Domingok orduan 24 urte zituen, gerra galdu berria zuen, eta bere herritik, Granadako ipar ekialdean dagoen Gelera argitsutik, Zaraitzu ibarrean gora heldu zen Igarira, bere herriko Klasifikazio Batzordeak erregimenarekiko "desafektotzat" jo ondoren, 6. Batallón Disciplinario de Soldados Trabajadores (BDST) delakoan sarturik. "Irteerarik gabeko soro batean sartzen gintuztela iruditzen zitzaidan, dena hain iluna, mendiak eta mendiak toki guztietan... Igal ere herri iluna zen, herri txikia eta iluna, mendien artean urrun kokaturik". 1940ko udazkena zen, eta hiru egun neketsuak pasatuak zituzten Rotako kontzentrazio eremutik abiaturik zeudenetik. Etorrera hori ere Igariko Maríak ongi gogoratzen du: "Gaur izango balitz bezala gogoratzen naiz, ni behiekin nengoen, eta orduan heldu ziren prisioneroak, ene! Dana soldaduz beterik! Amatxo!, zer zen hori!"
Zaraitzu eta Erronkari haranetan gerra hots gutxi entzun ziren, Pirinioetan sarturiko ibar horiek bataila eremuetatik urrun zeuden, eta mugimendu gutxi ezagutu zuten gerran zehar. Errepublikarren aurkako errepresioa ere bertan izan zen, baina Nafarroako beste eremuetan baino askoz neurri txikiagoan. Haran lasaiak izanik, 1939 eta 1941 artean bi mila prisionero errepublikarrentzako espetxea bihurtu ziren, bertan Igari-Bidankoze-Erronkari errepidean Langile Batailoiek lan egin baitzuten, baldintza penagarrietan. Bat-batean, herri horietako bizitzan aldaketa asko gertatu ziren, eta herriak ere jende arrotzaz bete ziren, kontuan hartuta garai horretako Igarik 121 biztanle zituela, Bidankozek 292 eta Erronkarik 494. Batailoiek, beraz, urte eta herrien araberako aldaketak aldaketa, bikoiztu, hirukoiztu edota laukoiztu egin zituzten herrietako biztanle kopuruak.
Herrietako biztanleek ez dute ahaztu prisioneroen egonaldia, eta azken hauek ere bereziki oroitzen dituzte urte gogor horiek. Urte intentsoak izan ziren, eta horiek isiltasunetik ateratzeko ikerketa kolektibo bat abian da. Lau ikerlarik eta laguntzaile askok urte eta erdi daramatzagu elkarrizketak egiten, transkribatzen, informazio grafikoa biltzen... errepide honen eraikuntzari buruzko liburu bat eta bideo bat egiteko asmoz, azken hau Eguzki Bideoak kolektiboarekin elkarlanean.
Prisioneroak, baina ez presoak
Langile Batailoien antolaketa ongi ulertzeko frankismoaren makinaria burokratiko eta errepresiboan barna murgildu behar dugu. Errepresioa erregimen berriaren zutabe nagusienetakoa izan zen, eta hori azkar ikusi zen gerraren hasieran faxistek menperatzen zituzten eremuetan. Hala ere, lurralde berriak bereganatzen zituzten neurrian, prisioneroen arazoa gero eta serioagoa izaten zen armada frankistarentzat. Alde batetik, ongi jakin nahi zuten prisionero bakoitzaren iragan politikoa, helburutzat zuten depurazio erraldoi hori egin ahal izateko. Bestalde, horrelako prisionero kopuru itzelaz baliatu nahi izan zuten, haien doako lana erabiliz.
Helburu horrekin, 1937ko martxoan, Prisioneroen Sailkapenerako Orden Orokorra eman zuen Francok, eta horren arabera gerran harrapatutako prisioneroak lau talde handitan banatu ziren. Lehenengoan, erregimen frankistaren aldekoak zeuden, eta hauek, adin militarrean egonez gero, armada frankistan borrokatu behar zuten. Bigarren taldean, errepublikaren aldekoak, baina erantzukizun politiko edota militarrik gabekoak zeuden, «desafekto»ak izendatuko zituztenak. Hirugarren taldea errepublikaren aldeko erakunde edota armadan erantzukizunak izan zituztenentzat izan zen, eta bertan sartu zirenak espetxeratuak edota erailak izango ziren. Azkenik, laugarrenean, delitu arruntak leporatu zitzaizkien prisioneroak sartu ziren. Talde hauetatik guztietatik, bigarren taldekoak izan ziren Langile Batailoiak osatu zituztenak, ikertzen ari garen errepide bezalako hamaika lan egingo zituztenak.
1937ko maiatzean derrigorrezko lanen justifikazioa emango zuen dekretua atera zen, "Prisionero eta preso politikoei lan egiteko eskubidea ematen dien dekretua", hain zuzen ere. Eskubide horretan oinarriturik antolatu ziren Langile Batailoiak, eta hortik abiaturik ere kondena zuten presoendako beste neurri bat aterako zen 1938an: "Lanaren bidez zigorra murrizteko sistema". Dena den, ez ditugu Langile Batailoiak eta zigorra murrizteko sistema nahastu behar, bi kolektibo ezberdinentzako antolakuntza ezberdinak zirelako. Lehena epaiketarik gabeko prisionero «desafekto»entzako lana zen, eta bigarrena espetxean zeuden presoendakoa, jadanik epaiturik eta zigor firmea zutenendakoa. Bigarren talde honetan sartzen ziren Guadalquivirreko ubidea egin zutenak, edo Gernika berreraikitzen aritu zirenak, eta bi kasu hauetan laster argitaratuko dira honen inguruko ikerketak, Andaluziako CGTk eta Gernikazarra taldeak bultzaturik, hurrenez hurren.
Izen ezberdinetako batailoiak
Ikusten denez, lan hauek antolaketa finko eta arautu batetik abiatzen ziren, eta antolaketa horretan garrantzi handia zuten prisioneroentzako lehen eremuek, zeinetan frankisten menpeko bizitza nolakoa zen ikasiko zuten, eta zeinetan sailkapen prozesu guztia abiatuko zen: kontzentrazio eremuak, hain zuzen ere. Hasierako desordenarekin bukatu nahian, 1937ko uztailean, eremu hauek antolatzeko erakundea sortu zen: Inspección de Campos de Concentración de Prisioneros delakoa, Generalisimoaren Kuartel Orokorraren menpe zegoena.
Kontzentrazio eremu horietarik atera ziren prisioneroen batailoiak, baina dena den, batailoi horien antolaketan egon ziren ezberdintasunak kontuan hartu behar ditugu. Batzuk Langile Batailoiak ziren, adin guztietako gerra prisioneroekin osaturik. Hauek 1940an desegin ziren, eta orduan Langile Soldadu Batailoi Diziplinarioak sortu ziren. Azken hauek erregimenak «desafekto» izendatuentzako prestatutako soldadutza berezia ziren, 1936-1941 arteko kintei zegokiena. 1941etik aurrera BDST (Zigortuak) 6 batailoi bereziak sortu ziren, adin hori zutenentzat, baina baldintzapeko askatasunean edo tasa fiskaliak zigortuak zeudenentzat.
Beraz, azken kasuan izan ezik, batailoi hauetako partaideak ez ziren epaituriko edota espetxeraturiko presoak; besterik gabe «desafekto» bezala sailkaturikoak baizik. 1937an 34.000 prisionero zeuden horietan sarturik, Javier Rodrigo historialariaren arabera, eta kopuru hori gora doa gerran zehar, 1939an 90.000ra heldu arte. 1940ko berrantolaketan, kopurua jaisten da, baina edozein modutan 1942 arte ia 50.000 gaztek derrigorrezko lanak egin behar izan zituzten BDST delakoetan. Ikusten denez, kopuru erraldoia da, garrantzi handikoa gerraosteko ekonomiarentzat.
Artxiboen arazoak eta aukerak
Ikerketa aurrera eramateko hainbat artxibotara jo dugu, baina, edozein modutan, orain abiatzen den edozein ikerketak onartu egin behar du oraindik dokumentazio falta handia dagoela, dokumentu asko ez baitaude ordenaturik edota ikerlarientzako kontsultatzeko moduan jarrita artxibategi militarretan.
Informazioaren faltan, udal artxibategietara jo dugu, eta sorpresaz konturatu gara artxibo hauetan gai honen inguruko ikerketarako dokumentazio asko dagoela. Gure kasuan, Igari, Bidankoze eta Erronkariko artxiboetan mila prisioneroen izenak topatu ditugu, errepidean lan egin zutenen erdia, hain zuzen ere. Honi esker, eta pazientzia handiz, pertsona hauek bilatzeari ekin genion, eta gehienak hilda egon arren, errepide horretan aritu ziren 26 prisioneroei elkarrizketak egin dizkiegu, eta baita horiekin batera haiek begiztatzen egon ziren eskoltako bost soldaduei ere. Honek argi eta garbi erakusten du udal artxiboek aukera asko ematen digutela lan hauen protagonistak bilatzeko orduan.
Gure ikerketan, beraz, garai hartako pertsonen testigantzek dute protagonismoa. Urte asko pasatu dira esperientzia horiek isildurik, edota etxeko solasaldietara mugaturik, eta memoria hori berreskuratzea da gure lanaren helburu nagusienetakoa. Dena den, horretaz aparte, argi dugu errepresioaren inguruko ikerketek ezin dutela beharrezkoa den kontakizun hutsean gelditu. Horretaz landa, ahalegina egin behar dugu errepresioaren pertzepzio sozialak eta bere ondorio politikoak aztertzeko. Izan ere, errepresioa frankismoaren zutabe nagusienetakoa izan zen, eta ongi ulertu behar dugu nola gauzatu zen gerraosteko eguneroko bizitzan. Horretarako, hasteko, prisioneroek eguneroko bizitzan zituzten beharretatik abiatu behar gara.
Zer nahiago, hotza ala gosea?
Gurekin hitz egin duten prisionero gehienek berehala aipatzen dute, galdetu gabe, Pirinioetako haranetan jasandako hotza eta gosea. Hainbestekoa zen gosea, ezen aukera guztiak aprobetxatzen zituzten jateko zerbait lortzeko, baita herrietako animaliendako bazka lapurtzearena ere. Gosea ez ezik, hotza ere jasangaitza egiten zen neguko gauetan, batez ere Andaluzia urrunetik helduak zirenentzat. Gainera, azken hauek osatzen zuten 6. BDSTa Igaritik bi kilometrotara dagoen muino batean kokaturik zegoen, eta bertan barrakoi erraldoi eta hotzetan lo egin behar zuten prisioneroek. Erronkarin egon zen bigarren batailoia ere, BDST 38 izenekoa, mendiko barrakoi batzuetan zegoen kokaturik, sakan ilun batean. Bidankozekoek, berriz, herriko etxe abandonatu batzuetan izan zuten ostatu, eta Erronkarin egon zen lehendabiziko batailoia, BT 106.a, hain zuzen ere, eskoletan sartu zen, herriko neska-mutikoek etxe partikularretan eskolak ematen zituzten bitartean.
Edozein modutan, surik gabeko eraikuntza horietan egonda, hotza arazo izaten zen. Egoera horretan, hotza ala gosea, zer jasan nahiago zuten galdetzea ez da hutsala. Biek jasangaitza egiten zuten egunerokoa, eta biei aurre egin behar izaten zieten derrigorrezko langileek. Kasu gehienetan hautua gosea kentzearen aldekoa izaten zen, nahiz eta horrek arazo serioak sortu hotzari zegokionez. Horrela, prisionero askok mantak eta botak saldu zituzten herrietan, jateko zerbaiten truke, nahiz eta horrek ondorio larriak izan. Batzuek botak saldu ondoren, manta zati batzuk lotzen zituzten oinen inguruan, eta horrekin ibili behar izaten zuten lanean, Sebastian Erdoiza durangarraren kasuan bezala.
Hotza, gosea, zikintasuna, zorriak... egoera tamalgarri hori jasan ondoren heldu ziren Iruñeara, Berako bidean, BDST 6ko prisioneroak, eta taldea ikusirik, zera bota zien Iruñeko ofizial batek: "Zer da hau, langile batailoia, ala gorpu batailoia?". Galdera hori ez zaio ahantzi Domingo granadarrari.
Garaituak izan balira bezala bizi izaten ikasi behar
Sufrimendu fisikoa ez ezik, garaituen etsipena lortzea zen derrigorrezko lanen helburu nagusienetakoa. Erregimen berrian izango zuten egoeraz jabetu beharko ziren, eta hala esan zioten batailoi batean Rosendo Iturmendi oñatiarrari: "Zuek Espainia berriaren astoak zarete". Militarrei obeditu, mezetara joan, kanta frankistak abestu, desfileak egin... horiek guztiek helburu jakin bat zuten: etsaia menperatua izatea.
Obedientzia derrigorrezkoa zen, eta hortik era nimiñoenean urruntzen zenak zigorra jasan behar izaten zuen berehala: kolpeak, makilkadak, ohikoak ez ziren lan gehigarriak... Sebastian Erdoiza bizkaitarra behin baino gehiagotan izan zen zigortua, euskaraz hitz egiteagatik, edota herriko neska bati agur esateagatik. Batailoietan, gainera, bazegoen talde berezi bat zigor pelotoia deiturikoa, eta bertakoek askotan lanean aritu behar izaten zuten harriz beteriko motxila bat lepoan zutela; modu horretan ibili behar izaten zuten egun osoan, baita lo egiten zuten bitartean ere. Manuel Soriano granadarrak horrelako zigorra jaso zuen egun batzuetan, eta ez zaio ahaztu orduko sufrimendua.
Bizia galdu zutenak
Oraindik ez dago argi zenbat ziren Zaraitzun eta Erronkarin bizia galdu zuten prisioneroak. Herrietako erregistro zibiletan batzuen berri topatu dugu, baina jakin badakigu hilketa horiek ez zirela beti erregistratzen. Gainera, heriotza batzuk beste herri batzuetan gertatu ziren: esaterako, Iruñerako bueltan 6. BDSTak izan zuen kamioi istripuan, edota nekeak eta gaixotasunak jota Iruñeko Erietxe Diziplinarioan jazo zirenak.
Felix Padinek honela gogoratzen du bizkaitar meatzari bati gertatutakoa: "Dena eskuz egiten zen, hiru metrotaraino zulatzen zelarik. Lankidea tuberkulosiak jota gelditu zen. Gaixorik egonda ere, lan egitera behartzen zuten. Handik atera zenean ospitalera joan zen hiltzera. Kausaren alde eta bere Caudilloaren alde hil zen?". Domingo Martinez galerarrak ere bere herriko baten heriotzaren berri eman zigun: "Nekeak jota, jateari uko egin zion, eta horrela eraman zuten ospitalera, hil zen arte". Ospitalera jaistea, askotan, azken bidaia izan zitekeen, Andrés Millanek laburbiltzen duen bezala: «Ospitalera zihoana ez zen itzultzen. Joaten zena akabaturik zihoan, hori ez zen jadanik itzultzen, hilak joaten ziren eta!».
Bestaldetik, muga aldera ihes egitea beste aukera bat zen horrelako infernutik libratzeko. Erraztasunik, ordea, ez zegoen. Muga ez zegoen oso urrun, baina mendi ezezagun horien artean ibiltzea ez zen kontu erraza, are gutxiago elurraren zailtasunarekin eta gorputzeko ahuleziarekin. Askok izan zuten alde egiteko tentazioa eta gutxi batzuk saiatu eta lortu zuten. Beste batzuek, berriz, heriotzarekin ordaindu zuten ahalegina.
Hori gertatu zitzaion Erronkaritik ihes egiten saiatu zen Cecilio Gallego, Badajozeko Don Benitoko prisioneroari, eta tiroz jo zuten zaindariek 1939ko urriaren 23an. Bidankozen ere saioak egon ziren, eta horren ondorioz 1941eko martxoaren 9an tiroz hil zuten Benjamín Llacera Monclús bartzelonarra, 25 urterekin. Bidankozeko erregistro zibilean BDST 38ko kide hau baino ez da hilda agertzen, Felix Padin prisionero bilbotarrak, berriz, bi izan zirela zehazten du: "Gure bi kide alde egiten saiatu ziren. Mendian aterpea bilatu zuten borda batean, baina artzain kabroi batek laguntza eman zien eskoltei haien bila joateko, eta topatu zituztenean, bordan bertan hil zituzten. Gero herrira ekarri zituzten gorpuak. Eliza eta hilerriaren artean formaturik jarri gintuzten, lurperatzen zituztela ongi ikusteko".
Hauexek, dena den, ez ziren izan Bidankozen hildako bakarrak. Aurreko batailoiko José Martín Ramón gandiar gaztea 17 urte zituela hil zuten, gauean txiza egitera atera zenean. Prisioneroen gordelekua zen Aizagar etxearen ondo-ondoan hil zuten, eta barruan zeuden besteak ikaraturik gelditu ziren hurrengo egunotan. Aurrerantzean, horietako batzuk janariaren katiluan eginten zuten txiza gauean, etxetik atera ezinean.
Garaipenaren eta porrotaren erakustaldia
Batailoien presentziak herrietako bizitza aldatu zuen. Herri urrun horietara militar irabazleak heldu ziren, eta azkar erakutsi zuten haiek zirela agintari berriak. Nahi zuten etxeetan sartu ziren, eta bertan hartzen zuten ostatu. Basoen ustiakuntza ere goitik behera aldarazi zuten, eta laster haritzondo ederrak desagertu ziren. Irabazleak ziren, eta hori erakutsi zuten aldioro. Bestalde, prisioneroak ere erakutsiak izan ziren, lanerako bidean formatzen, Bidankozeko plazan janaria hartzen, elizan igandetan... Militarrek gerra trofeo bezala erakutsi zituzten prisioneroak, eskarmentu moduan, jende guztiak ikusteko zein zen Francoren erregimenaren aurka zerbait egingo zuenaren patua.
Dena den, erakustaldi honek ez zituen bere helburu guztiak lortu. Izan ere, prisioneroen presentziak garaituen »gorrien» benetako aurpegia ikusteko ere balio izan zuen. Prisionero batzuek gogoratzen dute herrietako sarreretan umeek amari galdetzen ziotela ea horiek gorriak ote ziren, eta bateren batek amari esan omen zion: "Orduan, non dauzkate adarrak eta buztana?". Buztan eta adarrik ezean, jendeak ikusi ahal izan zuen prisioneroek jasaten zuten tratu krudel etengabea, eta horrek errukiari bidea ireki zion. Zaraitzun eta Erronkarin prisionero askok jaso zuten laguntza ez zen nagusiki, beste tokietan bezala, arrazoi ideologikoengatik izan, sufrimenduak sortutako errukiarengatik baizik.
Herritar eta prisioneroen arteko hartu-emanak eta laguntza eskaintzak ez ziren, alabaina, errazak, eta askotan gauean izan behar ziren, ezkutuan. Gainera, prisioneroen arteko aldeak ere nabariak ziren, egoera soziala, jatorria edota ideologiaren arabera. Egoera oso ezberdinak topatzen ditugu, eta kasu gutxi batzuetan maitasunerako aukerak ere zabaldu ziren. Hurrengo urteetan ezkontza gutxi batzuk izan ziren prisioneroen eta herrietako nesken artean, eta honen adibidea dira Antonio Martínez eta Jesús Bilbao bizkaitarrak, Bidankozeko Nati eta Iruñeko Josefina Ferrerrekin ezkondu zirenak, edota Gabina Ansoren kasua, Bartzelonako prisionero batekin ezkondu zen erronkariarrarena.
"Zuek kontatu, eh!, idatzi eta kontatu!"
Igari eta Bidankoze arteko errepidea soldadu arruntek bukatu zuten prisioneroek alde egin ostean, eta Bidankoze Erronkarirekin lotzen zuen zatia amaitu gabe gelditu zen hurrengo urteotan. Prisioneroek alde egin ondoren, haien arrastoa desagertu egin zen, eta herrietan gazte askok ez daki, errepide horretatik pasatzen badira ere, nola izan zen eraikia. Kasu hau, baina, ez da arraroa. Gure geografian presoen lanekin egindako azpiegitura ugari daude, eta inon ez dago horren inguruko informazioa bertatik pasatzen direnentzat.
Ia duela 30 urte bukatu zen diktadura, eta derrigorrezko lanen inguruko informazioa familietan emandakoa izan da soilik. Batzuetan, Txomin Uriarte bakioarraren kasuan bezala, familiak ederki ongi daki aititak pasatutakoa, eta alabek buruz dakizkite aitaren prisionero garaiko abestiak. José García Faya asturiarrak eta Sebastian Erdoiza bizkaitarrak ere haien familiarekin etorri ziren Erronkarira, gatibu garaiak gogoratzeko, ez ahazteko.
Beste askotan, baina, oroitzapenak isiltasunean gorde izan dira. Batzuek ez dute orain horrelakorik gogoratu nahi, eta, behin baino gehiagotan gure elkarrizketei esker jabetu dira seme-alabak aitak bizitakoaz. "Zertarako kontatu behar nizun?", erantzun zion Cadizeko Vicente Celisek bere alaba harrituari. Ez da arraroa, erakundeetatik deus gutxi egin delako askatasunaren aldeko borrokalari hauek sufritutakoa jakinarazteko, haien balioa sozialki onartua izateko. Rufino Orozko galdakaoarra kexu da: "Denbora asko izan dute ezkertiarrek eta abertzaleek gobernuan egonda honi guztiari buruz hitz egiteko eta zerbait egiteko, baina ez dute ezer egin". Prisionero askok isiltasunean sufritu izan dute garai hartako oroimenekin, eta horregatik ere garrantzitsua da Sebastianek elkarrizketaren bukaeran eman zigun agindu zehatza: "Zuek kontatu, eh!, idatzi eta kontatu!".