Mozkortu gabe, ajerik ez

Herritarrak gezurraren aurka matxinatu dira. Askatasunen murrizketa amaitu da. Urdazi La Farolako zuzendaria izanen da. Honek guztiak aldaketak ekarriko ditu Euskal Herrira. Jite horretako esaldi ugari entzun ditut Espainiako Gorteetarako Hauteskundeen ondotik. Nago mozkortu garela. Hego Euskal Herrian azken zortzi urteotan pairatu ditugunak pairatu eta gero, mozkortzekoa baita Jose Maria Aznar jauna, begiak gorriturik, buru makur, etsita, politikoki gorpu indarge bilakaturik, Genova kaleko egoitzako leiho batetik agur esaten ikustea. Minutu eskas bat izan zen. Minutu eskas zoragarria, betiere. Ajerik nahi ez duenak baina, mozkorra saihestu behar, gehiegizko baikortasuna ekidin behar.

Itxura guztien eta analista gehienen arabera, M-11ko sarraskiaren egileei buruzko hipotesi faltsua zabaltzeagatik M-14an gogor zigortu dute boto-emaileek PP. Irakurketa baikorra egiten ahal da: herritarrek gezurrari eta gezurtiei aurre egin diete. Baina, halaber, pentsatzekoa da boto-emaileak M-11ko atentatuen inguruan popularrak gezurretan ari zirela jabetu baziren, aurretik ohartuko zirela Irakeko okupazioari, Prestigeren hondoratzeari, Euskal Herriko gatazkari buruzko gezurrez. Hartara, herritarrek kontzienteki onartu dituzte Aznarren, Raxoiren, Acebesen gezurrak, ziria pornografikoa izan den arte, iruzurra 200dik gora gorpuren gainean eraiki duten arte. PPren beherakada ez da horrenbestekoa izan. Katalunian, PSC-PSOEk PPk baino 15 diputatu gehiago lortu ditu. Estatuan, oro har, aldea 16koa izan da.

Hartara, «ZP, Zapatero Presidente» lelo leloa izatetik ezusteko errealitate, baina finean errealitate, izatera igaro da. Baikor jarrita, pentsatzekoa da Zapaterok eten eginen duela PPk abian jarritako askatasunen murrizketa prozesua. Alta, ezin ahantzi zer testuingurutan helduko den Zapatero Moncloara: Europako Batasunean sekula izandako atentaturik odoltsuenen ondoren, eta ondorioz. Irailaren 11 eta gero, munduak oinarrizko eskubideen aurkako lege oldea pairatu zuen. Amerikako Estatu Batuetan, Provide Appropriate Tools Required to Intercept and Obstruct Terrorism izeneko legea onartu zuten: ez ohiko boterea eman zieten poliziari eta informazio zerbitzuei, besteak beste, telefono entzuketak baimenik eskatu gabe egiteko, edozein atzerritar nahi adina denbora atxiloturik edukitzeko. Britainia Handian, laboristek atzerritarrei AEBetako neurri berbera ezarri zieten. Orain, David Blunkett barne ministroak antzeko lege antiterrorista ezarri nahi die Britainia Handiko herritar guztiei. Frantzian, Sarkozy eta Perben II legeak onartu zituzten. Zapaterok, M-11ren ondotik, norabide horretan urratsik eginen du. Zaila dirudi Espainiako Lege Antiterrorista gogortzea. Gerta liteke, ordea.

Askatasunen murrizketarekin batera, informazioaren manipulazioa izan da PPren agintealdiaren ezaugarri nagusietako bat. Alfredo Urdazi izan da manipulazioaren aurpegia. Albiste ona da iruindarra hedabide publikoetatik at ikustea. Ez dago horren argi, ordea, panorama mediatikoa zein heinean hobetuko den. Azken zortzi urteotan, Brunete mediatikoaren kanoikada etengabeen pean, Polancoren gotorlekua izan da izpiritu kritiko aurrerakoi(samarr)aren gordeleku ia bakarra, Estatu osoan zabaltzen diren hedabideei doakienez. M-14tik, baina, Prisa Taldearen norabide aldaketa agerikoa izan da. Orain arteko helburua PPren aurka egitea zen. Orain, berriz, xedea PSOEren alde egitea da: analistek behin eta berriz errepikatzen dute sozialisten garaipena ez dela M-11ren ondorio zuzena, burtsen jaitsiera ez dela Zapateroren garaipenaren eraginez gertatzen ari baizik eta atentatuak direla kausa… Pentsatzekoa da RTVEko hedabideak norabide berean lerratuko dituztela: Urdazi bezain agerikoak izateke, beti ere Gobernuaren alde. Hau da, Prisa eta RTVE PSOEren alde, Brunete mediatikoa bere betiko gezur atzerakoiekin jo eta fuego, eta izpiritu kritiko aurrerakoi (samarra) Espainiako panorama mediatiko nagusitik at.

Gehiengo osorik ez duenez, PSOEk elkarrizketarako bideak zabaldu beharko ditu Kataluniako, Euskal Herriko, Galiziako eta Aragoiko abertzaleekin. Baikortasuna eragiten du abertzale guztien aurkako jazarpena amaituko dela jakiteak. Ezkortasuna, ordea, atzera begiratzeak eta PSOEren eta EAJren arteko harremanak onak zirelarik Euskal Herrian zer egoera genuen oroitzeak. Alfredo Urdazi izan da azken garaiotako aurpegia. Calleja izan zen garai haietakoa. Madrilen jazarpenik pairatzen ez duen, Eusko Jaurlaritzari eusteko arazorik ez duen EAJ batek nekez emanen dio hausporik egoera normalizatu batean abertzaletasunaren hegemoniara begira lehiakide izanen litzaiokeen ezker abertzale legez kanporatuari. Eta, besteak beste, EAJ mugitu gabe, gatazka konpontzerik ez.

Laburbilduz, baikor naiz, besteak beste, lagun batek ezkorra izatea iraultzaren aurkakoa dela dioelako. Baikor naiz Estatuaren oinarrizko zerbitzuen pribatizazio prozesu azkarra motelduko delako. Justiziaren politizazioa ahulduko delako. Agian Espainiako Entzutegi Nazionaletik auto psikotropiko gutxiago aterako delako. Opus Deiko kideak eta Kristoren Legionarioak gobernutik aldenduko direlako. Espainiako Apezpiku Konferentziaren boterea murriztuko delako. Laburbilduz, baikor naiz PPk galdu duelako, ez ordea PSOEk irabazi duelako. Baikor naiz, ez, ordea, baikorregi.


Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


Eguneraketa berriak daude