Umorez betetako kritika herritarrentzat

  • Umorez egindako kritika ez da txantxetakoa, horrela ulertu zuten XIX. mende bukaerako marrazkilariek. Garai haietako teknika eta lege berriek ematen zuten aukerari men egin gabe, hamaika aldizkari satiriko sortu ziren urte haietan, gehienak Madrilen eta Bartzelonan. Gizartearen gehiengoa alfabetatu gabea zenez, karikatura hauek arma bikaina bihurtu ziren kritika politiko eta soziala herritarren artean zabaltzeko. Gaur egun gertatzen den bezala, estatu mailako aldizkarietan Euskal Herriari buruzko gaiak etengabe azaltzen ziren, baina baita Espainiari buruzko makina bat topiko ere. Zumalakarregi Museoak hauek guztiak biltzen dihardu azken urteotan eta gai honen inguruan erakusketa bat egin berri du Donostian.

2021eko uztailaren 27an

Umore grafikoa, satira, distortsioa, karikatura edo komikia; kontzeptu eta hitz hauen guztien artean anabasa pixka bat badago, denak daude nola hala loturik, baina bakoitzak bere ezaugarriak ditu: satira ez da marrazkia bakarrik, umore grafikoa ez da karikatura soilik, karikatura distortsioa izan daiteke eta komikiak ez du zertan distortsioa izan beharrik. XIX. mendean ez zegoen komikirik, "historieta" delakoaren hastapenak baizik eta mende horren azken erdialdean, aldizkari satirikoetan umore grafiko konkretu bat erabiltzen zen batez ere: karikatura. Caricare italiar hizkuntzatik datorren hitza dugu, puztea, handitzea, kargatzea esan nahi du, gauza baten edo norbaiten bereizgarriak distortsionatzea barregarri uzteko.

Karikatura konbentzionalismotik oso urrun dagoen arren, marrazki edo irudien estilo oso berezi bat den arren, historia luzekoa dugu. Egiptoko papiroetan karikaturak azaltzen dira jadanik, greziar zeramikan ere irudi distortsionatuak behin eta berriz ikus daitezke eta Ponpeiako erromatar aztarnetan, esanguratsuak dira kristauen eta ez-kristauen arteko gatazkak irudikatzen zituzten karikaturak, hauetako batean asto baten irudia gurutze batean iltzatua azaltzen da, "Alexamenosek jainkoa adoratzen du" esaldia ondoan duela. Europako Erdi Aroko krisian karikatura arte erlijiosora mugatu zen, elizetako portiko, beirate eta kapiteletara; eta hurrengo mendeetan, Da Vinci eta Carraci bezalako artistei esker, karikaturaren esanahia zehaztu eta erabilera ugaldu zen.

Karikaturak: Umorea eta kritika

Zumalakarregi Museoak XIX. mendearen azken herenean aldizkari satirikoetan agertu ziren karikaturen erakusketa bat egin du Donostian, horretaz gain, sarean erakusketa birtual bat ipini du eta bertan garai haietako hainbat eta hainbat karikatura ikus daitezke. Ezbairik gabe, karikaturaren erabilerak gorakada nabarmena izan zuen, batez ere 1868ko iraultzaren ondoren, prentsak askatasun gehiago lortu baitzuen. Gainera, kontuan eduki behar da XIX. mendean teknika berriek garapen bizkorra izan zutela, horien artean litografiak; harrian marraztuz gero, tamaina handitu, koloreak bizitu eta prezioak merkatu zitezkeen teknika honen bidez.

Ehunka izan ziren argitaraturiko aldizkari satirikoak eta modu berean argitarapen hauek hainbat formatutan aurkezturiko karikaturak eskaintzen zituzten: laminetan, koadernoetan, ehunean estanpaturik edo akordeoi formatuan. Baziren marrazki bakarrez eta letrarik gabe egindakoak, baina baita hainbat marrazki eta esaldiz osaturiko karikaturak ere, azken hauek gaur egungo komikiaren arbaso ziren. Zumalakarregi Museoko dokumentazio zerbitzuko arduraduna den Mikel Alberdik dioenez, aldizkari satiriko ugari kaleratu ziren arren, gehienek bizitza oso laburra izaten zuten eta gutxi batzuk izan ziren zentsurari burla egin eta irautea lortu zutenak. Egunkari famatuenen artean daude Madrilgo La Avispa, La Gorda, Don Quijote edo La Caricatura eta Bartzelonako La Cigala, La Flaca edo El Charlatan. Aldizkari gehienak Madril eta Bartzelonan kaleratu ziren, hiri hauetan argitarapen tradizio luzea baitzegoen.

Euskal Herrian berriz aldizkari satiriko gutxiago argitaratu ziren, nahiz eta garai hauetan, genero honek bultzada nabarmena izan zuen. Donostiako El Látigo eta Bilboko El Ganorabaco ditugu horren erakusgarri, 1865ean jaioak, beraien orrietan noizean behin karikaturak argitaratzen zituzten, baina tamalez grafiaren aldetik kalitate nahiko kaxkarrekoak ziren. Lehenengo aldizkari hauei jarraiki Gasteizen El Danzarín agertu zen, Donostian La Semana en Sebastian eta La Avispa, azken hauek estatu mailako aldizkarien sukurtsal gisara; horretaz gain bazegoen El Thun Thun izeneko aldizkari bat, 1894an sortua, bertan Victoriano Iraola marrazkilari eta olerkariaren txisteak oso famatu egin ziren. Bilbon El Chimbo, Fray Supino edo Bilbao Cómico izenekoak ere azaldu ziren, baina mendea bukatzerako desagertu ziren aldizkariak ditugu hauek.

Marrazkigileek karikatura egiteko garaian, hainbat bitarteko erabiltzen zuten: ezagunak dira pertsonaiak landare edo animalia itxurarekin janzten dituzten marrazkiak, baita konparaketak egiten dituztenak ere, eta askotan koadro klasikoen parodiak ere azaldu izan ziren. Dena den, karikaturaren ezaugarri nagusienetako bat, pertsonaia baten berezitasuna azpimarratzean datza.

Karikaturak kritikarekin lotura handiak ditu, XIX. mendeko bukaera horretan aldizkari satiriko gehienak liberalismo progresista baten aldekoak ziren eta umore grafikoa sektore guztietatik erabili bazen ere, bitarteko honen bultzatzaileak alderdi aurrerakoienak izan ziren batez ere. Garaian garaiko gobernuak kritikatzea helburu nagusia izanik, autore gehienek beraien izenak ezkutuan mantentzen zituzten, errepresioaren beldur, dudarik gabe. Horregatik, oso zaila da karikaturagileen nortasuna zein zen jakitea.

Espainiako gizarte eta politikaren atzerapenaren adibide gisara zezenketak ipintzen zituzten. Eliza ere kritiken jomuga bihurtu zen, apaizak bizizaleak zirela pentsatzen baitzen. Harrigarria dirudien arren, gaur egungo prentsan azaltzen diren gai batzuk, ordurako aski ezagunak ziren: 1898an Antilletako azken koloniak galdu eta urte gutxira Marokoko Peregil irla "konkistatzea", guztien barregarri bihurtu zen, orduan ere.

Euskal Herria karikaturagai:

"Euskal gaia" estatu mailako prentsan azaltzea ez da gaurko kontua. XIX. mendeko estatuko aldizkari satirikoetan euskaldunak hizketa gai ginen jadanik, batez ere karlisten eta liberalen arteko auzia sortu zenetik. Aldizkari satiriko gehienak liberalismoaren aldekoak izanik, Euskal Herriko eta Kataluniako karlismoa gogorki eraso zuten marrazkien bidez. Karlismoa, euskal ohituren eta kulturaren ordezkagarri bezala ikusten zen eta, ondorioz, euskaldunei buruzko zenbait topiko karlismoa barregarri uzteko erabili zituzten.

Tronurako hautagai zen Karlos VII.a ere karikaturarentzat iturri aberatsa zen. Erregegaiak itxura komikoa zuen, karikatura gehienetan burua gorputza baino handiago zuela marrazten zuten, ezpainak ere lodi eta zabalak eta janzkera berezi xamarra, soinean erregegai baten parafernalia guztiak zeramatzala: ezpata, txapela gorria, urrezko tituluak edo leloak... "Carlos Chapas" deitu izan zioten. Baina itxuraz gain, bere jokabide "eredugarriak" agerian uzten zituzten marrazkiak ere egin ziren, guztiek baitzekiten neskazale eta jokalari amorratua zela. Don Karlosen kausa galdua irudikatzea, liberalen oso gustagarri zen eta urte askotan zehar berari buruzko marrazkiak egiten jarraitu zuten.

Euskal Herrian apaizgoak izan zuen jokabideak ere kritika latzak jaso zituen; jakina den bezala, apaizen gehiengoa karlismoaren alde azaldu zen eta hauetako askok 1872-1876 artean gauzatu zen karlistaldian parte hartze zuzena izan zuten. Horregatik, karlismoaren inguruko karikaturetan ez dira inoiz apaizak falta, Karlos erregegaia babesten edo armak sakeletan dituztela.

Karlismoaz gain, badira neurri txikiago batean bada ere, Euskal Herriaren inguruan jorratzen diren beste gai batzuk. XIX. mende erdialdean itsasertzeko bainuak eta bainuetxeak modan jarri ziren aristokraziaren eta gorengo estatus baten erakusgarri gisa; Isabel II.ak Donostia aukeratu zuen uda bertan igarotzeko eta horregatik ez ziren gutxi izan hiri honetara udan joaten ziren aberatsak. Karikatura askotan "turista" hauen aberastasuna bertako jendearen pobreziarekin konparatu nahi izan zen. Modernitateari nolabaiteko beldurra erakusteko marrazkiak egin zituenik ere bazen, ordurako trenbidea martxan zegoen eta industrializazioa hedatuz zihoan. Horren aurrean, tren istripuek eta hiri uniformetasunak ekarritako kalteak azpimarratzen ziren.

Analisia edo «karikatura bat nola hustu»
Karikatura batek hasiera batean uste dena baino informazio gehiago eman dezake. Honako hau adibidez, Bartzelonako La Madeja Política-n argitaratu zen 1874an eta bere oinean esaldi hau ipintzen zuen: "Si el árbol de Guernica da estos frutos, procuremos que no vuelva a retoñar". Bertan, errepublika irudikatzen duen emakume batek negarrez dagoen Gernikako arbola mozten du aizkoraz eta nahikoa ez balitz, Concha jeneral liberalaren zerra eskura dauka, "iparraldeko probintzien" mapa azpian duela. Arbolaren sustraiak atzerakoitasuna eta fanatismoa dira eta adarrak "baskongadetako probintziak". Karlistak fruituak dira »ezkurrak alegia», kasu batzuetan arratoi itxurarekin gainera. Lehenengo planoan Manterola apaizak karlismoaren defentsan idatzitako "Fueros y petroleo" artikuluaren irudikapena azaltzen da. Urrutian berriz, baserri bat elizaren ondoan, euskal tradizioen babesleku eta honen ondoan karlistak daude, baterien ke artean borrokan. Karlismoaren eta erregimen zaharraren kontrako karikatura bikain bat dugu dudarik gabe.


Azkenak
Analisia
Nostalgiari ‘sold out’

Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]


Zedarriak Foroari erantzuna
Defentsan inbertitzea

Zedarriak Foroak Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua txostena aurkeztu zuen urtarrilaren erdialdean. Bertan, EAErako gomendioak jasotzen dira, Draghik eta Lettak Europako Batasunerako aurkeztu dituzten txostenak erreferentziatzat... [+]


2025-02-17 | Euskal Irratiak
Migranteen kontrako polizia operazio bat salatu dute Baionan

Hamasei migrante atxilotu zituzten otsailaren 6an Baionan, etorkinen eskubideen aldeko elkarteek salatu dutenez. Dirudienez, Baionako prokuradoreak eman zuen agindua. Operazioa autobus geltokiaren eta Pausa harrera zentroaren artean gauzatu zuen poliziak, tartean, adingabekoak... [+]


Musika eta dantzaren bidez, elkartasuna adierazi diote Palestinari Donostian

Kulturatik elkarteak antolatuta, Musika eta dantza Palestinarekin ekitaldia egin dute Alderdi Ederren gaur eguerdian. Palestinako herriari elkartasuna adieraztea eta jasaten ari diren genozidioaren bukaera eskatzea izan da helburua. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza... [+]


Komunitateaz (I)

Konturatu orduko, 119 arkume jaio dira etxean, eta hamahiru ardi baino ez zaizkigu gelditzen erditzeko. Aurrerakoak diren urruxak jada izendatuta dauzkagu; horrek, inplizituki, esan nahi du hiltegira eramango ditugunak zeintzuk diren badakigula. Bereizte ariketa horretan... [+]


2025-02-17 | Nagore Zaldua
Amorrotxa, odol urdineko ameslaria?

Trebea, burutsua eta iheskorra; olagarro arruntak, izenak hala adierazten ez badu ere, aparteko trebetasunak ditu. Itsas molusku zefalopodo haragijale honek txundituta gauzka, bere ezaugarri eta ahalmen bitxiekin. Ornogabe guztien artean adimentsuena da, besteak beste.


2025-02-17 | Jakoba Errekondo
Intsektuen negupasa

Hotza gogor ari du. Ez denean, baina aurtengo neguan lurralde batzuk ederki jotzen ari du. Eta intsektuek nola irauten dute, udaberriarekin indarrean berragertzeko? Kaleko galdera izan dut bart. Hortik intsektuen adimendu eta buruargitasunera koxka ttikia dago. Berritu ditugu... [+]


2025-02-17 | Garazi Zabaleta
Xüxenka
Hurbileko laborari txikiek kudeatutako saltoki kolektiboa Maulen

Mauleko Euskalduna ostatuak urteak daramatza Zuberoako etxe ekoizle txikien produktuekin lanean, eta hiriburuko ostatu parean eraikin bat erosi zutenean proposamena egin zien laborari horiei berei: zergatik ez ireki hurbileko ekoizleen saltokia bertan? “Motibatuta zegoen... [+]


Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


Eguneraketa berriak daude