Xabier Amuriza: «Plaza bat harrapatzen duena da bertsolaria»

  • Seminarioan gaztaroa "bizi ez» zuelako, gaztetasuna noiz helduko zain omen dago. Gaurko bertsolari gazteentzat, berriz, Amuriza da heavyetan heavyena: Frankismoan sotana eta guzti bertso politikoak abesteko kapaza. Bertsolaria "jaio" egiten zela sinesten zenean, bertsotan ikasi zitekeela esatera ausartu eta frogatu zuena bertso eskolak sortuz. Plazako eskaeraren arabera ari beharrean, bere zirkuituak, bere formulak bilatu dituena.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Bertsolari zinela esaten zizuten, baina zeuk ez zenuen sinesten. Umetan eta gaztetan kosta zitzaizun zure burua bertsolari bezala onartzea. Zer da bertsolari izatea? Noiz da bertsolaria bertsolari?
Umetan batez ere jendaurreak ematen zidan lotsa eta beldurra. Gauza ere ez, baina sasi-bertsolari izateko beste banintzen agian, baina jendaurreak sekulako beldurra ematen zidan. Umeak zerbait egiten badu, nagusiek duten arriskua da umeari beti hori eskatzekoa jendaurrean. Umezaroa iheska pasa nuen, inork bertso bat eskatuko ote zidan beldurrez. Gustatu bai jendartean egotea eta dena entzutea, baina ez zitzaidan gustatzen inork niri hitz egiterik. Orduan bertso bat eskatzea niretzat zen, pizti bat derrepente kaiolan sartu eta denak gainean edukitzea bezala.
Gaztetan jada oldartzen eta ausartzen hasi nintzen. Bertsolari oso sinplea eta elementala zen nirea, hasi eta bukatu egiteko gai nintzen. Apaiz nintzela egiten nituen saio batzuk ere, baina ez nuen neure burua bertsolari kontsideratzen. Bertsolari kontsideratzen nuen plaza bat menperatzeko gai zena. Ez da bakarrik hasi eta bukatzea eta teknikoki gauza polit batzuk egitea; plaza bat harrapatzen duena da bertsolaria. Entzuleak obligaziorik gabe zuri adi jartzea; alegia, elizan bezala, erritualak eskatuta isilik egote hutsa, ez da plaza dominatzea. Jan egin behar duzu plaza.

«Plaza-gizon» edo «plaza-andre» izateko zer behar da?
Figura bat izateko karisma hori faktore askotan dago. Bertsotan ondo egiteaz gain eta esaten duzunaz gain, presentzia, kantakera, zer espresio ematen duzun eta beste faktore asko dago, misterio hori gertarazten dutenak. Bertsolari batzuek transmisioa lortu egiten dute, eta beste batzuek elegante eginagatik plazan ez dute transmititzen.
Plaza menperatu egin behar duzu. Bertsolariok apaltasunaren aldeko apustua gauza ontzat egiten dugu askotan: bertsolaria apala dela, bere jarrera, bere soiltasuna... baina apaltasunarekin ez da irabazten plaza, plaza menperatu egin behar da. Bai antzerkian, bai bertsotan, entzuleak nahi duena da zuk inpresionatzea. Menperatu egin behar duzu, harrapatu, atzeman. Plaza menperatu ez da egiten itsura edo izaera apalaz... apal, momentu batzuetan bai, baina nola? Hori da batzuk soilik lortzen dutena. Plaza zapaldu egin behar duzu.

Txikitatik seminarioan egon zinen, oso giro itxian, anti-euskaldunean. Txartel guztiak zenituen kontzientzia iraultzailerik ez ernetzeko. Nola piztu zitzaizun kontzientzia hori?
Nik uste libratze nahiko orokorra izan zela. Seminarioa barnetegia baino, kobazuloa zen: Euskal Herritik kanpoko zerbait, frankismoaren neurrira egina, diziplina estukoa... Pertsekuzioak euskal kontuengatik izaten ziren batez ere, eta gure sentimenduek talka egiten zuten han inposatzen zigutenarekin.
Barrutik halako erantzun bat, irauli nahi bat piztu zitzaigun. Ez euskal kontuan bakarrik; ez gentozen bat seminarioaren egitura orokorrarekin, araudiarekin, mundu ikuskerarekin, moralarekin, eliza ikuskerarekin, bizierarekin... absurduak baitziren gauza asko.
Seminarioan eusten ari ginen, apaiz izatera iritsi arte. Garai hartan apaiz izanik aukera handiak baikenituen gure ideiak eta geure herriaren askatasunaren mezua zabaltzeko. Baita fedearen planteamendu zintzo batetik ere, ikusten genuelako hango planteamenduak moralistak, kaltegarriak eta atzerakoiak zirela. Apaiz izatean askatasun bat eraman nahi genuen herritarren kontzientzietara eta bizimodura.

Gerora zazpi urte pasa zenituen kartzelan.
Orain egiten diren kartzelaldiekin konparatuta gurea ez da ezer. Ni joan nintzen 10 urteko kondenarekin. Eternitatearen sentsazioa, bitan bizi izan dut nik: seminarioan, eta kartzelan. "Hau ez da sekula bukatuko", sentsazio horixe da niretzat eternitatea. Orduak banaka joaten dira, egunak ere banaka, eta 10 urte ez dira sekula bukatzen. Ez dakit orain 22 urte egiten dituztenak nola ateratzen diren bizirik. Hori pentsatzen hastean zoratu egiten naiz.
Bertsotan ere egin nituen lan batzuk, baina hainbeste denbora emateko, ez nuen gauza gehiegirik egin. Ez neukan gogorik, eta ez nuen ikusten bertso sortak zertarako idatzi ere, ezin nituen handik atera-eta.

Kartzelatik aterata erabaki zenuen sotana eskegi eta bertsotara jartzea. Politikako bertsoak ere abesten zenituenez, klixe hori jarri zizuten. Zu klixe horrekin eroso sentitu al zara?
Komodo ez. Librean kantatzen nuenean sentitzen nintzen komodo, banekielako noiz jo hortik, noiz aldatu. Baina gero gaiekin hasi zirenean, niri beti tokatzen zitzaizkidan marroiak. Une hartan ez ziren niretzat marroiak, baina jada denborak joan, urteak joan eta beti halako gaiak jartzeak ito egiten zaitu. Alde batera naturala ere bada, gai jartzaileak bertsolari bakoitzari atera nahi diolako eman dezakeen haritik, baina denek egiten badute hori, gai klase batzuetan espezializatzen zaituzte, eta aspertu egiten zara. Iazko bertso egunean ere marroia galanta egon zen niretzat; "horrek aterako dik!", joño, baina batzuetan politikarekin zerikusirik ez duten gaiak estimatzen ditut!

Halako gai bat jartzen dizutenean, zertara jotzen duzu: jendeak espero duen hori ahalik eta ondoen esatera, edo espero ez den zerbait esatera?
Gai horiek delikatuak dira, eta hor ezin duzu arriskuetan sartu. Mezuak garbi edo zuzen samar ematen ez badituzu, sekulako arriskua duzu azkenean pentsatzen duzunaren kontrakoa esateko. Eta mina sortzen diozu entzuleari, eta baita zeure buruari ere.
Gainera zuk irudi bat daukazu, eta ibilian irudi hori akumulatu egiten da. Eta zure irudia beti aurretik doa, esaten duzunaren aurretik doa. Beste batek xelebrearen irudia badu, hari onartzen zaio gaia xelebretik hartzea. Baina ni hasten banaiz xelebrekerietan eta ez bazait ondo ateratzen edo jendeak ez badu ondo jaten hori, ikaragarrizko txikizioa egin dezaket. Nik ezin dut brometan ibili halako gaietan. Inbidia ere izan diet bertsolari askori: batzuei edozer esanda dena barkatzen zaie, baina nik hitz erdia esaten badut irristakorra, gero "hau eta hori esan du" entzun behar. Bertsolari batzuk hori daukagu, igual identifikazio handiegia, geuk irabazi dugulako, eman digutelako, edo beste alor batzuk ez ditugulako landu, baina ni karga horrekin aurkitu naiz, bai.

Gaiak hala eskatzen zuelako, inoiz sentitu al zara pentsatzen ez zenuen zerbait esatera behartua?
Ez, alderantziz. Nahiago dut guardia zibilaren paperetik jardun, 22 urte preso egin eta etorri denaren paperetik baino. Sentitzen ez dituzun paperetan arinkeriak azpimarra ditzakezu, ironikoki jardun, eta ondo ateraz gero efektua ikaragarria da, eta gaizki aterata ere ez dizu hainbeste min ematen. Baina norberak sentitzen dituen sentimendu indartsuekin ezin duzu jolas handirik egin.

Txapelketen garaira iritsita, batzuentzat gelditu zara iraultza handi bat ekarri zuen bertsolaritzat. Garai hartan sekulako kolpea izan zen orde, eta iraultza hori egin izana ordaindu behar izan zenuen.
Sektore kritiko bat izan nuen, baina oso agresiboa zena bai nire pertsonarekiko eta bai nire ideiekiko. Jarrera hori hartu zuten nirekin, nik uste, bertsolaritzatik kanpora figura ezagun bat nintzelako.
Tentsio hori, jendartean zabiltzanean, ez da batere gozoa. Nindoan tokira nindoala, beti eztabaida bera sortzen zen jendartean. Hori beti konparatzen dut politikariek izan dezaketen presioarekin. Zuk galantak esan ditzakezu politikari batengatik, baina ez daukazu zuzeneko harremanik; bertsolariak bai, bertsolariak han ibili behar du. Eta igual mahaian zaude, eta eztabaida zeure aurrean sortzen da. Beti han zaude, beti tentsio puntu horretan. Hori niretzat gainkarga handia izan zen.

Bertsolariek onartzen zuten aldaketa?
Denetik egongo zen. Bertsolari bakoitzak bere ibilbidea nahi gabe ere defendatu behar du, eta orduan zerbait diferentea badator, ez dakit... Ez nintzen bertsolariekin gehiegi aritu gai honetaz; baina bai, jabetzen nintzen zer esaten ziren.

Jarrera horiek, bide urratzaile zinelako sortu ziren, edo beste arrazoi batzuek ere baziren?
Batetik irudiaren kontua dago. Zuk irudi bat duzu, eta irudiari lotzen zaizkio ideiak, eta ideiari lotzen zaizkio estrategiak, eta azkenean estrategia horren kontra dagoenak, horren azpian ikusi duen pertsona ere ez du gehiegi txalotuko-edo. Hor dena korapilatzen da.
Gero nik uste entzulea ere, neure figuraren aurrean apur bat zain egoten zela, "zer gertatuko ote da hemen?". Ni bertsolaritzara goitik behera erori nintzen, beste alor batzuetan figura ezaguna izatetik nentorren. Orduko entzule "klasikoek», ikusten ninduten goitik zetorren meteoritoa bezala. Uste dut askotan jendea neuk beldurtzen nuela, neu ateratzeaz bakarrik: "hemen konfliktoa dator". Eta ez nintzen konflikto bila ateratzen, baina irudi hori aurretik zihoan.
Ez dakit, neuk ere ez dut oraindik ondo esplikatzen. Bestetik, atera eta lehendabizikoan Euskal Herriko txapeldun izan nintzen. Eta hori ere ez dago barkatzerik!

Bertsoaren egitura aldetik, diskurtsoa garatzeko eta ideiak korapilatzeko neurri luzeagora jo zenuen: hamarreko handira. Gaur neurri luzeen moda, ez al dago neurriz pasata?
Doinu luzeetan gaur abusatu egin da. Kartzelako gaietan beti horren luzera jo beharra ez da ona. Luzean kantatuagatik, pare bat puntu eskasak badira, artifizialak eta trabes sartuak, bertso hori txarra da. Neuk txapelketa antolatu behar banu, debekatu egingo nuke 6 puntutik gora kantatzea. Bestela libre uzten baduzu, denek ustez "zailagoa" den horretara jotzen dute, eta azkenean beldurra ematen dizu doinu laburragoa hartuz gero jendeak pentsatuko ote duen errazkeriara jo duzula.

Txapelketen ondoren plazaz plazako jaialdietan aritu zinen. Ahotsa zela eta isildu ostean, zure bideari ekin zenion. Zerk eraman zintuen zeure bidea egitera?
Bertso jaialdietan neure burua ikusten nuen karpa handiegiaren azpian, bortxatuegi, beti gai antzekoei kantari. Neuk egin nahi nuen neure diskurtsoa, saioaren ibilbidea, dena. Publikoa neuk irabazi nahi nuen. Ibilbidea zeuk egitea da, saioaren hari osoa zeuk bertan inprobisatzea. Hasten zara eta ez dakizu nora eramango zaituen, baina bidea egiten ari zara. Biren artean (hori baita gehien jarduten dugun modua) lortzen baduzu jendea harrapatzea eta saioa lehertzea, ematen dizun satisfazioa ikaragarria da.
Eta ez nago gaiak jartzearen aurka. Hori ere oso ondo dago. Baina neurea bestea da, eta esperientzian ikusi dut: gaiak jarritako saioetan, 10etik 6tan ez nintzen gustura ateratzen, beste bitan erdipurdika, eta 10etik 2tan aterako nintzen pozik. Neure kontura aritzen nintzenean, 10etik 8tan gustura aritzen nintzen.

Gaur egun zein bide daude garatzeko?
Bertsolari bakoitzak bere ibilbide intelektualean, literarioan, kulturalean, bere erreferentzia munduan duena jakin behar du bertsolaritzara eramaten. Alor guztietan metafora, konparazio, kontzeptu eta gauza asko daude bertsolaritzara eraman daitezkeenak. Bakoitzak jakin behar du berak daukan horretatik zer den eramangarri, baina pedante izan gabe. Eta hori ez dugu askorik egiten. Hitzak ere ez ditugu erabiltzen; beti etortzen gara bertsolaritzaren ohiko hitzetara. Ahalegin horiek bertso jarrietan egin behar dira lehendabizi, eta gero saiatu hori bat-batera eramaten.
Bertso Egunerako jarri nituen koplatan bazegoen halako efektu bat propio egina. Koplagintzatik hartu nuen egitura, baina "mendi altuan elurra" esan beharrean, "meridianoa Greendwichen" esanez hasi nintzen. Kontzeptu horiek hor daude, eta gaur ikasketak egin dituen mundu guztiak daki erreferentzia horren berri.

Curriculuma
Jaio: Etxanon, 1941ean.
Ikasketak: Filosofia, Humanitateak eta Teologia.
Bertsolaria

Ibilbidea
1965ean egin zen abade, eta 1976an sekulartu zen ofizialki.
Zamorako espetxean zazpi urte pasa zituen (1968tik 1975era).
Ogibide asko izan ditu: idazle, kazetari, irakasle, itzultzaile, ikerlari eta bertsolari.
Euskal Herriko Bertsolari txapelduna izan da bitan: 1980an eta 1982an.
Bertso-eskolen sortzaile izan da.

Argitalpenak
Liburu asko argitaratu ditu. Horien artean daude: Hil ala bizi, Emea, Herri eta irri, Hiztegi errimatua, Hitzaren Kirol Nazionala, Zu ere bertsolari, Bertsolaritzaren historia, eta Enaz banaz.
Diskoak: Menditik mundura, Herriko plazan, Anje Duhalde Amurizaren kantari, Bizkaiko kopla zaharrak, Xalbadorren bat-bateko mirakulua, eta Oskorriren Bizkaitik Bizcayara.

Sotanarekin bertsotan
»Arteako abadea frankista eta faxista hutsa zen, pulpituan Espainiako bandera zintzilik edukitzen zuena. Jesus Naberan laguna apaiz egin eta meza berria ospatzera zihoanean, herriko abadeak ez zion meza euskaraz ematen utzi, eta Kanalako elizan eman zuen meza. Jakin-min handia zegoen, herriko jendeak euskarazko meza entzuteko beste herriko elizara joaten ausartuko ote ziren. Jendea masan etorri zen, etxafuego eta guzti. Egun ederra, triunfala izan zen. Meza ostean Abel Muniategik eta biok bertsotan egin genuen eliza aurrean. Igo ginen oholtzara, eta inguruko emakume batek, sotana eta guzti ikusi ninduenean, esan zuen: ‘Ene, berriz ere meza daukagu?’ Apaiza sotana eta guzti bertsotan aritzeak eskemak hausten zituen».

Bertsoa

Doinua: Hamalau heriotzenak

Ideietan argia
hitzetan berdina,
konbentzitzen maisua,
sermoilari fina.
Plazako pulpitutik
haundiak egina,
eta ondorengoei
asko eragina,
Erroman zeundeke zu
apaiza bazina!


Azkenak
Gure gorputza gudu zelai bat da

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]


“Irtenbidea Polizia kopurua handitzea balitz, arazoa jadanik konponduta legoke”

Albiste izan da Gasteizko Errota auzoa azken asteetan, urriaren 8az geroztik delinkuentziaren aurkako eta segurtasunaren aldeko mobilizazioak burutzen baitituzte zenbait auzokidek asteartero, bi lonja huts okupatu zituzten gazte migratzaile batzuk jo-puntuan jarrita. Inguruan... [+]


2024-11-25 | ARGIA
A-25: mugimendu feministak gizonei dei egin die konplizitatea eta justifikazioa desagerrarazteko konpromisoa hartzera

Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]


Udazkena agurtzen negua besarkatzeko

Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du helburu. Barrura begira, barrenak osatzeko garaian dago, orain arte egin... [+]


2024-11-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Sugandila bat “ezer ez dagoen lekuan”

Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe, ekosistema moduan duen balioa handia delako. Baina, basoari jartzen diogun atentzio eta indar... [+]


2024-11-25 | Jakoba Errekondo
Birigarroak zirinetan heriotza

Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko dira.


2024-11-25 | Garazi Zabaleta
Gaztaina feria basaburuan
Gaztainadiak eta gaztainaren kultura protagonista

Nafarroako beste zenbait herritan bezala, duela lauzpabost urte hasi ziren Basaburuan gaztainondoen inguruko lanketarekin. “Bertako gaztain barietateei lotutako ikerketa abiatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta orduan hasi zen hemengo herrietan ere gaztainaren historia... [+]


Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


Eguneraketa berriak daude