Lehen irudi batean politika egiteko estiloa da nagusiki aldatuko dena eta hori eskatuko zaie nagusiki Zapatero eta PSOEri. PPren porrota, bere galeratik baino berarekiko dagoen beldurretik etorri zaio: hobe onena ez den Zapatero, txarrena den PP baino. PPren azken zortzi urteetako ibilbide autoritarioak utzi dituen arrasto zakar eta arriskutsuak atzean uztea eskatzen du Zapaterori garaipena eman dion boto multzo zabal horrek. Hori azken zortzi urteetan lerro lodiz marraztu diren Estatu baten eguneroko politika nagusietara eramatea, orain PSOEk lortu duen garaipen itzela baino askoz gaitzagoa da. Bide horretan berba hutsalak bihurtzen dira hauteskunde gaueko PP galtzailearen Espainiaren aldeko elkarlan berbak. Egon dadila ziur Zapatero popularrek ez dutela errukirik izango oposizio bidean, horretarako ia hamar milioiko boto kopuruaren sendotasunaz gain, zortzi urtetan neurrira egokitutako estatu egiturak eta botere faktikoak lagungarri izango dituelako.
Irak eta Europako Batasuna
Nazioarteko egoeraren kudeaketa eta Estatuaren berrantolaketa politiko eta instituzionala izango dira PSOE zahar-berrituak izango dituen erronka nagusienak. Nazioartekoan, Irakeko gerran izandako partehartzea dela eta, Madrilen egindako atentatuaz PPk egindako kudeaketaren ondorioz etorri zaio garaipena PSOEri. Beste gai eta jarrera askorekin ere gainezka zegoen botoa Zapaterori eman dion multzo handia, baina garaipena azken ordutako kontua izan da, datu denek aditzera ematen dutenaren arabera. Imaginazioa, gerri malgua eta, batez ere, orain arte azaleratu ez duen ausardia handia erakutsi beharko du Zapaterok aurrez aurre dituen ur handietan murgiltzean.
90eko hasieran Madrilen Ekialde Hurbilerako bake konferentziaren antolatzaile izateak, Espainiak arabiarren begietara zuen irudi txukuna hondoratu zuen Aznarrek Irakeko gerrarekin. Madrilgo Konferentziak emandako ospe haren itzalera hurbildu beharko du berriz Zapaterok, baina lagun amerikarra mindu barik. George W. Bushek aurten AEBetako hauteskundeak galtzeak lagun diezaioke horretara, Irakekoaz aurkari errepublikarrak egin duen kudeaketa ere baliatzen ari delako John Kerry. Bush eta Kerryren arteko lasterketa luzea izango da oraindik, baina iparramerikarrek badute beldur izateko arrazoirik, Espainian Madrilgo atentatuak izandako ondorioak ikusita, Al Kaedak edo gisakoren batek AEBetan beste sarraski bat egiteko ahaleginak askoz handiagoa izan daitezkeelako. AEBetako emaitzen aurretik, dena den, neurri erabakiorrak hartu beharko ditu Zapaterok, esate baterako Iraken dauden soldadu espainiarrak ekainerako etxeratu ditzakeela saldu ondoren.
Estatu ereduaren frontea
Nazioartean kudeatu beharreko beste fronte garrantzitsua Europako Batasunekoa izango da. Azoresetako Ituna medio, Europako Batasuneko aliatu nagusiekin harreman hondatua berbideratu beharko du. Hori egoera normalenean ere gaitza da, eta Europako Batasunaren zabalkundearen hasieran eta Europako Konstituzioa onartzearen atarian gaitzago.
Etxeko lanetan Estatuaren egitura politiko-instituzionalaren berregituraketa izango du erronka nagusi Zapaterok, nekez sinetsi baitaiteke putzu horretara jauzi egin barik ERC edo beste alderdi nazionalista batzuekin auzolanean arituko denik. PSOEren barneko sultanato eta kaifa erresumen sarean harrapaturik, irudigaitza da Zapaterok nola hel diezaiokeen estatu federal asimetrikoaren abiadari. Alderdi sozialistaren sektore zabaletan Espainiaren batasun sakrosantua ulertzeko modua eta alderdi nazionalistekiko menpekotasuna nola lotzen dituen izango da bere agintaldiaren piruetarik ikusgarrienetakoa. Kataluniako Autonomia Estatutuaren berrikuntza eta testuinguru horretan eskatzen den finantzaketa eredu berria, eta Ibarretxe Plana ditu asimetriaren ibilbideak lantzeko lehen erronkak.
ERCk historikoki erakutsi izan du Espainiako Gobernuan parte hartzeko jarrera, horrek Kataluniako burujabetzaren bidea erraztu badezake. Kontraesankorra dirudi Euskal Herritik begiratuta, baina Kataluniako egungo egoerak eredu bakoitzaren berezitasun eta baliagarritasuna erakusten ari da apurka. Bere burua berkokatu behar duen oposizioko CiU nahasiak xake taula honetan zer mugimendu egingo duen zalantzaz betea dago, baina sozialista eta Esquerrakoei egin beharreko oposizio eta sostengu lanaren orekan mugitu beharko du: balizko asimetrien alde egin beharko du eta politika sozio-ekonomikoetan Maragallen gobernuak har dezakeen bidetik aldendu. Josep Lluis Carod-Rovira eta ETAren arteko elkarrizketaren aferan, ERCko buruzagia eta Maragall zein neurriraino egurtzeko prest zegoen erakutsi zuen. Oraingo jarrera ikusgai da.
Ibarretxe plana eta gatazka
Euskal Herriko egoera korapilatsuago aurreikusten da oraindik, orokorrean bizi den gatazka politiko bortitzagatik eta zehatzean Ibarretxe Planaren garapena aurrez aurre duelako. Josu Jon Imazek EAJko lehendakaritza eskuratu duenetik behin eta berriro egin ditu PSE-EErekin beste giro eta harreman bat jorratzeko keinuak. Eta alderantziz ere bai. Patxi Lopezen PSE-EErentzat, hauteskundeetako balorazioaren ondorenean adierazi duen moduan, inkomunikazio garaia bukatu da eta elkarlanarena datorrela iradoki du lerro artean. Etorkizuneko balizko elkarlan hori eta Espainiako legediak, herri kontsulta medio, Ibarretxe kartzelaratzeko ematen duen aukera hori nola ezkontzen diren ere ikusi beharko da. Abertzaleen eta konstituzionalisten arteko azken urteetako inkomunikazio eta enfrentamendu politikoaren trabak gainditzeaz gain, PSE-EEk PPren eta bere alderdiko sektore batzuen zaindaritza ortodoxoa izango du oztopo nagusietakoa.
EAJri dagokionez, azken urteetako posizio onetik jarrai dezake lantzen Ibarretxe lehendakariaren proposamenak eskatzen dituen baldintzak. Beretzat aproposena ez den hauteskunde moldean, EAJk berriz erakutsi du EAEn duen lidergo sendoa. Lizarra-Garaziko bihurgunearen ondoren, bi zeregin handien artean mugitu beharko du: Ibarretxe plana aurrera ateratzeko eskatzen duen boto abertzale eta aurrerakoiaren konfiantza eta berau legalki gauzatzeko gobernu sozialistarekin gauzatu beharreko akordioa. EA eta Ezker Batua bidelagun izango ditu, orain arte bezala, eta ikusgai geratuko da horrek gatazka bortitzetik ateratzeko izan dezakeen indarra. Gaur egungo eskematan, ENAMen zokoratzetik erresistentzia klabean irauteko prest ageri den gutxiengo handi baten trinkotzea aurreikusten da luzerako.
Bergarako Ekimenak boto kopuru esanguratsua lortu du hauteskundeetan eta erresistentziarako duen gaitasuna agerian geratu da berriz ere. Baina boto gainbehera etengabekoa da, eta hauek bildu beharreko orduan bizi diren baldintzek emaitza bera ere distortsiona badezakete ere, beheranzko joerak berandu baino lehen aldaketa estrategikoetara bultzatu beharko luke ENAMen egituratzen den mundu politikoa. Justiziaren eta demokraziaren arauetatik ikusita, ulertezina den ilegalizazioaren ur uherretan igerian jarraitu beharko du Batasunak. Harrigarria bada ere, aldiz, horrek gizartean ez du kontraesan gehiegirik sortzen, eta neurriz kanpoko normaltasuna gailentzen da. Gatazka bortitzak eta bere ondorioek estaltzen dituzten kontraesan eta injustiziak dira. Ezker abertzaleko beste eremuetara begiratuz, Aralar-Zutikek bereari ondo eutsi dio Gipuzkoan, baina Bizkaian eta Araban proiektua aurrera atera ezinean dabil. Argi dago garai bateko HB eta EHko botoemaile mordoxka batek, "autodeterminazioaren aldeko botoa" eta Aralarrekoa ez den beste boto bat aukeratu duela.
Ezkerreko nazionalisten lidergoa beretzat hartu duen EAko Begoña Lasagabaster beste patxada batekin ibili ahal izango da Madrilgo Kongresuan, eta botoak galdu arren EAk emaitza onak lortu baditu ere, etorkizuneko bidea harriz betea du, bazkide jelkideak hartzaren besarkada noiz emango dion beldurrez. Hala ere, ERCren itzal eta babespean, orain jokoan aritzeko baldintza egokiagoak ditu Madrilen, eta horri ere atera diezaioke errentagarritasuna.
Barne gorabeherak kontrolatzea lortzen badu »eta ez da samurra izango», etorkizuneko proiekzio esanguratsua duena Nafarroa Bai koalizioa da. Hiru urte barru izan beharreko foru hauteskundeetan halako indarrarekin edo handiagoarekin iristea lortuz gero, Nafarroako egoera politikoak jira-bira handia izan dezake. Hiru urte ditu presaka jorratutako koalizioa asentatzeko eta beste sektore batzuekin batera (EB, PSN) foru jauregiaren asalto politikoa prestatzeko.
Nafarroan izan ezik, Ezker Batuak gora egin du Hegoaldeko gainerako hiru lurraldeetan. Bere botoa egonkortuz doa apurka, eta oraingo hauteskundeetan, diputaturik lortu ez arren, ez da makala lortutako emaitza, areago kontuan hartuta estatuan zehar IUk PSOEren mesedetan izandako hondamena.
Hauteskunde aurreko hilabeteetan asko hitz egin izan da ezkerreko aukera abertzale berri baten egituratzeaz: osagaiak bidean dira, helmugarako tartea, aldiz, gaindiezina dirudi gaur- gaurkoz. Ezkerra zer den zehaztea, gatazkatik ateratako ikusmolde desberdinak eta etorkizuneko estrategia abertzale bateratua dira gainditu beharreko langak. Hauteskundeetako mezu distortsionatuetan horren erabilgarri den kontzeptua gauzaezina dirudi epe laburrean.
PPri dagokionez, bere ezaugarrietako eskuina ez da galtzaile ona eta lasai aurreikusi daiteke bere indar guztia erabiliko duela, etorkizunera begira ireki daitezkeen bide berriak oztopatzeko. Hauteskundeen biharamunak errealitate politiko berdintsuan eragiteko hari berriak utzi ditu. Hurrenez hurren, Iruñean eta Hernanin gertatutako Angel Berrueta eta Kontxi Sanchizen heriotzek, euskal gatazkak bere gordinenean dirauela erakusten du. Tony Blair ez da gaur egun erreferenterik onenetakoa Zapaterorentzat, baina hark bere garaipenaren ondoren Irlandan irekitako bidea bai izan daiteke erreferente interesgarria mende erdiko gatazka aterabidean jartzeko. Berdin balio beharko luke Irlandako ispiluak ETA eta Euskal Herriko eta Espainiako gainerako aktore politikoentzat. Gaitza da, ez da zalantzarik, baina zabaldu berri den aukera ez baliatzeak zer dakarren ezaguna da.