Jazz eta Mariatxi (Cortazarren gorazarrean)

  • 20 urte dira Julio Cortazar idazle argentinarra zendu zela. Mexikoko Guadalajarako Unibertsitateak duen Julio Cortazar katedrak ere hamargarren urteurrena bete du. Hori dela eta, otsailaren 14tik 17ra ekitaldi ugari egin da Guadalajaran XX. mendeko idazle esanguratsuenetakoa izan zena gogoratzeko. Jon Alonso bertan izan zen.

2021eko uztailaren 28an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
«Julio Cortazarren jatorria Gernikan dago, Usparitxa izeneko baserrian". Hau esaten duenak Lisardo Santorini deitzen dela dio, Argentinako Corrientes probintziakoa eta ingeniari topografikoa dela, edo horrelako zerbait; edozein kasutan, guretzat beti lauso geratzen den holako titulu baten aipuaz apaintzen du bere burua ezezagunen aurrean aurkezten denean. Guri ere hala aurkeztu zitzaigun, jada ez naiz gogoratzen lehengo jazz emanaldian edo CELL etxean (Centro de Estudios Literarios Latinoamericanos) irekiera ofizialaren ekitaldia bukatu eta gero. Adiskideak eta biok elkarri begiratu diogu. Muxikako auzoa den Usparitzaz ari da, agian, Usparitza Gernika ondoan baita. Zortzi mila kilometrotik ikusita, Usparitxa Gernikako baserri bat dela esateak ez dirudi oker handia, are gutxiago gaztelaniaz "baserria" hitzak har dezakeen adiera kontuan hartzen badugu.

Gainera gu ez gaude zehaztasun geografiko askotarako, teknologiaren matazan ia itota baizik, lotzen ez diren konexioen, galtzen diren kaseteen, une kritikoan deskargatzen diren baterien, mozten diren deien eta abarren oihan baten erdian. "Maga aurkituko al zuen?" hasten da Rayuela »hori bada hasiera, bederen, horrelako xehetasunak beti erlatiboak baitira idazlan honetan», Cortazarren nobelarik famatuena. Guk ere makina bat aldiz egin behar izan genuen galdera hori: "M. egongo al da?", gure Maga partikularra, lepo ingurua tinkotzen digun kablea laxatzera noiz etorriko zain, esperantzaz. Cortazar bera gutaz harro egongo litzateke, agian; gurekin etorriko zen tekila baten eske, eta ez munstro teknologikoa menderatzen uste duen izaki askietsi horietako batekin. Baina ez gaitezen harroputzak izan. Horixe bera pentsatu du, hain segur, hemendik ibiltzen den kazetari, hizlari eta ikusle bakoitzak, eta beharbada »hipotesirik baikorrena», halaxe izan da, eta nork bere neurriko Cortazar eduki du tragokide.

Hala ere, badaezpada, galdetu diogu Lisardori nola dakien hain seguru Cortazarren jatorriaren berri zehatz hori, eta, noski, bere historia entzun behar izan dugu, eguzki beteko Guadalajarako plazatxoren bateko tabernan. Lisardok dio berak betetzen duela posiziorik bakan eta bereziena Cortazarrologiaren (dei diezaiogun horrela maisuaren lana aztertzeaz eta goresteaz arduratzen direnek sorturiko jakintzari) barruan; izan ere, bera omen da horretaz arduratu den bakarra, serio arduratu, alegia. Artxiboak, elizak eta herri apartatuak korritu omen ditu, arazo eskertxarreko hori argitzearen kariaz. Eskertxarreko? Ez dugu oso ongi ulertu. Bai, argitu digu, Julio Cortazarrek ez zuen ezer jakin nahi izan bere aitaz, honek familia abandonatu baitzuen Juliok lau bat urte zituelarik, bera ama eta arrebarekin utzirik. Lisardok egin dituen azterketen arabera Cortazarren aitak tango dantzari porteño batekin egin omen zuen ihes. Adiskideari begiratu diot, irribarretsu. Ederregia egia izateko. Elkarren arteko broma batzuk trukatu ditugu adiskideak eta biok, gernikar hankarinaren eta tango dantzari porteñoaren artekoa gai hartuta, eta Lisardo gaitzitu egin zaigu: baina zuek euskaldunak al zarete? Galdetu du, nire akreditazioa eskuan hartuta. Normala da, inguratzen gaituzten hainbeste Agirre, Otxoa, Zarate, Orozko, Ibarra, Arraiza artean. Bai, esan dugu. Nire adiskidearen akreditazioa ere ikusi du, konformeago geratu dela iruditu zait, "ummm" pentsakor bat bota du. Eta gauzak, han, zer moduz? Betikoa. Gero, kronika honetan zehar "milioiko galdera" izendatuko duguna egin diogu, eta mesfidakor begiratu digu, kapziosoa dela iritzita, segurutik.

Lisardok bere aztergai bitxia dela-eta daki zerbait Euskal Herriaz, nahiko desitxuratuta, baina hainbestean; okerragoa izan da beste kazetari batek galdetu didana, ea batasuneraz idazten nuen, eta gero, berbera huts egiteaz konturatuta, euskadieraz. Ezetz, euskara dela hizkuntzaren izena. Bateon batek etarra ote ginen galdetu digu zuzenean. Gabi ez, Gabik lagun euskaldunak ditu, denok imajinatzen ahal ditugun arrazoiak medio han bizi izandakoak, eta badaki. Gabi »Gabriela» Cortazar zale amorratua da, ederki lagundu digu bertakotzen, ezezaguna gure neurrira ekartzen.

Baina alferrik da pentsatzen hastea zergatik dagoen han hainbat eta hainbat euskaldunen ondorengo, eta zergatik gutaz dagoen irudia Garzon epaileak barreiatzen duena den. Alferrik da… Izan ere, ez da, baina gu ez gara horregatik etorri. Juan Mari Arzak ere ez, noski; Oaxacan omen dabil egunotan, prentsan irakurri diogu elkarrizketa bat, ez du ezkutatzen euskalduna denik, alderantziz. Bada zerbait.

Hitzaldiak Guadalajarako Unibertsitateko Paraninfoan izan dira. Paraninfoa eraikuntza ederra da, bai kanpotik eta bai barrutik ere. Bostehun-seirehun bat lagun sartuko dira bertan, eroso eseririk. Mural izugarri eta eder batek apaintzen du frontisa, beste batek kontrapikatu ikusgarri eta perspektiba bitxi batzuekin, goiko aldea. Muralak Jose Clemente Orozko pintoreak eginak dira. Gabik hagitz maite ditu. Riveraren gainetik ere bai. Rivera ezagunagoa da zuen artean Europatik ere ibili zelako, jakinarazi digu. Badakizue zer esaten zuen Octavio Pazek, ezta? Mexikoko hiru mural-egile handiak bi dira: Jose Clemente Orozko. Egunero bete da aretoa, hitzaldiek iraun duten lau egunetan. Gazte asko, horixe izan da deigarriena. Gehienak ikasleak izango ziren, Cortazarren gaineko tesia egiten ari zen Tzotzil hura bezala. Baina bestelako jendea, jende arrunta ere bai. Iruditu zait hor entzule zirenetako askok oraindik espero dutela zerbait literaturaz eta idazleez. Guk ez bezala, guk baino gehiago, esango nuke. Ziniko bihurtzen ari naiz? Tzotzili ere milioiko galdera egin diogu, eta irri labur eta abegikor bat egin du, azal beltzaranarekin kontraste handia egiten duten hortz txuri-txuriak erakutsiz. Hori erantzuten ez dakit… Dakidana da Juliok burua altxatu eta hau guztia ikusiko balu, hil egingo litzatekeela berriz ere. Gabi ezkerzalea da, hari ere milioiko galdera egin diogu, eta ustekabeak hartuta bezala begiratu digu: ba, begira, ni ez naiz ohartu, baina orain, esaten duzunean… Publiko arteko Tzotzil eta Gabi guztiekin hartu ditu Cortazarrek zerbezak egunotan. Haiek Julio esaten diote, gu ez gara horrenbestera ausartzen.

Otsailaren 14an izan zen lehen ekitaldia, kartel erakargarriarekin: Garcia Marquez, Saramago, Tomas Eloy Martinez eta Carlos Fuentes, Belisario Betancourt moderatzailea zela. Bi Nobel, Kolonbiako lehendakari-ohi bat, egun Mexikon idazle inportanteenetakoa izango dena, inportanteena ez esateagatik, eta Argentinako beste idazle handi-handi bat. Paraninfoa lehertu beharrean, berrehun bat kazetari aldameneko areto pantailadun batean, mila ikusle Unibertsitateko zineman, telebistak zuzenean ematen zuen… Ez dago zalantzarik ekitaldi garrantzizkoa zela. Dena oso ondo joan zen, oso polita, oso… Padilla errektoreak protokolozko hitzak irakurri zituen; ondoren Belisario Betancourtek bere umore beneragarriaren zantzu batzuk utzi zituen, uzten saiatu zen; Garcia Marquezek orain bi urte edo prestatutako testu bat, beste nonbait ere irakurrita, irakurri zuen berriz; Saramago Cortazarren unibertsotik apur bat tangentzial aritu zela eman zidan, nahiz eta, hitzaldien gai orokorrari lotuz, bere berrirakurketa eskaini; Eloy txukun aritu zen, balekoa. Fuentes… Cortazar Katedra sortu zuenetakoa izanik, mexikarra izanik… Fuentes izan zen magistralena, brillanteena. Ondoren prentsa aurrera etorri ziren Eloy eta Fuentes, banan banan. Eloyk galdetutako guztiari erantzun zion, inolako trabarik gabe. Fuentes hastear zelarik, prentsako arduradunak gaztigatu zuen mexikarrak ez zuela politikari buruzko galderarik erantzungo. Argazki-kamera eskuan zegoen adiskideak eta biok elkarri begiratu genion: Cortazarren omenezko ekitaldi batean politikari buruzko galderarik ez? Nikaraguako eta Kubako iraultzak goretsi, lagundu eta aupatu zituen idazlearen omenaldian munduak egun bizi dituen ajeez galdetzerik ez? Harrapa ezak! Ea nor ausartzen den honi milioiko galdera egiten! nik, adiskideari. Galdetuiok Ibarretxeren Planaz! adiskideak, barrez lehertzen. Ez genion argazkirik atera, kameraren bateria agortuko zitzaigun, edo karreta bukatuko, ez naiz gogoratzen. Hainbat galdera erantzuteari uko egin zion Fuentesek, politikoak zirelakoan, baina, zenbait kazetarik xaxatuta, azkenean AEBen kanpo politikaren aurkako deklarazio batzuk egin zituen, Irakeko gerraz, hain zuzen, beti ere garbi utziz bera AEBetako gobernuaren aurka mintzo zela, eta ez AEBetako herritarren aurka.

Saramagoren prentsaurrea hurrengo egunerako utzi zuten. Berau CELL izeneko etxearen inaugurazio ekitaldiaren ondoren egin zen, etxe hartan bertan. Erakarri egiten du Saramagok: prentsaurrean bildu ziren komunikabide eta kazetarien kopurua handiena izan zen. Honelako saltsetan ohitura handirik gabea den honek orduantxe ulertu zituen makina bat kroniketan irakurritako kazetarien arrengurak: bultzadak, ukondoak, toki kentzeak, elkarren galdera estaltzen saiatzea… Medio gehienak Mexikon atzerakoien eta eskuindarren famatzen duten Jalisko estatukoak izanik, bazirudien halako hitzarmen sekretua zegoela portugaldarrak bere ohiko diskurtsoa eman ez zezan ("Zer iruditzen zaizu Cortazar?" "Zer iruditzen zaizu Octavio Paz?" "Zer iruditzen zaizu Nobel Saria?" "Zer iruditzen zaizu Mexikoko gazteria?"…). Nola edo hala lortu zen blokeoa apurtzea, eta Saramagok, burua lehengo lepotik, bere ohiko diskurtsoa eman zuen, humanismoaren eta justizia sozialaren aldekoa. Baina posizio ideologiko jakinetatik, jainkorik onartzen ez duten posizioetatik, esaterako. Horrek desberdintasun funtsezkoa ezartzen du bestela antzekotzat har zitezkeen beste jarrera batzuen alboan; horrek, Mexikoko Jaliskon, non elizak presentzia etengabea eta nabarmena baitu, badauka bere zera. Horregatik prentsaurre luzea bukatzeko zegoela, azken galderarako txanda eman zutenean, kazetari batek hauxe galdetu zion, "erantzuidazu bai edo ez: jainkoarekin sinesten duzu?". Ongi gogoan daukat erantzuna: "Hamabost urte nituenetik esan eta esan ari naiz ez dudala jainkoarekin sinesten. Zergatik galdetzen didazue berriz ere?" Hori esanda eserlekutik altxatu zen, prentsaurrekoa bukatutzat emanez. Denak hasi ginen mugitzen. Nire atzean, beste kazetari batek ozenki esana entzun nuen: "Noiz erantzungo duzun baietz zain gaudelako". Jendeak hain du sinesteko beharra non, Saramago fededun bihurtuko balitz, Nobel ez ezik santu ere egingo bailukete berehalakoan.

Gero, beste hiru egunez etorri zen programa luze eta estu bat, dezepzionagarri samartzat joko nukeena, baldin eta bat, horrelako tokietara joaten delarik, inolako esperantzarik baleuka. Ez da hitzaldiak ez zirela onak izan, ez da bertan zeudenen kategoria zalantzan jartzekoa dela, ez da antolamenduak huts egin zuela. Aitzitik, hori guztia primeran joan zen. Orduan? Ez dakit, ez zait erraza esatea, inoiz arkeologia hitzaz baliatuz honetaz hitz egiten saiatu naiz, beharbada esklerosi hitzaz baliatu beharko nintzateke, literatura, gauza bizia bezala, bukatzen ari delako sentipena, literatura komunikazio ahalmena galdu duen ehun esklerosiak jota bezalako zerbait delako irudia. Literaturak, inoiz benetako zentzua eduki bazuen, pertsonen artean ideiak, esperantzak, sentimenduak, umoreak zuzenean trukatzeko balio izan duenean eduki zuen zentzua. Egun hori ez da posible, hobe esan, dagoeneko salbuespenezkoak diren egoeretan baizik ez da posible. Julio Ortega, Guillermo Samperio, Lourdes Dávila eta Bárbara Jacobs, Cortazarren ondare imajinarioari buruz. Nork bere papera eskuan, espezialistek baizik ulertuko ez duten jerga identifikagaitz batean mintzo. Unibertsitatea, akademia, jakintza arautua. Julio Cortazarrek gutxien errespetatzen zuena, hain zuzen ere. Ortega Cortazarren irakurleen tipologiaz hasten da. Luuuze. Samperiok dio Cortazarrek zioela solemnitatea higuin zuela, "espainiarrek utzi diguten herentziarik txarrena delako", eta esaten du solemneki, ezin serioago. "Argentinako haurrek sekulako bizitasuna eta grazia ematen diote beren jardun ahozkoari, eta papera hartzen dutelarik, solemne eta serio jartzen direlarik, orduan akabo". Eta serio, elkor, zurrun idatzitako paper batzuk irakurririk esaten du. Ez dira konturatzen? Steven Boldy, Hernán Lara Zavala eta Noé Jitrik hirukoteak Cortazarren berrirakurketen eszenategiak izenekoari ekiten diote, eta berdin. Lara Zavala dobleaz ari da, eta Freudez, eta Jungez. Boldy Cortazarren nobela ezezagun eta primerizo baten gainean ari da, El examen izenekoa. Lehor, emoziorik gabe. Nobela xehe-mehe aztertu duela nabari da. Eta zer? Zer inporta zaigu guri doblearen gaian sartzeko Cortazarrek egiten duen hurbilpena jungianoagoa bada freudianoagoa baino (edo alderantziz)? Guztiek 60-70 urte edukiko dituzte. Denek »emakumeek izan ezik» gorbata daramate. Denak dira burusoil eta iletxuri. Denak, edo ia denak, dira unibertsitateko irakasle. Lehen, denak izango ziren, ausaz, iraultzaileak, poetak, Cortazarzaleak. Erraz esatearren, denak kronopio izandako famak dira. Denak dira literatura hil izanaren errudun. Salba dezadan Jitrik, begi-bistakoak baina aldi berean inportanteak diren kontzeptu batzuk eman zituelako, eta berrirakurketa pertsonal bat egiten ausartu zelako: "Rayuela ez da 1963koa. Testuak aldatzen dira. Rayuela da dena, gehi irakurketa askoren bidez jarri izan zaiona". Horixe, prezeski. Nola ausartuko da Rayuela irakurtzen mintzaldi hauek entzun dituen hogei urteko gazte bat, demagun? Zer irakur lezake? Atera ahalko luke irakasle esklerotikoek bideratu irakurketa kanonikotik beste ezer? Kartzelara eramango dute delitu honengatik? Cortazarrek jazz musikaren swing buruan zuela idazten omen zuen, eta hauek denak uniformedun musika bandako instrumentistak dira. "Esto no hay quien lo aguante, che, yo me rajo a por un tequila", zioen Lisardok noizean behin. Behin baino gehiagotan laguntzen genion, batez ere espezialistak norgehiagoka hasten zirenean, Cortazar nork ezagutu zuen eta nork ez, eta ezagutu zutenen artean, nor adiskideagoa izan zen.

Ez da horrenbesterako, che, esaten zidan Lisardok, tekilak sakela berotuta, jazza ongi egon da, hitzaldietan batzuek ere ongi jardun dute. Tzotzilek eta Gabik ere hala uste dute. M. ere inoiz elkartu zitzaigun La fuente izeneko taberna ederrean. La fuente honek sabai altuak dauzka, zaharra da baina ez da zaharkitua, erdi aldean, bi zutaberen artean, oholtza txiki bat, pianoarekin, gauero ibiltzen da pianojolea bibolinjole ajetu bat lagun duela, korridoak eta rantxerak joaz, jendeak kantuan laguntzen die batzuetan. Taberna ederra da La fuente, handia, mahaitxo txiki askotakoa, beti lepo dago, denetariko jendea ikusten da. Izena horrelakoa izanagatik guztiek La bicicleta deitzen diote, halako hornazina moduko batean bizikleta ezin zaharrago eta hautseztatuago bat dela kausa: behin oso aspaldi, cuate bat etorri eta mozkortu egin zen, eta ordaintzeko dirurik ez. Bizikleta utzi omen zuen bahituran, ordaintzera itzultzekotan. Gaur arte. Horixe da historia. Eta, bon, La bicicleta hartan egiten genuen errepasoan gauzak ez ziren hain beltz ikusten.

Jazz emanaldi bat izan zen bigarren egunean, Paraninfo ondoan atondutako eszenatoki batean. Librea, sarrera. Bertako bi boskote aritu ziren, onak. Batean abeslaria, emakumezkoa, Carmen Otxoa, ahots sakon eta zirraragarrikoa. Bestean Toussaint pianojolea, Mexikon instituzio bat, azaldu zigutenez. Hizlarietako batzuk ere handik ibili ziren, alderrai eta lagunkor, kontzientzia txarrarekikoak egin nahiko balituzte bezala. Hirugarren egunean ere beste jazz emanaldi bat izan zen, Degollado izeneko antzokian. Hau ordainduta sartzekoa zen, baina kazetarioi tokitxoa utzi ziguten. Rubalcaba piano jole kubatarra eta baxujole amerikar bat, Charlie Haden. Goi mailakoak. Degollado delako hori antzoki puska bat da, Milango Scalaren antzera eginda, arkitekto berak. Kubatar bat! Esan dugu, harriturik, "milioiko galdera" buruan. Nola utzi diote?

«Ustedes los vascos nunca están contentos con nada?», esaten zigun Santorinik, gure kritikak entzunda. Ea: Julio Silva gaizki aritu al da? Eduardo Casar gaizki aritu al da? Sergio Ramirez gaizki aritu al da? Eta ez, arrazoia eman behar izan genion.

Silvak berotasuna eta hurbiltasuna ipini zuen, benetan lagun eta are konplize izandako baten lekukotasuna. Silvak ilustratu zuen Cortazarren hainbat liburu, La vuelta al dia en ochenta mundos izenekoaren edizioa, besteak beste. Saúl Yurkievichek »Cortazarren albazea izandakoak» egin zion jendaurreko elkarrizketa, eta orduantxe sentitu genuen pasioa, grina, Cortazarrekiko hurbiltasuna. Cortazar zer pertsona klase izan zitekeen, Silvak azaldu zigun hobekien.

Casarrek modu bitxian moldatu zuen berea; Cortazarren elkarrizketetako audioak hartu, pasarte batzuk aukeratu, eta nolabaiteko elkarrizketa postumoa antzeztu zuen, errito paranormalak eta guzti.

Ramirezek, Nikaraguako lehen gobernu iraultzailean ministro izandakoak, izan zitekeenaren eta denaren arteko zapore mingotsa ipini zuen. Juliok hartu genuen erabakia ontzat emango zuelakoan nago, alegia, iraultza bozketa demokratiko baten bidez berrestea »esan zuen gutxi gorabehera»; okerragoa izan da, ordea, boterea bera galdu baino, boterera eraman gintuen kode etikoa galtzea.

Horrek zuzenean eramaten gintuen airean bezala zegoen gai batera: Cortazar gaur biziko balitz… Baina eztabaida alferrekoa da, hau da, baldintza klase horrek, filologoek eta Euskaltzaindikoek azaltzen duten bezala, ez du orainaldirik bermatzen. Napoleonek Waterloon irabazi balu… Cortazarrek arrastiri gorrienean ezkutatzen asmatu zuen, purpurazko eguzki erraldoi eta ederrarekin batera, eta handik aurrera mitoa baizik ezin daiteke izan, Che Guevararen korrelatibo literario bezalako bat edo.

Hortik abiatuta hasten da kale mailako berrirakurketa, gurea alegia; Tzotzilek eta M.k, gazteak direnez, ez diote "irakurle emearena" barkatzen. Gabik, urte batzuk gehiago dituenez, hori ere bai. Lisardo Santorinik dio batzuetan metafisikoegia jartzen zela, baina nago gaizki formulatzen duela kontua, literatura, narraz ibiltzen dena izan ezik, edo are baita hori ere, agian, beti delako metafisikaren eremuarekin muga egiten duen lurraldea. Agian esan nahi zuen esplizituki metafisikoa jartzen zenean ez zela hain irensgarria. Eta gainera, Cortazarrek oso gaizki hitz egin zuen nazionalismoaz, probokatu nahi izan gaitu. Guk ere bai. Herrien askapenen alde zegoen, ordea. Inguruan ez da egunotan espainiarrik ageri, eta beharrik.

Jardunaldi hauen asmoa eta helburua Cortazar berrirakurtzea zenez, ni ere ibili naiz egunotan Rayuela eskuan.

Lehen aldiz irakurri nuenetik hogeita bost urte baino gehiago pasatu dira, ez dut Rayuela denbora horretan guztian ukitu; Cortazarren ipuin eta testu laburrak ordea bai, maiz. Esan nahi al du horrek nik Cortazar ipuingilea hobesten dudala Cortazar nobelagilearen aurrean, egunotan zenbait jakintsuk proposatu duen bezala? (kontrakoa proposatzen duen beste makina bat jakintsuk proposatzen duenaren aurka) Ez, teorikoki. Bai, agian praktikoki. Aitor dut niri, Cortazarren ipuin askotako pertsonaiek eta egoerek jauzi egiten didatela lepoko zainetara, oraindik ere, mamu sukartuek bezala, usain eta kolore ezagutzen ditudala. Baina ez dut dikotomia hori maite. Nik Cortazar irakurtzea dut maite, bere forma anitzetan. Rayuela berrirakurtzea ariketa kuriosoa izan da, nahiz ez dudan nahi izan ariketa malenkonia eta iraganmineraino luzatu, beldurrez beharbada. Ez nuen ezer ere gogoratzen Rayuelaz, izen lauso eta gutxi batzuk ez baziren, esango nuke ez nuela liburua «ulertu», irakurri nuen aspaldi hartan. Gaur, ordea, zenbait pasarte »ulertu ez nituen eta gogoratzen ez nituen zenbait pasarte» irakurririk nire biografiaren alderdi batzuk ulertu ditut, han daudelako idatzirik. Bitxia da. Ez zen, jakina, Rayuelaren eragina izango, bakarrik; liburu batek, denik eta onena izanik ere, ez dezake deus testuinguru emankor batean loratzen ez bada, haziarena eta lurrarena bezalakoa da euren arteko harremana. Testuinguru batek markatu dizkit izaeraren alderdi jakin batzuk, markatu dit, onerako eta txarrerako, biografia. Hamar urteko atzerapenarekin jasandako eragin batek. Toki guztietara iritsi naiz hamar urteko atzerapenarekin, gutxienez, horixe da berrirakurketaren lehen ondorioa, apur bat mingotsa. Ez erabat: ahal duenak egiten duenak ez du zertan damuturik. Berriz irakurri ditut sexuari buruzko pasarte gordinetako batzuk, eta gogora etorri zaizkit lehen gaztaroko eztabaida sutsuak, detaileei buruzkoak, noski. Orain, ordea, detaileak ez zaizkigu axola, edo ez hainbeste eta batez ere, ez modu berean. Detaileen gaineko bi pertzepzio hain desberdin hauen artean nire biografia afektiboaren paisajea luzatzen da, bere argi-ilun, porrot eta arrakasta (biak erlatiboak, jakina) guztiekin, eremu malkarrean eta harrikaden artean burutu zen heziketa sentimental bukatugabe eta heroiko »nimiñoki heroiko» baten lekuko; orduan interesatzen zitzaigun aurretik edo atzetik, eta interesatzen ere Magak Oliveirari adarrak jartzen zizkion edo ez, eta Magaren eta Oliveiraren arteko liskar gogoangarri haien maneran interpretatzen genituen gure adarrekoak, baita »eta hauxe da handiena» Rayuela izenez ere sekula ezagutu gabekoak izanik ere, batzuk, eta Cortazarrek idatzirikoaren distira sekula ezin iritsiz, esan beharrik ere ez zegoen. Orain ere askorik ez, baina orduan hain gutxi genekien. Baina orduan literatura bizitzakoa zen, literatura bizirik zegoen, Cortazarrek beti nahi izan zuen bezala. Zer froga handiagorik nahi duzue. Eta detaileen gaineko bi pertzepzio hain desberdin horien artean egia literario bat ere zabaldu da, Cortazarrek erakusten duena, sexuaz hain gordin, hain zirraragarri, hain fisiko, hain usainezko idatzi zuela ikusirik, baina aldi berean hain ezkutu, hain herabe, hain iradokor eta piztaile, probokazioan edo are gutxiago pornografian sekula erori gabe. Pasarte horiek, horrenbestez, bizirik daude.

Eta bizirik daude metafisika eta bizitza bera gai hartutako pasarte batzuk ere, nola zen hura, "dena epi-der-mi-koa da, dena laburbiltzen da esanez, 'ikusten ez duten begiak'...", eta hau irakurririk bati Irakeko bonbardaketak etortzen zaizkio gogora, eta etsiak hartzen du, apur bat. Hain ondo esanda, eta zertarako. Gure ilusioak, literaturak kontzientziak eraldatzeko zeukan indarrari buruzkoak, hain ziren ilaun eta ezdeus...

Egunotako akademiko gehienek apur bat gehiago hilobiratu dute Cortazar, omenaren estakuruan, Rayuela disekzionatuz, nobelaren hilotza forentsearen mahai gaineko haragi odoltsu puskatu utzirik. Rayuela idazle handi baten tour de force ikaragarria da, batzuetan gehiegizkoak eta are hutsalak diren makina bat artifizio gordetzen dituena, askotan erudituegia da... Erudizioaren gainean erortzen dira forentse-kritiko-akademiko guztien bisturi gosetiak, funtsezkoa alde batera utzirik. Irakurketa berriek baizik ez lukete Rayuela salbatuko, baina hain da inprobablea hori gertatzea, hain dago honez gero literatura gure gizarteetan bizitzatik kanpo, non... Rayuela nobela irekia da, eta hortaz, ez da biribila, ez delako biribila izateko ez bokazio eta ez tentaziorik; Rayuelak, neurri batean, nobelarako errerik dagoen lur eremu bat utzi digu, jeneroaren mugak ehun kilometro harantzago eraman dituen ber. Rayuelaren eraginez, dudarik gabe, eta ni artean kontzientea ez banintzen ere, proposatu nion editoreari nire lehen nobela komuneko paperaren atzeko aldean argitaratzea. Txoropitotzat hartu ninduen. Egun, gazteek telebistan, zineman edo auskalo non banpirizatzen dituztelarik beren harremanetarako diseinuak, heziketa sentimentalerako jada balio ez duelarik, Rayuela, baikor izanez, dosi txikietan emandako testu laburretan bizi liteke, esaterako Morelliren apunte batzuetan, are, beharbada, harribitxi txikiak bezalakoak diren bi lerroko deskarga elektriko boteretsuetan, han eta hemen barreiatuak, biltzaile eraman handiko batek uzta biltzeko lana hartuko balu. Rayuelak du, azkenik, hitzaren mailako ikasbidea, guretzat guztiz indarrean dagoena, euskarak beharko lukeelako, badaramatzalako lau mende behar izaten, Cortazar bezalako hizkuntzaren sumendi, lurrikara, sute bat. Baina hau ez dakit noraino den nobelaren balio unibertsala, ez bada gure atzerapen endemikoaren ikuspegitik begiratu beharreko tasuna, edo keria.

Lisardo Santorini hurbildu zait zerbeza batekin, adarra jotzeko asmoz: zer euskalduna, berriz egin behar al didazu milioiko galdera? Berriz galdetu behar didazu zergatik ez zegoen Kubako idazlerik Cortazarren omenaldi batean? Ez, erantzun diot, dagoeneko milioiko galdera milioi bat galdera bihurtu zaizkit. Esaterako, zer pentsatuko luke Cortazarrek baldin eta... Eta isildu egin naiz, galdera egiteko tentazioari uko eginez. Agian aski nuke jakinik zer ari naizen hemen galderari erantzunez jakinez gero.

Hegazkinean bueltan, D.F.n lurreratu gara eskala egiteko, gauez. Behe aldeko argi horixka infinituaren zelaiak, San Juan su erraldoi bateko txingar itsasoaren antzo, planeta urrun batean erreplikanteen ehizan nabilen miserablea naizelako sentipenaz beretu nau. Beharbada nire bizitzaren etapa bat ixtera baizik ez naiz etorri hona.

Cortazarren gaineko hiztegi hiperlaburra
Fama- Burges arrunta, tipiko eta gogaikarriena itxuratzen duen izaki mitologikoa: "Famak, bidaian doazenean, honako ohitura hauek dituzte hiri batean gaua pasatu behar dutenean: fama bat hotelera doa, prezioak zuhurki begiratu, maindireen kalitatea eta alfonbren kolorea aztertzen ditu. Beste bat komisaldegira doa (...) Hirugarrena ospitalera doa, eta txandako medikuen zerrendak kopiatzen ditu, berezitasuna eta guzti".

Fantastikotasuna- Arrunkeriaz errealitatea deitzen dugunaren ifrentzua, benetan ezagutu beharrekoa egia aurkituko badugu.

Giglikoa- Magak Oliveirarekin erabiltzen duen mintzaira sekretua: "Apenas él le amalaba el noema, a ella se le agolpaba el clémiso...". Alegia, "zopilatu gura nuke zure zutanboa, baina zanarriatu zaio, ziroski zanarriatu ere, ajalalindia...", eta gisa horretan.

Jazza- Cortazarrek izugarri maite eta ezagutzen zuen musika klasea, estilo eta aldaera guztietan, horietako bakoitza unea eta aldartearekin lotuz.

Kronopio- Izaki mitologikoak hauek ere, aske-nahiak eta libertarioak. Fama direlakoen aurkakoak, alegia: "Kronopioak, bidaian doazenean, hotelak beteta daude, trenak huts egiten dituzte, oihuz ari du, taxiek ez dute eraman nahi edo prezio izugarriak kobratzen dizkiete (...) eta lotarakoan elkarri esaten diote: Ederra, hiria, ezinago ederra". Cortazar berari aplikatu ohi zaio: "kronopio handia" eta gisakoak.

Maga- Rayuela nobelako pertsonaietako misteriotsua, bizizaletasuna eta inozentziaren sinbolotzat ere har genezakeena.

Morelli- Rayuelako pertsonaia hau ere, idazle zaharra, halako batean bere pertsonaiekin topo egiten duena.

Oliveira- Magaren bikotea, arrazionalitate nahiak eta jardun intelektual libreskoak hilduratua.

Rayuela- Cortazarren nobelarik famatuena, 1963. urtean argitaratua, bere garaian esperimentalismoaren eta nobela berriaren mugarri bezala aldarrikatutakoa.

Julio Cortazar katedra
Gabriel Garcia Marquezek eta Carlos Fuentesek sortu zuten, orain 10 urte, Mexikoko Gobernuak bizi guztirako emandako beka banaren zuzkidura horretara bideratuz. Beka hauetaz aparte, beste hainbat diru-emate publikok ere sostengatzen du katedra, Guadalajarako Unibertsitateak ematen duena haien artean. Dulce Zuñiga irakaslea da katedraren lanaren kudeaketaz eta ohiko martxaz arduratzen dena. Berak adierazi digunez, bere ohiko egitekoa izen eta ospe handiko pertsonalitateak »jakintza arlo guztietakoak» bertara eramatea da, astebeteko ikastaroak ikasleei eman, eta gero mintzaldi publikoak eman ditzaten. Katedrak ez dio bere ohiko egoitzatik ateratzeari muzin egiten, eta inoiz gonbidatu gisa aritzen da hainbat forotan. Katedra hau da, Julio Cortazar hil zeneko hogeigarren urteurrena bete dela profitatuz, bere irudia eta bere literaturari buruzko jardunaldi hauek bildu dituena, zeinek, Garcia Marquez, Carlos Fuentes, José Saramago eta Tomas Eloy Martinez izan ezik, Hego Amerikako beste makina bat aditu eta idazle bildu baitute: Guillermo Samperio, Julio Ortega, Carlos Monsiváis, Sergio Ramirez, Julio Silva, Barbara Jacobs, Lara Zavala, Noé Jitrik, Saúl Yurkievich...
Hitzaldiak osatzeko, bi jazz emanaldik (Cortazarrek hain maitea zuen musika) eta idazle argentinarraren obran oinarritutako filmen ziklo batek (Antonioniren Blow Up, Comenciniren Los Embotellados...) osatu dute programa.

Guadalajara
Guadalajara Mexikoko Jalisko estatuko hiriburua da, mariatxi eta tekilarengatik ezaguna, hain zuzen. Hazi eta hazi, Guadalajarak irentsi egin ditu Tonalá, Zapopan eta Tlaquepaque auzoko udalak, eta egun 5 eta 8 milioi (iturri desberdinen arabera) biztanle biltzen dituen konurbazio erraldoia da, Mexikoko bigarrena, D.F.ren ondoren. Jaliskok Mexikoko estaturik kontserbakorrena delako ospea du; osagai erlijiosoa oso presente dago. Horretaz gain, unibertsitate hiria ere bada: Kolokioak egin ziren Guadalajarako Unibertsitateaz aparte (publikoa), Jesusen Lagundiak, Opusek eta Kristoren Legionarioek ere, besteak beste, beren ikastegiak dituzte.

Enrique Diaz de Leon Paraninfoa
Guadalajarako Unibertsitateko Paraninfoa da. Eraikuntza ederra da, erdi neoklasiko erdi koloniala; bertan izan dira hitzaldiak. Barruan, egur noblea eta harria nahasten dira, funtzionaltasun modernoari uko egin gabe. Jose Clemente Orozkoren mural izugarriek »izugarri handiak, izugarri ederrak» halako larderia eta aldi berean bero ukitua ipintzen dute. Betekadak izan ziren jardunaldiek iraun zuten lau egunetan, eta hasierako ekitaldia izan ezik, gainerakoetan sarrera libre zen.

CELL (Centro de Estudios Literarios Latinoamericanos)
Jardunaldiak aprobetxatuz, CELL izeneko etxea ere ireki zen (berrireki, egia esan, aurretik ere bazegoelako, baina hobetu eta berritu egin dute). Bertan 22 margolarik (Hego Amerikan puntakoak: Soriano, Macotela, Gironella, Friedeberg...) egindako lanak biltzen dira, Rayuela nobela aintzat hartuta, eta Garcia Ponce idazle mexikarraren enkarguz. Horretaz aparte, Zentroak Cortazarren obraren ikertzaileei »baina baita Hego Amerikako literaturaren edozein gorabeheraz arduratzen direnei ere» materialak eta are ostatua eskaintzen dizkie.

FIL (Feria Internacional del Libro)
Guadalajarak urteoro, azaro aldera, ospatzen du FIL izenekoa, hau da, Liburuaren Nazioarteko Feria, esaten dutenez Hego Amerika osoan egiten direnetatik garrantzizkoena. Myriam Vidriales, Jardunaldi hauetako prentsa-harremanez arduratzen zen neska da Feriako prentsa arduraduna, baita ere. Harekin hitz eginda jakin ahal izan dugu nola gauzatzen den FIL delako hori. Feriak, urte bakoitzean, herrialde gonbidatu berezi bat izaten du, bistan denez protagonista nagusi bihurtzen dena. "Irailean horretan interesa duten herrialdeek beren eskaerak egiten dituzte. Eskaera horietan hiru adar dituen programa bat aurkeztu behar dute: adar literarioa, akademikoa eta komertziala, esan nahi baita, hautagaia den herriak azaldu behar du hiru alor horietan, eta Feriak irauten duen bederatzi egunetan, zer nolako ekintzak proposatuko dituen. Horretaz aparte, azaldu behar du, baita ere, beste programa paralelo batean, zer ekintza osagarriz (emanaldiak, ikusgarriak...) hornitu eta edertuko dituen bederatzi egunotako jarduna. Herri bakoitzak egiten duen eskaintza ikusita, FILeko arduradunek aukeratzen dute zein izango den urteko protagonista. Feriak bertako ostatua eta bertako garraioa hartzen du bere kargu; herri gonbidatuaren kontura doaz Guadalajarainoko garraioa eta programen antolamendua. Inbertsio fuertea izan ohi da. Joan den urtean Quebec izan zen herrialde gonbidatua".
Eta aurten zein izango da, hau da, zein izango da 2004ko gonbidatua? galdetu diogu. "Katalunia".
Iritsiko al da Euskal Herria sekula hau bezalako azoka batera? Geure burua katalandarrekin konparatzea hain maitea dutenek badute zer ikasi, alajaina.

Cortazar euskaraz
Asko ez bada ere, badugu Julio Cortazarren zerbait euskaraturik. Oktaedroa izeneko ipuin liburua, zehatz esateko, 1992. urtean hor nonbait Gerardo Markuletak euskaraturikoa. Liburua Literatura Unibertsala bilduman agertu zen, eta sail hartako hogeita laugarrena izan zen. Markuletak berak liburuaren hasieran azaltzen duenez, ez zen erronka makala izan Cortazar euskaratzea, "itzali gabe itzuli", berak hitzaurrean idatzi zuen bezala. Lan txukuna baino gehiago egin zuen Markuletak, areago garaiko baldintzak eta eskarmentua kontuan hartuz gero. Oktaedroa 1974. urtean agertu zen, idazleak 60 urte zituenean, eta zortzi ipuin biltzen ditu. Konpromiso politikoaren garaiak ziren, urte hartan hartu baitzuen parte Cortazarrek Russell epaitegian, Hego Amerikako giza eskubideen urraketak aztertzeko propio sortu zen epaitegian, hain zuzen ere. Probaleku ederra, gure hizkuntzarako, Cortazarren prosa oparo, konplexu eta jostaria. Jatorrizkoan irakurri nahiago omen duten aurreiritzia gailendu omen da, ordea: harrez gero ez dugu Cortazarrenik euskaraz ikusi.

Filologoentzako jakingarri
Edozein hizkuntza zeinu-sistema arbitrarioa delakoa zaharra da, zaharra denez, eta hori oztoparri gaindiezina da mota, ilaje eta kolore guztietako ortodoxia-ezarleentzat. Mexikoko gaztelanian "neveria" esaten diote izozkiak saltzen dituen tokiari, "aseo" dute idatzita zarama biltzen duten kamioiek, autobusa aldiz "camión" da, "alberca" igerilekua, "puré de tomate" tomate saltsa. Maileguari ez diote muzin egiten eta "esnoclear" omen da itsasoan igerian ibiltzea betaurrekoak eta aletekin, eta mexikarrek edozein unetan "avian un raid" (inora eramango duten kotxe edo ibilgailuaz hornitzen dira, alegia). Baina, kale batean gurekin hizketan aritu nahi izan zuen gazte batek esplikatu zigunez, "ese pinche viejo demoníaco de Bush, mucha primera dama y después le ponen nalga". Metafora ederrik ez dute falta: "abarrote" esaten diote janari-dendari. Gainerakoan, "s"ak eta "z"ak erruz nahasten dituzte, baita idatzian ere. Ez dakit hauetako zenbait onartzen dituen Espainiako Akademiak, baina ez dirudi hau mexikarrei asko ardura zaienik, eta bestetik, arazo fisiko gaindiezinak zituztenak alde batera utzirik, ez genuen muturik ikusi, ez horixe.


Azkenak
2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


2024-11-28 | Julene Flamarique
Bi presa kendu dituztenetik, izokina Bidasoatik Baztanera heltzen hasi da

Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.


2024-11-28 | Leire Ibar
Jasotako isun bakoitzeko helegiteak aurkeztu dizkio Ernaik Eusko Jaurlaritzari, guztira 133

Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.


94 urteko emakume bat hil dute Gasteizko IMQ Igurko zahar-etxean, eta gizon bat atxilotu

Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.


2024-11-28 | Leire Ibar
Nabarmen igo da antsiolitikoen eta depresioaren aurkako botiken kontsumoa gazteen artean

Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]


“Petronorrek eraldaketa hitza darabil, baina enplegu suntsiketa besterik ez dugu ikusten”

Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


Munstro aplikazioak izaki beldurgarriak batzera eramango gaitu puzzle joko frenetikoan

Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.


Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre militanteak atxilotu dituzte Baionan goizaldean, eta eguerdian askatu

Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


Sindikalismo eraldatzaileaz eta lanaz eztabaidatzeko nazioarteko kongresua Leioan

Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Eguneraketa berriak daude