldeko ospakizun bateratua. Apirilaren 25ean, berriz, Nafarroaren Egunaren XXV. ekitaldia burutu berri da Baigorrin. Hamaika dira halaber, herrien arteko anaitasunezko egunak. Alta bada, elkar ezagutzen ote dugu Euskal Herriko Iparraldearen eta Hegoaldearen bizilagunek? Sarritan «muga psikologikoa» kontzeptua aipatzen da. Bi aldeetako bizilagunen arteko hesia hautsi beharraz mintzatzen da. Ez ote dira kontzeptu horren gibelean bi errealitate desberdin errazki sinplifikatzen? Errealitate sozial bat gauzatzeko mugaz gaindi joateko nahia dago. Zer da nahi hau? Ilusioa? Ametsa? Utopia?

2021eko uztailaren 28an
Euskal herrien errealitateak, bizipenak, ikusmoldeak eta esperientziak jaso nahi izan ditugu solasaldiaren abiapuntuan. Mahai-ingurua bukatu ostean, solaskideetako batek bere burua amiñi bat zentsuratu duela adierazi digu. Alegia, pertsonen jendetasunari »politesse edo cortesía nondik begiratzen den» buruz aritzean mugatu dela. Solaskideen arteko giro txarrik ez sortzeko edo. Alabaina, bere ustez, frantses gabacho edo español cocotero espresioak oso present dira geure kontzientean edo subkontzientean. Mugak muga, solasaldiak eman duenak merezi duelakoan gaude.

Hasteko, Iparraldea nahiz Hegoaldeko errealitate sozialei buruzko zuen ikusmolde orokorra bildu nahi dugu. Adibidez, nola ezagutu zenuten «bestaldea» delakoa. Zer da berau ezagutu ahala erakarri edo harritu zaituztena.
NOEL ELORGA. Hegoaldean txikitatik ibilia naiz, eta mugatokia non, sentsazioak haren araberakoak izaten nituen, denak ez zirela berdinak aitortu behar dut. Adibidez, muga Baigorritik Baztanera pasatzean niretzat ez zen aldaketarik: paisaiak eta etxaldeak berdinak ziren, euskalkiaren eta jendearen bizimoldea berdinak. Txoke bakarra mugako kontrola pasatzea zen. Karabineroak zeuden eta horrek kezka pixka bat ematen zigun. Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko 100 kilometroko muga hori pasatzen baduzu, sentsazio bera da Zuberoan, Garazin edo Sara aldean. Diferentzia batekin, Zuberoako Larrainetik pasatzean Otsagabian ez dakitela euskaraz. Etxeak eta paisaiak antzekoak dira baina hizkuntza galdu da. Horra aldaketa! Beste muturrean, berriz, Hendaian, urbanismoa izugarria da. Hendaian lasaitasun gehiago dago, bakoitza bere txaletean bizi da. Irun aldera pasatzean txokea handia da, urbanismoaren eta mintzairaren aldetik. Horiek horrela, txikitako hainbat oroitzapen etorri zaizkit: txikitan ez nuen olio-olibaren usaina jasaten ahal. Iparraldean ez ginen ohituak Hegoaldeko hainbat gauzetara. Beste ezaugarri bat: jendeak oso azkar edo ozen hitz egiten zuen.

XABIER ALBIZU. Adibidez, ni Baionara joanez gero nahiko arrotz sentitu naiz beti. Landibarrera edo Sara aldera joaten banaiz, etxean bezala sentitu naiz. Azaletik ikusita behintzat, Iparraldean erreferente baikorrak aurkitzen ditut: euskalkiak nola erabiltzen dituzten, jendearekiko tratua... Hegoaldekoak tratuan gogorragoak gara, haiek atseginagoak direla esango nuke. Urbanismoari edo lurralde antolaketari dagokionean Iparraldekoa erabat ezberdina da, jakina. Muga pasa eta Irunen bloke handiak daude. Aitzitik, Hendaiara pasa eta ingurumaria hobekiago antolatuta dago. Baina, paisaia dena baserriz eta txaletez okupatzea ere ez da ona. Nekazal lurraldea horrela okupatzen bada, heriotza da. Kanturako eta dantzarako duten atxikimenduak erakarri nau, guk galduago dugu. Horretan inbidia sanoa dugu. Alde negatibo bat ikusten diot: zein errazki jotzen duten »nahiz eta euskaldunak izan» frantsesera. Adibidez, inoiz horren arrazoiaz galdetu diet, eta gai teknikoez ari direla erantzun didate, ez direla ohituta. Nik, berriz, ez dela gai teknikoez aritzea kontua uste dut. Kontua ohitzea eta lantzea da.

AITZPEA LEIZAOLA. Niretzat muga errealitate bat da, ikusezina eta nabarmena aldi berean. Baina muga batek ez ditu bi aldeetako errealitateak banatzen soilik, mugan zehar errealitate asko baitago. Kasu batzuetan errealitate horrek muga gainditzen du, eta beste batzuetan, muga motaren araberako errealitate ezberdinak daude. Nik Iparraldea oso gertu izan dut txikitatik, eskola frantsesean ikasi nuen eta erreferentzia asko partekatu dut. Kultura frantziarra ez zait arrotza beraz. Baionako fakultatean ikasi nuen gero, eta orduan bai sentitu nituela bi aldeak. Oso adierazgarria ziren bi aldeetako erritmoak. Egunerokotasuna arautzen duten gauza sinpleak eta azken finean ezberdinak egiten gaituztenak. Alabaina, ni hirikoa izanda, baserriko jendearekin »Hego zein Iparreko izan» halako desberdintasunak ere topatu izan ditut. Orduan ikusi behar dugu ezberdintasun horiek zein punturaino barneratzen ditugun eta geure ardatz izaten uzten diegun. Hainbat gauzetan puntu komun eta partekatuak ditugu eta beste gauza batzuk arrotz senti ditzakegu. Adibidez, ni Baionan ez naiz arrotz sentitzen, baina batzutan sentiarazi naute. Hegoaldean ere bai, hainbat tokitan. Alegia, Iparraldeko hainbat jenderekin Hegoaldeko hainbat jenderekin baino gauza gehiago partekatzen dut. Beraz, muga negoziatu behar den errealitate bat da, dudarik gabe. Mugak hainbat gauza arautzen ditu eta guk ere horiek maneiatu ditzakegu. Hori da interesgarria.

JEAN-BAPTISTE ETXEBERRI. Nik berant ezagutu nuen Hegoaldea, muga zabaldu arte ez nintzen sarri jiten alde honetara. Lehen ezagutzak kontrabandoaren bitartez egin nituen, gauza aberasgarria. Zeregin horretan bi ziren arriskuan, arriskua partekatzea ona da elkar ezagutzeko, elkarrekin aritzen baita. Esperientzia hori ezagutu dut, baina bere ttipian, nire familiakoek gehiago ezagutu zuten.
Gaur egunera jinik, Irun-Hondarribia-Hendaia Partzuergoan lanean hasi nintzenean nekezia handia izan nuen, Hegoaldearen ikuspegi bat moldatua bainuen ordurako. Ikuspegi hori iheslariekin bizi nituen esperientziekin moldatua nuen. Iheslari horiekin ideal bat ezagutu nuen, miresmen bat izan nuen, mundu hori idealizatu nuen, baita Hegoaldea ere. Hegoaldea Iparraldean ezagutu nuen lehenik. Mundu hura gauekoa zen nolabait, klandestinitatea, bilkurak eta bertze. Kontrabandoaren segidako zerbait zen, nahita ez. Gizontasun edo jendetasun berezi bat bizi eta senti nuen iheslariekin. Hegoaldearen ikuspen bat egin nuen nire buruan. Urte zenbait beranduago Hendaiara etorri nintzenean, ikuspegi horiek izanda ere, ohartu nintzen ez nuela Hegoaldea ezagutzen. Ez nekien non nintzen. Sentsazio bitxiak izan nituen. Euskal Herria Irunen? Ez da erraz. Ez nuen Hegoaldeko errealitatea kausitzen. Gauza berdin gutxi genuela ohartu nintzen. Guk Iparraldetik Hegoaldeari buruz ikuspen bat moldatu dugu gure buruan eta hegoaldiarrek berdin Iparraldeaz. Hegoaldeko bizilagunekin aritzean ni nor eta nongoa nintzen erraitean: bo, bo, bo. Halako arrapostuak ukaiten nituen. Hegoaldekoen gogoeta hau kausitu izan dut: "Iparralderik ba al da? Zer da Iparraldea?». Zuberotarrek misterio gisako zerbait sorrarazi dute Hegoaldekoen baitan. Bestenaz, deus gutxi. Afrikan izan nintzelarik, Senegalen, hango arduradun batek erran zidan: "Zuek frantsesek ez duzue ikusten dakizuen hura baizik". Beraz, ez ditugu gauzak diren bezala ikusten, dakigun bezala baizik. Hegoaldearekin horretan nintzela ohartu nintzen. Horra nire lehen inarrosaldia, nolabait.

Iparraldeak eta Hegoaldeak bi estaturen eragin historikoa, politikoa eta kulturala jaso dituzte. Zerk batzen ditu Iparreko eta Hegoko pertsonak edo euskaldunak. Elkar ezagutzen al dute bi aldetako herritarrek?
N. ELORGA. Xabierrek Iparraldeko euskaldunak frantsesera erraz lerratzen direla erran du. Nire ustez, Iparraldeko euskaldunek, orokorrean, gehiago miretsi dute Frantzia, hegoaldekoek Espainia baino. Guk azken 150 urteetan hiruzpalau gerra egin ditugu Frantziarekin etsai baten aurka. Hegoaldean, aldiz, Espainiaren aurka. Nahiz hori ere neurtu behar den Karlistaldietan liberalak ere bazirelako, denak ez ziren ados. Francoren garaian ere, Nafarroan eta Araban, haren aldeko asko jalgi ziren. Hala ere, egia da, Erriberan, espainolak direla esan baino lehen "Soy navarro" esango dizute. Bada halako kontzientzia bat. Guri hainbeste sartu digute Frantzia zela argien eta jakintzaren erresuma, frantsesa munduko mintzaira hoberena zela, hori gure inkontzientean sartu digute, hain sakon sartu ere! Agian, horiek izan daitezke arrazoiak Iparraldeko euskaldunak gehiago frantsesen ildoan sartzeko, edo Hegoaldekoak espainolen ildoan baino gehiago sartzeko, behintzat. Alta, oro har, eta Iparraldean bereziki, 2004an, euskara bizirik egotea mirari bat da. Eta «Zazpi probintziak» delakoaren kontzientzia izatea miraria ere bai.

X. ALBIZU. Nik beste diferentzia bat aipatu nahi dut: Hegoaldean ekonomia mota gehiago dago, industrialagoa da. Eta bada harritzen nauen gauza bat. Edozein herrira iristen zara, Urruñara adibidez, eta non dago bizitza soziala? Non daude tabernak? Ez tabernak goraipatzeagatik, baizik bizitza soziala gauzatzeko bide bat direlako. Non egiten dute jolas haurrek? Kaleko bizitza non dago? Gure alderdian gure haurrak erdi kalean erdi baserrian hezi dira, bizitza sozial bat dago, Iparraldean ez.
Noelek erran du Euskal Herria egun izatea miraria dela. Bai. Baina, gaur egun eta hemendik aurrera mirari hori posible izango al da? Euskarak mendez mende iraun du, baina egungo hedabideek duten eraginarekin posible al da mirari hori? Globalizazioa tarte delarik mirariak segituko al du? Parametro asko aldatu beharko dira, bestela euskararenak egin du. Bestalde, historiak eta estatuek banandu gaituzte, baina bi estatuak zentralistak izan dira. Dena muga al da, ordea? Nork ezarri dizkigu mugak? Nahiz eta mugak hor egon, eta muga ezberdinak izan, horien barnean funtzionatu behar al dugu? Erresumek eta estatuek sorrarazitako mugak beldurgarriak dira, fisikoak eta errealak. Ez al dugu gehiegi edo esklusiboki muga baloratzen? Parametro oso inportantea da muga, ez dut ukatzen, baina parametro horretaz gain gauza asko dugu komunean, gauza piloa dugu elkarrekin egiteko. Egiten al ditugu? Historiaren bilakaera goi mailetako erakundeetan garatu izan zen iraganean, bien bitartean, bi aldetako herritarrek berdintsu segitzen zuten bizitzen. Hori gaur egun ere gertatzen da, lehen baino askoz gutxiago noski. Indar egingo bagenu gehiago gerta liteke.

A. LEIZAOLA. Muga ardatz hartu eta galderak egiten hasi gara. Ea elkar ezagutzen dugun, adibidez? Nik mugaldekoak ezagutzen direla esango nuke. Elkarren aurka aritzearen poderioz, baitezpada. Estereotipoen eremuan ari badira ere, elkar ezagutzen dute. Mugak berak harremanak sorrarazi ditu. Historiako auzo harremanak egun ez ziren izango muga politiko hori ez balitz. Hortaz, nahiz eta paradoxikoa iruditu, mugak harremanetan eragin du. Muga ordea aldatzen doa, muga lerrotik aldentzen goazen ahala. Adibidez, Durango aldeko batentzako, zer da Uztaritzeko lagun bat? Hor gogo irudikapena garatu da. Hegoaldekoek halako irudi idiliko bat sortu dute Iparraldeari buruz: denak baserrian bizi dira, euskaraz egiten dute, ingurune polita da baina gaizki jaten da. Ez dago tabernarik. Adibidez, ideia hau oso hedatuta dago: asteburuan joan gaitezke Iparraldeko mendialdera, baina parranda egitera ez. Jende gaztearen artean ideia hori oso txertatuta dago. Mugaldeko jendeek, berriz, alde batean zein bestean egiten dute festa. Harreman pertsonala bermatu egiten da nolabait. Orduan, mugatik gertuen bizi direnen jardunean "bestaldea" hitza erabili izan dute historikoki. Hitz hori osotasun baten barnean ulertu behar da. Alde batek ezin du bakarrik bizi, bestearen parean bizi behar du osotasun hori ulertu ahal izateko. Eta, hala ere, mugaldekoek euren arteko ezagutza nola bizi duten gauza bat da, eta beste gauza bat da nola ikusten duten »beren "esparru natural" horretatik kanpo» mugaz harantzagoko alde bat nahiz bestea. Hor bestelako muga asko aurki daitezke-eta: Zer da kostaldeko batentzat Erribera edo Arabako lautada? Zer da bizkaitar batentzat Pirinio aldea? Hor muga politikoek eragindako adina muga aurki dezakegu. Muga horiek ordea ez ditugu horren agerian ikusten eta gainera ez ditugu onartzen.
Oro har, hainbat estereotipo edota irudi eginak daude beste aldekoei buruz, alde batekoek zein bestekoek. Elkar ezagutza falta dago. Guk geuk eragiten ditugu horiek. Bi estatutan txertatuta gaude. Hala ere, bi estatu hauek bilakaera oso diferentea izan dute, Frantziak oso goiz garatu du identitate nazionalaren sentimendua eta horregatik uler daiteke, ñabardurekin, Frantziaren alde gerretan aritzea. Baina Iparraldean desertore kopuru handiena izan zen, jende askok ihes egin zuen Ameriketara eta Hegoaldera. Estatuek bultzatutako identitate nazional horiek oso indartsuak dira, baina ez da jendearen barne-barneraino iritsi, ez guztiz.

J. B. ETXEBERRI. Nik Iparraldean euskarari buruz badugula asmoa, badugula hatsa baina ez dugula indarrik erranen nuke. Badugu bi aldeen artean ezberdintasun bat, lehen-lehenik onartu behar duguna. Guk gure aldetik eta zuek zuen aldetik ere bai. Konparazione, azken 30 urteetan, guk gure haurrak euskaraz mintzarazteko indar guztia eman behar izan dugu ikastolak sortzeko, atxikitzeko eta euskara salbatzeko. Eta zuek horiek guztiak bazenituzten »Aitzpea eta Xabierren irribarreak». Politikari gisa mintzo naiz orain: alimalea da euskararen aldeko diru pixka bat biltzeko egin behar dugun indarra »ikastolak edo Euskal Irratiak direla» gure gauza txikien hatsaren atxikitzeko. Gu ez gara indarren indartzen ari, gu hatsa hats atxikitzen ari gara euskara. Gure ametsa, ahalaz, euskara ez ahanztea da! Gu hiltzera ez uzteko borrokan ari gara. Azkartu, baina nola? Euskara teknikoa ez dakigu. Egia da. Ez dugu ikasi. Ez dugu eskolarik ez industrializaziorik ukan. Zuek izugarrizko indarra duzue, guk ez duguna. Ibarretxek errana dit: "Zuek proiektu on bat ekartzen baduzue guk ipiniko dugu dirua». Iparralde guztian ez duzu politiko bat horrela mintzo. Guretzat hori amets bat da. Hemengo politikoentzat euskara fantasia da. Hegoaldeko lagunei erraiten diet: "Ez duzue ikusten zertan garen Iparraldean". Edozein mailetako bizilagunekin mintzo naizelarik, gero eta lan gehiago egin hemengoekin, gero eta gehiago sentitzen dut hori. Bi aldetako euskaldunok hurbildu nahi badugu, ezagutza eta onarpen horretatik partitu behar dugu. Elkarrekin loturak egiteko bestea zertan ari diren eta nolakoa den ezagutu behar da.

N. ELORGA. Muga asko dago, denok ados. Mugak historiaren orbainak edo zikatrizak direla esaten da. Niretzat muga politikoak askoz sakonagoak dira muga geografikoak eragiten duen muga baino. Zarauztar bat Tutera edo Oionera doa eta paisaia ezberdinak ikusten ditu. Jendearen aurpegiak beltzagoak, baina hizkuntza bera dute: espainola. Erreferente berdinak dituzte merkatal mailan: Cola Cao eskatu eta arazorik ez. Zuk, Xabier, Urruña aipatu duzu. Egia da. Ez da bizitza sozialik. Orokorrean, Iparraldean bakoitza bere etxean bizi da. Hegoaldean kalean bizitzen da gehiago. Iparraldean, eskolatik kanpo aktibitateek indar handia dute, eta gero etxeko bizitzak. Hori da Frantziako eta Europakoaren eredua. Hegoaldean gero eta zabalduago dena, hala ere. Espainiako Estatua eta Hegoaldea barne, Europako golfoak dira pixka bat. Gustura bizi dira, eta guk ere tarteka gustura hartzen dugu bizimodu hori. Jaietara joaten gara baina bizitzera ez. Muga politikoak gure erreferenteak ezberdintzen ditu. Urruñan «ebaki» bat eskatzen duzu, baina azkenean «kafesne pixka batekin» eskatu behar duzu. «A! noisette» erantzungo dizute. Guk Euskal Telebistan INEM eta FORCEM entzuten ditugu eta ez dakigu zer diren. Zuek ASSEDIC eta ANPE ez dakizuen bezala. Kirol ezberdinak ditugu: futbola eta errugbia, adibidez. Behin, «Nafarroa Oinez» ekitaldi batean, Lizarran, bi talde bildu ginen, Iparraldekoak eta Hegoaldekoak. Afaria aitzin, dena ondo, kantu eta poteoa. Gero, afaltzeko orduan, bi talde egin ziren, ni erdian. «Zer da modu hau?» galdetu nien. Uztaritzeko batek erantzun zidan: "Ni euskalduna naiz. Zure lagunak ere bai. Ez dugu arazorik. Baina, sozialki eta politikoki ezberdintasunak ditugu, eta afari garaian lehentasuna ondo pasatzeari ematen diot, ez dut gogorik horretaz aritzeko". Horretan gaude. Estatuek muga bat sartu digute buruan. Segura eta Oionen artean orbain bat badago, Segura eta Urruña artean, berriz, arroila bat.

A. LEIZAOLA. Muga politikoek sekulako eragina daukate, lehenik beren ingurune gertuan eta gero neurri geopolitiko handiago batean. Noelek aipatutako muga horiek politika baten ondorio zuzena dira. Baina, jo dezagun orbain horietako batera, Biarnoren eta Iparraldearen artekoa, gaur egun desagertua. Garai batean, muga politikoa zen, gaur egun ez dago muga administratiborik. Erakunde berdinetan daude, baina badago banaketa bat, hala ere. Banaketa hori, Iparraldearen gero eta barnealderago joan eta gero eta handiagoa da. Ez ditut biarnesak nire buruan, baina Iparraldekoentzat muga horrek leku garrantzizko bat dauka haien imajinarioan. Departamendu berean daude biak, administrazioaren aldetik ez da mugarik, estatuek ahalegin bereziak egin dituzte, baina, hala ere, muga hori mantendu egiten da. Erreferenteak inportanteak dira, horiek arautzen dute gure bizimodua. Baina horiek ere aldatu egiten dira. Europako mugak asko aldatu dira azken 150 urteetan. Horren ondorioz irudi luke ezinezkoa litzatekeela elkarrekin berriz bizitzea. Esperientziak alderantzizkoa erakusten digu, ordea. Alemanian eman zen banaketaren ondorioz prozesu mingarria bizi izan zen, hala ere, berriz itzuli dira estatu berberera. Ahalegin berezi bat egin behar izan dute. Baina ahalegina eginez gero, mugak gainditu daitezke. Horretan, jendearen borondatea funtsezkoa da, borondate politikoa eta interesak oro har. Elkar ezagutza behar da. Jean Baptistek aipatu du oraingo egoera ekonomikoa eta politikoaren ezberdintasuna, baina hori oso berria da. Garai batean, Hegoaldeko jendeak alde egiten zuen Iparraldera lanera, zerbitzera, basora. Gizarte zerbitzuak eta bizitza hobeagoak zirelako. Egun, aldiz, alderantzizkoa da, oreka ekonomikoa guztiz irauli delako.

N. ELORGA. Garai ezberdinak izan dira historian. Adibidez, XVII. mendean Nafarroa Beheretik Nafarroa Garaira inmigrazio handia izan zen. Irisarri, Oses eta Iholdi abizenak lekuko. XIX. mendera arte, Iparraldekoak Nafarroara joaten ziren teilagintzara. Zuk, Aitzpea, biarnesekiko muga aipatu duzu. Bada, guk nolabaiteko elkar ezin ikusia dugu biarnesekin. Baiona-Miarritze-Angelun tirabira izugarriak ditugu. Hala ere, egoera hori ere erlatiboa da. Eman dezagun, Nafarroa Behereko Beorlegiko eta Biarnoko gazte talde bi eta Segurako beste bat biltzen ditugula afari batean. Zer pasa liteke? Hasieran euskaldunak elkarrekin hasiko dira. Gero, harremanetan sakontzean, baxenafarrek «euskalki hori ez dut ulertzen» esango dute. Orduan, biarnesekin hasiko dira errugbiaz eta beste hizketan. Azkenean, azken biak elkarrekin ariko dira eta besteak bereiz.

X. ALBIZU. Hori errealitatea da. Ni Oiongo batekin »espainola daki eta nik ere bai» moldatuko naiz, noski. Baina gauza bera gertatzen zait Argentinako batekin. Hizkuntza berdinean aritzeak harremanak errazten ditu. Administrazioen banaketak egoera hauetara ekarri gaitu. Hitz egin dezagun beste plano batean. Har ditzagun Donibane-Lohizunen bizi den paristar puru bat eta Hondarribian bizi den madrildar puru bat. Horiek zer dute komunean. Bat frantsesa da eta bestea espainola. Jar gaitezen beste plano batean, beste muturrean, hemen gaudenok adibidez. Hizkuntza bera mintzatzen ari gara, euskalki ezberdinak tarteko. Galdera hauxe da: «Ba al dugu nortasun kolektiboaren zentzurik?» Horrela bada, gero eta gertuago izango gara elkarrengandik. Hala ere, Noelek esan bezala, nortasun kolektiboa izanda ere, muga egon badago, muga psikologikoa delakoa. Mitoa, ametsa, utopia al da nortasun kolektiboa osatzea? Oinarririk gabeko utopia bezala ulertzen badugu gure artekoak ez du balio. Baina gure oinarrian, gure sakonean, ezaugarri komun asko dugu. Gauza ezberdinak ditugun bezala, administrazio politikoak eraginda batez ere.

Bi estatuen izaeraren menpeko errealitateak. Azken bi mende luzetan Frantziako Estatua »Espainiako Erresuma ez bezala» demokrazian garatu da. «Demokrazia» ulertzeko eta bizitzeko moldeak bi aldeetako herritarrak ezberdintzen ote ditu?
N. ELORGA. Nire ustez, ez. Guk azken bi mendeetan ez dugu demokraziarik izan. Azken 50 urtetan, beharbada, bai. XIX. mendearen hasieran Iparraldeko herri txikietan ez zen batere frantses kontzientziarik, kontzientzia hori 1914ko Alemaniaren aurkako I. Mundu Gerlarekin sortu zen. II. gerlan (1939an) areago azkartu zen. Gero Aljeriako gerla izan zen. Frantziaren alde borrokatzeak aldaketa bat ekarri zuen jendearen baitan. Gerlak izan dira beti, orduan ez dakit demokrazian bizi izan garen ere. Ez dugu aukerarik izan. XIX. mendeko Mundu Gerla handietan, Iparraldeko gazteen erdiak ihes egin zuen, soldadutzara eta gerlara ez joateko. Frantziako iheslarien erdia euskalduna zen. Horra demokrazia nola bizi izan den.
Nire ustez, aldaketa aipagarri bat »II. Mundu Gerla bukatu ondoren» "ongizatezko gizartea" delakoak ekarri zuen. Iparraldea Hegoaldea baino lehenago sartu zen gizarte eredu horretan. Iparraldean lehen saltoki handia edo hipermerkatua 1967an sortu zen, Angelun. Nik gure arteko diferentzia «ongizatezko» gizartearekin lotuko nuke, laguntza sozialekin. Gaur egun, aldiro eta gutxiago dena, hala ere.

A. LEIZAOLA. Demokrazia izan da botoa emateko orduan. Baina hona beti harritu nauten adibide batzuk. Bat: Frantzia demokraziaren sehaska omen da, baina emakumeek oso berandu arte ez zuten botoa eman ahal izan. Bi: Estatu eta Elizaren arteko banaketa Frantzian 1905ean izan zen, Espainian baino bost urte lehenago besterik ez. Orokorrean, Iparraldean badaude Hegoaldean adina erlijio festa.

J. B. ETXEBERRI. Iparraldean demokraziak aldaketa onak ekarri ditu. Gure bizitza militantean, gizarte harremanetan ikasi dugu poliki-poliki. Gure bizitza soziala egiteko gizontasuna edo jendetasuna garatzea biziki inportantea izan da. Egia erran, jendetasun hori hobekiago landua da gaur egun duela 40 urte baino. Aberastasuna ikusten dut eta gehiago ere espero dut. Izan ere, euskaldunok Iparraldean debatea egiten ikasi dugu, problema pausatzen eta arazo horren konponketan konpromisoa hartzen. Debatea ahultzen denean jendea bereizten da. Iparraldean abertzale gutxi gara, baina alderdi anitz ditugu. Hala ere, bakoitzaren baitan debate aberasgarriak segitzen du. Batera plataforma lekuko. Ez dut uste Batera ekimena bukatu denik. Eta hori demokraziak ekarri digu, gure herri demokraziak. Demokrazia mota horrek, nahitaez, politikoak eta gizarte mugimenduak eztabaidatzera behartzen ditu. Baita Hegoaldeko alderdi eta gizarte mugimenduekin ere eztabaidatzera ere. Ni Hegoaldeko mugimenduekin lanean ari naiz, demokrazian. Iparraldeko eta Hegoaldeko demokraziaren artean ez dago diferentziarik. Desberdintasunak daude indar eta kontzeptu desberdinak ditugulako. Gizartea garatzeko prozesuan, demokrazian nolabait, ni Hegoaldean ikasten ari naiz. Eta Hegoaldeko eta Iparraldeko harremanak eta loturak gero eta azkarragoak izatea eta berdintasun handiagoa izatea espero dut.

Historiak izaera diferenteko jendeak bihurtu omen gaitu. Jendetasuna hizpide, cortesía eta politesse kontzeptu berak al dira?
N. ELORGA. Guk Hegoaldean baino lehenago bozkatzeko aukera izan genuen, agian horrek debatea lasaitu eta izaera gozatu du. Baina horren inguruan faltsukeria handia dago, hipokresia handia, bai Iparraldean bai Hegoaldean ere. Baina tira, egia da, guk beste lasaitasun bat, beste goxotasun bat dugu.
X. ALBIZU. Demokrazia ez da termino absolutu bat, termino dinamiko bat baizik. Baina "demokrazia" bi aldeetan kakotx artean jarri behar da, nik uste. Demokraziaren graduaz hitz egin beharko genuke. Espainian inoiz ez da demokraziarik izan, eta «Frantzian ere ez", kakotx artean. Adibidez, Frantziako Iraultza erreferente hartuta, finean burgesiaren garaipena izan zen, beste klaseen gainean jarri zen. Demokrazia formalaren itxura hartu zuen. Frantzian benetako botere banaketa al dago? Espainian baino hobeki banatuago izango du, eta ez da zaila. Baina ba al da eskubide guztien defentsa eta aplikaziorik? Nik ezetz uste dut. Demokrazia gradual batez ari gara. Halaber, Espainian astoagoak dira. Politezia eta kortesia aipatu dituzu. Hegoaldean beharbada gutxiago dago horretatik eta guk espainolen eragina badugu. Agian beren astotasuna erantsi digute. Baliteke. Beharbada azalean Iparraldekoak finagoak dira eta gu latzagoak. Baina haserretzen garenean denok antzekoak gara.

Politikaren eremuan segituz, Udalbiltza tarteko eta «nazio eraikuntza» kontzeptua hizpide. Zer iritzi duzue kontzeptu horretaz? Laguntzen ote du Iparralde eta Hegoaldeko errealitateak hurbiltzen? Aitzitik, ez ote dira bi errealitateak azkarregi batu nahi?
N. ELORGA. Nazio bat ilusioz eta maitasunez eraiki behar da, eta euskal gizarteak ez du txikle baten malgutasunik. Garai batean egoerak gaurtik biharamunera aldatuko ote ziren pentsatu zen. «Baiona-Donostia Euskal-Eurohiria» proiektuaz ari naiz. Behatoki ekonomikoa ere sortu zen ekimen honen barnean. Balantzea egiterakoan, ordea, gauza gutxi baizik ez da egin. Proiektua Interneten agertzen da, baina askoz gehiago ez. Nik uste nuen mentalitateak horrela aldatuko zirela. Txingudi Mankomunitatea ere hor dago. Beste bat ere badago, Xareta izenekoa. Urdax, Zugarramurdi, Ainhoa eta Sara biltzen dituena. Gizartea malgua ez den aldetik, gauzak poliki egin behar dira. "Nazio eraikuntza" bezalako terminoak dekretatzeak edo Udalbiltza bezalako proiektuek »bere lana gutxietsi gabe» ez dute gure lotura sendotuko. Lehenik jendea euskara ikasi behar duenaz konbentzitu behar dugu. Euskalkiak ondo daude, baina elkar komunikatzeko euskara batuan mintzatu behar dugu. Gainera, Iparraldekoek gaztelania eta Hegoaldekoek frantsesa ikasi behar dugu. Hegoaldean frantsesa desagertu da ia, eta Iparraldean aldiro eta gutxiago mintzatzen da espainolez. Hona pasadizo bat: behin, Donostiako Alde Zaharrean, bi gazte, ingeles kaskarrean aditu nituen. Solasean sartu nintzen. Batzuk Arrangoitzekoak ziren, besteak bertakoak. Hauek euskara eta gazteleraz gain, ingeles pixka bat zekiten. Arrangoitzekoak frantsesa eta ingeles pixka bat. Euskal Herriko drama ikusi nuen. Hizkuntzaren gibelean soziologia bat dago eta hori sendotu behar dugu. «Nazio eraikuntza» ez da dekretu bidez gauzatuko. Ez dut uste Udalbiltza edota Euro-hiriaren bidez elkar ezagutzak sakonduko ditugunik. Bestalde, badaude herri arteko anaitasunezko ekimenak, eta nire ustez horiek porrota dira.

X. ALBIZU. Kontzientzia edo nortasun kolektiboa aipatu dut lehenago. Nortasun kolektibo horrek ispilu bat behar du, ordea. Zein sakontasunekoa izan behar duen eztabaidagarria da. Baina eztabaida horrek bidea seinalatu dezake datozen hamarkadetan. Batasunerako bidean lagunduko ligukeela uste dut. Ekimena dekretuz inposatzen ote den edo ez? Hori besterik da. Euskal herrien sakabanaketa bideratzeko erakunde bat izatea ez da txarra.

A. LEIZAOLA. Ekimenek bateragarriak izan behar dute, nik uste. Ekimen batzuek erakundeak sortzera eramaten gaituzte. Beste ekimen batzuk, berriz, herri xeheak garatzen ditu »herri arteko anaitasunezko ekimenak, adibidez». Ekimenak elkar hartuta ulertu behar dira. Hau da, estatuek ezarri dituzte muga politikoak eta horiek gure arteko banaketa eragiten dute. Muga beti arbitrarioak dira eta banaketa horren ondorioz sortu dira orain aipatzen ari garen banaketak.
Kontrako prozesua egin nahi badugu inportantea da jendeen arteko elkar ezagutza garatzea. Hizkuntza komunikazio tresna izatea nahitaezko da. Gainera »Noelek esan bezala» laugarren hizkuntza bat sartu da gure artean: ingelesa. Honez gero ez dugu hizkuntza bera eta bakarra. Baina elkarren arteko komunikazioa bermatzeko hizkuntza bera izatea bezain inportantea da egitura zabal bat izatea, duguna baino zabalagoa. Jendeak elkar ezagutzeko eguneroko ekimenak behar ditu, ekimen sinbolikoak tarteko. Muga gainditu beharra dago eta muga gainditzeko, batez ere, politikoki pentsatu behar dugu. "Nazio eraikuntza" aipatzen da ardatz bezala. Bi prozesu horiek beharrezkoak dira, batak ez du bestea kentzen. Euro-hiria ekimena, goitik hasita, ez da herrian txertatu. Baina muga ondoko jendearen arteko ezagutza soilaren bidez ere ez da muga gainditu. Hau da, tradizionalki garatu den kontrabandoaren bidez edota Benten inguruetan garatu izan diren harremanek soilik ez dute aski eragiten gizartean, ezta anaitasunezko festek ere. Nik ekimen mota guztiak beharrezkoak ikusten ditut horregatik.

J. B. ETXEBERRI. Nik Euro-hiriaren proiektua segitu dut, Irun-Hondarribia-Hendaia partzuergoan nago eta Udalbiltzan ere bai. Gaur nire ustez, egiazko galdera hau da: «Nola egiten da herri bat?» Aipatu proiektu horietan ari gara, eta funtsean, egungo testuinguruan, ez dugu erantzunik hatzeman. Kontzeptu batzuk bultzatu ditugu, baina ez ditugu menperatzen edo kontrolatzen, urrunegi daude naski.
Irun-Hondarribia-Hendaia eta Donostia eta MAB proiektuak geldituak dira. Ez da publikoki esaten baina horrela da. Ez dakigu herri hau nola egin. Ez dakigu konpromisoak eta adostasunak planteatzen. Ikerketa orokor bat egin behar dugu. Partzuergoan baditugu aberastasunak. Demokrazian ari gara. Badakigu gauza publikoak eta pribatuak kudeatzen bi aldeetan. Hori berez inportantea da. Baina, orain, bi aldeek ditugun helburuak adostu behar ditugu. Gogoa badugu hori egiteko. Baina hori ez da aski. Ekintza konkretuak behar ditugu. Baina zer egiten dugu konkretuki? Non, nola eta norekin, eta zeinek eta zerk esaten digu Euskal Herria egiten dugula? Hau edo hori eginaz Euskal Herria egiten dugula edo ez dugula egiten? Partzuergoan debatean ari gara eta batek dio: "Ba, hori Euskal Herria pixka bat egitea da". Beste batek, aldiz, "Hori Euskal Herriaren kontra doa". Orduan? Orduan, nik "nazio eraikuntza" delakoa gizartearen oinarrira ekarri nahi dut. Lehen lehenik, adostasuna behar dugu gure gizarte ekintzen inguruan. Partzuergoan ez badugu adostasunik euskaldunen artean, ez dugu zer egiterik. Euskaldunen barruan badugu hazi ona adostasuna lortzeko eta txarra ere bai, hots, desadostasuna azkartzeko. Orduan, ni bezalako euskaldun batek herri bat nola egiten den galdetzen dio bere buruari. Non dira erreferentziak Euskal Herrian nazio bat egiten ari garen edo ez baieztatzeko? Zein dira erreferentziak? Nik ez dakit. Hori da nire problema.

N. ELORGA. Nik euskal diaspora aipatu nahi dut. Euskaldunok gure diaspora dugu eta urte askotan ez diogu garrantziarik eman. Huts handia da hori. Ameriketako »Hegoalde nahiz Iparraldean» euskaldunek guk ditugun muga horiek galdu dituzte: muga geografikoak, euskalkienak… Ehun urte iragan ondoren memoria eta nortasuna geratu zaizkie, beren bizimoduan eta familien arteko harremanetan islatzen dena. Orain euskara ikasi nahi dute. Internet ari dira erabiltzen horretarako. Globalizazioa etorri zaigu »Aitzpeak eta Xabierrek lehen aipatua» eta globalizazioak »kasu honetan garatu diren telekomunikazioak» baditu bere alde txarrak, baina onak ere bai. Ona, adibidez, guk geure diasporarekin harremana lantzeko dugun aukera. Diasporako euskaldunak beren bidea egiten ari dira. Hemen ere memoria eta nortasuna baditugu, baina arazoa hizkuntzarekin dugu. Horregatik, adibidez, zergatik ez ditu Udalbiltzak Hegoalde eta Iparraldeko hamarna familia harremanetan jartzen, Internet bidez? Elkar ezagutzeko bide bat izan daiteke. Nire ustez, hizkuntza bera izatea oinarrizkoa da.

X. ALBIZU. Ekintza konkretuak aipatu dituzu. Diferentziak bilatzekotan, nahi adina aurkitu daitezke bi aldekoen artean. Baina batzen gaituzten ezaugarriak bilatzen baditugu aberastasun izugarriak aurkituko ditugu. Beraz, diferentziak alde batera, landu ditzagun gure arteko elkargune eta alde aberasgarriak, bestela ez gara inoiz elkartuko. Hori gure nahimenaren arabera izango da. Zentzu honetan, guk Hegoaldean ez dugu Espainiatik ezer espero. Nik, behintzat, ez dut ezer espero. Barkatu horrela galdetzea: «Frantzia ez al da lurralde ‘garantista’ bat? Ez al duzue zuen subkontzientean estatu ‘garantista’ batean bizi izatearen ustea»? Alegia, etsai handietatik defendatzen zaituzten estatua. Subkontzientean ez ote duzue horrelako zerbait? «Demokrazia» gradu handiagoa duzuela aipatu dugu, ongizatezko estatu bat. Europan lehenago sartu zen estatua. Horrek guztiak estatu «garantista» baten barruan egotea dakar. Horrela ondo bizi garela esatea, alegia. Agian, galde zeniezaiokete zuen buruari: «Urrats bat emango ahal dugu egoera eroso hori uzteko?».

J. B. ETXEBERRI. Ez da bakarrik subkontzientearen afera. Partzuergoaren bidez eskoletako ikasleen arteko harremanak garatu nahi izan ditut, eta hasteko, Hegoaldera joateko baimen ofizial bat eskatu behar duzu Bordelen. Herri bat egin nahi baduzu, horra hor adibide konkretu bat. Ni behartua naiz Bordelerekin negoziatzera. Eta lau urte eman ditut hori lortzeko. Adibidez, Hegoaldeko Pilota Federazioarekin harremanak lantzeko arazoak ditugu. Frantziarekin lotura guztiak hain sendoak ditugu, ezen eta Hegoaldean edozer ekimen bultzatzeko lehenbizi haiekin behar dugula trenkatu.
Zuk, Xabier, diozu Espainiatik ez duzula deus espero. Hori aberastasun gaitza da. Indar gaitza duzue. Hasteko zuek Gasteizen baduzue Gobernu bat. Guk departamendurik ere ez dugu. Ulertzen duzu? Hendaia (12.000 biztanle) Iruni buruz itzularazi nahi dudalarik Departamenduari, Akitaniako Eskualdeari eta bistan da, Estatuari baimena eskatu behar diot. Konparazione, Irun-Hondarribia-Hendaia herrietako eskolen arteko harremanetarako txosten edo proiektu pedagogiko bat lantzen ari gara azken hiru urteetan. 150.000 euroko aurrekontua dugu eta diruaren %60 Frantziatik heldu da, eta %20 Gasteiztik. Gainontzekoa beste erakunde batzuetatik dator. Beraz, zuek indarra baduzue, guk, berriz, dirua eta baimena eskatu behar ditugu.

N. ELORGA. Alegia, guk ez dugu etxerik eta zuek bai. Egia da etxe hori bi autonomietan banatua dagoela, EAE eta Nafarroako Erkidegoan. Adibidez, Kortes edo Sartaguda. Oion edo Viana. Balmaseda edo Santurtzi Euskal Herria direla badakizue. Tauste edo Miranda de Ebro ez dira. Etxea egina duzue nolabait. Guk ez dugu departamendurik ere. Baiona edota Bidaxune ere Euskal Herria ote diren zalantzak ditugu. Etxea duzula jakiteak nortasuna ematen dizu. Ez bazara etxearen jabe nortasuna motelagoa duzu. Xabier Letek Nafarroa kantuan dioenez "hormarik gabeko etxea gara" Iparraldean. Horrek zure kontzientzian eta nortasunean eragin izugarria dauka.

X. ALBIZU. Etxea dugula aipatu duzu, etxe zatikatua. Iparra-Hegoa ekimenean ariketa xume bat egin dugu mugari buruz. Arabarrak, Errioxako Autonomia Erkidegoko eta Miranda de Ebroko (Burgos) lagunak gonbidatu ditugu. Muga hor dago, une batez markatu zen eta gutxi gorabehera denok errespetatzen dugu. Baina, adibidez, Logroño hiriburuan Laminiturri elkartea dago. Errioxa Euskal Herri barruan ikusten duena. Toponimiaz eta historiaz oso landuta dituzte beren teoriak. Badaude Miranda de Ebro Araban kokatzen dutenak ere.

Tokian tokiko herri ekimenez gainera, badaude Iparra-Hegoa eguna (Seguran), Nafarroa Eguna (Baigorrin). Zuk, Noel, lehen herrien arteko anaitasunezko ekimenak aipatu dituzu. Ez zara oso baikor, antza.
N. ELORGA. Ez naiz ezkor ere. Gauzak, akaso, ez direla ongi eginak esan nahi dut. Herri uztartze asko daude, baina ez dute fruiturik eman. Ekimen gehienak urteko egun bakarreko gauza dira. «Nafarroaren Eguna»ren 26. ekitaldia burutu da aurten. Lehen bi urteak Bidarrain egin ziren. 28 urte pasa ondoren oso harreman gutxi sortu dela uste dut. Zoritxarrez, hainbeste urte pasa ondoren, hegoaldekoek eta iparraldekoek ez dute elkar komunikatzen. Alta, Iparraldekoek »lapurtar, zuberotar, nahiz baxenafar izan» nafarrekin lotura errazago egiten dute gipuzkoarrekin baino, nahiz eta hizkuntza aldetik zailtasun gehiago izan. Horrek erakusten du Nafarroak, Erresuma independente izandako horrek berezko izaera eta pentsamolde bat sortu zuela. Iparraldeko bat joaten da Tafallara, lurralde mediterraneora, eta ordu bat pasatakoan moldatzen dira. Tolosara doa, berriz, euskaraz ari dira, baina ezin moldatu bat dago. Iparra-Hegoa Eguna, akaso, ekimen ona da. Modu txikiago batean egiten baita, bi aldeetako militante suharrak ari dira. Herrien arteko beste ekitaldiek ez dute, zoritxarrez, ezer apartekorik ekartzen.

X. ALBIZU. Ados. Tokian tokiko egun horietan bazkaria egiten da elkarrekin, opariak trukatzen dira, baina ezer gehiago ez. Guk Elorri elkartean beste filosofia batekin lan egin nahi dugu. Kultur Aste bat lantzen dugu eta bizitzaren arlo desberdinak azaltzen saiatzen gara, behintzat: politika, ekonomia, irakaskuntza, heziketa... Pertsonen arteko harremanak lantzen ari gara, eta oinarrian elkarren errespetua dago. Elkartearen iraunkortasunaren arrazoi nagusietako bat hori da. Elkartzen garen pertsonak ez gara pentsamolde berdinekoak, antzekoak bai, baina guztiz berdinak ere ez. Iparra eta Hegoaren ekimenarekin hasi ginen, guretako askok Zuberoa ez genuen ezagutzen, baina Nafarroako alderdi asko ere ez. Orduan, iaz Nafarroa landu genuen, aurten Araba eta datorren urtean Bizkaia izan liteke. Alegia, Iparra-Hegoa ekimenean gure arteko mugak ere lantzen ditugu.

N. ELORGA. Politikak berak ere harremana izorratzen du askotan. Udaletan lau urtean behin ematen diren aldaketek ez dute bermatzen harremana, alkateak aldatzen dira herrietan. Euskal Herriko hiru esparru politikoetan antzeko ideologiak balira, harremana errazago izango litzateke. Iparra-Hegoa ekimenekoak ideologiaren aldetik nahiko antzekoak zaretela azpimarratuko nuke, abantaila moduko bat da.

Euskalduntasuna hizpide orain. Zaldubik «zazpi euskal herriak batera dezagun» aipatu zuen. Bitoriano Gandiagak «guztiok gara euskaldun, guztiok anaiak gara». Zein neurritan ez ote du horrek sinplifikatzen funtsean garena? Iratzederren poema batek honela dio, halaber: «Hangoek balute suan neurria. Guk aldiz baginu suan pizgarria. Mendiz bi aldetan zer Goiz-argia. Salbu bailitaike Euskal Herria». Hitz hauek mitifikatuegiak ote dira?
X. ALBIZU. Euskalduntasunaz ari bagara, bada, nik ez dut ezagutzen herri bat hizkuntzarik gabe. Euskal Herriak bere hizkuntza galtzen badu, ez da Euskal Herririk izango. Zuek »Iparraldean» honela diozue: "Zuek indarra duzue". Ez al da hori ere mito bat? Jende gehiago gara zuek baino. Guk ere Ikastolak sortu genituen hemen. Eta nik Guardia Zibilak andereñoak kuartelera eramaten ikusi ditut. Jakina, fase hori pasa genuen, gorriak ikusita. Gaur egun, euskararen ezagutzaz gain, erabilgarritasuna baloratu behar da. Euskarak gaur egun lana errazten dizu, lanpostu bat lortzeko baliagarria da. Baina horrek ere bere arriskua badu. Asko eta askoren euskalduntasuna EGA titulua atera ondoren bukatzen baita. Lana aurkitzeko baino ez dute EGA nahi. Horregatik, guk ere, beharbada, oinarrizkoak gainditu ditugu, baina fase asko gainditzeko ditugu oraindik ere euskalduntasunari dagokionean.

N. ELORGA. Zuk, Xabier, euskararen ezagutza lanpostua bilatzeko ere egin dela diozu, ados. Baina ezagutza hori egin da. Iparraldean, hasteko, horrela balitz, hori bagenu, eta ilusioa eta maitasuna sortu bagenitu, bada, ezagutzen duenak mintzatuko luke euskara. Ezagutzen ez duenak ez du ezer egiten. Aipatu dituzun esaera edo poema horiek, garai bateko gutxiengo txiki kultu baten espresioak dira. Pertsona horiek Euskal Herriaren edertasunaz eta bere txikian handitasunaz ohartu ziren. Eta hori herriaren buruan txertatu beharra ikusten dut.
Bestalde, indarra aipatu duzue euskararen alorrean. Ekonomia arloan ere desberdinak gara, ekonomiak desberdintzen gaitu. Iparraldea Frantziako periferia pobre bat da. Akitania Eskualdea eta EAE berdintsuak dira populazioaren aldetik, baina EAEko aurrekontua (12 milioi euro urtean) Akitaniakoa baino zortzi aldiz handiagoa da. Alegia, zuek dirua duzue eta zuek kudeatua. Segurako batek zergak Gipuzkoan ordaintzen ditu. Guk Parisen. Indar hori duzue.
X. ALBIZU. Iratzederren poema oso polita da. "Hangoek balute suan neurria", dio. Eta nik diot: «Ez dakit guk su asko edo gutxi dugun ere, ez dakit badugun ere».

J. B. ETXEBERRI. Ikusmolde bat da.

X. ALBIZU. Iratzeder zegoen lekuan ez zegoen surik? Sua aldi guztietan bada. Historian aldian han eta aldian hemen izan da. Egoeraren arabera.

Finitu aldera. Badira, jakina, estatuen joerak salatzeko arrazoiak. Noiz erakutsi zaigu gure historia? Zuen solasean erreparatuz gero, ezagutza eta onarpena dira hitz gakoak. Eskola eta heziketa dira bideak...
J. B. ETXEBERRI. Horri buruz badugu huts handia, bai Iparraldean bai Hegoaldean. Irun, Hondarribia eta Hendaiako ikastoletan gauza asko irakasten dira munduari buruz, estatuei buruz, baita Euskal Herriari buruz ere, oro har. Baina geure herriei buruzko historiaz ia batere ez. Patzuergoaren bidez proiektu bat bultzatu dugu berriki: oinezkoentzako bidea, Hendaia-Irun-Hondarribia lotuko dituena; 17 kilometrokoa. Gure xedea, bide horretan dauden toki historikoak erakustea da. Adibidez, Kaneta portua zer den eta Hendaia zer zen. Non eta nola sortu zen Hendaia. Hendaia sortu zeneko kultura zein zen. Gauza bera Irun eta Hondarribian. Oixtian aipatu dudan proiektu pedagogikoa hor sartzen da, maleta baten gisara ulertu behar da, eskolatik eskolara aldatzen baita. Nik horretan ikusten dut bidea. Hau da, herrien nortasuna ezagutu behar dugu lehenik, Euskal Herria ezagutzeko. Nire seme-alabak eta haien lagunak entzuten ditut eta euskaldunak dira, baina herriaren alde lan egitea zer den ez dakite, nola lan egin ez dakite. Ez dakite zer den Hendaia ere. Irun eta Hondarribian berdintsu. Eta hori mugaldean, elkarren ondoan garelarik. Harago joanez gero, zer dago? Funtsean, buruan mito bat dugu: Euskal Herria. Bere osotasunean. Baina norberaren herriaz ez gara arduratzen, geure herriaz ez dugu ikasi eta gazteek ez dute ikasten. Lehenik non bizi garen ikasi behar dugu. Badakit herri guztietan ez dela berdin. Seguran izan nintzen eta herritarrek ezagutzen dute beren herriaren historia. Hendaian ez. Gainera, azken urteetan, Hendaian bizilagunen %20 Hegoaldetik jin dira. Zer egiten dute? Beren txokoan sartu, murru batzuen arteko lur ttipia dute, eta ez dute beren lur puxka horretan ametsik ere. Ahulezia izugarria da. Nola azkartu hori? Alimaleko lana dugu egiteko. Gure gazteek ez dakite non den Behorlegi mendia. Gure gazte garaian, berriz, ezin genuen hazi Behorlegi zegoela jakin gabe. Enetzat hor dago borroka.

X. ALBIZU. Zer egin herri bat osatzeko?, galdetu du Jean-Baptistek. Herri bakoitzak baditu bere berezitasunak. Badugu denona den eremu bat: Ikastolen Konfederakuntza, izugarri aberatsa. Baina horretan muina eta arima zuzendu behar dira. D ereduan euskara egiten dute. Baina ez dira gutxi D ereduan Espainian egindako testu itzuliak erabiltzen dituztenak. Eredu horrek zer muin eta arima zabaltzen ditu, ez badu bertakotasunik? Hizkuntza transmititzen du baina muinak bertakoa eta bertakoentzako izan behar du. Euskara soilak ez du euskara salbatuko.

A. LEIZAOLA. Denok ari gara erreferentzien beharrez. Muga bat dagoela eta ezberdintasunak gainditu beharrez. Orain egoera paradoxikoan gara. Europaren baitan muga administratiboek gero eta indar gutxiago dute eta badirudi bi aldeetako populazioak gero eta desberdinagoak eta bananduagoak direla. Adibideak azaldu dira: Euskarak ez du bermatzen jada bi aldeetako herritarren komunikazioa, gero eta desberdinagoak garela irudi du. Orduan, denenontzako erreferenteak sortu behar ditugu. Mugen bi aldeetara geure egingo ditugunak eta azken finean muga desagerrarazi lezaketenak. Bat, hezkuntza eremuan. Hizkuntza partekatu baten beharra daukagu. Euskarak bete behar du funtzio hori. Gero Euskal Herrian bere osotasunean hartzen duen hainbat erakunde daude: Udalbiltza eremu politikoan, Ikastolen Konfederakuntza hezkuntza eremuan. Udako Euskal Unibertsitatea eta Euskaltzaindia ere bai, beste askoren artean. Beren printzipioetan eta funtzionamenduan barneratuta daukate osotasun hori »erraztasun eta zailtasunak gorabehera, muga administratiboa errealitate bat delako», mugaz gaindiko ez lankidetza bat, osotasun bat baizik. Zeregin horietan erreferentziak bilatu behar ditugu. Berrian edo ETBn Euskal Herriaren mapa osoa agertzea, jakitea eguzkia aterako dela ez bakarrik Bilbon edo Donostian baizik eta Baionan, Maule eta Tuteran ere, oso garrantzizkoa da. Azken finean mapa mentala sortzen baita. Hori barneratuz doa. Gaurko belaunaldien erreferentziak aldatu dira. Faseak aipatu ditugu eta horiek kontuan hartu behar ditugu. Ez gara egoera finko batean, ez gara egoera definitibo batean. Gure esku dago hori aldatzea, erreferentzia batuak bilatzea eta gauzatzea muga gainditzeko.

Aitzpeak solasaldiaren laburpen ezin egokia egin zigun. Denek bat egin zuten: aurrerantzean azterketa eta aplikazio egokia eman beharko litzateke. Jarraian, berriz, beste hiru lagunen iritzi artikuluak bildu ditugu gaia osatu aldera.

Mahaikideak
Aitzpea Leizaola
UEUko zuzendaria eta antropologoa

Donostian jaioa 1971n. Antropologian eta Hizkuntzalaritzan lizentziatua Parisko Nanterre eta Sorbonako unibertsitateetan. Gradu-ondoko formazioa burutu zuen Berlineko Freie Universität, Belfasteko Queen's University eta Renoko Basque Studies Center-en. Oxford-eko Unibertsitatean irakasle bisitari izana. Antropologia irakaslea EHUn, eta UEUko zuzendaria da, halaber. Mugaren ingurumaria aztertu du antropologiaren alorretik. Aranzadiko Etnografia saileko kidea.

Xabier Albizu
Elorri elkarteko partaidea

Segura (Gipuzkoa) herrian jaio zen 1943an. Geografia eta Historian lizentziatua da. Ikasketa teknikoak eginak ditu, bestalde. 35 urtera arte enpresa munduan aritu zen teknikari lanetan. 35etik 55era berriz, irakasle. Euskara eta gizarte gaiak irakatsi zituen. Ikastolen sorreran eta antolaketan aritua urte luzetan. Seguran zinegotzi izan zen 12 urtetan. Gaur egun aurre-erretiroan dago. Iparra-Hegoa aste kulturala antolatzen duen Elorri kultur elkarteko partaidea da.

Jean-Baptiste Etxeberri
Hendaiako hautetsia

Larzabale (Nafarroa Beherea) herrian sortu zen 1937an. Soziologia alorreko ikasketak egina. Enpresentzako kontsulta kabinet batean lan egiten du, Miarritzen. Iparraldeko bizitza sozialean engaiatua aspaldiko urteetan. Seaska Ikastoletako sustatzailea eta partaidea, Hendaiako Ikastolako lehendakari ohia. Hendaiako hautetsia, Kotte Ezenarro auzapez sozialistaren gobernuan, abertzale gisa. Irun-Hondarribia-Hendaia mugaz gaindiko partzuergoaren arduraduna da.

Noel Elorga
Enpresaria

Bidarrain (Nafarroa Beherea) sortua 1953an. Miarritzen bizi da. Ekonomia eta Zientzia ikasketak eginak ditu. Esportazioko enpresa bat zuzentzen du gaur egun. Diaspora munduaren ezagutzailea, Euskal-Argentina elkarteko eta Iparla izeneko elkarte nafarraren partaidea. ETBko Firin-faran saioan aritu zen hiru urtez, baita Radio Euskadin tertuliakide gisa ere. Baigorrin burutzen den Nafarroaren Egunaren lehenengo bi ekitaldiak Bidarrain burutu ziren, bera sortzailea izan zelarik.

Emilio Lopez Adan: «Zazpiki baten abenturak»
Iparraldera heldu nintzenean, Baiona Ttipian hartu nuen ostatu. Goizero joaten nintzen Euzkalduna tabernara gosari legezko esnearen hartzera, oraindik ez baikenekien "Helicobacter pylori" zer zen, eta ultzera gisuz eta esnez tratatzen genuen, arrakasta gutxiz. Behin nagusiak, Jesusek, txokoan ziren bi baserritar erakutsi zizkidan: "gaskoinez ari dituk". Nik ez nien tutik ulertzen eta menditik Biarnoko muga zeharkatu zuen bizkaitar iheslaria bezala nengoen. "Zer euskara zarratua bajok Iparraldean...". Eta bai. Txarrago zena, ni ez nintzen bizkaitarra, arabarra baino, eta nondik nekike Iparraldekoei zerbait endelegatzeko?

Jesusi esker konplexua zerbait arindu zitzaidan. Hori eta beste gauza asko eskertu beharko dizkiot. Gerlak ekarri zuen Iparraldera, hemen finkatu eta esposatu, eta oinak non zituen oso ongi zekien. Eta badaki, agian urte askotarako.

Baina despistea ez da berehala sendatzen, eta berezitasunak baino lehen loturak bilatu behar nituen nik. Bidarteko "La Roseraie" eta Miarritzeko "Les Colonnes" aurkitu nituen: gure ama gerla garaian ibili zen Euzko Jaurlaritzako ospitalean, uniforme ederra eman zioten eta neska gaztea, gustatzen zitzaion terraza batean jarri eta lagunekin solasean Bitoria baino zabalagoa zen mundua ikusi.

Etxekoen urratsetatik ez oso urrun, Baionan ibili nintzen Sabin Aranaren hatzetan: bizi zen etxea eta ikasi zuen kolegioa aurkitu nituen. Harro. Gero, beste herbesteratu batengana joan nintzen bisitan, Andoni Urrestarazurengana. Beitu, zer kasualitatea, beste arabar bat, gure aitaren lagun eta irakaslea. Euzko Jaurlaritzaren egoitzan zegoen idazkari, Alsace-Lorraine bulebarrean. Etxea ederra zen, eta ikurrina goiko leihoan, baina sartuz geroz konturatzen ginen soilik teilatu azpiko ganbara zeukatela, selaurua apala, txiki eta estua; Gonzalo Nadiz bermeotarrak zeukan ordezkaritza, eta, nahi izanez gero, "euskal herritar" bezala identifikatzen gintuen papera ematen zigun. Atsegina, bai, baina EHNA bezalako zerbait, nihil novus sub sole, antzeko balorearekin: bihotzean zimiko.

Urrestarazu Santi Izpirituko herriko etxea izan zenean bizi zen. Sabin Aranaren "Obras Completas" utzi zizkidan, tomo mardula, eta Txillardegik erran zidan "horrek hirekin ez dik nahasmen onik egingo". Arrazoia zuen.

Urrestarazuk xehetasun asko eman zizkidan Iparraldeko euskara misteriotsu hartaz, orain bai euskaraz eta ez gaskoineraz, batez ere ahoskatzen duten "h" madarikatuaz, bera bezalako sabindar zintzoarentzat soinu alferra bezain arrotza. Hari ere asko zor diot. Amnistiarekin Bitoriara itzuli zen, bere izena, "Umandi", eman diote Ikastola bati, eta uste dut arreba oraindik bizi dela, agian ere luzaz.

Baina, ez ahaztu, ETAko militante bezala heldua nintzen, eta Arabako ildoetatik sudurra atera behar nire adineko abertzale gazteekin kaka nahasteko. Egin genuen bai, adibidez Uztaritzeko ekitaldi batetik jalgi ginen dena harrabots "Ez dok amairu" taldeak bere aurkezpen guztiak frantsesez baizik egiten ez zituelako. Haien taldearen lagun batek bota zidan "segur nauk bizardun horrek gero tabernan frantsesez baizik ez duela egingo!". Mila esker gure defentsan altxatu zen Manex Pagolari, eta, berriz ere, guttiago pipa dezan gomendatuko diot. Aretotik atera ginen dozena, abertzale sutsuak eta gorri-gorriak ginen, besterik ez baitzen posible 1968ko udaberri hartan... Kristiane Etxaluz, André Galant, Paul Etxemendi zena,... zenbat ez nuen zuekin ikasi. Lehen, errespetua, zuen bideko errespetua. Eta gero zuentzat hain ebidenteak ziren gauzak, Pariseko intelektual eta aktibisten ezagutzak emanak. Alta, gauza batzuek oraindik ulertu gabe gelditu zaizkit... Senpereko bestetan Kristianek erran zion nardatzen gintuen euskaldun zahar eta eskuindar bati : "Hago, hago... hire semea gurekin diagu!" Eta ni harrituta, neska gazteak gizon zaharrari toka, ... bueno, orain Nine Goihenetxek adierazi digu nolakoa den xiberutarren tratamendu familiarra, baina nik ez dakidana beste zera da, alegia ea gurekin zegoen seme hori non den orain, Kristiane gazteak baino askoz boz abertzale gehiago biltzen ez baitugu zahar okitu guztien artean.

Baitezpada, arrakasta eskasa da, baina ez gure gogo faltaz. Lagunen artean "Ipar Euskal Herriko egoera iraultzaileaz" txosten bat ondu genuen, ez oso ona... Gora litoteak! Marx irakurtzen ari ginen, baina, 68ko zirimolan, gure (edo bederen, nire) ibilbide intelektuala arrunt baldintzatu zuten "Hari-Kiri" astekariaren alprojen eragina nabaritzen hasia zitzaigun. Edo behar bada beraiena zen bidea, eta damu dut konturatu ez ginelako: Frantzia osoa ipurdiz gora zegoenean, Baionako Herriko Etxea okupatu behar izan genuen, leiho handitik ikurrina jalgi, eta estaturik gabeko independentzia aldarrikatu, euskaldun guztientzat Eskiulatik Gauberaino. Irriz eta bromaz aipatu genuen, parada galdu eta Historiak ez gaitu barkatuko.

Ah! Lehenengo kolpez Gaubea non den dakien irakurleari, besarkada bat. Araba, omen, beti zazpigarrena...

* Emilio Lopez Adan medikua eta idazlea da

Patxi Larrion: "Anbroxioren xerka"
Hiri buruzagia zeharkatu dugu Anbroxioren xerka. Bizi gaituen metropoliko liburudendetakoek ezaguna dute liburua, zinez eskertzekoa, baina hiru liburudenda bisitatu behar izan ditugu feriatu arte. Iragan urrian, harrera beroa egin zioten Anbroxio liburuari, Itxaro Bordak Amorezko pena baino eleberrian betikotu zuen elkartean. Zaldiko-Maldikon bildu zirenek ezin izan zuten egilea zoriondu, eta jakin badakite Anbroxioaren aitak plazer handiz asetuko zituela, baina, Iratzederren garaian bezalaxe, egun ere, muga, muga da, eta, kontakizunean, horrenbeste lagun muga pasarazi dituen Enekok, ezin muga igaro garai horretan.

Erran bezala, atxiki dugu Anbroxio, ontsa atxiki ere, eta aitortu behar, emaitza, oparoa izan dela, liburuak bezainbeste bilaketa berak asetu gaitu, bilaketa, bidaia bilakatu baita, azken urteotan irakurri ditugun liburuak, entzun pasarteak eta atxiki irudiak bidaide izan baititugu Anbroxioren xerka izendatu dugun honetan.

Antton Lukuk, Hegatsen argitara eman artikulu gogoangarri batean, aholku bat eman zigun, "norabait joaten delarik azaltzen den lehena ez da kontaktu ona". Ez dakigu liburuen kasuan hala den, ezetz erranen genuke. Itxarori irakurri genion lehena, Basilika izan baitzen. Oragarrekoak, trilogiaren hondarrean, ezezagun genuen Erribera erakutsi zigun, beraz, ezinbestean sinesgarri zaizkigu, Basilika bezainbat, %100 Basque eta Hiruko.

Gure bidaiaren ezantza ironia izan da. Ironia aferetan, Mattin Irigoienek, Anttonek bezalaxe, Historia zoragarriki desitxuratuz, guztiz hurbil eta sinesgarri sentitzen ditugun istorioak agertu dizkigute. Esentzialismoz mukuru gauden garaiotan, kristala hautsi ala ez, Mattinek agertu irudia da, Noaingo batailaz gorde nahi duguna; Anttonek, Estafetan kokatu baionesak dira, urtero, Sanferminetan ikusten ditugunak; Gazteluko Plazako Txoko tabernako gin-kasak, Antso Azkarraren moldean irensten dituztenak, gure paisaiaren parte diren ber. Menturaz bergauza, pentsatuko dute, Baigorrin urtero edota iragan urte arte Arrosan horditzen direnetaz. Bai, festaren eremura heldu gara gure bidaian, ziur aski, mugaz bi aldeetan normalizaturik dagoen esparru bakarra.

Segura, Senpere, EHZ, Baigorri…, kilometro gehiegi guretako. Festak, bitarteko izateko sortu ziren, egun, nagusiki, helburu bilakatu dira. «Ozaze jaurgainian» gertatu dena konparaziorako, hor ere bi zitroin doratu, ikusten denez gin-lemon nonahi.

Azken urteotan, duela hiru hamarkada Bidarrain hasi eta egun Baigorrin ospatzen den Ricard, barkatu, Nafarroaren Eguna sendi dugu hurbilenen. Baina, Baigorrin ez gara plazatik urrundu, ez dakigu non den Pantzoren Borda zaharra. Festak une oparoak bizi izan ditu, eta muga zilaturik ikusi genuen Elizondoko saioena egin zenean, baina, Europako dirua agortu zen, eta mugaz bi aldetakoen harremanaren ahula agerian geratu. Lehen ez zen dirurik, eta harremana bazen, edo hori kontatu digute, egun, dirua behar dugu, harreman naturala omen dena mantentzeko. Hala ere, gu beti aitzina.

Epikarik ez da falta izan gure bidaian, eta demoek erakutsi diguten legez, epika ez da nahitaez ironiaren kontrako. Ezer dugu ikasteko gazte idealista »batzuk gazte izandako» horiengandik. Bestalde heldu batzuk inoiz baino gazteago ageri zaizkigu, Luzien Etxezaharretarena epikoa baino homerikoa zaigu. Durangon, gastuak kitatzeko aterako al dute Maiatz argitaletxekoek?

Bidaiak igaro duen bitartean, gaurkotasunik galdu ez duen Odolaren mintzoa eskura izan dugu mesanotxian, eta une goxoak igaro horren irakurtzearekin, alta, bertsolaritzak arrangurarako tarterik utzi digu, eta aurten, aspaldi iragarri zena gertatu da. Burlata eta Sarako saioena gogoan dugu oraino, Urepeleko Mixelek "gurea amaitu da" erratera behartu zuten saioak gogora ekartzen, tristezia ez den zerbait nabaritu dugu. Aldarte berean, Mendiburuk Nafarroakoan botatako azken bertsoa aditu genuen. Oilar zaharrak, »beste batzuk aurretik egin zuten legez», amore eman zuen, ez zegoen giro. Ondarrean, Kostaldeko gazte horiei muga paratu eta fini. Ez esan guri mugarik ez dagoenik, fisikoa ez denean, kaskoan dugu ezarria.

Arestian erran bezala, dena ez da liburua izan bidaia honetan, eguneroko berria, asteroko argia, irrati uhinak, irudiak telebistan, Bedaxagar eta Oihenarten emanaldiak, bidaide izan ditugu, eta leku urrunetara joateko Xipriren liburuak beti eskura, Aureliak erakutsi digu Septentrio. Alta, liburuarena hobetsi dugu, eta horren arrazoia, guk baino hobeki Anttonek du eman, "…transmisioaren zuloak edo etenak ordezka litzake liburuak, mundu biribil bat sortuz, birtualki euskaraz martxa daitekeen mundua. Hortan gabiltz Iparraldean Etxamendi sortuz geroztik". Horra, Auroraz geroztik, gure bidaiaren paisaia. Egin kontu, bi urte luze daramatzagu muga igaro gabe, ez gara ezta Sarako Biltzarrera ere hurreratu, hala ere, inoiz baino hurbilago sentitzen ditugu horiek.

Anbroxioren xerka ez da amaitzen gosea duenarentzat. Gose dena, aiseago asetuko da Elgetan egunotan, festa erraldoi horietan baino, egarri denak mama gozoa du zain botoiletan. Afera honetan, ezer baino lehen irakurle gara eta.

* Patxi Larrion historialaria da.

Ugutz Robles-Arangiz: «Euskara lokarri»
Muga psikologikoa dela aipatzen dugu, eta egia erran, alde batetik muga hori existitzen da. Baina badira arrazoi sakonagoak ere: Iparraldea azkeneko mende honetan frantsestu egin da eta Hegoaldea espainoldu.

Maiz gertatu zait Iparraldeko eta Hegoaldeko abertzale batzuk zirikatzea, bai Frantziaren eta bai Espainiaren kontra. Batzuetan bakoitzari bere barneko frantses edo espainol sentimendua ateratzen zaie. Mintzatzen direlarik, beti bestearen defektoak ikusten dituzte euskarari dagokionez. Adibidez, duela urte batzuk ostatu batean solasean aritu nintzen Hegoaldeko idazle batekin. Erran nion, behinola ezagutu nuen neska batek zein ongi erabiltzen zuen euskara. Neska suediarra zela. "Blonda" zela erran nion. Berak "ha ha ha!" irri eginez erantzun zidan. "Blonda hitza frantsesa da». Noski baietz! «Zuk nola erraiten duzu?» Eta berak lasai erantzun zidan: «guk rubioa". «Euskara ote da hori», erran nion. Egun hartan konturatu zen "rubioa" espainoletik heldu zela.

Bertze batek "automobila" erran nuelako: "Hori ez da euskara", erran zidan. Euskaraz "kotxea" da. Horrek ere ez zekien "kotxe" hitza, Viena eta Budapest arteko posta edo diligentziak gelditzen ziren herri baten izenetik heldu dela. Kocs izeneko herria. Italiarrek "koxio" egin zuten, frantsesek eta espainolek "coche".

Iparraldekoak espainoletik heldu bada hitz bat laster ohartzen dira. Aldiz, beraiek frantsesez erraiten dituztenak normalak iruditzen zaizkie.

Hegoaldean eta Iparraldean gero eta gehiago mintzatzen da espainolez eta frantsesez. Hortaz, pentsamoldea aldatzen doa gero eta gehiago, batzuk espainolduz eta bertzeak frantsestuz. Euskaraz erranaldi bat egiterakoan erdaraz pentsatzen dute eta horrela, "egarri naiz", "gose naiz" edo "hotz naiz" erraiteko ordez "egarri daukat" "Gose daukat" edo "hotza daukat" erraiten dute. Baita ere, adibidez, "helduen arau" edo "datorren ber", "datorren arabera" erraiteko ordez, erdaratik egindako itzulpena erabiltzen da "segun zelan datorren". Iparraldean gazte batzuek, berriz, "hola izanik ere" edo "hala bada ere" erraiteko ordez "meme hala bada". «Baina» hitza, berriz, frantsesez erraiten dute: «mais». Ageri du gero eta gehiago erdaraz pentsatzen ari dela jendea eta horrek elkarrengandik urruntzen gaituela.

Duela zenbait urte inkesta bat irakurri nien euskaldun gazte batzuei egina. Ea euskaraz edo erdaraz mintzatzen plazerra hartzen zutenez edo gustura zirenez galdegiten zioten: % 70ak erdaraz gusturago zirela erantzun zuten.

Ene ustez, euskaldun izateko moldea eta karakterra hizkuntzatik heldu zaigu, mintzairaren bidez gure arbasoen eta antzinetik izan diren belaunaldien edo gizaldien ikus moldea edo biziarenganako zuten ulertzeko manera.

Mintzairaren bidez herri baten karakterra pasatzen da, gizaldiz gizaldi, baina espainolaren eta frantsesaren presioa gero eta handiagoa da, eta gure mintzaira bere nortasuna gero eta gehiago galtzen ari da. Beraz, mintzaira batek kultura baten pentsamoldeak pasatzen ditu, onerako edo txarrerako. Adibidez, espainolez, norbait gaiztoa edo maltzurra dela erraiteko: "Es un judio" erraiten da. Tontoa dela erraiteko: "Engañar como a un chino". Lanean gelditu gabe ari denari, euskaraz ere, "beltza" bezala lanean ari dela diogu.

Euskal kulturako bi pertsonaia ezagunak aipatu nahi ditut: Jan Battitt Elizanburu eta Gabriel Aresti. Elizanburu euskalduna zen bainan frantses estudioak egin zituen eta hori ageri da kantu batzuetan "Nere etxea" diolarik edo "Nere alaba Kattalin". "Nere" hori arrunt erdalduna da. Betidanik "gure etxea" edo "gure alaba" izan da. Senar batek "gure emaztea" erran izan du beti, eta andreak "gure gizona". Gabriel Arestik, berriz, "Nere aitaren etxea" dio "Gure arbasoen etxea" errateko ordez. Bizkaian norbaiti etxekoak ontsa direnez galdegitean, "Etxean ondo zagozie?". Erantzuna beti "Geurean bai" zen. Iparraldean beti erran izan da "gure etxea" "gure aita-amak", "gure anaia", "gure arreba", bai eta "gure herria". Beti erantzunak gehiengoan edo pluralean ematen ziren, elkartasuneko kultura baitzen. Orain, aldiz, joera indibidualista gero eta gehiago agertzen da mintzairan. Gaztek "nere" hori erabiltzen dute "gure" baino aiseago. Beste adibide bat: berrikitan, ikastola batean, haur bati, ez baitzen aski gora mintzo, irakasleak erran zion: "mintza hadi azkarrago". Frantsesetik itzulia: "parles plus fort".

Gobernuek izan duten jokaera beti izan da euskaldungoaren aurka. Batetik euskara debekatuz eskoletan, baina hori aski ez bazen, jendeari buruan konplexu bat sorraraziz. Euskarak deusetako balio ez duela erranez. Horrek ondorio txarrak izan ditu. Berrikitan "inspecteur d'académie" batek erran zuen: "il faut que nous aidions pour que la langue basque ait une mort douce" (lagundu behar dugu euskarak heriotza ezti bat izan dezan). Haurra nintzelarik euskaldungoaren harrotasuna zuten gehienek, nahiz eta beren burua frantsesa zela uste bazuten ere, beti erraiten zuten: "ni euskalduna nuk, edo ez niz kaskoina edo ez niz frantximenta". Euskaraz mintzatzea ainitz maite zuten eta frantsesez mintzo ziren euskaldunei trufa egiten zieten. Kantuak ere baziren frantsesez ari zirenaz trufatzeko, hala nola "Tupintegiko Roxali"renak, edo Ligueixen "Boneta eta txapela".

Ez ziguten gure historiaz deusik erakutsi, aldiz, beraien historiako mitoak gure historia balitz bezala. Oroit naiz, haur ttipiak ginelarik, Frantziako historia liburu zahar batean ikasten genuen, eta Orreagako gatazka aipatzen zuelarik, ezarria zen euskaldunek desegin zutela "Charlemagne"ren armada. Irakasleak atxingitu edo borratu zuen euskaldunak eta "Zarrazinoak" zirela ezarri.

Nafarroa ez ziguten aipatzen, eta historia guztia Parisko inguruan gertatutako gauzak ziren. Irakasleek Frantziaz gain ez ziguten bertze deusik aipatzen. Euskaraz mintzatzen baginen zigortuak izaten ginen. Bertzeak etxera joaten zirelarik, ordu batez idatzi behar genuen: "ez naiz gehiago euskaraz mintzatuko" (Je ne parlerai plus en basque). "Marseillaise"a, "Le chant du départ", "Le régiment de Chambre et Meuse", denak iraultzako kantuak kantarazten zizkiguten.

13 urteekin Bilbora joan nintzen, eta han, berriz, "Formación del Espíritu Nacional" delakoan Espaina frankistaren kantu "patriotikoak" kantatzen erakusten ziguten. Batez ere "Gibraltar Gibraltar, tierra Hispana de nuestra nación" edo "Memoria de la Historia que a veces tiene que llorar", baita "Viva España, alzad los brazos hijos del pueblo Español". Iparraldean eta Hegoaldean gure garuna garbitu beharrez ari izan ziren.

Nor ziren Elkano, Urdaneta, Ravel, Abadia eta hainbertze gizon jakintsu, ez ziguten egundaino aipatu. Euskaldun hitza bera tabu bat zen, bai Iparraldean bai Hegoaldean. Historiak gauza askotan diferenteak egin gaitu nahiz eta oraindik euskara dugun lotura bakarra.

Kortesia eta politeziaz, berriz, Iparraldean, zaharrek hitz batez erraten dugu euskaraz: Jendetasuna. Jendetasun hitz horretan sartzen baitugu errespetua, elkartasuna, hitza errespetatzea, esku zabala izatea, eta gizakiak dituen bertute guztiak. Euskal Herria eraikitzeko lehenik bizi euskaraz, elkar ulertzea da bidea. Euskararik gabe ez dugu deusik eraikiko. Beraz, Hegoaldea eta Iparraldea hurbiltzeko behar dugun tresna euskara da. Gaur egun euskara batua bakarrik ez da urrun joanen, euskalki guztiez ez bada sustatzen eta aberasten, euskara administratibo eta mekaniko bat baizik ez da izanen, nire ustez. Ipar eta Hegoak behar dute elkar ezagutu. Gazteak bide horretatik doaz, eta arrazoi dute. Mundu hau laster globalizatzen ari da, eta ez bagara ernatzen, gero berantegi izanen da.

Lehen, Aberri Egunak elkar ezagutzeko eta hurbiltzeko okasioa edo aitzakia ziren. Gaur, erran nezake, ez dela gehiago Aberri Eguna, baina alderdien eguna. Aberri Egunak egiten dira, baina bertze izen batzuekin: Nafarroa Oinez, Korrika, Herri Urrats, Kilometroak, Nafarroaren Eguna, eta abar.

Gazteek adineko edo pertsona helduekin harremanak gehitu behar dituzte, horiek oraindik Iparraldean segurik euskara erabiltzen eta bizitzen baitute, baita euskaraz pentsatzen ere.

Hegoaldean diren gauza erakargarrienak gaur egun, batetik, ekonomia eta horretatik sortzen ahal diren aberastasunak dira. Bereziki kulturaren laguntzeko, baita gazte gehienek bere lurrean bizitzeko aukera izan dezaten ere. Iparraldean, aldiz, herritik alde egin behar dute bizibidea bilatzeko, eta ordainez Frantzia barnetik erretiratu guztiak hona etortzen dira, kostalde guztia bereganatuz. Ziburun batez ere, gorago erran dudan bezala, %60a arrotzen eskuetan da. Bertzalde, Hegoaldean, elkarren artean bai ostatuetan edo bertze toki anitzetan, harreman handiak dituzte eta aberasgarriak. Iparraldean, aldiz, gero eta gehiago etxetan egoten dira.

Euskaldun gazteriak, abertzaleen munduan bederen, elkarren ezagutza egiten ari dira, bainan erdaldunak, erran nahi baita gehiengoak, ez dute elgar ezagutzen. Ipar eta Hegoaldea biltzen ahal dituena euskara da lehenik, eta gero, kirolak edo beste kulturaren alde egiten diren bilkurak eta ekimenak. Ordea, gaztelerak eta frantsesak bereizten ditu, kultura desberdinak izanki eta, mundua ikusteko eta sentitzeko manera desberdinak baitira.

Espainiaren eragina Hegoaldean handia izan bada ere, lau Herrialdeek beti izan dute beren nortasunaren kontzientzia. Iparraldean, aldiz, Iraultzak desegin zuen Iparraldekoen memoria historikoa.

Euskal Herri osoa Europako ikurrinaren izar bat izatea, ez dakit amets ero bat denentz, baina hori da, eta izanen da ene betiko ametsa. Agian, amets bat baino gehiago bihurtuko da noizbait.

* Ugutz Robles-Arangiz istorio eta ipuin kontalaria da.


Azkenak
2024-12-31 | Julene Flamarique
24 urteko espetxe-zigorra bete ostean libre da Guillermo Merino durangarra

Merino 2001. urtean atxilotu zuten, eta dispertsioa jasan du, zigorraren zati handi bat Euskal Herritik kanpoko kartzelatan igaro baitzuen baldintza “zailetan”. Orain, askatasuna berreskuratu du.


2024-12-31 | Leire Ibar
Prezioek gora egingo dute urte berriarekin batera

Urte berriaren hasierarekin, hainbat zerbitzu eta produkturen prezioetan igoerak izango dira. Elikagaietan, energia fakturetan, udal-zergetan eta etxebizitza gastuetan garestitze nabariak atzemango dira.


2024-12-31 | ARGIA
Apirilaren 11n egingo da Aberri Egun bateratua, Euskal Herria Baterak deituta

Euskal Herria nazio dela aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute Donostiako Kursaalean. Astebeteko ekitaldi sorta izango da.


2024-12-31 | ARGIA
Gontzal Fontaneda euskaltzale gasteiztarra hil da

Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]


Eraikiz kolektiboa: “Gizonok matxismoaren aurrean ardurak hartzeko unea iritsi da”

Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.


2024-12-31 | ARGIA
Zarautzen terapia kontsulta duen gizon bat atxilotu dute, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita

Getariako etxebizitza batean egin dio eraso, Segurtasun Sailaren arabera. Emakumea astero joaten zen terapia naturaleko kontsultara, eta Ertzaintza ikertzen ari da ea antzeko ekintzen biktima gehiago dauden.


2024-12-31 | Leire Ibar
Kataluniako emakume kazetarien erdiak baino gehiagok jasaten du sexuagatiko diskriminazioa

Media.cat-ek egindako azken ikerketak agerian utzi du emakume kazetariek Katalunian jasaten duten sexu-diskriminazioa. Inkestatutako emakumeen %54,4k sexu-jazarpena jasan dutela eta %55,1ek sexu-generoaren araberako jazarpena izan dutela adierazi dute.


2024-12-31 | Julene Flamarique
Akusazioak hemezortzi urteko espetxe-zigorra eskatu du Mario Lopez Gernikako entrenatzaile ohiarentzat

Sexu erasoak 1998an hasi ziren, biktimak 13 urte zituenean. 2003an kluba utzi bazuen ere, emakumeak iaz salatu zituen sexu erasoak, Mario Lopezek taldeko entrenatzaile gisa jarraitzen zuela. Orain 18 urteko espetxe-zigorra eskatzen du akusazioak, fiskaltzak baino lau urte... [+]


Israelgo espetxerik ankerrenean atxiloturik dago Gazako azken ospitaleko zuzendaria

Hussam Abu Safiya medikua askatzeko eskatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta bere aldeko kanpaina ere abiatu dute sareetan. Abu Safiya medikua ez da edonor; nazioartean erreferente bihurtu da, berak zuzentzen zuen ospitalearen aurka egindako erasoak kontatzen zituelako.


2024-12-31 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Obrak eta obrak, marra horia lausotzeko

Garai aproposa izaten da urteburua iraganeko lorpenak goraipatzeko eta, are gehiago, etorkizuneko asmo-usteak aldarrikatzeko. Eta halatsu da Txinan ere, alafede. Bide batez, ez da harrigarria abenduko azken orduetan, aurreikusitako planari aurrea hartuz, Xinjiangeko Urumqi-Yuli... [+]


Petardo eta bengalak, albo-kalteak dituen tradizioa

Urtezahar gauean petardo, bengala, traka, suziri eta bestelako gailu piroteknikoekin jolasean arituko dira asko eta asko aurten ere, horietako ez gutxi adin txikikoak. Eta errepikatuko dira istripuak, suhiltzaileen esku-hartzeak, eta burrunba gordin sufritzen duten ume, adineko... [+]


2024-12-31 | Usurbilgo Noaua
Beste sute bat izan zen erraustegian

Suhiltzaileek beste sute bat itzali behar izan zuten abenduaren 27an Zubietako erraustegian.


2024-12-31 | Josu Iraeta
Borroka luzearen ametsak, egiazko nahi ditut

Badira, garun distiratsua izanik, "zehaztasun gutxiko" definizioekin, gauza bera, beste era batera esanda, aldatzen eta itxuraldatzen adituak direnak. Berea zen, eta hainbat hamarkadatan errepikatu den proiektu in eternum bat izan da. Hasiera batean hori zen hegemoniko... [+]


2024-12-31 | Sustatu
Max streaming plataforman ere euskarazko edukiak agertzen hasi dira

Nazioarteko ordainpeko streaming plataformetan, Amazon Prime Video eta Netflix izan ziren lehenak euskarazko edukiak eskaintzen, eta orain Max gehitu zaie (2024 arte HBO edo HBO Max izan dena). Pantailak Euskaraz-ek azpidatziak moldatu ditu, eta EITBk bikoizketak eskaini, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude