Zaborren kudeaketa: Denon arazo. Noren erabakia?


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Tona erdi zabor sortzen du biztanle bakoitzak bataz beste urtean. Hori dena txukun gestionatzea arazo larria bada, Gipuzkoan gainera, orain arte erabilitako zabortegiak gainezka egiteko zorian daude. Horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mankomunitateek egindako planak proposatzen du hiri hondakinen %40 birziklatu eta beste %60 erretzea. Errauste-plantaren kontrako Arnasa plataformak, berriz, birziklapen eta berrerabilpenaren aldeko apustu ausartagoa proposatzen du. Pedro Crespok, Zientzia Kimikoetan doktore eta Arnasako kideak azaltzen duenez: «Zabortegiak ezin ditugu orain arte bezala erabili. Baina konpostatu eta birziklatu egiten badugu, zabortegiak erabiltzen jarrai dezakegu. Zabortegiak hobeto erabiltzea da kontua».

2002-2016 Plana

Aurreko legegintzaldian adostu zen «Gipuzkoako Hiri Hondakinak kudeatzeko 2002-2016 Plan Orokorra». Bertan 2016. urterako hiri hondakinak honela kudeatzea espero da: birziklapen tasa %36ra igo (egun %20ren inguruan dago); eta hiri hondakinen %4 konpostatu. Gipuzkoako Garapen Iraunkorreko diputatu den Luis Maria Oiarbideren hitzetan, «Planaren helburua, Europako tasetara iristea da. Orokorrean, hiri hondakinen %40-%50 birziklatzen baita Europan».

Hiri hondakinen %40 birziklatuz gero, gainerako %60rekin zer egin da kontua. Planak zazpi aukera aztertzen ditu, bi motatan sailkatu daitezkeenak: errausketaren alde egiten dutenak, eta tratamendu mekaniko-biologikoa aukeratzen dutenak. Oiarbidek azaltzen duenez, «Errauste-plantaren alde egin da, sistema mekaniko-biologikoak ez duelako gutxitzen zabor netoa. Zaborra bizigabetzen du, zabortegia ez dadin kutsatzailea izan, orain den bezala. Baina zabortegia behar du sistema horrek ere. Ondorioz, orain gainezka egiteko zorian dauden zabortegiak etengabe betetzen jarraituko genuke. Aldiz, errauste-plantak askoz zabortegi txikiagoa behar du». Errauste-planta irtenbide perfektua ez delako, Oiarbidek argitzen du: «Errauste-planta ez da behin betiko irtenbidea, hurrengo 15-20 urteetarako baizik. Errauste-planta baten bizitza bera ere 20 urtekoa da. Teknika eta teknologia berri gehiago bilatzen jarraitzeko konpromisoa dugu. Plan honen epea bukatzean teknologia egokiagoak badaude »ekologikoagoak, jasangarriagoak, ahal bada merkeagoak» horien bila joko dugu».

Ez da proiektu berria

Errauste-planta Urnietan egin zitekeela zabaldu zenean, herritarrak larritu eta Arnasa plataforma sortu zuten. Bertako kide Pello Lozanok salatzen duenez: «Duela hamar urte proposatu zuten errauste-planta jartzea. Baina orduan sekulako erantzuna eman zuen gizarteak eta atzera egin zuten. Gainera orduko pertsona berak dira orain ere errauste-plantaren defendatzailerik sutsuenak, nahiz eta orain kargu desberdinetan dauden: Xabier Garmendia, Roman Sudupe... Garai hartan oraingo gauza berak esaten zituzten: ‘Hau da Alemanian pil-pilean dagoen sistema, ez du kalterik sortzen...’ Baina hamar urte pasatuta, ondorioak orain ikusten dira. Duela sei urte ere saiatu ziren errauste-planta jartzen. Eta orain berriro. Egiteko aukera noiz izango zain daude. Errausketa prozesu bezala atzeratuta geratu da. Alemanian, Estatu Batuetan eta beste leku batzuetan albora uzten ari dira, konturatu direlako nahiko kutsakorra dela, beste modu jasangarriagoak badirela, esaterako konposta egitea »hondakin organikoak deskonposatuz lurra ongarritzeko humusaren antzeko produktua lortzea», biometanizazioa, bilketa ona...»

Zer hondakin sortuko ditu errauste-plantak?

Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera, errauste-plantan zaborra erre ondoren, bolumenaren %90 ke bihurtzen da. Gelditzen den %10 hondakin hori, pisuz labera sartutako zaborraren %50 da, kontzentratuta dagoena. Horietatik %7 eskoria edo zepak dira, eta Oiarbideren hitzetan, berrerabilgarriak: «Behin kutsagarri ez izateko berme gisa denbora bat pasatuta, erabili daitezke errepideak eta hormigoia egiteko».

Pedro Crespok, ordea, berrerabilpen hau arriskutsua dela ohartarazten du: «Zepak toxikoak dira. Alemanian ez dira ausartzen erabiltzera, oso arriskutsua delako. Han meatzeetan lurperatzen dituzte. Zientzialariek diote, zepa horiekin egindako errepide eta etxeak desegitean, berriro askatuko dituztela euren substantzia kutsagarri eta toxikoak».

Hondakinen artean gainerako %3 hori da arazo gehien sortzen dituena. Gasa filtratzerakoan bereizten en errautsa da. Bi teknika daude hain kutsakorra den errauts hori neutralizatzeko. Bata da hondakin arriskutsu horiek ez arriskutsu bihurtzea, nitrifikazioaren bidez. Baina Oiarbideren hitzetan, «ikaragarri garestia da. Teknologia hori merkatzen eta ordaintzeko modukoa egiten den arte, ziurtasun handiko biltegietara botako ditugu. Bizkaian lindanarekin egiten den bezala».
Dioxinak, substantzia toxikoak

Hau da errauste-plantaren kontra jartzeko gizarteak duen beldurrik handiena. Izan ere, zaborra erretzean oso arriskutsuak diren substantziak sortzen dira: azido kloridriko, fluoridriko, azido nitriko, nitrogeno oxidoa, eta substantzia organiko oso oso toxikoak: dioxinak. Migel Anjel Muñagorri Txingudiko Mankomunitateko gerentearen hitzetan, «zabor poltsan ere dioxinak daude, eta ikerketek diote errauste-planta modernoek dioxinak sortu baino gehiago suntsitu egiten dituztela. Izan ere, errauste-plantak errautsetan kontzentratzen ditu dioxinak, eta hondakinen %1 bakarrik dira. Errauste-plantak ez du ingurumen arazorik sortzen, ingurumen arazo bati aurre egin baizik. Ingurumen arazoa sortzen da egunero zabor poltsa botatzen dugunean». Arnasa taldeko Mikel Izagirre ez dator bat: «Errauste-plantan sortzen den errauts hori askoz arriskutsuagoa da, errauste-plantara botatzen den zaborra baino. Kontrol handiko zabortegia behar da errautsak botatzeko, eta egun ez dago horrelakorik Gipuzkoan». Oiarbidek, berriz, ukatu egiten du errauste-plantak dioxinarik sortuko duenik ere: «Dioxinak, berez, ez lirateke emititu ere egin behar. Zeren galdaran zaborra 700-800 gradutara errez gero, erabat desegiten dira. Filtro beharrik ere ez dute. Dioxinak, beraz, behar bezala ez erretzearen ondorio dira. Egungo errauste-planta denak diseinatuta daude gutxienez berotasun horretara iristeko». Pedro Crespok gezurtatu egiten du datu hau: «Ez dago frogatuta 800 gradutara dioxinak desegin egiten direnik. Izatez, ikerketa hauek egin eta argitaratu zituen pertsona beste ikerle batzuek epaiketetara eraman zuten, datuak manipulatzeagatik. Gainera zientifikoki frogatuta dago tenperatura jaistean dioxinak berriro sortzen direla. Dioxinak berriro ez sortzeko modu bakarra litzateke, berehala hoztea. Alegia, 800-1.000 gradutatik, -200 gradutara pasatzea, bi segundo baino gutxiagotan. Baina horrela egingo balitz, ez legoke aprobetxamendu termikorik, ez litzateke energiarik sortuko.»

Zer kontrol sistema behar da?

Bi aldeak bat datoz honetan. Zenbat eta kontrol estuagoa jarri, hobe. Prozesuan parte hartzeko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzako ingurumen kalitateko zuzendaritzari eta osasun publikoko zuzendaritzari. Oiarbidek dioenez, «prest gaude gizarteari bermea emateko, gizartea ziur sentitu dadin». Errauste-plantek bete beharreko araudiarekin ere oso fio da, errauste-plantei jartzen zaien araudia askoz estuagoa omen baita, beste edozein lantegiri jartzen zaiona baino.

Garapen Iraunkorreko diputatuak Tarragonako eta Vienako errauste-plantetan erabiltzen duten kontrol sistema du eredu. Haietan, panel bat daukate instalakuntzen atarian, eta uneoro erakusten du tximiniatik irteten ari dena. Panelaren ondoan daude jarrita araudiak eskatzen dituen kopuruak, alderatzeko. Oiarbidek aurreratzen duenez, «gure asmoa da panel horiek jartzea, eta ez errauste-plantaren atarian bakarrik, baizik, inguruko herri guztietan eta baita Internetez ere. Herritarrak lasaitzeko modurik onena, datu denak eskuragarri izatea da».

Emisio mota bakarra dago, ordea, aldi berean kontrolatu ezin dena, frogak laborategian aztertu behar direlako. Dioxinak, alegia. Egungo araudiak eskatzen du lehen bi urteetan urtean gutxienez lau kontrol egin behar direla. Mikel Izagirrek salatzen duenez, «bada modu bat egunean hiru neurketa egiteko aukera ere ematen duena. Baina garestia delako ez dute egingo». Oiarbidek azaltzen duenez, «uneoro dioxina kopurua zehaztu ezin badugu ere, bada erlazio bat beste emisio mota batzuen eta dioxinen artean. Beraz, emisio horien kopuruak gora egiten badu, pentsa liteke dioxina kopuru altuagoa egongo dela».

Alternatibak: Birziklatu ala erre?

Denak bat datoz birziklatzea eta berrerabiltzea dela zaborrari eman dakiokeen irtenbiderik ekologikoena. Bateragarri al dira birziklatzea eta erraustea? Oiarbideren hitzetan bai, zalantzarik gabe. Gainera ziurtatzen du errauste-planta propio diseinatuko dela neurri mugatuarekin, sekula ezin izan dadin hiri hondakinen %60 baino gehiago erre. Justu planaren helburu den kopurua, alegia. Horrela saihestu nahi dute birziklapenean ahalegin gutxiago egiteko tentazioa.

Arnasa taldeko Jaxinto Albizuk, berriz, errauste-planta ez du birziklapenarekin bateragarri jotzen, «birziklapena %50era iristen bada, errausketak ez baitauka etekin ekonomikorik». Oiarbideren hitzetan, ordea, «errauste-plantaren helburua ez da errentagarritasuna».

Pedro Crespo Arnasako taldekideak azaltzen duenez: «Sortzen diren hondakinak sailkatuta, ikus dezakegu zeintzuk joan behar duten errauste-plantara, eta zeintzuk kudeatu daitezkeen beste era batera. Esaterako, hondakin organikoekin, alegia, usteltzen direnekin, konposta egin daiteke. Ez dute zertan errauste-plantara joan. Papera eta kartoia birziklatu daiteke. Kristala berrerabili daiteke. Eta plastikoak birziklatu daitezke. Orain San Markos Mankomunitatean urtean sortzen diren 140.000 tonatatik, birziklatu daitekeen zaborra bereiztuz gero, 2.933 tona zabor geratuko zaizkigu. Eta orduan, ez litzateke errauste-plantarik beharko, ez litzateke bideragarri».

Zaborraren ehuneko zenbat birziklatzera iristen garen da gakoa, beraz. Eta horretarako, beharrezkoa izango da hondakin organikoa edo usteltzen dena berrerabiltzea, hori delako hiri hondakin gehiena.

Hiri Hondakinak kudeatzeko Plan Orokorrak aurreikusten du hondakin organikoekin konposta egitea. Baina saltoki handietakoak bakarrik kudeatuko ditu »jatetxe, jaki enpresa...», errazagoa delako hor berehalako emaitzak antzematen. Aurten bertan jarriko da martxan hondakin organikoak biltzeko plan hori, ziurrenik, uda baino lehen. Oiarbidek honela azaltzen du etxeetako hondakin organikoak ez biltzeko erabakia: «Konplexua da egungo etxeetako sukalde txikietan beste edukiontzi bat jartzea. Herritarrek birziklatzeko jada lau poltsa bereizten dituzte. Beste poltsa bat gehiago jartzeko eskatzen badiegu, ziurrenik gizartea kexatu egingo da. Bartzelonan, esaterako, ez dute oso emaitza onik jasotzen».

Herritarren partehartzea

Herritarren bizimoduan hainbeste eragiten duen proiektua nola eta nork erabakitzen duen da eztabaidan dagoen beste puntu bat. Oiarbidek ziurtatzen duenez, orain arteko erabakiak hartzeko maila ezberdinetako partehartzea egon da: Mankomunitate, Foru Aldundi, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun Publiko Sailak, alderdi politiko »parlamentarioen bidez» eta abarrek hartu dute parte. Herritarrek parte hartzeko, berriz, Europako Batasunak homologatuta dituen sistemak erabiltzen ari dira: EASW tailerrak. Errauste-plantak jartzeko aukeratuak izan daitezkeen herrietako eragile sozial eta politikoak aritu dira tailer hauetan. Era guztietako 60 kolektibok hartu dute parte, emakume taldeetatik ekologistetara.

Arnasa taldeko kideak ez daude ados honekin. Jaxinto Albizuk salatzen duenez: «Informazioa ezkutatu egiten da. Jendeak ez daki errauste-planta bat zer den. Instituzioak inork nahi ez duen proiektu bat inposatzen saiatzen ari dira. San Markoseko Mankomunitatera hiru aldiz jo dugu, eta ez digute inongo informaziorik eman. Jaso dezakegun gauza bakarra, jada atzera bota den kokapen plana da. Orain zertarako behar dugu hori? Ez dugu Foru Aldundiarekin bilerarik ere lortu. Guk hasieratik esan genien prest gaudela laguntzeko, badakigula zaborra arazo bat dela denontzako, baita politikarientzat ere, eta guk talde tekniko oso ona dugula».
Pello Lozanok gaineratzen du: «Txingudiko herritarrei ere ez diete aukeratzeko eskubiderik eman, ez informaziorik, ez munduan dauden beste aukeren berri ere».
Muñagorrik kontrakoa dio: «Txingudiko prozesua hasieratik izan da oso garbia eta publikoa. Plangintza 2001eko maiatzaren 28tik dago ikusgai Interneten. Ugari izan dira auzo elkarteetan egindako bilerak, alderdi politikoekin egindakoak, baita herritar bakanei emandako azalpenak ere. Proiektua mamitzen joan den neurrian, informazio zehatza eman da, eta aurkezpen publikoak egin ditugu».

Non egingo dira errauste-plantak?

Txingudiko errauste-planta Gaintxurizketako igoeran egitea dago aurreikusia, N1 errepidearen ondoan. Muñagorrik arrazoitzen duenez, «orain arte hemen egon den kontrolik gabeko zabortegiaren leku berean egingo dugu. Ingurumen aldetik, erabat galduta dagoen lursail handi bat berreskuratuko dugu, beraz».

San Markos Mankomunitateko errauste-planta non egin erabakitzeko hiru ikerketa daude martxan: lurralde eta hirigintza ikuspegia aztertuko du batek, alegia, herri barne edo kanpoan behar duen, zabor gehien sortzen den guneetatik gertu edo urrun, garraiobideetatik gertu egongo den... Ingurumen alderdia aztertuko du besteak; alegia, babestu beharreko inguruneak zein diren, zer lur mota komeni den, egunen batean istripurik gertatzen bada ibairik ez harrapatzeko non jarri... Azkenik, aldagai teknikoak eta gestioa ere aztertuko da, bideragarritasuna neurtzeko. Oiarbideren hitzetan: «Sistema hauek garestiak dira, eta saiatu behar dugu herritarrei ahalik eta merkeen atera dakien».

Oraingoz, onartuta dago ez direla herri barruan egingo. Oiarbidek dioenez: «Herri barruan egiteak teknikoki ez dakar zailtasunik. Europako errauste-plantarik gehienak herri barruan daude, baita erdigunean ere (Vienan edo Parisen). Baina jakinik gure gizartearentzat kontu hau berria dela, saiatuko gara herrietatik kanpo eraikitzen. Herritarrak lasaiago geratu daitezen, gizartean izurik ez sortzeko».

Pello Lozanok gogorarazten duenez: «San Markos Mankomunitateak errauste-planta egiteko lehen kokapen ikerketa bat aurkeztu zuen. IDOM enpresa ospetsuak egin zuen, eta oso gaizki, gainera. Datuak guztiz manipulatuak zeuden, irizpide ekonomikoak bakarrik hartzen ziren kontuan, ez ingurumen, ez osasunari dagozkienak».

Gizartearen ardura da sortzen duen zikinkeria kudeatzea, eta erabakitzeko eskubidea ere berak behar luke. Eredu bat edo bestea aukeratu, lehenbailehen erabaki beharko da, zabortegiak beteko diren 2006 gainean baitago.

Errausketa Euskal Herrian
Gipuzkoan jarri nahi dituzten errauste-plantak azken belaunaldikoak dira, eta Euskal Herrian ez dago horrelakorik. Bizkaiko Zabalgarbi, esaterako, ziklo konbinatukoa da. Dauden beste errausteko leku asko kontrolik gabekoak dira, araudia hausten dutenak. Ez dute filtrorik ez babes neurririk. Esaterako, orain gutxi arte Arrasaten zegoena, edo oraindik Bermeon martxan dena.

Errauste-plantak osasunean dituen ondorioak
Egin dituzten azterketen arabera, errauste-plantak osasunean ez duela inolako eragin kaltegarririk baieztatzen dute Mankomunitate eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek.

Errauste-plantaren kontrako Arnasa plataformak, aldiz, mundu osoko medikuen ikerlanetatik, besteak beste datu hauek bildu ditu:

Umeek leuzemia edo minbizia garatzeko arriskua bikoiztu egiten da errauste-plantatik 7,5 kilometroko arean.
Knox, E. Erresuma Batua, 2000ko ekaina.

Cumbriako (Erresuma Batua) errauste-planta inguruko herrialdea aztertuta, ikusten da fetuaren mutazio eta malformazioa %17 hazten dela bizkarrezur bifidoen kasuan, eta %12 gehiago bihotzari lotutako arazoetan.
Parker, P. New Castle Unibertsitatea, E. Erresuma Batua. 2003ko iraila.

Linfoma No-Hodgkin minbizia garatzeko arriskua 2,3 aldiz handiagoa da errauste-plantatik 10 kilometroko inguruan.
Beçancon Unibertsitatea, Frantzia. 2003ko uztaila.

Ehun bigunetan minbizia garatzeko arriskua 31,4 aldiz handiagoa da errauste-plantatik 2 kilometroko arean.
Mantuako Institutu Medikua, Italia. 2003ko iraila.

Gibeleko minbizia garatzeko arriskua %37 handiagoa da errauste-plantatik kilometro bateko inguruan.
Imperial College of Medicine, Londres. 2000ko martxoa.

Belgikako Flemish Institute for Technologic Research-ek 2001eko maiatzean argitaratutako ikerlanaren arabera, dioxina gehienak janariarekin batera sartzen dira gorputzean, batez ere esnea, haragia eta barazkiak janda.
Horregatik, inguruko baserritarren produkzioan izango dituen ondorioekin kezkaturik agertu dira Arnasa plataformakoak.

Gainera, bizitza kalitatean eragiten duten beste gai batzuk ere kontuan hartu behar direla gogorarazi dute: egunero 150 kamioi ibiliko dira joan-etorrian, kutsadura sortuko du, zarata, jarioak eta istripu arriskuak.

«Ea ez zaigun guri erortzen»
Hori da herritarrek eta udaletxeek duten lehen erreakzioa. Jarrera hau gaitzesten dute Foru Aldundiak, eta baita Arnasa plataformak ere. Arnasako kideen hitzetan, «ez dugu errauste-plantarik nahi, ez Urnietan eta ezta inon ere. Errauste-plantaren kalteek inguruko beste herrietan ere eragina dute. Bere herrian tokatu ez delako ziur sentitzen dena, oker dago». Oiarbideren hitzetan: «Errauste-plantaren kokalekua erabakitzeko irizpideak onartu dituen herriak emaitza ere onartu behar du. Ez luke zentzurik, konponbidearekin ados egon, baina horrek dakarren karga ez beregain hartzeak».

Udaletxeak zeresan handia du erabakian. Horregatik eginarazi zuen Arnasak osoko bilkura bat Urnietan, eta PP ez beste alderdi denak errauste-plantaren aurka agertu ziren.

Zer puntutan daude prozesuak?
Txingudiko plana dago aurreratuena. 2000ko martxoan hasi zen proiektua, eta iazko abenduan Eusko Jaurlaritzan aurkeztu zuten. Asteburu honetan egingo da jendaurreko aurkezpena, eta Muñagorriren hitzetan, «herritar denek egin ahal izango dituzte alegazioak edo ekarpenak». Ondoren, ingurumen inpaktuaren azterketa egin eta ontzat hartzen bada, eraikuntza lanak hasiko dituzte, euren kalkuluen arabera, 10 hilabete barru.

San Markos Mankomunitateko errauste-planta non egin uztailerako erabakiko da. Orain kokapen posibleak zehazteko azterketa egiten ari dira. Herri zehatz batzuk aukeratzean, herri horietako ordezkari politiko eta taldeak deituko omen dituzte.

Errauste-plantaren balantzeak
52 milioi eurokoa da Txingudiko errauste-planta egiteko aurrekontua. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako Hiri Hondakinen plana martxan jartzea (errauste-planta barne) 200 milioi euro inguru kostako da. Eta urteroko funtzionamenduari eustea, berriz, tonako 60 euro. Arnasako kideen hitzetan, hainbeste milioiko aurrekontua da proiektua egiteko arrazoietako bat: «Proiektu honen atzean ez da interesik falta» diote.
Oiarbidek, berriz, ukatu egiten du negoziorako susmorik txikiena: «Lortutako energia salduz gero, irabazitako dirua herritarren zabor kudeaketa merkeago irten dadin erabiliko dugu bakarrik».
Arnasako kideek diote merkeagoa ere badela birziklapen proiektua, «Hiri hondakinak erre beharrean berrerabiliko bagenitu, ia lau aldiz aurreztuko baikenuke bere balio energetikoa».

Arnasa plataforma
Iazko azaroaren 1ean egin zen lehen bilera herrikoia Urnietan, errauste-plantaren gaiarekin kezkatuta. Joera guztietako 350 bizilagun elkartu ziren, eta bilera horretan erabaki zuten jende prestatuarekin errauste-plantaren aurkako plataforma osatzea. Egun, Arnasa plataforma 30 adituk (abokatu, geografo, sendagile, arkitekto, kimikari, biologo, ingeniarik...) osatzen dute. Legalki ere sortu dute taldea bere estatutu eta guzti.
Bost taldetan daude antolatuta: talde juridikoa arduratzen da judizialki eman daitezkeen pausoak aztertzeaz, eta legearen arabera nola antolatu behar duten ikusteaz. Bigarren taldea kanpo harremanez arduratzen da, beste herrietako jendea lotzeko, hitzaldiak emateko. Antolakuntza taldea arduratzen da deialdiak egiteaz, azpiegitura lortzeaz, eta ekintza zehatzak antolatzeaz. Laugarren taldea tekniko-sanitarioena da. Hauek aztertzen dute teknikoki nola funtzionatzen duen errauste-plantak, zer alternatiba dauden eta osasun eta ingurumenean zer ondorio sortzen dituen. Bosgarrena, finantza-taldea da. Funtzionatzeko behar duten dirua lortzeaz eta gastuak kontrolatzeaz arduratzen da.

Urnietarako plan alternatiboa
Arnasa plataformak, bere aldetik, Urnietako zaborrak kudeatzeko plana egin du. Jaxinto Albizuk azaltzen duenez, «gerora beste herrietara zabaltzeko froga pilotu moduko bat izango da. Erakutsi nahi dugu zaborra beste era batera kudeatu daitekeela.» Pello Lozanok zehazten duenez: «Bosgarren edukiontzi bat jarriko dugu materia organikoa, usteltzen dena, biltzeko. Horrekin konposta egin daiteke. Euskal Herrian horrelako esperientziak nonahi daude: Iruñean, Iurramendi Mankomunitatean, zaborraren %75 konpostatu edo birziklatu egiten da. Gipuzkoan, %20 ingurura besterik ez gara iritsi.» Arnasa plataformaren helburua zaborraren %40-50 birziklatzera iristea da, sistema horren bideragarritasuna frogatzeko.

Errauste-plantaren kontra
Urnietan dago ondoen antolatua errauste-plantaren kontrako mugimendua. Baina pixkanaka hasi dira antolatzen Txingudin, Hernanin, Lasarten, eta Zubieta-Usurbilen. Goiko argazkian, Urnietan egindako manifestaldia. Eskuinean, Pedro Crespo errauste-plantaren kontrako hitzaldian. Ondoan, «Txingudi Bizirik» plataforma.


Azkenak
2024-07-09 | Gedar
Uztailaren 20an mobilizatzera deitu dute Iturmendin, sare sozialetako mezuengatik auzipetutako bizilagunarekin elkartasunez

Otsailean atxilotu zuten Iturmendiko pertsona bat, eta bi urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatzen dute bere kontra, sare sozialetako zenbait mezu direla-eta. Uztailaren 16an epaituko du Espainiako Auzitegi Nazionalak.


2024-07-09 | Euskal Irratiak
Peio Dufau, Fronte Herritar Berria
“Orain badakigu gutaz anitz espero dela, badugu lan anitz egiteko”

Frente Herritarrak irabazi ditu hauteskunde legegileak Pirinio Atlantikoetako seigarren hautesbarrutian, Peio Dufau izanen delarik diputatu heldu diren urteetan. Bozen %36,28 bildurik, 27 117 bozekin, historiako lehen diputatu ezkertiar abertzalea izanen da. Haren gibeletik,... [+]


2024-07-09 | UEU
Katixa Dolhare Zaldunbide
“Literatura hezkuntzaren zimendua da”

Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara jardunaldia antolatu dute elkarlanean Seaskak eta UEUk Baionan, Udako Ikastaroen barruan, eta bertan parte hartuko du Katixa Dolhare Zaldunbidek. Ezpeletan sortu zen 1982an, Lapurdin, eta familiarekin Nafarroa Beherean... [+]


2024-07-09 | Sustatu
PDF eta ePubak euskaraz entzun mugikorrean audioliburuen gisa

Alex Gabilondo software librearen zaletuaren gida batetik probatu dugu, eta ibili dabil: PDF eta ePubak euskaraz entzun mugikorrean (edo Android gailuetan zehatzago) audioliburuen gisa. Software libreko doako tresnekin, gainera.


Tsunami auzia artxibatu du García-Castellón epaileak, desobedientzia zibila terrorismo bilakatzen saiatu ondoren

Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak astelehen arratsean esan du baliogabetu egin behar direla Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, "ilegalki" luzatu zelako. Erabaki hori behin betiko bihurtzean Puigdemont eta Rovira kasutik aterako... [+]


Krabelin gorriz jantzi dute German Rodriguezen hilarria

German Rodriguez eta Joseba Barandiaran omendu, eta langile mugimenduaren alde egindako lana txalotu dute Iruñean. Palestinari ere elkartasuna adierazi diote, sanferminetan urteroko zitan Iruñean.


2024-07-08 | Pauline Guelle
Analisia
Hesi istorio

Nork aurreikusten ahal zuen 2024an Peio Dufau –Marie Heguy-Urain duelarik ordezko–  EH Baiko hautagaia, diputatu izanen zela? Eskuin muturraren kontrako kanpainak eta estrategiak funtzionatu du. Ipar Euskal Herriak ez du faxistarik bidaliko Frantziako Asanblea... [+]


Gorbeialdeko makroproiektu energetikoen aurkako milaka helegite aurkeztu dituzte Jaurlaritzan

Zigoitian 100 hektareako parke fotovoltaikoa eraiki nahi du Solariak, eta eskualdea gurutzatuko luke oso goi tentsioko linea batek ere. Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuiako bizilagunek herritarren 5.540 helegite aurkeztu dituzte ingurua “mehatxatzen duten proiektuak gelditzeko... [+]


Emakume bati sexu erasoa egiteagatik, gizon bat atxilotu dute larunbatean Tuteran

Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du larunbat honetan Tuteran, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita. Emakumeak Poliziari deitu zion laguntza eske gizona jarraika zuelako.


Hamalau egun atxikita egon den saharar ekintzaile politikoa libre utzi dute

Ostiral arratsaldean deportatu behar zuten, baina hegaldiaren komandanteak ez zuen sahararraren bidaia ahalbidetu, hegaldia segurua ez zela izango argudiatu zuelako, EFEk jaso duenez. Bilboko Guardia Epaitegiak larunbat goizaldean gaztearen “askatasun-gabezia... [+]


Donibane Lohizuneko arrantzale bat hil da Espainian, Kantabrian

Itsasoan gertatutako istripu baten ondorioz hil da arrantzalea. Hunekin Aski itsasontzian lanean ari zelarik erreskatatu zuten gizona, larunbat arratsaldean. Erietxean hil zen.


Iñaki Echaniz, laugarren barrutiko irabazlea
“Itxaropen haizea dakar Fronte Herritar Berriaren dinamikak”

Iñaki Echanizek irabazi du Zuberoa, Nafarroa Beherea, Hazparne eta Biarnoko zati bat barnebiltzen dituen laugarren hautesbarrutian. 2022an bezala, garaile atera da, ezkerreko Fronte Herritar Berriaren izenean.


Eguneraketa berriak daude