Jose Ramon Beloki: «Distentsiorako jokalekua oso zirriborrotsu dago oraindik»

  • Kazetari gisa aritua eta ezagutua. Espainiako Estatuko Kongresuko diputatu berria da EAJren izenean. Hedabide eta administrazioko lanetan osatu du bere ibilbide profesionala. Gipuzkoako Foru Aldundian diputatu gisa azkenekoz. Alabaina, politikan ia-ia sartu berria den sentipenarekin ari dela azaldu digu. Estatuko politikan izan den aldaketaren aurrean denborari denbora emanez eta urratsez urrats joan beharra ere azaldu digu.

2021eko uztailaren 27an
Trantsizio garaian aurkitu dugu Jose Ramon Beloki. Kargu batetik bestera aldatzeak ekartzen dituen betebeharrak taxutzen: «Trantsizio uneak zalantzakorrak dira, gorabeheratsuak. Gauza batzuk badakizkizu, beste batzuk ez. Tarte horretan ari naiz, aldaketak kudeatzen», adierazi digu solasaldiaren hastapenean.
Azken hauteskundetako emaitzek Espainiako Estatuaren politikan aldaketa garaia ekarri ote duten galdetu diogu: «Guk hori nahi dugu. Eta ekarriko ez balu, beste behin ere, Madrilgo Gobernua okerreko bidetik sartuko litzateke. Aldaketarako aukera badago, baina aldaketa gauzatzeko borondaterik edo adorerik dagoen ikuskizun dago. Politikan deklarazio orokorregiak egiten dira, deklarazioek letra behar dute ordea».
Hauteskundeak Madrilgo sarraskia gertatu eta hiru egunetara burutu ziren. Aldaketan funtsezko gertaera, antza.

Zer aldatu da Estatuko politikan martxoaren 11ren ondoren?
Hori da denok geure buruari galdetzen dioguna. Erantzuna aldiz denboraren joan-etorrian ikusten joan behar dugu. Zerbait aldatzera doa. Adibidez, Miguel Angel Moratinosek »ziur aski Kanpo arazoetarako ministro berria» honela esan du: "Autokritika egin behar dugu terrorismoari buruz eraman ditugun planteamenduetan eta beste bide batzuei ekin". Hori martxoaren 11ren ondorengo gogoeta da. Jarrera horrek modu bateko edo besteko aplikazioak izango ditu, baina, zenbait puntuei begira itxaropentsuak izan gaitezke.
Nire irakurketaren arabera, hauteskundeen emaitzek Euskal Herriko egoera beste ikuspegi eta trataera batetik hartzera behartuko du Espainiako Estatua, baita autokritika egitera ere. Une honetan ezin dugu azkarregi joan ordea. Espektatiba batzuk badaude baina horiek datozen hilabetetan zertan zehazten diren ikusi beharko dugu.

Trantsizio garaian gaudela esan zenuen hauteskunde kanpainan. Rodriguez Zapatero garaile atera ondoren zer espero duzu PSOEren aldetik?

Nik ez dut besteengan nire buruaren konfiantza jartzen. Euskaldunok, beste behin ere, trantsizio garaian gaudela jabetu behar dugu eta trantsizioa guk geuk hartzen dugun jarreraren arabera gauzatuko dela. Ni ez nago Zapaterok egingo duenaren zain, guk Euskal Herrian egingo dugunaren zain nago. Trantsizio hau edukiz betetzearen ardura gure gain hartu behar dugu. Hori egin ondoren, Zapaterok erantzun bat eman dezala, eta haren adore eta nahia baloratuko ditugu.

Zapaterok hainbat konpromiso hartu ditu. Distentsiorako jokalekua prestatzen ari omen da. Pauso horiek aski ote dira?

Nondik gatozen kontuan izanik beharrezkoak bai, baina aski ez. Orain arte Aznarren jarrera ez hitz egitea izan da, Aznarren jarrera edota Aski da! taldearena oro har. Eta jarrera horretan PPren nahiz PSOEren jarrerak bildu dira. Puntu batzuetan ados jarri eta «besteekin ez dugu hitz egingo, besteak menperatuko ditugu», esan dute. PSOEk estrategia horretatik atera nahi duela dirudi. Ateratzeko ordea, PPtik urrutiratzen hasi behar du, bere jarreraz hitz egin behar du. Moratinosek esandakoa eta Aznarrek esandakoa alderatzen baditugu, oso bestelakoak dira. Aznarrek lehengo lepotik du burua, baina Aznarrek esandakoak ez ditugu bakarrik bere ahotik entzun, PSOEko zenbait kideren ahotik ere entzun ditugu. Lehen pausoak ematen ari dira, aldaketa ikuskizun dago, distentsiorako jokalekua oraindik oso zirriborrotsua dago.

Itun Antiterroristaren bilakabideak argitu ote dezake jokalekua? Non dago gakoa EAJrentzat?

Ezer baino lehen EAJrentzat gakoa euskal nazioaren ezagutza juridiko politikoa lortzea da. Gako horren bila joan behar badugu. Izan ere, gauza bat da terrorismoaren aurkako jokamoldea, eta horretan diagnosi ezberdinak daude. Itun Antiterrorista izan da haien azken diagnosia. Guk geurea dugu, bestalde. Bi diagnosi horiek kontrajarriak dira. Orain PSOEri entzun diogunez, diagnosia berpentsatu nahi dute. Berpentsa dezatela terrorismoaren aurkako diagnosian, baliteke gurekin diagnosi bateratu batera iristea. Baina hori puntu bat baino ez da. Guretzat, Euskal Herriaren barrenetik begiratuta, gakoa Euskal Herriari ezagutza juridiko politikoa onartzea da. Lehia hor dago eta horretan kokatu nahi ditugu gure indar guztiak.

Gakoetako bat ETAren ondorengo garaian jokaleku politikoa zehaztean datzala, esan duzu inoiz. ETAren ondorengo garaia hurbilago al dago?

Hauteskunde kanpainan, ezker abertzaleari zuzendutako hitzen artean, Axularren Gero liburuaren hitzak erabili ditut: "gauzak geroaren gerorako utziz ez dutela irtenbiderik...". ETAren ondorengo garaia etorri badator. Une honetan eztabaida gure mapa politikoaren inguruan kokatzea da. Ondoren, etxe barruan etorriko dira lehiak, etorri behar dute, baina lehia etortzerako jokalekua taxutua izan behar dugu. ETAren ondorengo jokaleku politikoa etorri da, pausoz pauso taxutzen ari gara. Ez dugu bat-batean ikusten, baina gertakizunek jokaleku hori azaltzen digute egunez egun, poliki-poliki.

Etxea aipatu duzu. Etxe kontzeptua EAJren azken txostenean idatzita dagoen nazio zibiko kontzeptuarekin uztartzen ahal da? Sozialistek eta popularrek etxe hori baztertzailea dela esango dute berriz ere.

Bai, baina funtsean, ez ote dugu hitza izango euskaldunok? Sozialistek eta popularrek hori erabaki behar dute. Alegia, haiek ere etxe honetako partaideak izatea. Bestela, nola uztartzen al dira bi ideia hain kontrajarriak? Gainera, horrek ez du esan nahi zu etxe bakarrekoa zarenik. Zuk etxe gehiago badaukazu izatea. Lehenik kontuan har dezagun etxe honetan zer erabakitzen dugun, eta gero etxe handiago baten parte izan nahi baduzu, izan zaitez. Hori euskal esparru juridiko politikoa onartzea da. Horretan oinarritzen da etxearen kontzeptua. Ibarretxe Planaren bidez elkarbizitzarako plan bat proposatzen dugu, baina ezagutza politiko juridikoa oinarri duelarik. Elkarbizitza planak ez du esan nahi oinarririk gabeko elkarbizitzarako plana denik, elkarbizitzak berez ez dira onak edo txarrak, planteatzen diren araberakoak dira. Lehenik hori definitu behar da, eta ondoren mila gauza plantea daitezke.

Zer iritzi duzu ETAk azkenaldian adierazi duenari buruz?

ETAren adierazpenak ezin dira aintzakotzat hartu azterketa politikotik. Ni batek mehatxatzen nauen bitartean, horrek berak ezin dit aldi berean elkarrizketa proposatu arazoa konpontzeko. Demokrazian hori ez da posible, elkarbizitzan ezin dira bi jokamolde horiek josi. ETAk mehatxatzeari uztearen eta hitz egitearen artean hautatu behar du, bi jarrerak ezin baitira inolaz ere uztartu.
Jesus Egigurenek Ibarretxe Planaren eztabaida erretiratzea eskatu du Eusko Legebiltzarrean. PSE-EEk Estatutua planteatu du berriz ere. Bidea erreforma dela esan dio hirukoari. Ibarretxe Plana ezker abertzalearen bidea hartzea dela dio, hausturaren bidea.

Hausturaren ideia horrek duela 25 urteko trantsizioa gogorarazten dit, PSOEk haustura demokratikoa aldarrikatu zuen orduan. Gero zer egin zuen, ordea? Jarrera hauek, beste behin ere, ñabarduraz josiak daude. Adibidez, Rodolfo Ares sozialistari honela galdetu diote: "Orduan Gizarte Segurantzaren Kutxa emango al diezue nazionalistei?": "Ez, ez. Hori ez da posible", erantzun du. Egigurenek erreforma hitza aipatu du. Tira, bazuen esatea zer-nolako Gizarte Segurantza nahi duen. Gernikako Estatutua ez badute bete, zein erreformaz ari da? Aresek esandakoaren ildoko erreformaz? Finean, hitz potoloekin ari gara. Hitzak zehaztu behar dira eta edukiz bete. Alegia, hitz potoloen azpian esaten dena zehaztu beharra dago. Eta alde horretatik, guri haustura nahi dugula esaten digutenean beren jarrerak zuritzeko jokoa egiten dute. PSOEk lehenik bere burua argitu behar du eta ondoren erantzun garbiak eman.

Bestalde, EAJk hauteskundeetan lortutako emaitzak ustekabekoak izan al dira zuretzat?

Gure aldeko boto igoera ez da kanpainan esandakoaren ondorioa. Euskal Herrian gero eta boto eskarmentatuagoa dago. Gu sendotzen ari gara. Hauteskunde hauek oso konplikatuak izaten dira guretzat. Aurreko boto kopuruari eutsiko ote genion pentsatu genuen. Hala ere, guretzat ez da ezustekoa izan.

Madrilgo «Ez»ari «Bai» batekin erantzungo duzuela esan duzue. Zertan funtsatzen da bai hori?

Hasteko Euskal Herriak Estatuarekiko harremanetan bere burua argitu beharra ikusten dugu. Eta hori Euskal Legebiltzarrean abiatu den prozesuaren bidez egin nahi dugu. Nire esperantzak horri begira daude Madrilera begira baino. Adibidez, EAJko diputatuek Espainiako Kongresuan historikoki izan duten eginkizuna hauxe izan da: Lizarrako Estatutua egin zenean diputatuak Madrilera joaten ziren hura defendatzera, hori izan da EAJren prozedura historikoa. Une gakoetan zer egin behar dugun Madrilen? Bada, herriak esaten duena. Alde horretatik herri hau bezain ausarta izango gara eta Madrilen herri honek nahi duena defendatuko dugu.

Zer-nolako politika egin nahi du EAJk Madrilen? Zapaterori konfiantzazko botoa eman diezaiokezue?

Oraingoz ez dugu jarrera zehatz bat hartu. PSOEk egingo dituen proposamenen zain gaude. Denbora hartu behar da egoera argitzen joan dadin. Zapateroren proposamenaren arabera neurtuko ditugu gure aukerak.

Azkenik, Katalunian CiUk porrota jaso du. Hemen, berriz, EAJk boto baliagarria edo desenkantuaren botoa jaso du nolabait. Han alternatiba bat gauzatu da hirukoaren bidez, hemen ez dirudi horrelako aukera dagoenik. Hori demokraziaren osasunerako ez da ona.

Ados. Baina alternatibak ezker abertzalearen mundu soziologikotik etorri behar luke. Mundu horretan ari diren askok ez du alternatibarik, eta arazo hori batez ere haiek konpondu behar dute, ETAren ondorengo gizarte politikoa ezker abertzaleak konpondu behar du, hori ez da EAJren arazoa, ezker abertzale soziologikoarena baizik. Hauteskundeetan ezkerreko abertzaletasuna hiru auto-definizioetan bildu da: EA, Aralar eta Batasunaren boto baliogabean. Benetako alternatiba izan nahi badute, bereziki azken hauek erabaki behar dute. Eta hobe gaur egiten badute bihar baino.


Azkenak
ANALISIA
Aznarrek lagundu diola Aitor Estebani?

Aitor Esteban izango da EAJko EBBko hurrengo lehendakaria eta jeltzaleek salduko dute horrela, zuzendaritza berrituta, buruzagitza berria prest dagoela alderdiaren berrikuntza prozesuarekin jarraitzeko.


Udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldia Donostian, Astigarragan eta Usurbilen

Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]


“Mezu faxistak” zabaltzen dituen EHUko Arabako Campuseko irakaslea salatu du Ikamak

Gasteizko EHUko Farmazia Fakultateko irakasle batek sare sozialetan “mezu faxistak” zabaltzen dituela salatu du Ikama ikasle taldeak. Joan den irailean, EHUk Leioako Campuseko irakasle bat kanporatu zuen sare sozialetan zabaltzen zituen mezuengatik.


Raimundo el Canasterori babesa adierazi diote 230 musikarik, eta musikaren bidez boterea kritikatzea zilegi dela aldarrikatu dute

Belako, Chill Mafia, Eñaut Elorrieta, Fermin Muguruza, Ibil Bedi, J Martina, ØDEI, Olaia Inziarte, Nøgen eta Tatxers daude sinatzaileen artean. 237 musikariren zerrenda argitaratu dute.


'Itzal(iko) bagina'
Hemen gezurra nagusi

Itzal(iko) bagina
Taldea: Lokatz Loreak.
Aktoreak: Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao.
Zuzendaria: Iraitz Lizarraga.
Noiz: otsailaren 2an.
Non: Usurbilgo Sutegi aretoan.

-------------------------------------------------------
 
Bertsoa bertsolaritza,... [+]

Behe Bidasoako eraso faxistak eta Devenir Europeo

Eraso faxistak, xenofoboak edo homofoboak gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian ere, eta kezka barreiatu da han-hemenka. Behe Bidasoa da eraso horiek pairatzen dituen eremuetakoa, eta hor, zehazki, eraso edota ekintza gehienak Devenir Europeo (Europaren bilakaera) izeneko... [+]


Argitaratu gabeko 36ko gerrako bideoak eskura jarri ditu Los Angelesko Unibertsitateak

Donostiako eta Gipuzkoako beste udalerrietako irudiak ikus daitezke unibertsitatearen webgunean.


2025-02-07 | Aiaraldea
Amurrioko Udal Gobernuari entregatu dizkiete Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza berrezartzearen aldeko 1.700 herritar eta eragileen atxikimenduak

Komunikabideko hainbat langile eta bazkide bertaratu ziren duela astebete Amurrioko Udaleko plenora, dirulaguntza bigarren urtez ezabatu dela salatzeko. Txerra Molinuevo alkateak ez zuen inolako erantzunik eman.


Erorien Monumentuko sinbologia faxista duten elementuak kentzeko eta interpretazio zentroa sortzeko lege proposamena aurkeztu dute

PSN, EH Bildu eta Geroa Bai talde parlamentarien sinadurarekin aurkeztu da gaur eta onartua izateko babesa izango du.


2025-02-07 | Gedar
Txantreako Eunate ikastetxeko irakasle erasotzaileak alde egitea lortu dute ikasleek

Iruñerriko IAk azaldu duenez, irakasle horrek ikasleak sexualizatu eta bortxaketak justifikatu zituen. Aurreko ostiralean eserialdi bat egin zuten eta sinadura bilketa bat izan dute martxan, irakaslea botatzeko.


2025-02-07 | Uriola.eus
Bi gizonek eraso homofobikoa salatu dute Bilbon

Lauzpabost pertsonak osatutako talde batek jo egin zituzten baita irain homofoboak egin ere.


2025-02-07 | Euskal Irratiak
Ximun Fuchs
“Euskal irainak baitezpadakoak zaizkigu, elbarritu emozionalak ez gaitezen izan”

Le Tampographe Sardon enpresak salgai ezarria du 24 laidoko zigilu-kutxa. Sarean eskuragarri da. Ximun Fuchs aktoreak du hautaketa lana egin, irainak "lan tresna" baitira beretzat.


Aktibismoan osasun mentala zaintzeko zenbait tresna

Aktibisten ezinegonak bildu, eta horiek kolektiboki lantzeko gida bat sortu dute zenbait aktibistek. Besteak beste, estresa, beldurra, frustrazioa eta nekea landu dituzte.


Eguneraketa berriak daude