Delitu ekologikoak: Legedi gogorra baina zigorrik apenas


2021eko uztailaren 27an
Txipio bai talde ekologista ez da oso handia. Plentzia, Gorliz, Lemoiz eta Barrika, Bizkaiko lau herri txiki dauzka lan eremu, eta kideak ere ez ditu lar. Hala ere, gauza dira hamarren bat auzitan ibiltzeko aldi berean, eta arrakastatsu gainera: eurek ezarritako salaketengatik irekitako bost auzi burututa daude dagoeneko, eta guztietan arrazoia eman diete epaileek. Elkarteko Joserra Ortiz kideak azaldu duenez, "urte luzez ekologistek baztertuta eduki dute bide judiziala, eta guk uste dugu lan tresna egokia dela; mobilizazioa eta komunikabideen aurreko salaketa ezin daitezke gure arma bakarrak izan. Hori ere ezinbestekoa da jakina, baina gero lana burutu behar da, eta horretarako legeak erabili behar dira".

Txipio Bairena muturreko adibidea dela esan daiteke. Talde ekologista gehienek ez dute hain sarri jotzen epaitegietara, eta batez ere ez dituzte hain emaitza onak lortzen. Nolanahi, talde gehienek ez diote uko egiten bide horri. Carlos Alonso abokatu eta Ekologistak Martxaneko Batzorde Juridikoko kideak dioenez, "talde ekologistek bitarteko gehiago eta babes sozial handiagoa eskuratu dute azken urteotan, babes juridikoa barne, eta horrek bide judiziala gehiago erabiltzea eragin du. Bestetik, ingurumenaren alorrean legedi zabala eta txukuna daukagu, eta horrek aukera gehiago ematen du. Beste kontu bat da legedi hori zelan erabiltzen den, eta horretan hutsune handiak daude".

Epaitegietara jotzeak denbora, lana eta dirua eskatzen du. Ahalegin eskerga, baina askotan bilatutako etekinak ematen ez dituena. "Kanpotik ikusita »dio Carlos Alonsok» beharbada, askotan arrazoia ematen digutela irudi dezake, horrelakoek sona handiagoa izaten dutelako komunikabideetan, baina ez da hala. Egia da ekologisten aldeko epai batzuk izan direla, baina nahi genituzkeenak baino askoz gutxiago". Horren zergatia justizia-administrazioaren gabezia eta mugetan bilatu beharko litzateke.

Bitarteko gutxi justizia-administrazioan

Joserra Ortizen ustez, "justiziak ez ditu urrats ausartak ematen ingurumenaren defentsan, eta gainera mugak dauzka, zuzenbide administratiboaren esparruan behinik behin". Txipio Baiko kideak azaldu duenez, administrazioak onartutako edozein arau zuzena eta onuragarria da kontrakoa frogatu arte: "hala dio zuzenbideak, eta beraz guri dagokigu errudun dela frogatzea. David eta Goliathen arteko borroka da, epaitegiei ez baitzaio erraza suertatzen administrazioak legez dauzkan pribilejio horien zama gainetik kentzea. Maila horretan, garrantzi handia daukate mobilizazioek eta komunikabide bidezko salaketek".

Beste gako bat ingurumen gaietan soilik diharduen fiskaltzarik eza da. Egon badaude ingurumen adituak diren fiskal bereziak, baina beste hamaika auzitan ibiltzen dira aldi berean, eta horrek euren lana mugatzen bide du. Gaiak badu bere garrantzia: Espainiako Estatuan, ingurumen kontuetarako propio sortutako fiskaltza daukaten herrialdeetan ematen da salaketa, epaiketa eta sententzia gehien. EAEko Auzitegi Nagusiko fiskaltzak gai honi buruz daukan iritzia lortzen ahalegindu gara, baina uko egin diote gurekin hitz egiteari. Diotenez, ez daukate komunikabideekin jarduteko ohiturarik.

Oro har, bitarteko gutxi dagoela sumatzen du Carlos Alonso abokatuak: "Lanabes gutxi, prestakuntza eskasa eta gogo handirik ez. Honen guztionen zergatiak sakon aztertu beharko lirateke, baina kontuak kontu, epaitegiak alferrak izaten dira ingurumenaren aurkako erasoak zigortzeko garaian".

Kaltea konpontzea, garestia eta zaila

Aurrekoari justiziaren gaitz ia endemikoa gaineratu behar zaio: geldotasuna. Javi Vazquez Barakaldoko Ezpitsua plataformako bozeramaleak salatzen duenez, "askotan arrazoia ematen digute, bai, baina ordurako beranduegi izaten da, kaltea eginda dago eta". Horren harira, justizia-administrazioari hutsune larria ikusten dio Vazquezek: erasoa gertatu aurretik babesik ez ematea ingurumenari. "Gure helburua, azken batean, ingurua babestea da. Arrazoia emango digute, bai, baina orduan zelan konpondu apurtutakoa?".

Gai horretaz bestelako ikuspegia dauka Joserra Ortizek: "Ez dago konpondu ezin den kalterik. Paisaia bat berreskuratu egin daiteke, eraikitakoa eraitsiz. Kantabrian, esaterako, hamahiru epai kaleratu dira honezkero eraisketa aginduz; hemen, aldiz, bakarra ere ez. Izorratutakoa konpontzea eraikitzea baino askoz garestiagoa da, jakina, baina administrazioa eta eraikitzaileak ohitu egin beharko lirateke kalteak era horretan ordaintzera. Badaude ingurune bat berreskuratzeko moduak, nahiz zimenduak eginda egon. Denbora eta diru asko behar da, jakina, baina ez da ezinezkoa".

Bide judizialak argi batzuk eta itzal ugari eskaintzen dizkiela kontuan izanda, elkarte ekologista gehienek ez diote lehentasuna ematen euren egitekoen artean. "Guk ez dugu berez epaitegietara joateko joera, baina batzuetan beste irtenbiderik ez zaigu geratzen", dio Javi Vazquezek. Bestalde, bitarteko falta oztopo handia izaten da elkarteentzat, eta horregatik aukeratu beharra egoten da, Carlos Alonsoren hitzek azaltzen dutenez: "Gai asko baztertu behar dira, ezinezkoa delako denari aurre egitea, ez diruz eta ez lanez. Horregatik, benetan nahitaezkoa deritzogunean baino ez dugu justizia administrazioarengana jotzen, eta beti ere kalean dugun borroka baten osagarri. Halaxe egin behar dugu, gauzak nola dauden ikusita ehunka edo milaka salaketa ipin genezakeen arren". Ez dira gutxi.

Irabazi, bai, baina...

Gurekin mintzatu diren ekologistek esan dutenez, auzitegiek askotan kentzen diete arrazoia, salatuen aldeko epaiak emanez. Beste batzuetan, berriz, epaia ekologisten aldekoa izaten da itxuraz, baina ez haien gustukoa. Ikus ditzagun adibide batzuk.

Rontealde enpresako gas isurketa

Iazko ekainaren 21ean, Bizkaiko Probintzia Auzitegiko 2. Atalak Rontealde enpresako arduradun biren aurkako epaia eman zuen. Epaitegiak frogatutzat jo zuen Barakaldon egoitza daukan enpresak 1994an substantzia kutsagarriak jaurti zituela atmosferara (SO2 hain zuzen), pertsona bati heriotza eta beste hainbati kalteak eraginez. Hori dela eta, Rontealdeko teknikari biri zuhurtziagabekeriagatiko hilketa egotzi eta, besteak beste, espetxe zigorra ezarri zien. Alabaina, enpresak delitu ekologikorik egin zuenik ukatu zuen.

Ekologistak Martxan-en aburuz, sententzia positiboa da, baina "tamalgarria da berriro ere erdi-lanak besterik egin ez izana". Talde ekologistak dioenez, epaitegiak zurrunegiak dira delitu ekologikoa izan dela onartzeko garaian. Rontealderen auzian, epaitegiak emandako argudioa zera izan zen: ezin izan zela zehatz-mehatz argitu zer SO2 kopuru jaurti zen, ez eta kopuru hori legeak adierazitakoa baino handiagoa zenentz ere. Hortaz, delitu ekologikoa dagoela aldarrikatzeko beharrezkoa den baldintzetako bat ez zen bete, Ekologistak Martxanek berak aitortzen duenez. Hala ere, zalantzarik ez dauka "Rontealdek legeak ezarritako mugatik gorako igorpena egin zuela, huraxe izan zen-eta ondoren gertatuko guztiaren abiapuntua". Gas igorpena legearen barrukoa bada, nola da posible hargatik lagun bat hiltzea?. Horra ekologisten argudioa.

Barrikabasoko ingurua

Txipio Bai taldeak Barrikako Udaletxearen aurka hasitako prozedura kontentzioso-administratiboaren auzian, EAEko Auzitegi Gorenak arrazoia eman zien ekologistei 2001. urtean. Salaketan, talde ekologistak Barrikabaso izeneko lur eremuaren bersailkapena bertan behera uzteko eskatu zuen. "Babes paisajistiko berezia dauka Barrikabasok", diosku Joserra Ortiz Txipio Baiko kideak, "baina Udaletxeak haren bazter biak bersailkatu zituen (erdigunea lehen bezala utzita), bertan eraiki ahal izateko. Guk zortzi argudio eman genituen erabaki horren kontra. Bata formala zen, tekniko samarra, eta beste zazpiak, berriz, pisuzkoak. Gure zoritxarrerako, epaileak arrazoia eman zigun, baina argudio formala soilik aintzat hartuz".

Ondoren gertatutakoaren berri zehatza emateak luze joko luke. Laburbilduz, administrazioak (Eusko Jaurlaritzak, hain zuzen) egindako akats formal hura konpondu »"hilabete eskasean egin zuten", dio Ortizek, "premia zeukaten nonbait"», eta bersailkapena ostera ere onartu zen. Txipio Baik salaketa ipini zuen, halaber, bigarren bersailkapenaren aurka, eta auzia oraindik epaitegietan dago. Kontuak kontu, Barrikabasoko bazter bietako batean, Muriola deritzan aldean, txalet batzuk badaude dagoeneko zutik, euren inguruan sortutako zalapartaz axolagabe.

Legediaren 20 urteko ibilbidea
Espainiako Estatuko Kode Penalean aspaldidanik daude ingurumenari egindako hainbat eraso (hots, delitu ekologikoak) zigortzen dituzten figura juridikoak, baina "delitu ekologiko" esamoldea ez zen 1983ra arte zabaltzen hasi, 347-bis artikuluaren ezarpenaz. Erreforma hark ekarritako aldaketarik garrantzitsuena, hain zuzen, delitu ekologikotzat har daitekeenaren erabateko zabalkundea izan zen: ordura arte epaile batek nekez zigor zezakeen jardunbide ugari argi eta garbi zehaztuta egon ziren 1983az geroztik. Gainera, 347-bis artikuluaren arabera kaltea egotea ez zen derrigorrezkoa delitua egoteko; ingurumena edota osasun publikoa arriskuan jartze hutsa ere jazar eta zigortu zitekeen baldintza batzuen pean.
Haatik, legedia zorrotzagoa izateak ez du eragin ingurumenaren aurkako ekintzak gehiago zigortzea, Carlos Alonso abokatuaren iritziz behinik behin: "Espainiako Estatuan, 1992ra arte Auzitegi Gorenak ez zuen epai bakar bat ere eman. Euskal Autonomia Erkidegoan, urte hauetan guztietan, salatuaren aurkako epaiak hogei baino gutxiago izango ziren, eta gainera absoluzio harrigarri bat baino gehiago egon da".
1995eko Kode Penal berriak ez omen zuen egoera irauli, ekologistengan itxaropen ugari piztu arren. Oro har, delitu ekologikoengatiko zigorrak gogortu eta delitu mota berriak aipatu ziren. "Horien artean azpimarragarrienak »diosku Carlos Alonsok» ingurumenaren prebarikazioaren multzoan sar daitezkeenak dira". Hots, agintari edo funtzionarioek ingurumenari kalte egiten dioten jardunbideen aldeko txostenak ematea edo haien alde bozkatzea, besteak beste. 1995eko Kode Penal berriaren beste neurri esanguratsu bat egindako kaltea konpondu beharra da: legez kanpo eraikitakoa eraitsi, galarazitako oreka ekologikoa berreskuratu… Delitugileak egin beharreko lanak beti ere.
Esan bezala, legedia paperean baino ez da gogortu ekologisten aburuz. Espainiako Estatuan 2001eko otsailean egindako Ingurumenaren Babes Penalaren III. Jardunaldietako ondorio bat, hain zuzen, zera izan zen: "Ekologistok ez dugu zalantzarik ingurumenaren aurkako eraso larriak gero eta gehiago direla, eta aldiz, kutsatzen duten enpresa-ugazaben, suteen eragileen edota legez kanpo eraikitzen dutenen aurkako epaiak oso urriak dira".

Txanponaren beste aldea: ekologisten aurkako epaiketak
Talde ekologistek administrazioaren edota enpresa pribatuen kontra ipinitako salaketak ugaldu diren hein berean, azken urteotan hamaikatxo epaiketa egin da ingurumenaren aldeko ekintzetan parte hartu dutenen aurka. Carlos Alonso abokatuaren aburuz, "ekintza horiek, oro har, sinbolikoak, ikusgarriak eta irudimentsuak izaten dira, eta haien ezaugarririk behinenetako bat pertsonei sekula kalterik ez egitea da, eta oso gutxitan ondasunei". Hori dela eta, protesta horietan parte hartzen dutenei ezarritako zigorrak gehiegizkotzat jotzen ditu abokatu bizkaitarrak: "Gero eta gehiago dira zigor penalen bat (kasuren batean gogor samarra gainera) jasaten duten era honetako ekintzak. Gero eta gehiago dira, halaber, ekintzaileei egotzi nahi dizkieten delitu motak. Eta azkenik, poliziaren errepresioak ere gora egin du". Txanpon guztiek bina alde dauzkate, eta txanpon honetan "alde bien arteko desoreka nabarmena da", Carlos Alonsoren ustez.


Azkenak
Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


2025-01-16 | Euskal Irratiak
Laborantzari buruzko ikuspegi desberdinak agerian, Departamenduko Laborantza Ganbararako bozetan

Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.


Eguneraketa berriak daude