Harrizko erraldoien euskal testigantzak

  • Euskal mendizaletasunak alde anitz ditu, urte luzeotan izan diren mendizaleen aurpegiak beste. Horren harira, «Euskal mendizaletasunaren historia, 100 urtetik gora» erakusketa dago ikusgai Bilbon. Mendizaletasunaren museoaren proiektua ere abian da dagoeneko. Hona hemen, gailurrekiko euskaldunen grinaren historiaren errepasoa.

2021eko uztailaren 20an
Tontorrak beti izan du xarma. Euskaldunak normaltasunez, baina derrigorrezko errespetuz izan dira gailurrekiko elkarbizitzan. Menditarrak izan direlako tradizioz. Euskal Herria bera ibaien arabera mugatua zegoen hastapenean, mendiak beronen zelatari zirela.

Aitzindariak

Euskal mendizaletasunaren erroak XIX. mendearen bigarren erdialdean aurki ditzakegu. Espiritu zientifikoak bultzatuta, zenbait euskaldun ezagunek gailurretarako bidea egin zuen. Antonie d'Abbadie lapurtarrak kasu, 1847an Etiopiako Ras Dashen (4.600m) igo zuen azterketa topografikoak egiteko. Jean-Pierre Armand David herrikideak aldiz, 1869an panda erraldoia antzeman zuen Tibeten. Hong-Chan igotzea lortu zuen, Moupin eskualdeko mendirik altuena (5.000 bat metro).

Aurreneko alpinista horiek noski, gizonezkoak eta dirudunak ziren. Aneto gailurra erdietsi zuen lehenengo euskalduna berbarako, Fernando Luis Ybarra izan zen, Bizkaiko goi klaseko gizona (1869an).

Mendizaletasunaren zinezko espiritua baina, XX. mendearen bueltan piztu zen, hiritarren artean natura eta kirolarekiko interesa isiotu zenean. Abertzaletasunak ere indarra eman zion mugimenduari. 1876an, Areatza herritik irten zen aurreneko Gorbeiako espedizioa.

Elkarteen garrantzia

Mendizaletasuna ordea, usu izan da kolektiboa, taldekakoa. Ez da harritzekoa bada, 20ko hamarkadarako mendi elkarte andana egotea jada. Horren adibide ditugu, Club Deportivo Bilbao, Basauriko Baskonia Mendi Taldea, Unión Deportiva Alavesa edo Sociedad Deportiva Jolastokieta. Taldeok Euskal Mendizale Federakundearekin hartu zuten beharrezko arnasa. Federazioa 1924an sortu zen Elgetan (2.635 federatu, emakumezko asko tartean) honako helburuekin: ibilaldiak bultzatu, tokien erregistroa osatu, natura zaindu eta heziketa osagarria eman.

Halaber, egia da izen handiak izan zirela euskal mendizaletasunaren aurreneko urte haietan. Horietako bat dugu Antxon Bandres, mendiko ekintzen asmatzaile izenda dezakeguna, bera izan zen Euskal Mendizale Federazioaren sortzaile eta bultzatzaile nagusia. 1926an Mont Blanc mendia zapaldu zuen, hori erdiesten lehen euskalduna zen. Ezin ahaztu, Andrés Espinosa. Esploratzaile eta dibulgatzaile lanetan aparta, Bulneseko Naranjo bakarrik igo zuen eta Mont Blanc edo Cervino bezalako tontorrak kateatu zituen. Himalayarako bidea ere bakarrik egin zuen, Kangchenjunga igotzen saiatu zen, baina Indiako agintari britainiarrek ez zioten baimenik eman. Ángel Sopeñaren izena ere ez da berehalakoan ahantziko. Eskalatzaile gogotsua, 1924an Pico del Fraile orratza igo zuen berak bakarrik. Sopeña izan zen mendi eskolaren bultzatzaile eraginkorrena. Xebe Peñak berriz, tontorretan ibiltzeko beste modu bat bazela erakutsi zuen. Lau katedralak zeharkaldia (Hego Euskal Herriko lau hiriburuak) egin zuen lau egun eskasetan 1953an. Bera izan zen Aconcagua igotzen saiatu zen aurrenekoa. 66 urterekin ere, txirringaz joaten zen mendira.

Eskiatzeko zaletasuna ere 20ko hamarkadan ernatu zen. Tolosa aldean, paper industria garatzera etorri ziren familia norvegiarren eskutik sortu ere. Arras ohikoa zen Aralarren taula baldar batzuen gainean jendea irristatzen ikustea.

Oztopo eta ezbeharrak

Indartsu hasi zen elkarte eta federazioaren martxa, 36ko Gerrak eta geroko egoera politikoak ostera, mendizaletasunaren sarea zatitu zuten. 40ko hamarkadan, Espainiako Mendi Federazioaren menpe geratu zen euskalduna. Garai hartan ugaritu ziren mendi elkarteak. Ekintza kolektibo gehiago antolatzen hasi ziren (martxa arautuak, txangoak...), indarrean zen erregimen politikoak traba anitz jartzen bazituen ere. 40ko hamarkadan mendizaletasuna teknikoago bilakatu zen, orduantxe jaio ziren mendi eskolak. Lehenengo eskalada ikastaroa esaterako, Atxarten eskaini zuen 1946an ENAMek (Euskal Herriko Mendi Eskolak).

50eko hamarkada tontor garaien aroa izan zen, zorigaitza tartean zela. Izan ere, 1953an lau alpinista euskaldunek istripua izan zuten Mont Blanc-en. Ezbeharrak euskal mendizaleen kontzientzia piztu zuen. Beldurra airean zela, 60ko hamarkada arte ez zen marka berririk izan. Afrika eta Amerikako mendiak orduantxe zapaldu zituzten euskaldunek. 1967an, lau lurraldeetako zazpi mendizalek Andeetarako bidea egin zuten, Quebrada Honda-ra hain zuzen ere. Ekipo baldarrarekin joan eta egindako merituagatik Espainiar Federazioak urrezko domina eman zion taldeari. Zorionak ez zuen luzaro iraun ordea, ikurrina tontorrean erakustearren mendizale batzuk atxilo hartu zituzten eta Juan Ignacio Lorente espedizio burua auziperatu.

Planetako muinik garaienak

Euskaldunen mendi egarriak Himalaya izan zuen helburu 70 eta 80ko hamarkadetan. 1979an, lehen 8.000koa lortu zuten Iñaki Aldaia, Gregorio Plaza eta Xabier Garaioak, Dhaulagiri zapalduz. Everest lehenago izan zuten amets euskaldunek: 8.848 metrokoa igotzeko aurreneko ahalegina 1974an egin baitzuten euskaldunek (Tximist espedizioak, hain zuzen). Garai hartan, munduan 38 alpinistek zuten tontor hura erdietsita. Euskal mendizaleek ez zuten lortu, baina ez zuten amore eman. Baimen eta dirua berriz bilduta, gailurra 1980an lortu zuen Martin Zabaletak. Ordurako, ludian 100 lagunek zuten han egon izanaren ohorea. Tontor desiratua eta gero etorri ziren Makalu (1984an Kike de Pablok eta Mari Abregok), K2 (1986an, Josema Casimirok eta Mari Abregok) edo Kangchenjunga (1988an, Zabaletak berak). Ondoren, Lhotse (1995, Felix eta Alberto Iñurrategik) edo Manaslu (1997, Juan Oiartzabal, Iñaki Kerejeta, Koke Lasa eta Natxo Fernandezek). Honenbestez, munduan herri gutxik dituzte hamalau 8.000koak igo dituzten bi mendizale.

Azken hogei urteak

Eskaladan ere, 80ko hamarkadan izan zen loraldia. Katu oinak sasoi hartan zabaldu ziren. Orduantxe eskalatu zituzten euskaldunek Pakistango Baltoro hormak, Txileko Patagoniakoak edo Antartida bertakoak. Gerora, Josune Bereziartu edo Pou anaiak izan ziren notizia.

Ordudanik gaurdaino, izen anitz idatzi dira euskal mendizaletasunaren historian. Zorigaitzak tindaturik batzuk (Felix Iñurrategi Gasherbrum II jaisten ari zela zendu zen 2000.ean), halere, gure mendizaleek tontorren ametsari eutsi diote, eta ziurrena, hala egingo dute etorkizunean ere.

Mendizaletasunaren museoaren aurrekaria?
Duda zuen Santiago Yaniz argazkilari eta kazetariak BBK-k mendizaletasunari buruzko erakusketa egiteko aretoa eskaini zionean. Ez zekien hura betetzerik izango zuenentz. Kontua da, kasik lau urtez gaiaren inguruko materiala biltzen egon ondoren, txiki geratu zaiola Bilboko gela. Ehunka dira martxoaren 6a arte ikusgai direnak: Iñurrategi anaiek Everest oxigeno gabe igo zuteneko ekipoa, Euskal Mendizaleen Federazioa sortzeko bilera iragartzeko kartela, euskaldunak Mont Blanc aurrenekoz igo zuteneko argazkia, 20ko hamarkadako iltzedun botak... Nabarmentzeko modukoa da, erakusketako komisario Santiago Yanizen ustetan, Ángel Sopeñaren txokoa: "Erakusleiho oso bat jarri dugu bere gauzekin, batzuk oso zaharrak dira, gainera ez genuen halakorik lortzea espero". Zenbaitetan, ez baita samurra izan jendeak bere mendiko materiala uztea: "Askori erreparoa ematen zion etxean ondo gordeta zuen hori lagatzea, ederki zainduko genien hitza behar zuten, horretan Euskal Museoaren babesa izan dut", diosku Yanizek. Izan ere, erakusketa antolatzeko orduan, Euskal Museoa alde teknikoaz arduratu da, BBK berriz, aretoaz eta arlo ekonomikoaz.
Erakusketa Euskal Herriko beste leku batzuetan egongo dela baieztatu digu Santiago Yanizek: "Iruñean maiatzean izango da, Gasteiz eta Irundik ere interesa agertu dute". Mendizaletasunaren museoaren proiektua ere abian da: "Aspalditik dago asmoa, baina orain bada pertsona bat horretan lanean. Elgetan egokia den eraikuntza ere badago", dio Yanizek.

Egon bazeuden, izan badira
Bada Euskal mendizaletasunaren historia, 100 urtetik gora erakusketan, ezezagunei eskainitako tarte bat. Asko izan direlako historian hizki handitan agertu gabe, zaletasun honetan jardun dutenak. Maiz gertatzen da halakoetan, emakumeak izengabeen txoko horretan aurkitzea. Euskal mendizaletasunak aldiz, baditu kolore morez idatzitako izenak. Hor dugu esaterako, Isabel Ruiz de Arkaute, gure emakume mendizaleen artean, Pirinioetako tontorretara igo zen lehena (20ko hamarkada). Edo Maritxu Bilbao eskiatzaile aparta, 1955ean Sallent-Benasque zeharkaldia egin zuena 11 egunetan. Baita Loli Lopez eskalatzailea ere, Vignemale-ko Couloir de Gaube izotz tximinia eta Cervino mendia eskalatzen lehen emakume euskalduna (1958an). Elkarteetan ere, hastapenetik izan dira emakumeak, bereziki 40ko hamarkadatik aurrera.
Gaur egungoen artean, Edurne Pasaban, 8.000ko bat zapaltzen lehenengo emakume euskalduna (sei egin ditu) edo Josune Bereziartu 9-a zailtasuna (Suitzako Bain de sang famatua) egiten munduko lehen emakumea.


Azkenak
Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


“Udalak onartu duen HAPOaren ondorioz, Kabia egoera ezegonkorrean dago”

Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]


Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


Trumpek gelditzeko eskatu dio Putini, eta Errusiak dio bake akordiorako ia prest dagoela

Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi du Errusiaren... [+]


Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek

Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


2025-04-25 | Aiaraldea
Baso Erresilentea proiektua martxan, mendietako jasangarritasunaren mesedetan

Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Analisia
Denok gaude katean

Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]


Espainiako Gobernuak atzera egin du Israelgo balen erosketan

Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon

Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]


Artzain Egun jendetsua, Ordizian

Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.


MADDI OIHENART
“Kantuen ikastez hasi nintzen euskara ikasten”

1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen... [+]


Eguneraketa berriak daude