Luis Nuñez: «Gaur egun ezin daiteke frogatu euskara inoren ahaide denik»


2021eko uztailaren 28an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Hizkuntza honen bizirauteko gaitasun horregatik-edo, asko dira euskaragatik kezkatu direnak, hizkuntzalariak izan ala ez. Aditu ortodoxoak batzuek, heterodoxoagoak besteak eta bere zoroan dabiltzanak hurrengoak, guztiek diote zer edo zer duela gutxi aleman batek Europa osoko hizkuntza zaharra izendatu zuen euskarari buruz. Teorien zurrunbilo horretan, ordea, zaila egiten zaigu jakitea zer izan daitekeen egia eta zer asmakeria hutsa aditu ez garenoi. Bada, arazo horri konponbidea jartzeko asmoarekin egin du Luis Nuñezek El euskera arcaico. Extensión y parentescos, mota guztietako ikerlarien ekarmenen edo usteen oihartzun aztertzaile den ikerketa.

Zeren atzetik zenbiltzan honetan?
Nire azterketak bi atal ditu eta politena hasierakoa da, hizkuntzei buruzko datuak azaltzen dituena, eta aspergarriena bigarrena, baina hain zuzen horrexek erakarri ninduen ni: non aurkitzen den une honetan euskarak dituen harremanen eta ahaidetasunen azterketa jakiteak. Uste dut jende askori interesatzen zaiola gaia, makina bat liburu plazaratu dira euskara egiptoeraren lehengusua edo berberearen ez dakit zer dela dioten teoriei indar guztiz eutsiz. Eta saltzen dira! Badago halako kuriositatea…

Gure hizkuntzaren jatorria ezagutzeko gogoa ote da?
Horrelako zerbait. Dena den, nire helburua benetan nola gauden jakitea zen, eta lortu dudalakoan nago. Ikerketa hau egin eta gero badakit hizkuntza bakoitza non dagoen kokatua balizko zera horretan, hau da, euskararen urrutiko ahaidea izan daitekeen edo inolako zerikusirik ez duen.

Euskara arkaikoa aztertu duzu. Zer ulertu behar dugu horrekin?
Nik deitzen diot horrela, eh! Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitateko adituak oso ortodoxoak dira eta ez dute esamolde hori erabiltzen. Baina niretzat euskara arkaikoa Kristo garaian hitz egiten zen euskara da, hilerrietan aurkitu izan dena, Kristo ondorengoko lehenengo hiru mendeetan-edo hitz egiten zena. Baina, adibidez, nire lanean hainbeste aipatzen dudan Lakarra adituak Etxepare, Lazarraga eta horienari deitzen die euskara arkaikoa.

Zuk aztertutako euskara non hitz egiten zen?
Garona eta Ebro ibaien arteko eremuan. Erromatarrak hona iritsi ziren garaian euskara ia Bordeleraino eta Andorraraino iristen zen. Beharbada gehiago ere hedatuko zen lehenago, badira hori dioten tesiak, baina nire lanean erromatarrak hona iritsi zirenekoa hartu dut abiapuntu, lurraldez lurralde aztertzerako orduan Akitanian, Lleidan, Oskan, Zaragozan, Errioxan, Burgosen zein Sorian non hitz egiten zen eta non ez.

Gaur arte aurkitutako euskararen arrastorik zaharrena?
Akitaniako hilarrietan aurkitutakoa da. Egia da txanponak aurrekoak direla, Kristo aurreko lehen edo bigarren mendekoak, baina, aldiz, ez da segurua txanponetan agertzen den hizkuntza benetan euskara den.

Indoeuropar hizkuntzen erasoaren aurretik inguru hauetan hitz egiten ziren hizkuntzen artean »euskara, tartesiera, iberiera, zeltiberiera, eta lusitanoaren artean» ulertzen diren bakarrak euskararen arrastoak direla diozu. Zergatik hori?
Oraindik euskara bizirik dagoelako. Besteak erromatarrak iritsi ahala galdu ziren guztiz eta ez dakigu ezer haietaz. Berunetan-edo aurkitutako arrastoak dauzkagu, besterik ez, baina horietan ez da deus ulertzen. Berriz, orduko euskara ulertzen da, gaurko euskara erabil daitekeelako. Ez dira euskaraz idatziak daudela ematen duten hitz guztiak ulertzen, baina zer edo zer bai, gaurko euskarari esker.
Koldo Mitxelenak esandako eta zuk jasotako baieztapen batek dio, zehazki hitz eginez, hizkuntza guztiak antzinate bera dutela. Horren arrazoia?
Euskarak izango zuen aitaren bat, eta aitona ere bai, eta birraitona... Noraino iristen den kate hori ez dakigu, katebegi batzuk baino ez ditugu ezagutzen, baina Mitxelenak azpimarratzen zuen esan daitekeela euskara oso zaharra dela, hemen. Besteak baino zaharragoa dela ere esan daiteke, baina hemen, alegia, hitz egiten den tokian edo Europan. Egia da Europan ez dagoela euskara baino hizkuntza zaharragorik, besteak gero etorri zirela, euskara jada hemen zegoenean. Baina, horregatik ezin daiteke esan etorri berri ziren indoeuropar hizkuntzak baino zaharragoa denik, zeren haiek apika bizirik egongo ziren Arabiar Penintsulan edo dena delako lekuan.

Indoeuropar hizkuntzen aurrekoak eta bizirik irauten duten beste batzuk ere aipatzen dituzu: kaukasiarrak eta finiera. Horiek ere euskara bezain zaharrak izango dira bada?
Bai. Duela 6.000 urte inguru indoeuroparren inbasioa gertatu zenean, Europan hitz egiten ziren hizkuntzetatik asko desagertu ziren eta ez dakigu haietaz ezer. Euskarak, finierak eta hizkuntza kaukasiarrek bakarrik iraun zuten bizirik, eta horrela jarraitzen dute, baina finiera eta hizkuntza kaukasiarrak muga-mugan daude, ez Europa barruan. Finiera han goi-goian dago, eta kaukasiarrak mintzo diren tokiak ia-ia Asia dira. Bestalde, hungariera ere ez da indoeuropar hizkuntza, baina IX. mendean etorri zen Europara eta, beraz, postindoeuropera da, euskara preindoeuropera den bitartean.

Zein izan zen euskara arkaikoan eragin gehien izan zuen hizkuntza?
Latina. Zeltierak oso eragin gutxi izan du euskaran, nahiz hainbat hitz badauden. Adibidez, Zegama, Deba edo Ultzama hitz zeltak direla diote.

Euskarak ba al du oraindik gorde eta antzeman daitekeen ahaiderik?
Garai batean esaten zen euskara Afrikatik zetorrela iberierarekin ahaidetasuna zuelako. Eta iberierarekin ahaidetasunik izan dezake »nik uste dut baduela, gainera», baina iberieraren jatorria ez zen Afrika, orain esaten dute Europa osoko hizkuntza zaharra dela, eta beraz, iberierak eta euskarak izan dezakete nolabaiteko lotura, baina Afrikarekin inongo zerikusirik ez duena. Bestalde, berbere hizkuntza aitatzen du askok »Tovarrek, adibidez,» baina nik ez dut uste ahaideak izan daitezkeenik, berberea oso hizkuntza ezberdina delako: kamitikoa da eta egitura oso ezberdina du euskararen aldean. Berriz, badirudi euskarak antzekotasun gehiago duela Europa ekialdeko hizkuntzekin, turkierarekin eta horiekin, baina arrasto txiki-txikiak eta oso desegituratuak daude. Horrela bada, gaur egun ezin daiteke frogatu euskara inoren ahaidea denik.

Federiko Krutwigek guantxea ere aipatu zuen…
Esate baterako! Guantxeak oso fonetika euskalduna du. Baina Krutwigek aditz bat ere ondorioztatu zuen, eta hori… ez da egia. Nolanahi ere, guantxea aztertu beharreko hizkuntza iruditzen zait niri. Espainolak Kanarietara joan ginenean »hala diot euskaldunak ere konkista hartan baitziren», desagertu zen hizkuntza, baina frantziskotar batzuek jaso zituzten hainbat errefrau eta esaldi beren itzulpenarekin. Gero etorri ziren italiar batzuk eta gauza bera egin zuten, eta aleman batek bildu ditu horiek guztiak, eta baditugu berrehun edo hirurehun esamolde bere itzulpenarekin. Gainera hiztegi moduko bat ere badago.

'El euskera arcaico' liburua
Luis Nuñezek Sorbonako unibertsitatean ikasi zuen Linguistika eta Soziologia. Baita euskara ere. Hizkuntza honen irakaskuntza eta egoera aztertzen zuten hainbat ikerlanen egilea da. Egin egunkariko erredaktoreburu izan zen, eta itxi zutenean, Euskal Filologiako zenbait ikasturte egiteari ekin zion Euskal Herriko Unibertsitatean, Gasteizen. Eta hain zuzen ere orduantxe hasi zen El Euskera Arcaico. Extensión y parentesco lanaren oinarriak ikertzen. Gero proiektua osatu eta Errenteriako Udalak antolatzen duen Koldo Mitxelena ikerketa bekara aurkeztu zuen, eta 2002. urtean emandakoari esker egin ahal izan zuen Txalaparta argitaletxeak kaleratutako El Euskera Arcaico. Extensión y parentescos liburuan jasotzen den ikerketa. Nolanahi ere, bere lanak bi argitalpen ezagutu ditu aldi berean: aipatu berri duguna eta Errenteriako Udal Artxibo Zerbitzuko Bilduma aldizkariaren 17. zenbakian plazaratu zuen Parentescos y antigua extensión del euskera izenburukoa. Biak ala biak irakurketaren ulermena errazten duten berrogeita hamar inguru mapa eta grafikoz horniturik agertzen dira.

Azkenak
Zestoako Gaztetxearen desalojoa geratzea lortu dute

Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.


Yael Braun-Pivet izango da berriz Frantziako Asanbleako lehendakaria

Frantziako Asanbleak Yael Brau-Pivet hautatu du legebiltzarreko presidente. Lehia aurreikusten zen FHB eta Macronisten artean, eta azkenean, gutxigatik bada ere, lehendakariaren alderdikoak gailendu dira.


Margolan figuratibo zaharrena

Sulawesi (Indonesia) uhartearen hegoaldean, Leang Karampuang kobazuloan hiru irudi antropomorfoz eta basurde batez osatutako margolana aurkitu dute Griffith eta Southern Cross unibertsitateetako eta Indonesiako Agentzia Nazionaleko arkeologoek. Nature aldizkarian argitaratutako... [+]


Leonard Peltierren ihes ukatua

Lompoc (Kalifornia, AEB), 1979ko uztailaren 20a. Leonard Peltier ekintzaile indigenak eta beste bi presok espetxe federaletik ihes egin zuten. Iheskideetako bat kartzelaren kanpoaldean bertan tirokatuta hil zuten; bestea ordu eta erdi geroago atzeman zuten handik milia batera... [+]


Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak

Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela... [+]


Donostiako udaltzainek Parte Zaharreko hainbat gazte “jipoitu eta zauritu” dituztela salatu dute

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu du Donostiako Udaltzaingoak auzoko hainbat gazteren aurka astelehen gauean egindakoa: “Auzoko hainbat gazte futbolean jokatzen ari ziren Trinitate enparantzan, Udaltzaingoa hurbildu eta mehatxuka guztiak identifikatzeko agindua... [+]


Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute

401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.


Hamabost urte beharko dira Gazako genozidioan Israelek sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko

NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.


1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan

Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.


Eguneraketa berriak daude