Euskaldunaren itxieraren mamua La Navalen

  • Sestaoko La Navaleko langileen mobilizazioak pixkanaka-pixkanaka gogortuz joan dira, eta azkeneko ekintzek gogora ekarri dizkigute 80ko hamarkadan Euskaldunako langileek beraien lanpostuak eta ontziolaren etorkizuna aurrera ateratzeko ahaleginean egindakoak. Ekintza haien ondorioz, langile ugari zauritu ziren eta bat hil, gaur egun kultura eta aisialdirako espazioa dena poliziak indarrez hartu zuenean. La Navaleko langileen eta haien familien buruetan Euskaldunaren itxiera hura dago orain, ontziola lan-kargarik gabe baitago eta bertako zuzendaritza »Espainiako Gobernuaren menpe dagoena» langileei xantaia egiten ari baita hitzarmen kolektiboaren negoziazioan: ontzi bat eraikitzea proposatzen die jadanik eskuratutako gizarte eta lan eskubideei uko egitearen truk.

2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Sestaoko La Navaleko langileen azken asteotako mobilizazioek gogora ekarri dizkigute garai bateko Euskalduna ontziolako langileek duela hogei urte Bilboko hirigunean bertan egindakoak. Langileen eta gizartearen mobilizazio haiek, tiragomak eta eskuz egindako bestelako tramankuluak erabiliz nahiz suzko barrikadak jarriz gauzatzen ziren. Eta berriro errepikatzen ari dira helburu berarekin: lanpostuei eta ontziolari berari, hau da, langileen produkzio zentroari eustea.

Poliziak ontziolara sartuta izan zuen jarrera bortitzaren ondorioz, zauritutako langile ugari eta hildako bat izan zen. Garai bateko Euskaldunako langileen mobilizazioek ez zuten lortu ontziola ez ixtea. Euskalduna ontziola historiko haren lurretan orain tranbia moderno bat dabil, eta musika eta dantzaren jauregi bat eraiki dute, itsas museoa, Sheraton hotela, luxuzko etxebizitza multzo bat eta Bilboko Arenaleraino iristen den pasealeku osagarria. Aisialdirako espazio handi bat ere bukatzen ari dira.

Sestaoko La Navaleko langileek lortuko ote dute mobilizazioekin gaurko beraien lanpostuei eustea eta ontziola ez ixtea? Galdera horrek ez du erantzunik, oraingoz. Horregatik, Euskalduna ontziolan gertatu zenaren itzala dabil La Navaleko langileen, haien familien eta euskal ontzigintza sektorearen, »batez ere ontzigintza sektore publikoari esker bizi diren ehunka enpresa lagungarriren» atzetik. Hitzarmen kolektiboko negoziazioaren bukaerara iristea eta ontziren bat eraikitzea lortzen bada ere, La Navalen etorkizuna dudakoa izango da datozen urteetan.

La Naval-en arazoa

Langileen azken asteotako mobilizazio gero eta bortitzagoek agerian jarri dute ontziolaren arazo nagusia: lan-kargarik eza. Bilboko itsasadarreko itsasontziak eraikitzeko arrapalak ikusi besterik ez dago. Huts-hutsik. Ez dago ez ontzirik eta ez dragarik. Egia da. Egia da azken hiru urteetan La Naval barruan hartzen duen Izar taldeak okupazio handia izan duela (2003. urtean %88koa). Aurten, 2004an, okupazio maila pixka bat jaitsiko da. Hori dela-eta, enplegu murrizketa egiteko espedienteren bat edo beste negoziatu da zenbait ontzioletan. Alabaina, tartean beste arazo bat dago: hitzarmen kolektiboaren negoziazioa.

La Naval enpresa publikoa da, garai bateko Astilleros Españoles (AESA) zen Izar taldekoa. Eta Industria Parte Hartzeetako Espainiako Elkartearen (SEPI) menpe dago. Gaur egun 1.200etik gora zuzeneko lanpostu ditu, eta horiei enpresa lagungarrietako lanpostuak gehitu behar zaizkie. Azken urteetan inbertsio handiak egin dira bertako instalazioak modernizatzeko eta lehen egin ezin zituen ontzigintza lanak egin ahal izateko. 1984tik hasita, poliki-poliki plantilla murriztuz joan da. Eta 1984an 3.400 lanpostu izatetik gaur egun 1.200 eta gutxi batzuk izatera iritsi da. Izar taldeak 30 milioi euro pasatxoko galerekin bukatu zuen 2003. urtea, baina galera hori 2002koa baino lau aldiz txikiagoa izan zen (120 milioitik gora euro galdu zituen 2002an).

La Naval, Izar taldeko gainontzeko ontzigintza sektoreko enpresak bezala, korearren eta japoniarren lehiaren mehatxupean dago, eta gero eta eskabide gutxiago jasotzen ditu. Alarmak piztu dira. Eta testuinguru horretan gauzatzen ari da hitzarmen kolektiboaren negoziazioa, orain dela urtebete hasi eta oraindik bukatu gabe dagoena. Gainera, badirudi Izar taldeko zuzendaritzak hitzarmen kolektiboaren negoziazioan langileei xantaia egiteko aukera baliatu nahi duela.

Izan ere, Izarreko zuzendaritzak 130.000 tona gordetzeko ahalmena duen gasontzi bat eraikitzea proposatu die euskal sindikatuei zenbait gizarte eta lan eskubide galtzearen truk. Hauexek lirateke sindikatuek onartu beharrekoak: soldatak murriztea, lanaldia luzatzea, langileen mugikortasun funtzionala, asteburuetan lan egitea, ogitartekoa jateko denbora kentzea, eta abar. Dinamika berri hori ezartzeko, Izarrek aitzakiatzat erabiltzen ditu Korearen bidegabeko lehia eta langile korearren lan baldintzak. Sindikatuek eta langileek iraintzat jo dute jarrera hori, eta ez daude prest ez egoera hori jasateko, eta ez beraien lan eskubideei uko egiteko ere. Ontziolen etorkizunerako bermeak eskatzen dituzte.

1984-2003: 20.000tik gora zuzeneko enplegu zibil suntsituta

Euskal ontzigintza sektoreak eta Espainiako Estatukoak, bai publikoak eta bai pribatuak, hainbat birmoldaketa ziklo izan ditu azken urteetan. Eta badirudi une honetan beste ziklo horietako baten atarian gaudela. Ziklorik garrantzitsuenak 1984an eta 1988an izan ziren. Garai hartan itxi zuten Euskalduna ontziola historikoa. Azken hogei urteetan, 1984tik 2003ra, Izar taldeak bere ontziola zibiletako 20.000 lanpostutik gora suntsitu ditu. Horiei ontziola militarretako beste 7.800etik gora lanpostu gehitu behar zaizkie, sektore horretan 13.571 lanpostu baitzeuden 1984. urtean eta 5.769 besterik ez 2002an.

Merkeagoa da ontzi bat Korean eraiki eta Sestaora ekartzea
Argi eta garbi. Merkeagoa da ontzi bat Korean edo Japonian eraikitzea (Korean merkeagoa da Japonian baino) eta gero Sestaora ekartzea, La Navaleko euskal arrapaletan eraikitzea baino. Euskal ontziolek daukaten arazo hori bera daukate Espainiako eta Europako ontziolek ere. Arazoa batez ere Koreako ontziolen bidegabeko lehian datza. Han ordu gehiago egiten dituzte lanean eta soldata merkeagoen truk. Eta gainera Estatuaren babes neurriak dauzkate. Euskal Heriko, Espainiako eta Europako ontziolek duela urte gutxira arte estatuaren babes handia izan dute, baina gaur egun, Europar Batasunaren agintea dela-eta, ia erabat desagertu da babes hori. Egoera hori izanik, Europako ontzigintza sektorearen arazoa berriz ere Europako Batzordearen mahaira iritsi da.
Testuinguru horretan, Europako ontzigintza sektoreko zuzendaritzak Europako ontzigintzaren partzuergoa edo antzeko zerbait sortzearen alde daude, sortu den Europako aeronautika partzuergoaren ildoei jarraituz. IZAReko presidenteak berak publikoki iradoki du aukera horren aldeko apustu garbia egiten duela. Horren berri eman genuen aldizkari honetan bertan orain dela bi hilabete. Aukera hori ezin da bazterrean utzi. Azkenean gauzatzen bada, ontzigintzaren sektorean kontzentrazioak gertatuko dira, eta ontziola batzuk itxi eta besteak bultzatu beharko dira. Horrek guztiak, bistan denez, zenbait lanpostu salbatzea baina beste milaka desagertzea ekarriko du. Sestaoko La Navalek izango al luke batere aukerarik Europako partzuergo horretan? Ez dugu uste.

Inork ez zuen uste
Inork ez zuen sekula pentsatu Espainiako Estatuaren menpeko enpresa publikoa zen Euskalduna ontziola historikoa itxiko zutenik. Are gutxiago siderurgia arloko Bizkaiko Labe Garaiak historikoa ere itxiko zutenik. Bi enpresek zituzten eskola propioak, langileen semeak lanerako prestatu eta aitaren ofizioa ikas zezaten. Pentsatzekoa denez, eskola horiek ziren euskal ontziolen eta siderurgiaren jarraipena bermatzen zutenak. Azken mendean hainbat belaunaldik egin du lan enpresa horietan. Horregatik, jendea harrituta gelditu zen merkatarien Europan sartzerakoan, batez ere laurogeiko hamarkadan, arazoak sortzen hasi zirenean. Ala eta guztiz ere, eta nahiz eta "Euskalduna ez itxi" eta "Bizkaiko Labe Garaiak ez itxi" bezalako oihu eta sloganak ugariak izan »horma batzuetan oraindik ere irakur daitezke horrelakoak», Euskalduna itxi egin zuten 1988an, eta berdin gertatu zitzaion Bizkaiko Labe Garaiaki handik gutxira.
Esperientziak erakusten duen bezala, industriako arazoek zerikusia daukate enpresen eta zehazki enpresa publikoen »eta beraz Estatuenak direnen» erabaki estrategikoetan. Baina horiez gain, badira erabaki horietan zerikusia daukaten beste faktore batzuk: faktore politikoak. Eta zeresan handia izan dezakete gainera. Gure uste apalean, eta beste aditu batzuen iritzian ere bai, Euskaldunaren itxiera gehiago izan zen kontu politikoa estrategia ekonomiko-industriala baino. Datu guztiek adierazten zuten Olabeagako ontziola Sestaoko La Naval baino errentagarriagoa zela. Eta hala ere Euskalduna itxi zuten eta La Naval zabalik utzi. Zergatik? Ontziola bakoitzaren eragile sindikal-politikoek zeresan handia izan zuten. Euskaldunan sindikalki ELA STV zen nagusi, eta EAJk ontziola hori hobesten zuen. La Naval, berriz, sindikalki UGTk kontrolatzen zuen, eta horixe zen PSOEk hobesten zuen ontziola. PSOEren gobernuak erabaki zuen zein euskal ontziola itxi behar zen. Olabeagakoa ixtea erabaki zuen. Zer gerta daiteke orain Sestaoko La Navalekin?


Azkenak
Adin txikikoak dira Osakidetzako genero identitateko unitatetik pasa diren erdiak

1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.


BBK Livek bisitarien oinarrizko hainbat eskubide urratzen ditu eta salaketa ipini diote

OCU kontsumitzaileen Elkarteak hiru arrazoi zehaztu ditu, horien artean kanpoko janaria eta edaria Kobetamendiko esparruan sartzeko debekua, eta eskudirutan edo banku-txartelaren bitartez ordaintzeko ezintasuna. Facuak aurreko urtean egindako salaketan zehazturiko arazoak... [+]


Arrazakeria salaketen erdiak Polizia jotzen du “agente diskriminatzailetzat” Bizkaian

Diskriminazioaren ahotsak txostenak zenbakitan jasotzen ditu 2023an Bizkaiko SOS Arrazakeriaren Informazio eta Salaketa Bulegoan pertsona ugarik agertarazitako esperientziak, eta haietan "arrazoi arrazista eta xenofoboen aurkako indarkeria, eraso eta diskriminazioak”... [+]


Meaka-Irimo bizirik!

Enpresa batek Irimo mendian zentral eolikoa eraikitzeko asmoa zuela iragarri zigun aspaldi batean haize kolpe batek. Gehienek ezin zuten sinistu, inondik ere. Are gutxiago Irimo mendiaren orografia eta izaera harritsua ezagutzen dituztenek. "Baina ba al dakizu ze nolako... [+]


2024-07-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektua hasia da konponketa lanak, landaketak eta formazio saioak egiten

Zestoako Iraeta auzoan, Urola ibaiaren meandroan daude Amilibia baserria eta bere lurrak. Horiek modu kolektiboan erosteko dirua biltzen ari da Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkartea. 2025 bukaerarako dute hitzartua azken ordainketa, baina erosketa fasean egon arren,... [+]


Emakume alkateentzako jantzi erronkariarra diseinatu dute, Hiru Behien Zergan parte hartzeko

Larunbatean egingo dute San Martin Harriaren inguruan 600 urte baino gehiago dituen ohitura eta aurten emakume alkateentzako jantzi erronkariarrak prestatu dituzte, orain arte gizonezkoentzako baino ez baitzeuden.


2024-07-12 | Gedar
Pertsona bat atxilotu dute Gasteizen, faxista bati aurre egiteagatik

Orgullo Cazurro talde faxistako kide bati kontra egin zion atxilotuak, eta bideo batean jaso zuen hori. Guardia Zibilak atxiki du berriki, eta badirudi "gorroto-delitu bat" egotzi diola.


Donostian 300 pertsona baino gehiago “muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute

Donostian, 300 pertsona baino gehiago “pobrezia eta muturreko bazterkeria egoeran” bizi direla salatu dute Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea taldeek. “Michelin izarrak dituzten zortzi jatetxe dituen hirian eta Basque Culinary Center... [+]


2024-07-12 | Euskal Irratiak
Cyclopotes elkartea: Ikusmenik gabeko jendeen inklusioaren alde, bizikletaz ibiltzeko

Angeluko Cyclopotes elkarteak ikusmen-gabeko jendeer parada ematen die bizikletaz ibiltzeko. Tandem club des déficients visuels du zinezko izena elkarteak eta 2004ean sortu zen. Joan den astean Amikuze eta Oztibarren gaindi pasa dute aste osoa, egun guziez ibilbide... [+]


Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Maximo Aierbe hil da, Euskaldunon Egunkariaren sortzaileetakoa

Bere sorterri Ataunen hil da Maximo Aierbe Muxika, 74 urterekin. Euskaldunon Egunkariaren sortu aurreko eta ondoreneko urte malkartsuetako eginahaletan parte hartu zutenek gogoratuko dute proiektu berriaren akziodun bila hainbeste lan egindako gizon hura. Disziplina eta... [+]


2024-07-11 | Uriola.eus
Gentrifikazioaren aurka, pisu turistiko bat okupatu dute Bilbon

Bilboko AZET plataformak pisu turistiko bat okupatu zuen atzo, auzoaren turistifikazioa salatzeko.


Fronte Herritar Berria garaile atera da, eta hirugarren kokatu da eskuin muturra

20:00etan atera dira lehen datuak, harridura orokorra eraginez: zundaketa guziek lehen kokatzen zuten eskuin muturreko RN hirugarren atera da eta ezkerreko FHB Fronte Herritar Berria garaile. Gehiengoan edota gehiengo osoan ikusten zen RN Batasun Nazionalarentzat zaplaztekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude