Aramaio eta Arrasate elkarri begira


2021eko uztailaren 28an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Bi esparru administratibotako herriak izan arren »Arabakoa bata, Gipuzkoakoa bestea», Aramaio eta Arrasate arteko giza-harremana administrazioek izan dutena baino askoz handiagoa izan dela azpimarratzen du Velez de Mendizabalek. Elkarri bizkarra emanez bizi izan diren arren, bietako herri xeheak beti eduki izan dituela bere harremanak, ezkontzen, antzinako garaietatik garatutako artzaintzaren, basogintza edo lurgintzaren edota azoken bidez. Eta horixe agerian jarri behar zuela bururatu zitzaion azterlariari, batez ere herri bietako jendeari erakusteko zein izan den Aramaio eta Arrasateren arteko harremana historian zehar. "Baina oso historia apala eta txikia atera zitzaidan, ni ez bainaiz historialaria. Zer egin nuen? Bada, niri gehien gustatzen zitzaizkidan gaiak edo aroak aztertu, ez historialari bezala, irakurle bezala baizik. Eta samurrena egin dut, dokumentuetara jo eta pixka bat azaleratu haietako hainbatek dioena".

Bi mugarri

Aramaio eta Arrasateren arteko historia oso luzea da, jakina, baina aztertzaile honentzat azken batean bi mugarri ditu: 1448an gertatutako Arrasateko erreketa nagusia »eta horretara iristeko zer gertatu zen aurreko bi mendeetan»; eta 1682an Aramaion jaio eta gero Arrasateko eskribaua izandako Pedro Ignacio de Barrutia, Actto para la Nochebuena antzezlanaren egilea, hau da, Hego Euskal Herrian euskaraz idatzitako lehen antzerki lanaren egilea.

"Pedro Ignacio de Barrutia azaleratu nahi izan dut erabat ezezaguna delako, eta niretzat hori bekatua da. Sekula ez dugu ziurtatzerik izango bera izan zenik antzezlan eder horren idazlea, baina kontrakorik frogatzen ez den bitartean, Pedro Ignacio de Barrutia jo behar dugu horren egiletzat. Eta egilea bera izanik, inortxok ez ezagutzea batez ere Arrasaten! Aramaion behintzat kale bat badu!".

Josemari Velez de Mendizabalek ezin zuen onartu horrelako egoerarik, eta adoretsu saiatu zen XVII. mendeko herritar horren inguruko datuak biltzen. "Izan ere, Pedro Ignacio de Barrutia nire idazle kutunenetakoa da. Askotan irakurri dut bere lana, ni izango naiz ziur aski obra horren antzezpena gehien ikusi duen ikuslea eta hogeita hamalau urte badaramatzat gutxienez, Arrasaten lan hori taularatzeko eskatzen. Hogeita hamalau urte jakin nahian ea zergatik bertako inori ez zaion otu obra hori taulara eramatea!".

Ahaide nagusien garaia

Josemari Velez de Mendizabalek gustuko duen beste gaietako bat Erdi Aroko garaia da. "Kontuz, nik berrogei bat orrialdetan laburbiltzen dut gutxienez hiru mendetako historia! Baina, tira, badakigu Ahaide Nagusiak nolakoak ziren, eta ez bakarrik hemen, Iparraldean ere antzekoak ziren. Hemen, oinaztarrak eta ganboarrak genituen. Oinaztarra zen Aramaioko jauntxoa. Eta Arrasaten talde biek zeukaten euren ordezkaritza: alde batetik, bañeztarrak zeuden; eta bestetik, guraiarrak. Hauek Aramaion zuten jatorria eta bañeztarrek Arrasaten, nahiz eta sortzez Aretxabaletakoak-edo izan. Bakoitzak bando baten edo bestearen interesak defendatzen zituen: interes ekonomikoak... hemen ez da besterik!». Jon Etxaideren Gorrotoa lege liburua aipatu du Velezek eta esan du hori irakurriz konturatu zela hemen ez dagoela ezer mitifikatzerik, azken batean beti dagoela tartean boterea, dirua, grinak, zikinkeriak… Ikusi duen dokumentazioan horixe baino ez omen da agertzen: traizioak alde guztietan.

Eta korapilo horrek eraman omen zituen bai batzuk eta bai besteak euren punturik beltzena Arrasaten kokatzera. Oinaztarra zen Aramaioko jauntxoak 1446an esan omen zuen: "Y quemaré Mondragón y a todos los que estén dentro". Baina, zer gertatu zen? "Arrasateraino etorri zen armadarekin, kontrako bandokoak »alegia, ganboarrak» herritik joan ziren beldurrez, Aramaioko jauntxoa sartu zen barrura, ganboarrak itzuli ziren, eta orduan, ehiztaria da ehizatua: ganboarrek, Arrasatekoek, herria itxi zuten Aramaioko jauna barruan zegoela, eta su eman zioten Arrasateri!".

Gertakizun horiek gaurko zenbait egoera dakarzkio gogora Josemari Velez de Mendizabali. Grina eta gorroto hori guztia zela-eta, Arrasaten bertan bi talde ei ziren, bi alkate, bi zaintza talde, bi ospitale… eta harresien barruan bizi zirenak mila biztanle baino ez ziren. "Nola arraio bizi daiteke horrela? Jakina, suertatu zen, suertatu zena. Bi, bi, bi… Gorrotoak berdinak, ezinikusiak antzekoak. Horrek ere eraman ninduen hari buruz idaztera, konturatu gaitezen historia ziklikoa izan daitekeela".

«Amodiozko» ezkontza

Ahaide Nagusien kontuan historia eta legenda asko nahastu ohi dela dio Velez de Mendizabalek eta horren adibide garbi gisa Las bodas del amor bezala ezagutuak izan direnak agertzen ditu.

Batetik, Aramaioko jauntxoa daukagu, Gomez Gonzalez de Butron, oinaztarra, eta bere alaba Elvira. Beste bandoan, Olasoko jauntxoa, ganboarra. Honek ba omen zituen barne-arazoak bando ganboarrean; eta besteari ere berdin gertatzen omen zitzaion bando oinaztarrean. Bildu ziren biak Badajuenen eta elkarren arteko isileko ituna egin zuten, esanaz elkarri lagundu behar ziotela, eta horrelakorik ez eginez gero hitza hautsitakoak halako zigorra jasoko zuela. "Eta nire alabarekin ezkondu ahal izango zara, esaten dio oinaztarrak ganboarrari. Historiak zabaldu du ezkontza hori amodioaren ezkontza izan zela: ‘Que por encima de los odios, los dos jóvenes se amaban…’. Amodioa? Hura Aramaioko jauntxoak oinaztarrei eta Olasoko jaunak ganboarrei egindako saldukeriarik beltzena izan zen!".

Arabarrei buruzko zenbait liburu
Nondik gatozen jakiteak berebiziko garrantzia duenez, jakin nahi horretan Araba eta arabarren historian arakatzen saiatzen diren ikertzaileei bere laguntza ematen ahalegintzen da Arabako Foru Aldundiko Kultura Saila. Laguntza honi esker, iaz argia ikusi ahal izan zuten ikerketen artean, Josemari Velez de Mendizabalek Aramaio eta Arrasateren arteko harremanen berri ematen duen lan honez gainera, beste hiru aipa genitzake: Nora Igartua Ugartek burututako Prudencio de Armentia, obispo de Tarazona. Fuentes y contexto histórico de su vida y culto azterlana. Asko idatzi da Armentiako San Prudentziori buruz, baina zoritxarrez idatzi den guztia ez dator bat Arabako patroiaren benetako kronologiarekin ere, ez baitzen III. edo IV. mendean bizi izandako poeta, ez eta VI. mendean Tarazonako gotzain izan ei zen hura ere, VIII. mendearen bukaeraren eta X. aren hasiera artean bizitako pertsona baizik »zehaztasun gehiagorik ez dago», Nora Igartuak bere lanean azaltzen duenez. Carlos Martinek, bestalde, Ruedas y molinos en Alava ikerketa sakona egin du, non eskaintzen dituen Arabako 700 inguru errotei buruzko datu zehatzak. Arabarrek laboreak irin edota etxeko abereentzako pentsu bihurtzeko erabili izan dituzten errota horiek noren esku egon izan diren azaltzen du, dela jauntxoak, Eliza edota udalbatzak. María Larumbe Martinek egindako Justo Antonio de Olaguíbel. Arquitecto neoclásico azterlana da hirugarren argitalpena. 1752an jaio eta 1818an zendu zen arkitekto arabar horri zor zaizkio, besteak beste, Gasteizko Erdi Aroko herrigunea babesten zuten harresi zaharretatik irten eta hiria zabaltzeko eraiki ziren Aihotz plaza eta Moraza kalearen arteko pasabidea eta Espainia plaza osoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Leinu Gerrak
«BANDERIZOEK EZ ZUTEN IDEOLOGIARIK, MOMENTUAN KOMENI ZENA BAINO»
Larrabetzuko biztanleak, adarraren deiak esnatuta, asalduturik irten ziren kalera 1444ko maiatzeko egun hartan. Behi bat jeizteko behar dena baino denbora gutxiagoan, borrokarako adinean ziren gizon guztiak eta emakume batzuk prest zeuden eurena defendatzeko. Oinaztarrak eta... [+]

GARAILERIK GABEKO GERRA
Bi bandoak bata bestearen aurka borrokan gizaldi eta gizaldietan. Amen.XIII. mendean hasi eta XVI. mendea arte ez baitzuten amaierarik izan haien arteko liskarrek. Eta orduan ere halabeharrez egin behar izan zioten uko elkarren aurka jotzeari. Bestela, eurengatik balitz,... [+]

Oinaz eta Ganboa: Esku batean zuzia eta bestean gezia

Zaila da borroka hauen zergatia azaltzea. Historiografiak hamaika esplikazio eman nahi izan dizkio. Lope Garcia de Salazar banderizoak, Bienandanzas e Fortunas kronika idatzi zuen Somorrostroko bere dorrean giltzapeturik zegoela. Hark idatzita utzirikoa oinarrizko iturri izan... [+]

2013-05-06 | Unai Brea
Butroe ibaia (Bizkaia)
Banderizoen bideetan
Bide erraz eta laburra dakarkizuegu oraingoan, ia guztiz laua. Aldapa gora ibiltzeari uko egingo diogu beraz, baina baita horrek ekarri ohi duen sariari ere: ez dugu, ibilbidean zehar, aparteko ikuspegirik bistaratuko. Erdikoari meriturik kendu gabe, zalantzarik ez da abiapuntua... [+]

Eguneraketa berriak daude