Gerardo Markuleta: «Ihesa ere beste aukera bat da, eta batzuetan onena»


2021eko uztailaren 28an
Hiru ataletan banatu duzu liburua. Iferneguan da lehena. Zer esan nahi du?
Hitz munstro bat da hori, infernua eta negua hitzen nahasketa. Negatiboa den zerbait adierazten dute biek normalean; hotza eta beroa, baina zentzu negatiboan. Beraz, Iferneguan hitzak okerreneko okerrena adierazi nahi du. Makalaldi hondatzaile bat adierazteko hitza da. Eta zati horretan gehienbat hori kontatzen da. Zulo horretan nola erori eta hortik altxa nahia-edo.

Bigarren atala, Gosari jendetsua, amodio galduen oroimena al da?
Amodio galduak eta ez galduak ageri dira hor. Eta amodioa, eta amodio-amodio ez diren giza harreman bestelakoak. Hor ageri dena ez da maitasun kontzeptu tipiko-topikoa, film amerikarretan ikusten duguna: mutilak neska ezagutzen du eta aldarearen aurrean amaitzen da istorioa. Hori albo batera utzi dut nik. Esaten didate amodio istorio xelebreak kontatzeko joera daukadala, baina nik ikusten ditudan maitasun istorio guztiak dira xelebreak. Maitasunak amaiera du, eta berriro hasteko gaitasuna ere bai, eta normalean ez da izaten harreman bat, bakarra eta bi pertsonen artekoa. Hori oso-oso gutxitan ikusi izan dut nik. Inguruan ikusten dudan jendeak bere istorioa du maitasunean eta beste kontu batzuetan, eta gero, bada, topo egiten du bere istorioak ere badituen beste norbaitekin. Eta harremanean normalean bi pertsona baino gehiago egoten dira, beti baitago "ohi" izandakoren bat, eta erdi heltzear dagoen besteren bat, gu adinean aurrera goaz, beste batzuek badatoz eta… Sare modukoa da hori dena, eta sare horretako beste puntu batzuei jartzen naiz ni adi.

Maitatua edo arbuiatua, poeta beti izan da gizartean aparteko gizaki gisa hartua. Zerk bultzatzen du norbait poesia idaztera?
Irakurritako poesiak. Ez beti, baina normalean poesia irakurri izanak bultzatzen gaitu poesia idaztera. Hau da, poema batzuk disfrutatu egin ditugu, eta beste batzuk nahi genituzke gozatu ere, baina ez ditugu inon topatzen eta horiek idazteari ekiten diogu. Nik ez dakit sentsibilitate berezirik dagoen, ze nik poeta mota asko ezagutu ditut eta oso sentsibilitate mota ezberdinak dituzte. Gizartean zabaldua dago kontu erromantiko hori, jenioarena… Eta beharbada are okerragoa den beste bat, poeta berdin pertsona onarena. Nik ez dut hori ikusi bazterretan. Poeten gutun trukaketetan-eta agertzen dena, benetan gauza etsigarria da. Era askotako jendea aurki dezakezu, baina normalean ego oso puztuak izan dituztenak; batzuetan hegoak ere izan dituzte, eta hegan egiteko gaitasuna, baina h-rik gabeko beste ego horrek pisu dezenteagoa ezartzen die pertsona modura. Dena den, haien testuek hegan egiten badute, ni testuekin geratzen naiz.

Badira baita poeta salatzaileak ere...
Bai. Baina niri beste era bateko poesiak erakarriizan nau beti. Poesia mota horretan sozio-politiko-erlijioso egiaren bat dago, mundu ikuskera jakin eta itxi bateko adierazpideak dira nolabait. Tribuaren hitzak jasotzen dituzte, edo hori baino gehiago, tribuari behar dituen hitzak ematen dizkiote. Niri gehiago axola zait xehetasuna, zalantza; ulertzen dut, baina honaino bakarrik, eta orduan galdera botatzen diot irakurleari.

Bai, benetan. Galdera asko egiten dituzu, erantzun ia inoiz ere ez, ordea. Zergatik?
Ez baitaukat erantzunik! Banaketa egiteko, galdera poetak eta erantzun poetak daudela esan daiteke. Eta ni galdera poeta naiz gehiago, erantzun poeta baino.

Hitzen indarrean sekulako fedea duzula ematen du, suaren eta hotzaren minetik babes gaitzaketela baitiozu. Egia ote hori?
Neurri batean bai eta bestean metaforikoa da. Baina pentsa hitzik gabeko giza bizitza batean! Niri ezinezkoa iruditzen zait. Kontsolamendua, neurri handi-handi batean, hitzetatik etortzen zaigu. Plazeretatik baino gehiago. Zentzumen guztiek gozarazten gaituzte, baina gehien hitzek. Hala iruditzen zait niri behintzat. Hitzak eman zion gizakiari gizaki izatea pixka bat bederen eta horretan aritu da orduz geroztik, elkarrentzako kontsolamendu hitzak bilatzen. Hor daukagu literatura, ahozkoa lehenengo, idatzizkoa gero. Eta jendarteko harremanetan ere ez da sinestekoa zenbat hitz aldatzen ditugun egunean-egunean, gainera garrantzirik eman gabe. Eta zenbat hitz sartzen dizkiguten, telebista dela, irratia, abesti txotxoloak direla… ze hitzak kaltegarri ere izan daitezke, hauteskunde garaian ikusten da. Baina oso kontsolagarri handiak dira.

Zure poemak irakurleari kontsolamendua eman nahian idatziak izan al dira?
Neure buruari lehenengo! Halere, kontsolamendua esateko modu bat da. Ez dut adierazi nahi konformatu, eseri zaitez eta gaitzak pasako dira, ez. Baina zenbat eta leku gehiagotan begira jarri, gehiago ulertzen dugu eta orduan kontsolatuago gaude. Zuloetatik ateratzeko, bidean aurrera egiteko lagunduta, nolabait.

Amodio eta herio, maitasuna edo hil, beste gairik ukitzen ez duelako kexu agertzen zaio lagun bat poetari. Beste gairik ez al da?
Hain zuzen pertsonak munduko gauzarik miresgarriena zein apalena egiten gaituztenak bi horiek dira. Oso barregarri jartzen gara maitemintzen garenean, eta izugarri serio hiltzen garenean. Orduan, egoera horietan gaude aztertzeko modurik babesgabeenean, horietan ikusten zaizkigulako zuloak eta lotsagabekeriak, baina aldi berean duintasun itxura gordetzen dugu. Ze maitasunak indarra eta tente joateko zera ematen digu, eta heriotzak tente jartzen gaitu erremediorik gabe. Nolanahi ere, errespetu handiegia diogu heriotzari.

"Segika daukat neure burua/ aterpe emadazu gaurkoz", diozu. Dugun etsairik handiena geure burua al da?
Bai. Beharbada gure gezurrik handiena gure erru beldurra da. Eta geure moduko gizarte batean eta geure moduko hezkuntza jasota are gehiago, dena egon izan delako eraikia errudun senti gaitezen. Sexuari beldurra, elkar ukitzeko beldurra, herritik ateratzeko beldurra, lana galtzeko beldurra, maitalea galtzeko beldurra… Etengabe beldurrez bizi gara, eta zuek emakumeok are gehiago. Horretan saiatzen zaizkigu, eta horri aurre egiten eta ihes egiten saiatu behar dugu. Ihes egiteari ere beldurra diogu, ez omen delako duina-eta; baina ihesa ere beste aukera bat da, eta batzuetan »garbi dago» onena.

Zure beste poema batek dioenez, boterearentzat gu guztiok gara inozo. Zuretzat, aldiz, zer da boterea?
Edozer gauza, inozoa izan ezik. Nik ez daukat fede handirik kontatu diguten moduko aurrerapenean; baina sinetsi nahi dut gizakien artean moldatzeko moduek aurrera egin dutela, eta muga batzuk jarriz eta boterea dutenak aldatuz beste era batera antola gaitezkeela. Hobeto bizi zaretela emakumeak orain, duela berrogeita hamar urte baino, eta beraz denok bizi garela pixka bat hobeto. Hori sinetsi nahi dut, baina ez dut hori ikusten. Ikusten dudana da boterearen diskurtsoa aldatu egiten dela, makillatu, baina boterea nahiko antzera dagoela banatuta, eta lehen bezain doilorki eta txarki erabiltzen dela. Beraz, kontua da boterearen mozorro horiek deskubritzea eta ahal den neurrian lotsagarri uztea, poesiak horretarako ematen duen ahalmentxo txikian.

Nolakoak zaituztegu "samurraren aldeko azken gudariok"?
Poema hori hogeita bost urte neuzkala idatzi nion adin bera betetzen zuen neska bati. Hogeita bost urte dauzkazula zeure burua talde batean ikusi nahi duzu, eta ikusten dituzun taldeak zeure gustukoak ez badira, bada, zeurea bilatu edo asmatu egin behar duzu. Horixe egin nuen nik hor. Inguruan samurtasun gutxi ikusten nuen, batez ere samurtasun kolektibo gutxi, eta horren aldarrikapen bat-edo egin nuen.

Poetaren musikalitatea
Gerardo Markuletaren poemetan musikalitate handia dago, eta jakina, horretaz ohartu den kantaririk ere ez da falta izan gurean. Mikel Urdangarinen Ez esan ezetz edota Jabier Muguruzaren Enegarren postala, filmetan bezala kantuak ditugu esandakoaren adibide. Nolanahi ere, Batak ez du bestea kentzen plazaratu aurretik beste hiru poema liburu argitaratuak zituen 1963an Oñatin jaio eta gaur egun Gasteizen bizi den olerkari honek: Larrosak, noizean behin (1990), Sagarraren hausterrea (1994) eta Hauta-lanerako poemategia (1999).


Azkenak
Patri Urkizu euskaltzale, ikertzaile eta idazle lezoarra zendu da

78 urterekin hil da ibilbide oparoa izan duen euskaltzalea. Euskal Filologian doktore izateaz gain, hamarnaka lan argitaratu zituen, poesian, nobelan zein saiakeran, baita biografiak eta bertso bildumak ere. Lan handia egin zuen antzerkigintza ikertzen.


2024-12-18 | ARGIA
Euskal Y-a ez da Ipar Euskal Herriarekin lotuko gutxienez 2042 urtera arte

Frantziako Gobernuak Espainiakoari baieztatu dionez, Abiadura Handiko Trena ez da Hego Euskal Herrira iritsiko (Irungo loturara) gutxienez 2042 urtera arte. Ez dago Parisen lehentasunen artean.


2024-12-18 | Mara Altuna Díaz
Migratzaileen Nazioarteko Eguna | Alberto Flores-Uranga, artzaina
“Amerikak asko eman dit, baina nik ere asko eman diot Amerikari”

20 urte zituela, Alberto Flores-Uranga Mutrikutik Idahora (AEB) joan zen artzain. Bakardadean, mendietan galduta, maiz koiote eta hartzak begira zituela."Berriro egingo nuke, zalantzarik gabe", dio, garai haiek gogoratuta.


Siemens Gamesak 423 langilerentzako erregulazio espedientea proposatu die sindikatuei

Aldi baterako erregulazio espedienteak aerosorgailu konpainiak Asteasun eta Zamudion dituen lantegietako langileei eragingo lieke eta batzarrean bozkatuko da aurreakordioa.


Mezu kristaurik gabeko Gabon kantak, ikastetxe ugariren aukera

Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.


2024-12-18 | Leire Ibar
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Kontseilua sortu dute Nafarroan

Sortu berri duten organoaren eginkizun nagusien artean daude, besteak beste, diskriminazioaren aurkako politikak sortzea, migratzaileen eta gutxiengo etnikoen elkarteen parte hartzea sustatzea, Nafarroako arrazakeriaren egoera globala aztertzea, eta Arrazakeriaren eta... [+]


2024-12-18 | Julene Flamarique
BSHko langileek lantegiaren “deslokalizazioa” salatu eta manifestazioa deitu dute larunbaterako Iruñean

Alemaniatik etorritako goi kargu batek eman die 655 langileei enpresaren itxieraren berria, ohar bat "hoztasunez" irakurrita, eta langileei “lehiakortasun falta” egotzi die. Langileek presazko bilera eskatu diote BSHko operazio arduradun Pepe Justeri, eta... [+]


2024-12-17 | ARGIA
ETAren armagabetzeaz “esateko zeukan dena” esana duela adierazi du Jaurlaritzak Bakegileen salaketaren aurrean

“Jaurlaritzak esateko zeukan dena esanda dago txosten horretan” adierazi du asteartean Maria Ubarretxena bozeramaileak, Jaurlaritzak 2019an egindako txostenari erreferentzia eginez. Txosten horretan egiten den kontakizuna “faltsua eta interesatua”... [+]


2024-12-17 | Julene Flamarique
Igor Kirillov hil du Ukrainiak, Errusiako armadako babes nuklearrerako, biologikorako eta kimikorako tropen burua

Atentatua astearte goizean izan da, Kieveko auzitegi batek Kirillovi Ukrainako tropen aurka arma kimiko debekatuak erabiltzea leporatu eta hurrengo egunean. 300 gramo TNTko karga zuen lehergailuak, eta Errusiak jazotakoa argitzeko ikerketa bat jarri du abian.


2024-12-17 | Leire Ibar
Gasteizen bizi diren Gazako bost familien egonaldia era mugagabean luzatzeko eskatu dute

Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]


2024-12-17 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Autoktonoa ala inportatua da Hego Koreako krisia?

Hego Koreako presidente Yoon Suk Yeol-ek abenduaren 3ko arratsean gerra-legea ezarriz sutu zuen krisi politikoa itzaltzetik oso urruti dago oraindik. Nahiko argi badago ere kolpea sustatu zutenak ez direla irabazten ari. Oraingoz.


2024-12-17 | Leire Ibar
Urretxindorra Ikastola sexu abusuen “konplize” dela salatu dute

Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]


2024-12-17 | Jon Torner Zabala
Otso edo hartz, abeltzaintzarekin duten elkarbizitza eztabaida-iturri da

Urriaren 19an, Xiberoko Batzorde Sindikalak bozketa egin eta adostu zuen lurraldea "babesteko zaila den eremu gisa" (ZBD) izendatzeko eskaera abiatzea, otsoaren "arriskuari" aurre egitea helburu. Artaldeei eraso egin ez badie ere, artzainek otsoari tiro... [+]


Eguneraketa berriak daude