Martxoko hostoak


2021eko uztailaren 28an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Martxoak hamaika
Indarkeriak indarkeria dakar" (Sofokles zaharrak).
"Kain eta gero, gizakiak fanatismoagatik hiltzen du gizakia. Hiltzaile oro jainko bat zerbitzatzen duen sektarioa da. Eta gehien harritzen gaituena, sektarioek gurtzen dituzten jainkoen izaera hutsala da" (Miguel Torga).
Pitié, tristesse! (Paueko komun batean irakurritako grafitia).
Gezurraren harlauza
PPkoak galtzaile ondratuaren plantak eginez eta kortesiazko hitzekin agertu zitzaizkigun hauteskunde gauean. Baina berehala hasi ziren berriro iritzi publikoaren toxikatzaileak lanean, emaitzen despistea gainditu eta gero.
Hauteskundeak ez omen ditu Zapaterok irabazi, Bin Ladenek baizik. Edo Ser kateak. Edo Prisa taldeko kazetariek. Edo bozkatzera joaten ez ziren ezkertiar axolagabeek. Hiritar kaskarrek, alegia; espainiar adjektiboa ere merezi ez duten desklasatuek.
"Denbora etsaia da", dio Ezra Pound-en poema batek. Kanpotik datorkigun etsaia da denbora, ukitutako oro herdoiltzen duen gaitz ezinbestekoa. Orain sei mende, aldiz, barruko etsai baten kontra ohartarazi gintuen Ausiàs March katalanak: Malament viu qui té lo pensament per enemic… (Gaizki bizi da pentsamendua etsaitzat duena…). Horixe gertatu zaio Espainiako eskuinaren azken bi mendeotako jarduerari: uko egin dio pentsamenduari, arrazoiketari, gertakarien zentzua ulertzeari. Eta gezurra hartu izan du armatzat, pentsaturik gezurrarekin gu engainatzen gintuela; eta, gu engainaturik, errealitatea mozorrotuko zuela.
Egunotan ez dator batere gaizki Demostenes zaharraren hitzak gogoratzea: "Ez da posible, atenastarrok, ez, ez da posible injustiziaren eta gezurraren bidez iraun dezakeen aginte bat eraikitzea".

Protofaxista
"Lehentasunik lehentasunena Bush Etxe Zuritik ateratzea da, edozein delarik ere bere jarraitzailea. Amerikako Estatu Batuetan erregimen protofaxista bat indartu da irailaren hamaikako atentatutik hona: estatu-kolpe baten antza handia duen sistema batez gobernatzen du, hiritarrak izuan biziaraziz, eta libertate zibilak murriztuz", zioen Susan Georgek, Mundializazioaren Behatokiko presidenteak, Madrilekoa gertatu eta egun gutxira.
Izutzekoa da Aznarrek irabazi izan balu gertatuko zitzaiguna pentsatze hutsa.

Non daude zubigileak?
Kofi Annam-en hitz batzuk gogorarazten zituen Ibarretxek El País egunkarian argitaratu zuen artikulu batean: "Maita liteke norbera dena, norbera ez dena gorrotatu gabe". Artikulu berean, "Espainiak eta Euskadik elkarbizitza adeitsu bat" lortu behar dutela aldarrikatzen zuen lehendakariak.
Aro berri baten aurrean egon gintezkeela erakusten zuen artikuluak. Aro berri baten aurrean egon gaitezkeela adierazten dute hainbat buruzagi sozialistek egindako adierazpenek ere. Ajuria Enea berritu baten ateetan gaude? Ez dut uste: besteak beste, PPren hanka faltatuko litzaioke mahaiari. Historian, ibaian bezala, ura ez da inoiz bera. Niri dagokidanez, ez dut irlandar esaerak dioena beste deus desiratzen etorkizunari itxaropentsu begiratzeko: "Buruzagi nahi duena, izan dadila zubigile ere". Ez da ematen duen bezain desio xaloa zubigilerik gabeko eta buruzagiz betetako herri honetan.

Eta infernua aukeratu zuen
Haurtzaroko oroitzapenen artean, filmaketa bateko irudi txiki solte batzuk gordetzen ditut gogoan, oraindik josi gabeko sekuentzia batzuk balira bezala. Casting baten iragarkiak zabaldu zituzten kale eta tabernetan, soldadu alemaniarren papera egiteko. Lanak izan zituzten, alemaniarren neurria ematen zuen zarauztarrari ile horia falta baitzitzaion, eta ile horia zuenari, berriz, neurria: soldadu txiki beltzaranekin ezein gudarostek, eta zer esanik ez alemanak, bere ohiko burgoitasuna galtzen du.
Filmaketa Mendilautan egin zuten, orduan txalet eta etxe bakarrak ziren bailaran. Bandera eta zutoihal naziak zeuden eskegita txalet ederrenaren balkoi nagusian. Aurpegiera ozpinduko gizon lodikote batek inguruan bildu ginen nonzerberrioi isiltzeko eta isiltzeko agintzen zigun etengabe. Geltokiko mando zaharra arnaska eta lerde-jario zegoen, urduri, eszena baterako behar baitzuten dinamita garraiatzeko edo.
Aurpegiera ozpinduko gizonak isiltasuna eskatu zuen enegarren aldiz. Bat-batean, sekulako eztanda entzun zen eta ke sarriak hartu zuen txaletaren eta itsasoaren arteko tartea. Aurpegiera ozpinduko gizona isiltzeko eta isiltzeko eskatzen segitzen zuen, keinuka eta bi eskuak modu kementsuan mugituz. Kea desegiten hasi zenean, komandante bat ikusi genuen, nazi jantzian, potentzia handiko prismatiko batzuen bidez itsasorantz begiratzen. Ingalaterrara begiratzen, filmatze-lanetan parte hartzen zuenen batek argitu zigunez.
Urte asko geroago, Zarautzen egindako koprodukzio baten mintzatu zitzaidan adiskide bat, eta aise konturatu nintzen nire haurtzaroko film hartaz ari zitzaidala; filmaren titulua eta aktore nagusiaren izena ere esan zizkidan: Eta infernua aukeratu zuen, Conrado San Martin aktorea protagonista zuela. Duela gutxi, filma ikusteko aukera ere eskaini zidaten, baina ezetz erabaki nuen: bere horretan gorde nahi ditut nire oroitzapen hautsiak, ez diot amore eman nahi nire jakin-minari: bere horretan hain oroitzapen erakargarria dudana, filma ikustean hondatu egingo zaidalako seguru asko. Komandantea prismatikoez Ingalaterra aldera begira ikusirik, nabarmen samarra gertatuko litzateke faltsutasuna, eta haurtzaroko amets bat zapuztuko litzaidake, prismatiko haiekin Ingalaterra ikusten baitzen Zarauztik! Sinetsita nengoen aski zela potentzia handiko largabista bat Cornwall lurmuturreko itsasertz malkartsua ikusteko, Plymouth portuko itsasontzien nondik norakoak segitzeko… Eta egunen batean halako prismatiko batzuk izango nituela egiten nuen amets.
Ez, ez dut film hura ikusi nahi izan.

Estoldetan
Poliziari buruz idatzi nituenak »"poliziak, definizioz, ustelkeria hurbil du, ustelkeriaren estoldetan dauzka bulegoak"» hartu zituen hizpide Roman Garmendiak orain bi asteko ARGIAn. Poliziaren ezinbesteko premia aldarrikatzen dut, eta, Roman Garmendiak idazten zuen bezala, neu ere bat nator: badaude kasuak non poliziak "denon txaloak merezi dituen", eta kasuak "non gaitzespena merezi duen". Nire zergen erabilera ona estimatzen duenetako bat naiz poliziak legez kanpoko eta herritarren kontrako ekintzak »atentatuak eta estortsioak ere barne, jakina» eragozten dituenean. Eta, estoldak estolda, polizia eredugarri bat nahi lukeen xalokote bat naiz. Baina delituaren kontrako lan zaila poliziarena baldin bada, egiteko horren kontrola politikariena da. Poliziaren eta herritarren artean, auziren bat dagoenean, politikariak ikertu egin behar du auzia.
Kontua geurera eta egunotara ekarriz: kexu asko ibili da Madrilgo atentatuaren ondoren ertzain batzuek izan duten jokabideari buruz »informazio eta kexa guzti-guztiek ertzain batzuk dituzte jomuga». Arrandiak, erronkak, manifestariak-eta asaldatzeko ahaleginak… Agintariek badakite non, zein egoeretan eta zer gertatu den: paperetan dago. Agintariek gertakizunok ikertuko balituzte eta, motiborik dagoen guztietan, beharrezko neurriak hartu, poliziak, identifikazio-txaparekin batera, sinesgarritasunarena eramango luke. Agidanez, batzuek ez daramate ez bata eta ez bestea.

Hildakoak
"Zergatik ahazten ditugu hildakoak?", galdetu zion behin Cesare Pavesek bere buruari. "Dagoeneko erabili ezin ditugulako", erantzun zuen Pavesek berak.


Azkenak
Zestoako Gaztetxearen desalojoa geratzea lortu dute

Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.


Yael Braun-Pivet izango da berriz Frantziako Asanbleako lehendakaria

Frantziako Asanbleak Yael Brau-Pivet hautatu du legebiltzarreko presidente. Lehia aurreikusten zen FHB eta Macronisten artean, eta azkenean, gutxigatik bada ere, lehendakariaren alderdikoak gailendu dira.


Margolan figuratibo zaharrena

Sulawesi (Indonesia) uhartearen hegoaldean, Leang Karampuang kobazuloan hiru irudi antropomorfoz eta basurde batez osatutako margolana aurkitu dute Griffith eta Southern Cross unibertsitateetako eta Indonesiako Agentzia Nazionaleko arkeologoek. Nature aldizkarian argitaratutako... [+]


Leonard Peltierren ihes ukatua

Lompoc (Kalifornia, AEB), 1979ko uztailaren 20a. Leonard Peltier ekintzaile indigenak eta beste bi presok espetxe federaletik ihes egin zuten. Iheskideetako bat kartzelaren kanpoaldean bertan tirokatuta hil zuten; bestea ordu eta erdi geroago atzeman zuten handik milia batera... [+]


Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak

Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela... [+]


Donostiako udaltzainek Parte Zaharreko hainbat gazte “jipoitu eta zauritu” dituztela salatu dute

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu du Donostiako Udaltzaingoak auzoko hainbat gazteren aurka astelehen gauean egindakoa: “Auzoko hainbat gazte futbolean jokatzen ari ziren Trinitate enparantzan, Udaltzaingoa hurbildu eta mehatxuka guztiak identifikatzeko agindua... [+]


Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute

401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.


Hamabost urte beharko dira Gazako genozidioan Israelek sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko

NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.


1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan

Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.


Eguneraketa berriak daude