Anjeles Iztueta: «Europako unibertsitate esparruan sartzea perspektiba aldaketa handia da»

  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak bere alderdiaren (EAren) printzipioekin guztiz bat egiten zuela eta duela azpimarratu digu. Hori erantzun digu EAko kongresua zela-eta sortutako tira-biretan sailburu kargua kolokan ikusi al zuen galdetutakoan. Hezkuntza Sailean kargua hartu zuenetik taldeak ausardiaz lan egin duela nabarmendu digu; 0-3ko haurren aferarekin, inmigrazioaren inguruko gaiekin, Euskal Herriaren Historiari buruzko hautazko ikasgaiarekin... ausartu direlako lortu dutela Unibertsitate Legea ere azpimarratu digu. Berak dioenez, ez da «hitz egin, hitz egin eta ez egin» horietakoa: «asko kostatako proiektuak dira guztiak, baina tapa-tapa-tapa gauzak lortzen ari gara». Satisfazio izugarriarekin eta lasai aurkitu dugu, orain arteko trumoiaren erdian (elkarrizketa M11 baino lehenagokoa da) Euskal Unibertsitate Legeaz hitz egiteko prest.
Euskal Unibertsitate Legea onartu berri du Legebiltzarrak. Lege horren gainetik dago ordea, Espainiako Gobernuaren LOU legea. Lege berriak bide laburra izango duenaren beldurrik ez al duzu?
Guztiz lasai gaude. Legea onartu eta hurrengo egunean Madriletik adierazi zuten helegitea jarriko ziotela legeari. Legearen artikulu batekin sartzen ziren, onartuz legea ez zutela irakurri ere egin. Guztiz kanpaina mediatikoa zen, ikasle presoek ikasteko duten eskubidearekin sartzen ziren. Helegitea jarri gabe dago, kanpaina mediatikoa zen eta horretan gelditu da. Lege hau ez dugu Madrilgo legearen aurka egin. Gure planteamendua hauxe izan da: dagoen legedia dago, gure gizarteak eta gure unibertsitate sistemak behar duen legea ikusi eta gure beharrei erantzungo dien legea egingo dugu, beti ere, zirrikitu guztiak aprobetxatuz. Legea gaur egungo legediaren barruan dago, baina aprobetxatzen dira zirrikitu guzti-guztiak. Helegiteren bat gainera erortzen bazaio ere, ondo egindako legea denaren ziurtasunak lasaitasuna ematen digu. Legea ez dugu egin urtebete edo birako, urte batzuetarako baizik.

Guztion legea dela esan duzu, guztien artean egin delako, nahiz eta hirukoaz gain beste inork baietzik eman ez. Alderdi politiko bakoitzak zein ekarpen egin dio legeari?
Guztion legea dela esaten dugunean esan nahi da guztiona dela eta inorena ez dela. Batetik, unibertsitateko hainbat talderen ekarpenak daude. Unibertsitateari garrantzia eman nahi nioke, zeren lege hau unibertsitateko komunitatearentzat egindakoa da. Alderdi politikoei dagokienez, noski, Eusko Alkartasunak zuzendutako legea da, beraz, gure kutsua handia da, gure printzipioak daude. Gero, lehenengo adostasuna EAJrekin eta IUrekin izan dugu. Beste alderdiek ere beren ekarpenak egin dituzte. Baina ez hori bakarrik, ponentzia fasean eta Legebiltzarrean PPk ekarpenak egin ditu eta baita PSOEk eta Sozialista Abertzaleak-ek (SAk) ere. Beraz, alderdi guztiek daukate beren zatia lege honetan.

Zer nabarmenduko zenuke alderdi bakoitzaren ekarpenetatik?
PSOEk ikerketa karrerari ekarpenak egin dizkio, ikerketarako kontseilu berri bat (Zientziaren Euskal Kontseilua) sartu da baita ere. SAk euskararen atalean egin du ekarpen gehien eta baita irakasle kontratatuen egonkortasuna bermatzeko alorrean ere. PPren ekarpena unibertsitate publikoari indar gehiago emateko sisteman izan da.

Iparraldea eta Nafarroa nola hartu ditu kontuan legeak?
Legearen ekarpenik handienetakoa Euskal Unibertsitate Sistema da. Sistema horretan oraingoz Euskal Herriko Unibertsitatea, »handiena eta pisu gehien daukana» Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea daude. Sistema hori osatu edo zabaldu daiteke, bere garaian, beste unibertsitate batzuekin batera. Beste unibertsitate bat sistema horretan sartzearen eskuduntza Eusko Legebiltzarrak izango du. Aipatutakoa aurrerapen handia da, baina sistemaren barruan legeak badauka printzipio bat, eta hauxe dio: beste erakunde unibertsitarioekin harremanak sustatuko dira euskara eta euskal kultura lokarri direnean. Zer-nolako harremanak? Irakaskuntzan, ikerketan eta ikasle-irakasle edo ikerlarien arteko harremanak trukatzekoan. Hori gauzatzeko Euskadiko Unibertsitate Kontseilua sortu da. Beraz, nazioarteko sare bat sortu dugu. Baina legeak dio lehentasunezko harremanak izango ditugula Euskal Herrian kokatutako unibertsitateekin. Berdin da euskara eta euskal kultur gaietarako edo fisika gaietarako.

Euskal adarraren garapena abian da, baina ez al doa motelegi?
Legeak bi printzipio azaltzen ditu oso argi. Lehenengoa: euskara bermatu behar da unibertsitate sisteman. Bi hizkuntza ofizial ditugu, baina gurea (euskara) bermatu behar da. Ekintza positiboak behar ditu euskarak, bien artean ahulena delako. Bigarren printzipioa: euskaraz ikasteko eskubidea dauka edozein ikaslek. Horietaz gain, euskal lerroentzako kontratazioa bermatzen du legeak.

Elebitasunaz gain eleaniztasuna nabarmentzen duzu Europari begira.
Europa legearen muina da. Europako unibertsitate esparrua sortzen ari da eta helburua da Euskal Unibertsitate Sistemak hor jokatzea. Europan jokatu behar badugu Europako hizkuntzek gure unibertsitate sisteman egon behar dute. Hor planteatzen da eleaniztasuna. Baina kontuz, aurrena elebitasuna ziurtatu behar da eta hortik eleaniztasunera joan behar dugu.

Europan unibertsitate esparruaren batasuna 2010. urterako aurreikusi da. Zehaztu itzazu homologatu beharko diren ezaugarri batzuk, mesedez.
Lehenik, Boloniako Adierazpenak dio Europan tituluak akreditatuta egongo direla »kolpe batez ez da hori egingo». Beraz, titulazioak gure unibertsitate sisteman eta baita Europan ere balioa izateko moduan egingo ditugu. Bigarrenik, ikerketa proiektuak Europa mailan planteatuko dira. Hirugarrenik, gure ikasleek hemen egin ahal izango dute ikasketen zati bat eta beste zati bat Europan.
Hiru mailatan izango du eragina Europan sartzeak: ikasle, irakaskuntza eta ikerketa esparruan.
Finantziazioari dagokionez, 2010. urterako helburu bat jarri du Europak: Barne Produktu Gordinaren % 3 inbertitu behar dugu zientzia eta teknologian. EAEn BPGren % 1,5ean gaude eta zientzian 0,26 erabiltzen dugu. 2010. urterako azken datu hori laukoiztu nahi dugu. Kontuan izan behar da zientziaren alorra unibertsitate sisteman jorratzen dela eta, batik bat, EHUn (%90). Datozen urtetan diru iturriak asko gehitu beharko dira. Europako unibertsitate esparruan sartzea perspektiba aldaketa handia da.

Europaranzko norabideak ez al du unibertsitateak pribatizazioaren bidea hartzea eragingo?
Ez. Sisteman hiru unibertsitate daude. EHUk du pisu gehiena eta gero ere horrek izango du pisu handiena. Kontuan izan behar dugu ordea, diru iturriaren %85 zergetatik datorrela eta %15 matrikuletatik. Gure unibertsitate publikoa oso da publikoa. Lege berriak dio: finantziazioa bai, baina helburu jakin batzuekin, alegia, kalitatearekin »gestioan, irakaskuntzan eta ikerketan».

Diru publikoaz gain bestelako diru iturriak lantzea aurreikusia al dago?
Pixkanaka-pixkanaka EHUk beste diru iturri batzuk hartzen joan behar du. Unibertsitate eta enpresen arteko harremana bultzatu behar da.
Gizarteak gure unibertsitate sisteman dagoen potentziala ezagutu behar du. Unibertsitatean ikertu eta irakatsi egiten da eta askorentzat irakasteko tokia da soilik. Azken urteetan berebiziko lana egin da unibertsitatea osatzen, jendea prestatzen eta orain hori gizartera hurbildu eta Europan sartu behar dugu. Dirua errazago jarriko genuke unibertsitatearen garrantziaz kontziente bagina.

Pello Salaburu errektore ohiak iritzi artikulu bati Unibertsitate abandonatua izenburua jarri dio. Gizarteak abandonatua, alegia. EHUrekiko indiferentzia hori dagoela uste al duzu herritarren aldetik?
Gizarteak ez dauka abandonatuta, baina unibertsitateak ahalegina egin behar du bere lana gizarteratzeko. Sentsibilizazio lana egitea falta da, gizarteak ez du ezagutzen unibertsitatea eta unibertsitateak herrigintzan izugarrizko garrantzia dauka.

Irakasleak kontratu laboralak eskatzen ari dira behin eta berriz funtzionario figuraren aurrean. Nola jaso du gai hori legeak?
Urte askoan konpondu gabeko gaia izan da. Lege honekin kontratazio bidea irekita geratzen da, irakaskuntzarako zein ikerkuntzarako. Funtzionarioen bidea eta kontratazioen bidea parekoak dira. Kontratazio bidetik maila guztiak igo daitezke. Lehen esan dut EHU gizarteak ordaindutako unibertsitatea dela eta, beraz, hemengo irakasle eta ikerlariak izango direnak hemendik bideratuko ditugu. Berebiziko garrantzia dauka horrek.

Espetxe legea aldatu eta euskal presoak EHUn ikasi ezinda geratu ziren. UNEDen ikasteko aukera eman zaie. Zuk EHUn ikasteko aukera eman omen diezu berriro.
Legean jartzen du edozein pertsonak ikasteko eskubidea duela, baita askatasunik gabe daudenek ere; presoek »ETAkoak izan edo ez» eta baita mehatxatuek ere. Printzipio horrekin hori bermatu behar da. Gero gauzatu egin beharko da. Beti ez da erraza izango baina.

Martxoaren 24an errektoretza berria aukeratzeko hauteskundeak izan dira. Zazpi hautagai aritu dira errektoretza lortzeko lehian.
Errespetu osoz, gauza bat garbi utzi nahi dut: edozein izango dela ere errektore, garrantzizkoa da talde indartsua izatea, zeren datozen lau urteetan EHUko unibertsitateak dituen erronkak handiak dira. Edozein talde ateratzen dela ere nire eta nire taldearen babesa izango du. Errektore berria aukeratu bezain pronto lanean hasi behar dugu aurrera begira. Garrantzi handiko baliabidea daukagu horretarako: Euskal Unibertsitate Legea.


Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


Eguneraketa berriak daude