Aurretik era bateko egoera eta ondoren oso bestelakoa izatea, horixe da egun klabe eta esanguratsuek izaten duten ezaugarri nagusiena, bere zentzu onenean edo txarrenean. Ikuspegi historiko batetik, 2004ko martxoaren 11ko eguna horrelakoa izango da Espainiako Estatuan batez ere, baina baita Europan ere. Zeresanik ez hondamendia humanoaren ikuspegitik Madrilgo sarraskian hilda edo zaurituta izan ziren kaltetu eta haien senideentzat. Edota egoera horrek »eta aldez aurretiko beste batzuek» elikatutako giroaren ondorioz Iruñean Polizia Nazional batek hildako Angel Berruetaren senide eta hurbilekoentzat. Eta, tartean, egoerari puntu beltzena jartzeko, Hernanin ezker abertzaleak antolatutako protesta manifestazioari oldartu ondoren, Kontxi Sanchizen heriotza. Berriz ere, agerikoa da heriotza guztiak ez direla berdinak, ez mediatikoki ez jokabide instituzionalari dagokionez. Lehenengo eta bigarren mailako sufrimendua ofizialdua dago euskal gatazkan.
Lau egunetan gertatutako guztiak azterketarako ale ugari uzten ditu, lerro edo orrialde batzuk baino egunak eta asteak eskatzen dituena.
Mendebaldeko gizarteko populazioak ez du benetan aintzat hartzen bere eredu nagusi honek munduan zehar sortzen dituen egoerak, era batera ala bestera bere aurkako ondorioak ere izan ditzakeela, kasu honetan bezala. Agerikoa da Madrilgo erasoa Jose Maria Aznarrek eta PPk Espainia Irakeko gerran sartzearen ondorio dela. Justifikaziorik gabeko barrabaskeria eta nahi diren keria guztiak jarrita, baina haren ondorio. Aznarrek Iraken utzitako gerra ostekoa kudeatu beharko du orain Espainiako Gobernuaren lehendakari izango den Rodriguez Zapaterok, oposizioko «Gerrari ez» hura baino askoz modu korapilotsuagoan.
Aznarrek »bere aliatuen gidoiari jarraituz» beste zenbait arrazoiren artean, Sadam Husseinek suntsipen handiko armak zituela argudiatu zuen Iraken aurkako gerra sostengatzeko. Duela urtebete madrildarrak lasai ziren arabiar edo islamiar jatorriko zenbait talde armatuk «batek daki non» egiten dituzten atentatu odoltsuekiko; telebistak ematen duen distantzia eta lasaitasunetik, beste munduren batean gertatutako sarraskiak izan ohi dira M-11ko Madrilgo suntsipen handiko armak ikus-entzulearen begien eta kontzientzien aurrean eztanda egin arte. Horra paradoxa, Irakeko gerraren aurreko suntsipen handiko armen gezur ezaguna egi bilakatu da Madrilen. Zama horrekin pasatuko da historiara Jose Maria Aznar, Espainiako Gobernuko lehendakari ohia, bere megalomaniaren handitasunetik galtzailearen errealitate gordinera.
Euskal Herrira etorriz, uren bideratzeak luze joko du. Halako sarraski baten zama jasanezina euskal herritarren kontzientzia kolektiboan eraman ahal izanaren hipotesi hark gogor astindu du euskal gizartea. Herritarren gehiengo handiak hartutako lasaitua horren adierazle. ETAren balizko egiletzaren aurrean erakutsitako jarrera desberdinek ere lorrats ikusgarriak utzi dituzte.
Bakoitzari berea, eta Arnaldo Otegiri eta bere alderdiari berena. Olatu mediatikoaren aurka sarri ibilitakoaren ohiturarekin, Batasuna eta LAB moduko ezker abertzaleko erakundeek gainerako guztiek baino analisi gaitasun handiagoa agertu zuten; eta analisi gaitasunaz gain, gainerakoek ez duten ETArekiko sinesgarritasuna eta konfiantza ere klabeak izan ziren kiniela asmatzerakoan.
Otegik eta Batasunak asmatu zuten bezala, gainerako gehienak erratu ziren, Batasuneko buruzagiek hauteskundeen atariko interes logikoekin behin eta berriro gogorarazi duten gisan, «hasi Ibarretxe lehendakaritik eta Aralarreraino». Tesi erratua onartu zuten eta, ondorioz, azterketa erratua egin, ETA eta ENAMen mundua zuzenki edo zeharka errudun eginez, interesez ala ahuldadez, hori zehaztea gaitzagoa da. Ez da aztergile zorrotzik izan behar horretaz jabetzeko eta akats egitearen molde eta edukietan desberdintasun handiak izan baziren ere, akats egin duenak onartzea da legezkoena.
Ez da zuzena eta arriskutsua da gobernu bat susmoetan oinarritzea, baloratu beharreko gaia dena dena delakoa. Ez da ondo ulertzen, gobernu batek, bere Lehendakaritik hasi eta bozeramaileraino, ohikoan sinesgarritasunik ematen ez dion beste gobernu bati halako abagune berezi eta korapilotsuan sinesgarritasun osoa ematea. Jakin gabe ezin da halako ur handitan sartu, ez dator bat gobernu bati dagokion zuhurtasunarekin. Halako egoera larri batean, zergatik sinetsi behin eta berriro, esate baterako, EAJ eta ETA berdinak direla dioenari?
Analisiaren ikuspegitik »sarri interes politikoarekin zerikusirik ez duena» arina da halako jarrera bat eta ez letorke gaizki dagokionak hausnarketa eta zuzenketa egitea eta, bakoitzak bere neurrian, publikoki ere bai. Baina ETAk eta ezker abertzalearen zatirik handienak ere pentsatu beharko dute euskal gizartearen gehiengoak ETA halako basakeria batera iristeko gai dela pentsatu izanaz. Gizarte mediatikoaren indarra Pernandoren egietakoa da, baina ETAren jardunak horretan zerikusirik ez duela pentsatzea hausnarketaren erdian geratzea da.
Arnaldo Otegiren ahotan gaitzespen hitzaren erabilerak ere eman du zeresanik, eta hurrengoan ditxosozko berba zeren arabera erabiliko duen ere galdetu zaio. Batasuna indarturik atera da M-11ren atakatik, baina irailaren 11ren haritik, egun honek ondorio gogorrak izango du berez gogorra den egunerokotasunaren aldapan. ETAk iragarri du bere jarduerarekin jarraituko duela, bere ustez giltzarri diren arazoei irtenbide ematen ez zaien neurrian, baina bere jarduera armatua azken hamarkadan gero eta gutxiago ulertu izan bada, ez da zaila imaginatzea gaur egun ETAren atentatu baten ondoren egon daitekeen giroak nola mugatuko duen bere mundu sinbolikoaren jarduera politikoa.
Baina gerta liteke, halaber, M-11 Euskal Herriak bizi duen gatazka politiko bortitzaren mugarri bilakatzea. Egoera berri eta korapilatsua zabaltzen da Espainiako Estatuan, eta azken urteetan irtenbiderik topatu ez duen gatazkak bere aukera ere izan dezake, euskal gehiengo batek gutxieneko jarrera eta edukiei buruzko akordioa bat lortu eta bultzatzen badu.
Lehendakaria tartean
Ez da ondo ulertzen, gobernu batek, bere Lehendakaritik hasi eta bozeramaileraino, ohikoan sinesgarritasunik ematen ez dion beste gobernu bati halako abagune berezi eta korapilotsuan sinesgarritasun osoa ematea. Jakin gabe ezin da halako ur handitan sartu, ez dator bat gobernu bati dagokion zuhurtasunarekin.