Azkenaldian "copyright", "copyleft", "P2P", edo "egile eskubideak" bezalako hitzak aski ezagunak egin zaizkigu. Idazle, kazetari eta kritikoek lerro asko idatzi dituzte jabetza intelektualaren inguruan. Atxiloketak eta epaiketak ere izan dira (Espainian iaz 8.000 polizia operazio egin ziren) eta diskoetxe eta zinema produktoreen izua nabaria da, oso agerian dagoen krisi baten aurrean. Edozein motako informazioa kopiatzen da, baina batik bat musika, film eta software informatikoak eragin du eztabaida gehien. Datu eta estatistika ugari igorri dira gai honen inguruan, beldurgarri eta apokaliptikoak batzuk eta kritikoak eta baikorragoak besteak.
Europako hainbat diputatuk sinatutako agiri batean esaten denez, Europan pirateriak 17.000 lanpostu suntsitzen ditu urtero. Beste iturri batzuen arabera, EAEn iaz Internetetik 12 milioi abesti edo film ilegal jaitsi ziren.
Hollywoodek bere aldetik, P2P programen bidez trukatutako filmek urte batean 3.000 milioi dolarreko galera eragin dutela uste du.
SGAEren arabera, musikaren pirateriaren bolumena dendetan saldutako diskoen kopuruaren parekoa da.
Informa Media Erresuma Batuko aholkularitzak eginiko ikerketa baten emaitzen arabera, 2008. urtean pirateriak diskoetxeei 4.700 milioi eurotako galerak ekarriko dizkie eta
Ya.com-ek duela gutxi eginiko inkestan parte hartu zutenetatik %53,19 modu legalean artxiboak jaisteko prest agertu ziren, baldin eta horrek produktuaren kalitatea bermatzen bazuen, eta inkesta berean, hamarretik bederatzi CD eta DVDei jarri zaien kanonaren alde agertu ziren.
Baina zergatik hainbeste iskanbila? Zer dira egile eskubideak? Zertarako daude? Internetek al du guztiaren errua? P2P programek agian? Eta are eta garrantzitsuagoa dena, kontsumitzaileongan zer eragin du honek guztiak? Zer nolako etorkizunera garamatza? Galdera gehiegi dira eta irakurleari bere iritzia osatzeko testuingurua eman beharrean gaude. Hala, hori guztia azaltzeko, legea bera ulertzetik hasi beharko ginateke.
Egile eskubideen nondik norakoak
Egile eskubideak sorkuntza artistikoak babesteko eta autoreei beren lanagatik diru ordain bat emateko sortu ziren, duela bost edo sei mende. Antzina ez zegoen sortzailerik, Altamira edo
Lascaux kobetako marrazkiak esaterako, kolektibo baten lanaren emaitza bezala ulertzen ditugu, ez autore jakin baten sorkuntza gisa. XV. mendean ordea, Gutenberg-en inprentak iraultza ekarri zuen bizitzaren arlo askotara, besteak beste, legearen esparrura. Gauzak horrela, liburuen idazleek nolabaiteko etekina atera nahi zuten egindako lanagatik, ikusten baitzuten bestela beste batzuek egingo zutela beren kontura, liburuak inprimatzeaz eta zabaltzeaz arduratzen zirenek, alegia. Hala, obraren egiletasuna aitortzea garrantzitsua bihurtu zen eta pixkanaka-pixkanaka bi kultura nagusi sortu ziren: Bata "copyright"aren kultura eta bestea egile eskubideena. Lehena
common law deritzona aplikatzen duten herrialdeetan ematen da, Erresuma Batuan, AEBetan, Australian eta oro har Commonwealth (www.thecommonwealth.org/) osatzen duten herrialdeetan. Bigarrena berriz,
civil law deritzona erabiltzen duten lurraldeetan dago sustraiturik, Europa kontinentaleko herrialdeetan, Latinoamerikan eta Afrika frankofonoa osatzen duten guneetan. Aipatu bi kulturen artean badira lege aldetik oso nabariak diren desberdintasunak, baina funtsean biek egileak babesten dituzte, nahiz eta egiletasun hori aitortzerako orduan desberdintasunak dauden bien artean.
Eskubide horiek historikoki garai berrietara moldatzen joan dira, hasierako mamia mantenduz. Gaur egun ordea, teknologia etengabe aurrera doan urte hauetan, legea garai berrietara moldatu beharra inoiz baino beharrezkoagoa bihurtu da. Zergatik? Gutenberg-en inprentak kopiatzeko gaitasuna ekarri zuen, baita fotokopiagailuak ere, irratiak eta telebistak berriz, sorkuntza desberdinak publikoki komunikatzeko ahalmena zutela erakutsi ziguten, baina Internet kopiatzeko munduko makinarik onena, handiena eta bikainena da! Hala, jabetza intelektuala inoiz baino erasotuagoa sentitzen da eta aldi berean, ezagutza elkarren artean banatzeko eta handitzeko aukerak ere mugagabeak bihurtzen dira. Bi jarrera horien, hau da, egile eskubideak defendatzen dituztenen eta informazioa kopiatu eta elkarren artean partekatu nahi dutenen arteko iritzi eta jarreren arteko aldeak hutsune sakon eta handia ireki du. Tartean berriz, interes filosofikoak eta nola ez, ekonomikoak geratzen dira.
Interes ekonomiko horiek ez dira bakarrik autoreenak, baizik eta neurri handi batean horien eta kontsumitzaileen artean eraiki diren gainontzeko bitartekariena: diskoetxeak, filmen produkzio-etxeak eta SGAE bezalako
sortzaileen elkarteak, esaterako.
Egile eskubideen eremua garai berrietara ekarri behar horretan, 1996an nazioarteko hainbat ordezkarik Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundearen (
OMPIren) baitan egindako batzar batean, bi tratatu onartu zituzten: TODA eta TOIEF. Horren ondorio gisa, AEBetan, 1998an
"Digital Millenium Copyright Act" izenez ezagutzen dena onartu zen. Europan berriz, bi arteztarau onartu dira orain arte, merkataritza elektronikoari buruzkoa bata (
2000. urtean) eta informazioaren gizarteko egile eskubideei buruzkoa bestea (
2001. urtean). Orain Europako herrialdeek aipatu arteztarau horietara egokitu behar dituzte euren legeak. Frantzian
Jabetza Intelektualaren Legea jada onartua dago. Espainiaren kasuan berriz,
1996. urteko Jabetza Intelektualaren legea berritzeko aurreproiektua aurkeztu zen 2002ko azaroan eta oraindik bere horretan jarraitzen du, behin-betiko onarpenik jaso gabe. Ez ditugu hemen aurreproiektu horrek ekarriko lituzkeen aldaketak azalduko, horrek beste erreportaje baterako ematen baitu, baina iskanbilak ekarri dituela eta etorkizunean ere segur aski liskarrak ekarriko dituela esango dugu. SGAE adibidez, ez dago batere gustura, besteak beste, lege berriak
Espainiako Gobernuak izendatutako batzorde bat osatzea suposatuko lukeelako. Batzorde horrek alderdi desberdinen arteko negoziazioetan konpondu ezinak sortuko balira, sormen lanen prezioak finkatuko lituzke. SGAE ez dago batere ados eta batzorde horrekin 15 urtetan 11.000 milioi galduko lituzkeela estimatu du.
P2P programak
Musika eta filmak eskuratzeko modu desberdinak daude. Batzuk legalak eta besteak ilegalak edo ez hain legalak. Bigarren multzokoen artean arrakasta handiena dutenak P2P programak dira.
Kazaa,
eMule,
Morpheus,
Grokster eta jada desagertutako Napster dira horietako batzuk. Internet bidezko doako trukaketa sistema horien berezitasuna zera da, erabiltzailea nick edo ezizen bat erabiliz konektatzen dela eta nahi duen abesti edo filma munduko edozein txokotan dagoen beste erabiltzaile baten ordenagailutik berera kopiatzen duela. Gainera, gero eta hedatuagoa dagoen banda zabalak (ADSL edo kable bidezko konexioa) horretarako gero eta erraztasun gehiago ematen ditu. Duela urte batzuk ia pentsaezina zen film oso bat deskargatzea, denbora asko behar baitzen horretarako. Gaur egun ordea, egun bat edo bitan eskura daiteke.
Ikuspuntu legaletik abiatuta, batzuk Internetetik musika edo filmak jaistea ez dela delitua argudiatzen dute, baldin eta erabilera pertsonalerako egiten bada. Egile eskubideez babesturiko materiala P2P sarera igotzen badugu ordea, delitua egiten ariko ginateke, hori komunikazio publikoa egitea baita eta eskubide hori autoreak edo bitartekariren batek izan ohi du, diskoetxeek edo filmen produkzio-etxeek, esaterako. Espainian oraingoz indarrean dagoen Jabetza Intelektualaren Legearen 31. artikuluak garbi adierazten du erabilera pertsonalerako egiten den kopia pribatuak ez duela egilearen baimenik behar. Hala ere, lehen esan bezala, legea garai berrietara moldatu nahian ari da, motel-motel, eta bitartean gizarteak askoz ere abiadura handiagoa darama. Beraz, oraingoz legeari bai, baina batik bat jurisprudentziari erreparatu behar diogu. Hau da, auzitegi desberdinek gai hauekiko ematen dituzten epaiei.
P2P programen aurkako ekintzak
P2P programen aurkari nagusienak, hasiera-hasieratik, musikaren eta zinemaren industria izan dira. P2P programen aurkako ekintzen aurrekaria 1999ko urtarrilean koka genezake. Orduan,
Universal ,
BMI ,
EMI,
Sony eta
Warner diskoetxeak biltzen dituen AEBetako Industria Diskografikoaren Elkarteak,
RIAAk MyMP3 zerbitzuaren aurka egin zuen. Zerbitzu horrek lehenago bezeroak erosi zuen CDko abestiak on line entzuteko aukera ematen zuen. Horretarako egile eskubideak zituzten abestien datu base bat zuen, baina MP3.com enpresak ez zuen abesti horiengatik ezer ordaindu. Salaketen ondorioz, hasieran doakoa zen zerbitzu hura kobratzen hasi behar izan zuten.
MyMP3.com ordea, ez zen P2P programa bat. Bai ordea, Napster famatua. Hala, 1999ko abenduaren 7an azken horren txanda heldu zen. Orduan ere RIAA izan zen salaketa aurkeztu zuena. Napsterrek, MP3.com zerbitzuak ez bezala, ez zuen abestiz beteriko datu base bat. Aitzitik, erabiltzaileen arteko komunikaziorako bidea zela argudiatu zuten salaketaren aurka aritu ziren abokatuek. Hala ere, Napsterrek zerbitzari zentral bat zuen eta ondorioz, erabiltzaileek ekintza ilegal bat egin zezaten bideak jartzeaz salatu zuten (contributory infrigment). Doako Napsterrek bere ateak itxi behar izan zituen.
Bestalde, RIAA 1997. urtetik hasia zen jada unibertsitateen gainean presioa egiten, konturatu baitzen MP3 formatuko fitxategi kopuru handiak kopiatzen eta trukatzen zirela bertan. Presio horien ondorioz,
Kaliforniako",
Northwesterngo,
Harvardeko,
Indianako eta beste hainbat lekutako unibertsitateek Napster zerbitzurako sarrera blokeatu zuten. Unibertsitateen gaineko arreta mantenduz joan da gaur egunera arte eta unibertsitateko agintariak beraiek dira neurriak hartzen dituztenak, ekintza ilegalak egin ez daitezen.
EHUko unibertsitatean esaterako, musika eta filmak ez trukatzeko dagozkion portuak blokeatzen dira eta egunero sarearen analisiak egiten dira. Ahots kritiko ugarik diote unibertsitateen gaineko presioa oso estrategia neurtua dela. Hau da, erabiltzaile handien kopurua gutxitzea bilatzen duela. Ekonomialarien metafora bat erabiliz, merkatua arratoiz eta elefantez osaturik dago. Nahikoa da azken horien aktibitatea kontrolatzea ordena jartzeko.
Hala ere, unibertsitate guztien jarrera ez da berdina izan.
Maineko (AEB) Unibertsitatean adibidez, musika, bideoak, testuak eta programaziorako kodeak libreki trukatzeko The Pool izeneko proiektua garatu dute.
Swarthmore eta Harvardeko unibertsitateak ere partekatzeko kulturan oinarritutako berezko proiektuak osatu dituzte.
Baina egile eskubideen zaintzan aritzen direnen begirada zabalak ez du mugarik eta unibertsitateen ondoren, P2P programen erabiltzaileei iritsi zaie ordua.
Iaz AEBetako auzitegi batek P2P programak -Morpheus eta Grokster esaterako- ez direla ilegalak ebatzi zuen, ez baitute musika metatzen eta Napsterrek ez bezala, ez dute zerbitzari zentralik. Hau da, zerbitzu deszentralizatuak dira. Horren aurrean RIAAk zuzenean erabiltzaileak salatzea erabaki zuen. Hala, joan den irailaz geroztik 500 erabiltzaile baino gehiago izan dira salatuak AEBetan. Europan berriz, Espainia izan zen lehen herrialdea horrelako salaketak aurkezten. Multimedia sektoreko 38 enpresa inguruk P2P programen 4.000 erabiltzaile inguru salatu zituzten.
Horrelako erasoak artxibo gehien kopiatzen dituztenen aurka egiten dituztela esaten dute erabiltzaileek Interneteko hainbat forotan, bai baitakite sare horietan egon ohi den edukien %90 erabiltzaileen %10ak jartzen dutela.
Baina salaketa aurkezterako orduan, salatzaileek normalean erabiltzaileen nick edo ezizena bakarrik aurkez dezakete, beste daturik ez baitute eta horregatik sarera sarbidea ematen duten enpresei erabiltzaile horien nortasuna ahalbidetzeko eskatzen diete. AEBetako apelazio auzitegi batek ordea, Interneteko sarbidea ematen duen Verizon enpresaren alde egin berri du, horrela bere bezeroen datuak sekretuan mantentzea ahalbidetuz.
Askoren aburuz, pribatutasunaren aurkako ekintzatzat jo daitekeen arren, P2P programen erabiltzaileentzat aski ezaguna da diskoetxeek eta pirateriaren aurka egiten dutenek IP zenbakiak atzemateko saiakerak eta miaketak egiten dituztela. Erabiltzaile batek bere nick edo ezizena edozein unetan alda dezake, baina bere IP zenbakia ezagututa, nahikoa da Interneteko sarbidea ematen duen enpresarengana joatea eta egun eta ordu jakin batean IP zenbaki hori zuen erabiltzailearen datuak eskatzea, baldin eta horretarako epailearen baimena baldin badu.
Horren aurrean P2P programen erabiltzaileak jada prestatuak egon ohi dira eta doakoak diren programak erabiltzen dituzte IP zenbaki horien miaketa oztopatzeko. Programa horien artean oso ezaguna bihurtu den bat,
PeerGuardian edo zakur zaintzailea da.
Bestalde, egile eskubideei egiten zaien erasoaz gain, P2P sare askotan programa "espioiak" ("spyware" izenez ezagutuak) egon ohi dira, erabiltzailearen nabigazio ohiturak eta bestelako datuak biltzeko helburuz. Horregatik oso garrantzitsua da kutsatutako aplikazioak zein diren jakitea. Kazaaren doako bertsioa adibidez, kutsatua dago, eMule aldiz, ez.
Musikaren ondoren filmak
Lehen aipatu dugun moduan gero eta azkarragoak diren konexioei esker, gaur egun nahiko zabaldua dago musika ez ezik, Internetetik filmak ere jaisteko joera. DIVX konpresio maila handia ahalbidetzen duen formatuak ere eragin handia izan du horretan, gaur egun posible baita film oso bat CD batean sartzea eta ordenagailuan edo zenbait DVD erreproduzitzailetan ikustea. Testuinguru honen haritik, oraindik film oso bat jaisteko egun bat behar den arren (abesti bat jaistea 5-15 minutuko kontua den bitartean), zenbait aurreikuspenen arabera, egunero 350.000 edo 400.000 film trukatzen dira P2P sareen bidez.
Filmen produkzio-etxeak, diskoetxeekin zer gertatu den ikusita, askoz ere tentu handiagoz dabiltza. Hala ere, ezin dituzte filtrazioak saihestu. Sarritan filmak zine aretoetan estreinatu aurretik sarean topa daitezke, hori gertatu zen esaterako
"Spyderman edo
"Hulk" filmekin, zenbait adibide ematearren. Duela gutxi berriz, ospatu berri diren Oscar sarietarako izendatutako bi film kopiatuak eta sarean jarriak izan ziren,
"Something's gotta give" eta
"The last samurai". AEBetako Zinematografia Akademiak botoemaileei kopiak igortzen dizkie, eta, antza denez, akademiako kide bat izan zen filmak pirateatzeko aukera sortzearen erruduna.
Ikerketa baten arabera, zinemaren industrian lan egiten dutenek ematen dituzte ezkutuan film piraten %77. Bestalde, komunikabideentzat eskaintzen diren emanaldietan (filmaren estreinaldiaren aurretik) norbaitek bideokamera bat erabiliz filma grabatzea eta ondoren sarera igotzea ere oso ohikoa da. Produkzio-etxeak horrelakorik gerta ez dadin neurriak hartzen ari dira, zenbait kasutan aretoetara sartzerakoan jendearen poltsiko eta poltsak arakatuz edo/eta areto barruan iluntasunean ikustea ahalbidetzen duten binokularrak dituzten zaintzaileak jarriz. Beste kasu batzutan film arrakastatsuak moztuta jartzen dituzte sarean edo okerrak diren bertsioak igotzen dituzte, horrela filmaren bila dabilena etsiarazteko. Produkzio-etxeak izugarrizko segurtasun bunkerrak diruditela dioenik ere bada, eta guztia kopia digitalak babesteko, egile eskubideak defendatzeko eta nola ez, enpresaren mozkinak bermatzeko.