Gemma Zabaleta: «Zapatero distentsiorako jokalekua prestatzen ari da»


2021eko uztailaren 27an
Zer gogoeta egin zenuen hauteskunde ostean, Madrilgo atentatua gogoan izaki?
PPk atentatuaren ondorengo gertakariez eman zuen erantzunak izan zuen eraginaz hausnartu nuen. Niri kosta zitzaidan atentatua ETArena zela sinestea. PPk atentatua ETArena izatea nahi zuen, eta hori barkaezina da. Gobernu batek emaitza elektoralengatik hori nahi izateak eta hori horrela izan zedin informazioa manipulatzeak eraman ninduen pentsatzera gobernu horrek ezin zuela gehiago jarraitu. Hiritarrak jazarriko ote ziren pentsatu nuen. Aldaketa ekarriko zuen erantzuna espero nuen PPk politika egiteko izan duen moduarekin bukatu ahal izateko. Finean, hauteskundeen emaitzak ezagutzean, PSOEk gobernatzeak eman ziezadakeen satisfazioak baino, gehiago poztu ninduen politika egiteko modu horren amaierak.

Zein izan da funtsezko arrazoia PSOEk irabazteko?
Arrazoi asko eta anitzak dira, ez dago arrazoi bakarra, hainbat arrazoiren metaketa baizik. Azken lau urteetan iritzi publikoa aldatuz joan da PPk botereaz egin duen abusuak eraginda. PPren politika oldarkorrak herritarrak izutu ditu. Espainiako gizarteak diktaduratik demokraziara iragatean lortu zituen askatasun baloreak berreskuratu nahi zituen, balore horien galeraz jabetu zen kanpainaren azken egunetan pertsonen bizitza hain nabarmen manipulatzen ikustean. Bi egunetan gizartea jabetu zen gobernu honek terrorismo nazionalaz eta nazioartekoaz egin zuen erabilpenaz. PPk kolpismoaren moduak erabili izan ditu eta, une batez.

Madrilgo sarraskia gertatu gabe PSOEk irabaz zezakeen?
Bai. Atentatuaren aurretiko azken inkestek emaitza onak ematen zizkiguten. Gobernuak atentatuaz egin zuen manipulazioak boto emateko asmorik ez zuen boto-emaile asko bozkatzera bultzatu zuen. Egia da. Baina gure azken inkestetan PP eta PSOE oso parekatuak ziren, horregatik ez dut baztertzen atentatua gertatu gabe ere PSOEk irabazteko zuen aukera.

Zer hautematen duzu zure alderdian?
Esperantzazko eta ardurazko sentimendua. Soluziobiderako garaia da, arazoak konpontzeko garaia da. Unea iritsi dela hautematen dut, ezin dugula garai hau galtzen utzi.

Nola egin ahal dio aurre PSOEk uneari Rodriguez Ibarrak «Barne ministro izanez gero Rafael Vera eta Rodriguez Galindo askatuko zituela» esan badu. Zapaterok alda ditzake jarrera horiek?
Nik ez dut bat egiten adierazpen horiekin. Rodriguez Ibarraren ohiko agerraldi burrunbatsu bat izan da, lekuz kanpokoa. Duten dimentsioa dute, ez gehiago, eta anekdotatzat jotzen ditut. Horiek ez dira alderdiaren jarrerak. Nik Zapaterok hartu dituen lehen konpromisoak egiten ditut neure.

Zapaterok hiru konpromiso hartu ditu: bakarka gobernatzea, tropak Iraketik ateratzea eta Autonomia Erkidegoetako presidenteekin hitz egitea. Nola baloratu dituzu konpromiso hauek?
Oso baikor. Inorekin hitz egiten ez zuen Gobernutik gehiengo osorik ez duen Gobernura pasa gara. Hori niretzat oso beharrezkoa da demokrazian. Zapatero Ibarretxerekin elkarrizketatuko dela azaltzea »PPk gehien kriminalizatu duen presidentearekin», hasteko, aldaketa handia da. Zapaterok instituzioen arteko harremanak landu eta alderdi politikoekin hitz egin behar dela esateak 180 gradu aldatu du politikaren norabidea. Oro har, distentsiorako jokalekua prestatzeko jarrera agertu du. Zapaterok beste presidente baten izaera agertu du, terrorismoa ez dela gerraren bidez konbatitzen eta arazoen kausetara joan behar dela dionean. Eta hori ez da terrorismoa izateko arrazoiak daudela esatea, kausak daudela baizik. Mundu dramatiko hau ezin da modu baketsuan konpondu, ez badiegu kausei kasurik egiten.

Hauteskundeen aurretik Kataluniako Gobernua desagertzeko zorian egon zen. Orain, berriz, Espainiakoaren ardatza izan daitekeela esaten da.
Izugarri gustatuko litzaidake Estatuko Gobernuaren filosofian Kataluniako Gobernuaren proiekzioa ikustea. Kataluniako Gobernua anitza da, eta Espainiako gizartea ere bai. Zapaterok konfigurazio horretatik gobernatu behar du, aniztasuna errespetatuz.
Gizartearen gehiengoaren apustua estatu-nazio anitza sortzea da. Espainiako Estatuak ez du orainokoan estatu plurinazional hau osatzen duten nazioekiko errespetua guztiz garatu. Zapateroren Gobernuaren ideia honen proiekzioan ikustea espero dut. Katalunian, Euskal Herrian eta Andaluzian bereziki, gizarteak PSOEren alde bozkatu du. Horri ez erantzutea oker handia litzateke. Erantzungo dio, nik uste.

Egungo Konstituzioarekin estatu eredu berri bat eraiki al daiteke? Eta Euskal Herriko gatazka gainditu halaber?
Bai. Orain oso konplikatua iruditzen zaigu, PPren agintearen ondorioz Konstituzioaren interpretazio oso murritza egin delako. PPk ez ditu ez euren hitzak ez ahalmenak errespetatu. Gainera, arau juridikoak herritarren eskaeren beharretara moldatu behar dira. Herriarekin gobernatzea herriak nahi duenarekin bat egitea da.
Azken 25 urteetan, proiektu politiko guztiak defendagarriak direla esan izan da, baina praktikan, denak ezin direla gauzatu esan ohi dugu, halaber. Konstituzio eredu adostu batek proiektu politiko guztiak praktikara eraman daitezkeela ziurtatu beharko luke. Baina, artean, denok dakigu PPk Estatuko lurraldeen arteko harremanak atezuan utzi dituela. Sosegu handia beharko dugu Konstituzioaren 8. artikuluari buruzko debate lasaia burutzeko eta alderdi nazionalista guztiekin elkarrizketa sakona gauzatzeko. Alderdi nazionalistek leku izan behar dute Estatuaren proiektu artikulatuan eta Estatu Federalaren proiektuan. Estatu Federala gauzatzeko, berriz, Senatuaren erreforma beharko litzateke, Estatu Federalean sortu daitezkeen konflikto politikoak konpondu ahal izateko. Eta horretarako Konstituzioa aldatu behar bada, alda dezagun alderdi politikoen eta gizartearen gehiengoaren adostasunarekin.

Katalunian estatutu berri bat prestatzen ari dira. Hemen, Eusko Jaurlaritzaren Estatutu proiektu berriaz gain, PSE-EEk aurkez lezake beste proiektu bat?
Bai. Baina premisa bat behar dugu guk gure proposamena, Eusko Jaurlaritzak Ibarretxe Plana edota ezker abertzaleak independentziaren proposamena aurkeztu baino lehen. Aurrera egiteko, lehendabizi, zein balore eta prozedura erabiliko ditugun adostu behar dugu elkarrekin. Blokeo egoera hertsian gaude eta proposamenek ezin dute aurrera egin berau desblokeatu gabe. Alderdi katalanak »PP salbu» nork bere proposamena egin aurretik, ados jarri dira. Hemen ere saia gaitezen aurre prozedura hori zehazten. Euskaldunok zein trenera igo nahi dugun zehaztu behar dugu, baina trena eramango duten errailak denon artean ezarri behar ditugu. Blokeo egoera hau oldartze eta inkomunikazio egoera baten ondorioa da, elkarrizketa ezaren ondorioa da eta, hartara, alderdiak geltoki ezberdinetan gaude. Euskal sozialistak, hasteko, geltoki berean biltzeko prest gaude. Eta gainontzeko guztiak ere prest egon daitezkeela uste dut.

Premisak premisa, zein da abiapuntua?
Neurtu dezagun ea euskaldunok benetan aldaketa politikoa nahi ote dugun. Eta, horrela bada, zehaztu dezagun zein puntutan jar gaitezkeen ados legitimitate politiko berri baten bila joateko. Behin hori eginda, jar ditzagun proiektu politiko guztiak mahai gainean eta galde diezaiogun euskal gizarteari horiei buruz.


Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


Eguneraketa berriak daude