Auzolanaren bertsio berritua


2021eko uztailaren 28an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Marisolek lagunekin afaria zuen aurreko ostiralean elkartean eta berari tokatzen zitzaion postrea eramatea. Sekula ez du, ordea, esku finegirik izan pasteltxoak egiteko. Piliri eskatu zizkion eta hark gustura egin. Aste honetan, Pili etorri zaio eskean. Aspalditik dauka jaka bat kremailera puskatuta, eta komeniko litzaioke konpontzea. Trebea da horretan Marisol.

Bi auzokideren eskaintzak eta beharrak uztartzen ditu denboraren bankuak. Eskaintzen edo eskatzen den hura egiteko behar den denbora da trukatzen den bakarra.

Bilboko Abusu auzoan dagoeneko abian den ekimen berritzailea da. Berez Euskal Herrian garai batean hain hedatua egon zen auzolanaren oso antzekoa da izatez, baina berritzailea, gaur egun eta batez ere hiri handietan, bizimoduaren abiadura geldiezinak, askotan auzotarren arteko elkarrezagutza ere, eragotzi egiten duelako.

Denboraren bankuak, ordea, garai bateko auzolanak baino egitura antolatuagoa du. Elkarte baten bueltan sorturiko ekimena da, idazkari batek koordinatua eta funtzionamendu arau batzuk jarraitzen dituena.

Europa iparraldean sortu eta garatu ziren lehenengo proiektuak eta badira ia hamabost bat urte Bartzelonako Eixample auzoan ideiari heldu ziotela. Euskal Herrira handik ekarri da.

Abusun abiapuntua

Esperientzia hura ezagutzean, Abusu auzoko Andre Berri emakume elkarteak interesa erakutsi zuen horrelako ekimen bati heltzeko eta laster batu zitzaizkion Bilboko Udaleko Hiritarrekiko Harremanetarako Saila eta Deustuko Unibertsitateko Pedagogia Fakultatea.

Andre Berri emakume elkarteak, ohiko zituen tailerrez gain, ekimen berritzaileak egitea gura zuen. Bilboko Udalak hiritarrekiko harremana sakontzeko aukera eta boluntariotzaren esparru berri bat ezagutzeko bidea ikusi zuen. Deustuko Unibertsitateak, aldiz, Pedagogiako Practicum proiektuan zituen ikasleentzat esperientzia berri bat zabaldu nahi izan zuen. Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu ditu.

Uneotan hamalau kide ditu bankuak. Zerrenda batean, kide horietako bakoitzak dituen eta gainerakoei eskaintzen dizkien abileziak biltzen dira. Alboan, gustura zer jasoko luketen ere jartzen du. Bakarren bati beharren bat sortzen bazaio, Marisoli pasteltxo beharra sortu zitzaion bezala, zerrenda horretara jotzen du, ea hori nork eskain diezaioken ikustera. Elkarrekin hitz egin, dena adostu eta txeke bat egin behar dute. Txeke horretan agertzen da zerbitzu emaleak zenbat denbora eskaini dion auzotarrari. Pilik ordu eta erdi behar izan zituen pasteltxoak egiteko. Zerbitzua jaso duenak, bere denbora eta abileziak eskainiz ordainduko du jasotako mesedea. Marisolek ordu eta erdi zor dio beraz bankuari. Bankuko kide den edozein izan daiteke bere laguntzaren onuraduna, ez du zertan Pili izan behar, nahiz eta oraingoan hala tokatu den.

Trukerako "zerbitzu" ugari

Abusu auzoan proiektuan parte hartzen ari diren hamalau lagunetatik, hamahiru emakumeak dira. Jaime da gizonezko bakarra. Etxeko konponketak egiteko, kristalak garbitzeko, txakurra paseatzeko eta tarteka norbaiti garraio zerbitzuak egiteko prest dago bera. Berari ondo etorriko litzaioke, tarteka, bakarren batek sukaldean jakiak prestatzea edota etxea nola atondu erakustea.

Laguntza hauetaz gain, bitxien konponketa, ipuinak kontatzea, masajeak ematea, jostea, eskolatik umeak jasotzea, erosketak egiten laguntzea, euskarazko itzulpenak egitea edota etxebarrua dekoratzen laguntzea eskaintzen dute bankuko kideek. Ez da, ordea, zerrenda itxia. Kideren batek beste beharren bat izanez gero, eta norbaitek bere burua hori egiteko gai ikusiz gero, bidea zabalik du.

Marisol Trevilla denboraren bankuko idazkariaren esanetan, "kostatu egiten da mesedeak eskatzea, lotsatu egiten garelako. Baina gehiago kostatzen da guk zer eskaini dezakegun zehaztea. Askotan iruditzen zaigu ez dakigula zer eskaini".

Denboraren bankuko idazkaritzak, Concha Maiztegi, Deustuko Unibertsitateko irakasleak gidatzen dituen ikasleen laguntza jasotzen du, proiektua antolatzeko. Tarteka, bankuko partaide guztientzat bilkurak antolatzen dituzte. Abusuko auzo etxean elkartzen dira eta truke kolektiboak egiten dituzte. Berriki, esaterako, bakailaoa nola prestatu erakutsi zien gainerakoei kide batek. Aitzakia horrekin, ordura arte egindako trukeen berri eman zioten elkarri eta hurrengo trukeak errazteko harremanak estutu zituzten.

Konfiantza lortu arte...

Izan ere, proiektuak funtziona dezan, ezinbestekoa da denboraren bankuko partaide direnen artean konfiantza sortzea. Kostatu egiten da ezezagun bati mesede bat eskatzea eta are gehiago, norberaren etxeko ateak zabaltzea.

Iazko ikasturtean, proiektua abian jartzea zen helburua, auzoan ezagutzera ematea eta partaideak lortzea. Behin hori lortutakoan, trukeekin hasi dira. Trukeak maiz egiteko, ordea, denbora behar da eta proiektuaren arduradunek badakite poliki garatuko dela.

Abusu auzoan abiatu arren, oso urrutiko ez diren bizilagunek (Alde Zaharra, San Frantzisko, Santutxu, Basauri…) ere parte har dezakete. Dena den, ez da komeni bankuko kideak elkarrengandik urrutiegi bizitzea, horrek trukeak zaildu baititzake.

Justo Ezenarro eta Mari Jose Miralles, Bilboko udaleko hiritarrekiko harreman saileko teknikariek diotenez, "galdu dugun auzolana berreskuratzeko bide bat da. Hori lortu nahi dugu, auzoan giza harremanen sarea hedatzea, baina era desberdin batean".

Gehienez 120 kide izan ditzake denboraren banku batek. Behin kopuru hori gaindituz gero, beste banku bat osatu behar da, talde handiegiak elkar ezagutza zaildu dezakeelako. Bartzelonan, adibidez, sei banku daude.

Abusun, inguruko bizilagun guztientzat ateak zabalik daude. Dena den, proiektuaren arduradunek nahiago dute euren indarra, osaturik dagoen taldea egonkortzera bideratzea, partaide berriak lortzera baino.

IRUÑEKO BANKUA GELDI
Bilbon baino lehen abiatu zen denboraren bankua Iruñean. 2000ko udan, Asima emakume elkarteak bultzatuta sortu zen San Juan auzoan. Han ere Bartzelonatik ekarri zuten ideia. Hasi orduko hogei bat kidek eman zuten izena. Bilbon ez bezala, gizonezkoak izan omen ziren gainera, trukean hasteko ausartenak.
Abiapuntua San Juan auzoa izan arren, Iruñea handiegia ez zela eta bankuko kideak hiriko beste auzoren batekoak izateak zailtasunik ez zuela ekarriko pentsatu zuten. Eremu zabalagoa izanagatik, ez du horrek eragozpenik ekarri proiektua gauzatzeko.
Azkenaldian, ordea, geldi antzean dago proiektua. Rosa Hualde Asima elkarteko kideak azaldu digunez, egoitzarekin nahikoa arazo izan ditu elkarteak eta denboraren bankua bultzatzen jarraitzeko ez dute modurik izan. Aurtengo ikasturtean apenas egin duten trukerik. Dena den, lehenbailehen proiektuari gogotik heldu eta berrindartzeko gogorik ez zaie falta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Auzolana
‘Eutsi geureari’ goiburuarekin abiatu da Errigoraren udaberriko kanpaina

Nafarroako erdialde eta erriberako nekazariei eta euskalgintzari babesa adierazteko produktu loteen eskaerak egin daitezke Errigora. eus webgunearen bitartez. 'Eutsi geureari'  izeneko kanpaina abiarazi zuten atzo eta martxoaren 13ra arte aukera dago saski horietako... [+]


Auzokoak egindako lanaz

Udazkena etorri da aurten, ni fede handirik gabe nengoen arren. Ez dakit zein mirari tarteko, hostoek erabaki dute orbel bilakatzea; eta jantzi egin dituzte bideak eta bazterrak, gorriz, laranjaz, horiz eta berdez. Zuhaitz guztiek bat egin dute manifestazio erraldoian, baita... [+]


14.000 saskitik gora saldu ditu Errigorak, eta 185.000 euro bideratuko ditu euskalgintzara

Hamar urte dira saskiekin hasi zirela eta bi milioi euro bildu dituzte guztira.

 


Errigora, hamar urte euskarari puzka

50 euroko saski bakar eta "biribila" eta komunitatea batuko duen argazki erraldoia atera nahi dituzte urteurrena ospatzeko kanpainan. Azaroaren 9ra bitartean egin daiteke saskien eskaera.


2023-10-11 | Leire Artola Arin
Emakume baserritarrak, funtsezkoak bezain ahaztuak

Baserritar bat abereak gobernatzen edo traktorea gidatzen irudikatu beharko bagenu, ziurrenik gizon heldu bat imajinatuko genuke. Erreportaje honetarako elkarrizketatu ditugun baserritarrek, ordea, erakutsi digute iruditeria folkloriko horren atzean badaudela landa eremutik... [+]


Ludoteka euskaldunak Nafarroa erdi eta hegoaldean, aisialdian ere haurrak euskaraz aritu ahal izateko

Nafarroa erdi eta hegoaldean euskaraz ikasi bai baina erabiltzeko aukera gutxi du haur askok. Herri horietan aisialdia euskaraz gozatu ahal izateko asmoz jaio ziren Jolasteka ludoteka euskaldunak. Ikasturte honetan gutxienez 16 herri, 22 jolasteka eta 3 eta 12 urte arteko 211... [+]


2023-08-28 | Ilargi Manzanares
Duela 40 urteko uholdeei emandako erantzun herritarra omendu dute Bilboko Konpartsek

Elkarlan Uholdea kanpainaren ekitaldi nagusia egin dute larunbatean. Elkarlanari eustera deitu dute, Lurraren beroketaren ondorioz ugaritu litezkeen muturreko klima gertakarien aurrean.


Suteei aurre egiteko, auzolana eta elkar-laguntza

Iazko udan suteek panorama iluna utzi zuten Nafarroan, argazkiko San Martin Unxen lurren %95 kiskali zuten. Asko hitz egin zen hedabideetan suteek eragindako kalteez, baina nola aurre egin gero eta sute gehiago eman daitezken testuinguruari? Nafarroako Gobernuaren interes falta... [+]


Errigorako zazpi ekoizleren produktuak 20 jantokitan zerbitzatuko dituzte irailetik aurrera

Errigoraren baitan dauden ekoizleetatik zazpik parte hartzen dute jantokietarako formatu eta eskaintzan egokitzapenak eginez. Ager eremuko baratzeetan dauden produktuak prestatzen dituzte. Produktu horiek jantokietan sartuz gero, euskal lurraldeen artean "harreman iraunkor... [+]


2023-04-05 | Ahotsa.info
120.000 litro olio banatuko ditu Errigorak 9.000 eskaritan

Osotara, 9.000 eskaera jaso ditu euskara eta elikadura burujabetzaren aldeko ekimenak 'Eskutik eskura' udaberriko kanpainan. Laster Euskal Herriko txoko guztietara iritsiko dira eskaerak.


Fedibertsoaren laguntzarekin Texas Observer hedabideak irekita jarraituko du

Texas Observer AEBetako irabazi asmorik gabeko hedabide aurrerakoi bat da, 1954an sortua. 2022ko udazkenean, Elon Muskek Twitter erosi zuenean, Mastodoneko zerbitzari propio bat (texasobserver.social) sortu zutelako egin ziren ezagunak sare sozial libre eta deszentralizatuen... [+]


Errigora identifikatzailea sortu dute lau baliotan oinarrituta

Euskara, elikadura burujabetza eta auzolana bultzatzea dira Errigoraren helburu garrantzitsuenak. Bost ekoizlerekin hasi ziren 2013an, baina gaur egun dagoeneko 23 dira, eta beraz, urrats bat gehiago eman beharra sentitu dute: Errigora identifikatzailea.


2022-12-22 | ARGIA
Errigorak 85.000 euro bildu ditu udako suteen kalteei aurre egiteko kanpainan

Ekainean Nafarroak inoiz jasan gabeko kalteak izan zituen suteen ondorioz. Errigora ekimenak diru bilketa abiatu zuen uztailean, ondorioak bideratu ahal izateko eta "lurrarekiko begirunez jardungo duten ereduak" sustatzeko. 85.000 euro bildu dituzte Euskal... [+]


Eguneraketa berriak daude