2,1 milioi preso Estatu Batuetan bozketei begira

  • Hamazazpi urte presondegian daramatzan Michael Santosek kontatu digu: AEBek dituzten 260 milioi biztanletik 2,1 milioi espetxeetan daude sartuta; Bush aita lehendakari izatera iritsi zenean zeuden 700.000 haiek hiru halakotu egin dira; eta presoek ere bizi dituzte hauteskundeak.

2021eko uztailaren 27an
Michael Santos Coloradoko Florence-ko espetxean dago preso, eta handik bidali du bere artikulua OpenDemocracy.org gunera. Intelektual eta profesional garrantzizkoen iritzi eta analisien ondoan, harpidedun eta gainerako irakurleen lan interesgarriak ere aurkitzen dira OpenDemocracyn. Horietako bat da Michael Santos galerianoak bidali duena: «Askatasunik ezaren lurraldea: Amerika barrutik».

«Bosgarrenez izango naiz presidente hautaketaren lekuko Estatu Batuetako kartzela baten barruan» hasi du bere idatzia Santosek. «Nire pentsakizunak eskaintzen dizkiet, presondegietan gauden herritar gero eta ugariagook hauteskundeak nola ikusten ditugun jakin nahi duten irakurleei».

Preso federala denez, Santosek ezingo du botorik eman. Botoemaile askok beren erabakia hartzeko hautagai bakoitzak ekonomiaz edo atzerri politikaz esan edo agintzen duenari begiratzen badiote, presoak arreta berezia jartzen dio kartzeletako egoeraz edo barruan direnen bergizarteratzeaz esaten dutenari.

AEBetako presidentea Ronald Reagan zen Michael Santos kondenatu zutenean, 1987an. Honek 23 urte zituen eta kokaina banaketan harrapatu eta kondenatu zuten: gaizkile aurrekaririk izan ez arren, eta tartean bortizkeriarik egon gabe ere, 45 urteko zigorra ezarri zioten. Bere haragitan nozitu zituen gazte honek amerikarren eskuinerako joeraren ondorioak, eta hauek «joan diren hamazazpi urteetan bai nire bizitzan eta bai nire herrikoan izan duten eragina ondo aztertzeko moduan egon naiz» idatzi du Atlantako kartzelatik.

Inguruan bizi ditugun aldaketa eta gatazkak oso ezberdin ikusten ditu horietaz etxeko gozotik lasai mintzo daitekeenak, eta gatazken fakturak pagatzea egokitu zaionak. Hemen, eta Ameriketan.

Urtebete zeraman Santosek espetxean George Bush aitak Michael Dukakis demokrata menderatu zuenean, 1988an. Presoari deigarri egin zitzaion nola erabili zuen Bushek »telebistako programa ezagun batean» kanpaina denborako asteburuko baimena aprobetxatuz delitu bortitz bat egin zuen presoaren kasua. Bushek lortu zuen jendeari sinetsaraztea Dukakis liberal biguna zela, eta bere bergizarteratze proposamenekin milaka hiltzaile eta psikopata kaleratuko zirela asteburuetan, beren txarkeriak egiteko.

Bush seniorrek kanpainako eszena bat Etxe Zuriaren aurrean errodatu zuen: droga salerosketa bat antzeztu zuen lehendakaritzaren aurrean, eta hauts zuri madarikatua lurrera boteaz zin egin zuen Ameriketara droga sartzea berak moztuko zuela errotik. Lortu ote zuen?

Hona Santosen erantzuna: «Bushek agintea hartu zuenean 700.000 gizaki baino gutxiago zegoen preso. Gaur 2,1 milioi gaude. Igoera hau hein handi batean ‘drogaren kontrako gerra’ famatuagatik da. Baina inork ez du demostratu droga ilegalen inportazioa eta erabilera horrek gutxitu dituenik».

Clinton: itxaropenetik etsipenera

Handik lau urtera, 1992an, hauteskundeek Michael Santos unibertsitate ikasketak egiten harrapatu zuten, beti ere Atlantako espetxean. Eta Clinton-en atzetik egin zuen itxaropenetik etsipenerako bidaia. Clintonek Arkansasen Hope »itxaropena ingelesez, horra ikur bat» izeneko herrian hasi zuen kanpaina.

Hasieratik ikusten zitzaion Bill Clintoni ekonomian politika fiskal kontserbadorea egin nahi zuela eta gizarte gaietan halako aukera aurrerazale bat eskaini. «Luzerako kondena duen presoa naizenez, espetxeratuekiko jokabide ezberdin baten posibilitateak piztu zuen itxaropena nigan».

Kartzeletan garrantzia handia eman zioten Bill Clintonen anaia gaztearen pasadizoari: Roger Clinton presondegi federal batean egona zen droga trafikoagatik zigortuta. «Banuen itxaropena, inozoa naizelako agian, Clintonen esperientzia honek makurtuko zuela preso ez-bortitzei askatasunerako bidea erraztera».

Ez zen Santos izan lilura hori bizi izan zuen bakarra: «Hauteskunde gauean, presondegiko ziega guztietako telebistak oro emaitzak ezagutzeko zeuden piztuta. Etnia, hezkuntza maila eta maila sozial guztietako zigortuek, denek egiten zuten oihu Clintonen zenbakiek gora egin ahala». Bere oroimenean geratu da lotara itxaropenez mozkortuta joan ziren gau hura. Eta baita handik bi hilabetera lehendakari berriak agintea hartu zuenean masailetan behera isuri zituzten malkoak ere.

Baina botoen itxaropenez agindu duenak botoen beldurrez ukatzen du agindutakoa, eta Clintonek gero eta errespetu handiagoa zion eskuin errepublikanoaren indarrari. Presoak askatasunera iristeko bideak estutu eta zaildu zituen lehendakari demokratak. Unibertsitate ikasketak burutzeko aukerak murriztu zituen. Presoei kalera irtendakoan bizimodua are zailago egiteko moduan gogortu zuen dosier judizialen formula. Santosek gaur saminez gogoratzen du gizon hura: «Ez, Clinton ez zen preso geundenon laguna».

Baina muturreko gogorrena Bill Clintonek bere agintealdiko azken egunetan eman zien gatibuei: lehendakariak duen klementzia edo indultu ahalmena inork baino murritzago erabili zuen. Eta hori gutxi balitz, ahalmen horretan erakutsi zuen bidegabekeria izugarria izan zen. «Azken egunetan, Clintonek desmasiak egin zituen bere barkatzeko ahalmenarekin, diruz edo politikoki lagundu zioten lagunei epaiak arinduz». Eta hona errematea: lehendakaritza utzi eta jada ahalmenik ez zuenean, orduan aitortu zuen Clintonek jende gehiegi zegoela denbora gehiegiz espetxean. Fariseoago ezin izan.

Bush edo Kerry, oroituko dira?

2000.urtean George W. Bush semeak irabazi zuen lehendakaritza »Al Gorek boto gehiago lortu arren» eta ordurako 13 urte zeramatzan Michael Santosek galeretan. Bushek kontserbadurismo errukiorra agindu zuen, eta kristautasunaren balioak aldarrikatu. Baina ondo egin zuen Santosek promesa horiei begi sineskaitzez erreparatzen. Lau urteotan ez dute eta hobekuntzarik izan Ameriketako Estatu Batuetako presoek beren zuloetan.

2004. urteko hauteskundeek ikasketak burututa, presondegiez hiru liburu plazaratuta eta ezkondu berri harrapatu dute Michael Santos. Erregimen gogorrenetik ateratzea lortuta, Coloradoko presondegi lasai batean dago. Baina Bushek bezala Kerryk preso dauden 2,1 milioi pertsonen etorkizunaz hitz bat esango duten itxaropena galdu du Santosek. Boto eskubiderik ere ez dutenez, «indarrik gabe gaude eta ahaztuak, atzerriratuta biziko bagina bezala». Hala ere, badaki berarentzat ere badirela hauteskundeok. Eta berriro egongo da adi-adi kanpainari eta bozketei begira, heldua denetik, bizi osoa preso daraman gizona.

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


Eguneraketa berriak daude