Appassionato, ma non troppo

  • Pailazo bihurtutako musikaria da T(arte)an ekoizpen etxeak taularatu berri duen Sonata segundu batean... eta piku antzezlanaren protagonista. Patxo Telleriak idatzitako istorioa nahia eta ezinaren arteko borrokaz mintzo da.

2007ko otsailaren 21ean
Bizitzak semifusa batek baino gutxiago irauten du. Sentsazio horixe izaten omen da hil baino segundo bat lehenago. Bizitako pasarterik adierazgarrienak ikusten ei dira begien aurrean. Horixe gertatu zaio Juan Sebastian Perezi, Sonata segundu batean... eta piku antzezlaneko protagonistari. Bere bihotzak inguruneak ezarri dion erritmo agitatoa jasan ez, eta oholtza gainean hil da bihotzekoak emanda, barre-gosez dagoen ikuslearen aurrean. Une horretantxe, bere bizitza osoa oholtza gainean errepresentatuta ikusiko du. Zizerone arituko zaizkio Baster eta Txus lagun minak, bere bizitzaren narratzaile inprobisatu bilakatuta. Hirurak ere harreman oso berezia izan dute ezagutu zirenetik, oso gertukoa. Inaxio Tolosak (Jota), Patxo Telleriak (Baster) eta Jose Cruz Gurrutxagak (Txus) gorpuztutako hiru musikariei astindu bat baino gehiago emango die bizitzak. Pasioa bai, baina ez gehiegi. Horixe da gaur egungo gizarteak ezartzen duen ideia. Antzezlan honetako pertsonaiei, ordea, ez zaie sugarra berehalakoan itzaliko.

Michel Tournier idazle frantsesaren Nire zoriona ez dadila sekula bukatu ipuinak liluratu egin zuen Patxo Telleria, eta harekin antzerkirako zerbait egiteko gogoa piztu zitzaion. Pailazo bilakatu zen pianojole baten istorioa da ipuinaren muina. Dena den, berehala ohartu zen idazlea oholtzara eramateko elementu gehiagorekin hornitu beharko zuela kontakizuna: "Pertsonaia nahiko pasiboa da ipuinean agertzen dena eta hori oso antiteatrala da. Teatroan pertsonaiak borrokan ikusi nahi ditugu, bai ingurukoekin eta bai beren buruarekin ere. Horregatik sartu nituen Baster eta Txus pertsonaiak, antagonista lanak egiteko".

Nahiaren eta ezinaren arteko talkaz mintzo da antzezlana, izan nahi genukeena eta garenaren arteko amildegiaz. Patxo Telleriaren hitzetan guztiok ere oso gertuko dugun gaia da: "Azken batean denok ukitzen gaitu. Gaztetan asmo piloa izaten da, baina bizitzak aurrera egin ahala zapuztuz joaten dira gure indarrak. Prozesu horri buruz hitz egin nahi nuen". Eszenatoki beraren dimentsioak ere ideia horixe iradokitzen du, taula gainean dauden egurrezko pianoa, oihalak eta ispilua erraldoiak baitira pertsonaien alboan. Amestutakoaren eta errealitatearen arteko kontrastea agerian jartzen da.

Aitor Mazo aritu da zuzendari lanetan, Jokin Oregiren laguntzaz.

Oztopoz betetako bidea

Jota deitzen dioten JS Perez protagonistak musika jotzea du benetako pasio. Harremanetarako trakets samarra den arren, klarinetea hartzen duen bakoitzean eraldatu egiten da. Musikak aske egiten du. Baster laguna, aldiz, beste jite batekoa da. Pianoa jotzea gogoko duen arren dirua eta arrakastarekin amesten du. Musika talde bat sortzea erabakita, Txus baxu jolea kontratatzen dute, jatetxeetan musika komertziala jotzeko. "Baster eta Txusek putakeriak egiten dizkiote protagonistari, baina hala ere maite dute. Lagun minak dira hiruak. Kontua da bakoitzak munduaren ikuskera ezberdina duela eta indarren arteko soka-tira bat gertatzen da orduan".

Jota eta Txusen artean harreman sentimental bat sortzeak, gainera, hirukotearen arteko tentsioak areagotu egingo du. Hasieran Telleriak emakumezko batentzat idatzi zuen Txus-en papera, baina baxua jotzen zekien emakumezko aktorerik topatzen ez zuela-eta, pertsonaia gizonezko bihurtzea erabaki zuen: "Pentsatu nuen hirukote harreman hori bereziagoa izango zela horrela. Izan ere, neska izanez gero beste konnotazio bat izango zukeen istorioak. Hirukote horretan imana Jota izatea nahi nuen. Gainera, uste dut badela garaia homosexualitatea inongo azalpenik gabe eta propagandarik gabe azaltzeko".

Sonata segundu batean...eta piku antzezlan erromantikoa da, laguntasunaz eta musikarekiko pasioaz mintzo den aldetik. Baina bada ordea, garratzagoa den alde bat ere. Izan ere, artista batek arrakasta lortzeko bide ilunenak ere ezagutu behar izaten ditu sarritan. Egungo gizartearen ispilu garbi bilakatzen da orduan antzezlana: "Gaur egun jendea arrakasta lortzeko edozer egiteko gai da. Telebistan segundo bateko gloriaren truke bere arima edo bere amarena behar izanez gero biluzteko prest dago jendea", dio Telleriak. Hala, antzezlaneko protagonistak, gogoz kontra sudur gorria jarri eta pailazoarena egiten jardun beharko du, noizbait musiko lez duen balioa errekonozituko diotelakoan. Errekonozimendu hori ez da sekula ailegatuko, ordea.

Partitura dramatikoa

Umorea eta dramak bat egiten dute antzezlan honetan, baina biak ere "olioa eta ura ontzi batean bezala banatuta" daude. Kontenedore baten istorioak edo Torito bravo lanetan erabilitako umore absurdua alboratu du egileak kasu honetan: "Eskema orokorra errealismotik abiatzea nahi nuen, efektismoari inolako kontzesiorik egin gabe. Umorea badago, baina pertsonaiak umorista egiten direlako". Momentu komikoak latz bilakatzen dira maiz, ezintasun baten isla direlako gehienetan.
Musika da, dudarik gabe, lan honetan drama eta komedia lotzen dituena. Antzezlan guztian zehar hamar bat pieza labur jotzen dituzte aktoreek zuzenean. Jose Luis Canalen musika aholkularitza izan dute horretarako. Canal berak konposatutakoak dira Bachen moldaketa bat eta bi blues.

Sonata segundu batean...eta piku euskaraz sortua izan den arren, gaztelerazko bertsioan ere eskainiko du T(arte)an ekoizpen etxeak. Patxo Telleriak garbi du bi hizkuntzetan lan egiteko hautua: "Nik euskaldun zein erdaldun jendearengana iritsi nahi dut. Euskaraz kalitatezkoak eta duinak diren lanak egin nahi ditut, baina bestalde, kanpora ere atera nahi nuke egindakoa".

Euskara sencilloaren manifestoa antzez-testuagatik Max sarietarako izendapena jaso berri duen Patxo Telleriak asmo ugari du etorkizunerako: "Ofizio honetan gauza bat bukatu orduko, berehala hurrengoan pentsatzen hasi beharra dago. Arlo horretan jada ideia batzuk baditut buruan. Bestalde film baterako gidoi bat egiteko asmoa ere badut, baina oraingoz Madrilen ekoizpen etxe bila nabil".

Inpultsoei kasu
Patxo Telleriak garbi du merkatuak sormena baldintzatu egiten duela. Horregatik nahiago du ideia bat duenean hura ekoiztuko dion norbaitengana jo. Urtetan Maskaradan ibili ondoren Aitor Mazo eta Lander Iglesiasekin jada desagertutako Txirene ekoizpen etxea sortu zuen. Maskaradarekin zenbait lan egiten jarraitzen du eta Mikel Martinezekin Bikoteatro konpainiarekin dabil. Sonata segundu batean... eta piku ekoizteko, aldiz, T(arte)an ekoizpen etxearen laguntza izan du. "Enpresa propio bat sortzea pentsatu izan dut noizbait baina urtero zerbait egin beharrak, diru-laguntzei begira egoteak... estutu egingo ninduke. Nahiago dut nire inpultsoei jarraitzea, merkatuaren beharrei erantzutea baino". Baina konpainia propioa ez izatearen desabantailak ere aipatu dizkigu Telleriak: "Urte piloa daramat antzerkian eta beti hutsetik hasten naizela sentitzen dut".


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude