Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, Juan del Olmok, Egunkaria S. A.ren egoitzei zigilua kentzeko baimena eman zuen abenduaren 15ean. Enpresaren likidazioa errazteko urrats gisa zabaldu zen berria. Egunkaria S. A.ren administrazio kontseiluak ontzat eman du del Olmoren egitasmoa. Bertako kide den Txema Auzmendik arrazoitzen duenez: "Erabaki onena ez bada ere, eta Egin egunkariaren amaiera nolakoa izan zen ikusita» Eginen zorrak pilatu eta biderkatu egin ziren urteekin», ez da txarra Egunkariaren egoera horrela konpontzen saiatzea». Izan ere, Egunkariaren zorrak kitatzeko beharra baitago. Joan Mari Torrealdai ere bat dator: «Aukera landua, borrokatua da, dena esan behar da. Alternatiba askoz okerragoa baita». Martxelo Otamendik ere horrela dio: «Zorigaiztoko erabakien artean, alegia, egunkari bat ixtea, agian izan daiteke erabaki on bat». Hala ere, Joan Mari Torrealdaik kontatzen duenez: «Gogorra da hil dizutenaren gorpua lurperatzen norbera ibili beharra!»
Epaileak bi aukera eman zizkion Egunkaria S. A. enpresari: bata, Merkataritzako Legeak arautzen duen bezala, porrot egoera onartu eta ordainketak etetea, eta bestea, likidazio ordenatu bat egitea. Egunkaria S. A. enpresak, Enekoitz Etxeberria abokatua izendatu du kontu-hartzaile judizial. Eta bere ustez, lehen aukera horrekin enpresak ez dauka inolako etorkizunik. Bigarrena onartzean bide formal bati ekitea onartu da.
Egunkaria likidatzeko Juan del Olmok agertu duen asmoa paradoxikoa eta kontraesankorra da. Del Olmoren autoaren arabera, Egunkaria ETA erakundearen zerbitzuko enpresa izateagatik itxi zen. Epaileak atxilotuak ETAren kolaboratzaile edo kidetzat jo zituen. Hain salaketa larrien ostean, orain, berriz, enpresari irtenbide bat planteatzen dio, oraindik epaiketarik egin ez denean. Erabakia ez ohikotzat jotzen du Txema Auzmendik, baina, agidanez, honelako egoerak ere gertatzen dira.
Ondasun eta zorrak
Enpresaren jarduera etenda geratu zen Zigor Kodearen 109. atalaren arabera. Bere aktibitateak eta kontu korronteak itxita eta blokeatuta daude, eta egoitzak zigilatuak. Andoaingo egoitza Martin Ugalde Kultur Parkearena da, baina Gasteiz eta Iruñekoak, epaileak oraindik ez dizkie jabeei itzuli. Bilbokoa, berriz, Egunkariak erosia zen.
Enpresa zorretan gelditu zen ordea, hartzekodun nahiz hornitzaile ugariekin. Hala nola, Ogasuna, Gizarte Segurantza, langile eta kolaboratzaileak... Horiek guztiak Egunkaria S. A.rekin zituzten konpromisoak itxi beharrean daude gaur egun.
Egunkaria S. A.ren eta hartzekodun nahiz hornitzaileen arteko kontu likidazioak mota eta munta ezberdinekoak dira. Epaileak administratzaile judizial bat izendatu zuen uztailaren 18an, likidazio plangintza aurrera eramateko. Madrilgo Ogasuneko funtzionarioa da, eta nortasun agiri faltsuarekin ari da, Lekuko Babestuen Legearen pean. Bitxia bada ere, Julio Anguita izena jarri diote.
Enekoitz Etxeberriak argitu digu egoera: "Zorrak zor dira, eta normala denez hartzekodunak kontu eske hasi dira. Egunkaria S. A.rengana zuzendu dira eta beren erreklamazioak egin dituzte. Epaileak, enpresa horien kexuak aztertuko ditu eta beren erreklamazioak legezkoak diren edo ez erabakiko du. Hau normalean ez da horrela izaten, baina kasu honetan enpresa ikerketa kriminal batean sartua dagoenez, epailea da nagusia eta berak erabakiko du enpresaren likidazioa".
Likidazio plana martxan
Otsailaren 2an Guardia Zibilak giltzarrapoaren giltza eman zion abokatuari. Abokatua otsailaren 3an sartu zen eta prezintua kenduta dago harrezkero. Epaileak Enekoitz Etxeberria gordailu-zainari aukera eman dio egoitzen barruan dauden mahaiak, ordenadoreak eta ondasunak oro har, ordenatu eta saltzeko. Hori aktiboa da. Likidazio planak ondasun horiek saldu eta horren salmentarekin pasiboari aurre egingo dio. Gakoa, aktiboa eta pasiboaren arteko oreka lortzea da. Horrela enpresak zorrak ordaindu ditzan. Enekoitzek kontatzen duenez: "Egitekoa ez da erraza. Gauza bat da ondasunen balioa kalkulatzea eta beste gauza bat zehaztea ondasun horien salmentako balioa. Zenbat balio du urte bat geldirik egon den ordenadore batek? Norbaitek erosi nahi al du? Beraz, lehenik aktiboaren balioa kalkulatu behar dugu eta ondoren, aktibo osoa izanda, hartzekodunei ehuneko ehunean ordaintzea posiblea den kalkulatu. Edo bestela, zein neurrian ordaintzen ahal zaien. Onartuko ote dute guk aurkeztu dezakegun ehuneko hori kobratzea?".
Likidazio plana gauzatzen ari da. Hurrengo lana hartzekodunei eta zordunei plana aurkeztu eta alde guztien artean akordio bat adostea izango da. Hots, epailea, enpresa, hartzekodun eta zordunen artean. Enekoitz Etxeberria eta Egia abokatuen kolektiboa ari dira horretan, Jose Mari Elosua abokatua tarteko. Epaileak eta aldeek ez badute likidazio plana onartzen proiektua ezin izango da aurrera eraman. Plana onartzeko epea otsailaren 20 artekoa da. «Data kontutan estu eta larri jarri gaitu epaileak», kexu da Joan Mari Torrealdai.
Kasua argitu beharra
Demagun epaileak onartzen duela abokatuek aurkeztuko duten likidazio plangintza, eta auziaren parte hori bukatutzat ematen dela: "Egunkaria S. A.ren proiektua zertan geratzen da ordea? ETAren zerbitzu ote ginen?" adierazi digu administrazio kontseiluko kide Txema Auzmendik.
Jon Aleman Egunkaria Sortzen S. L.ko bazkideetako bat da, eta komisioko kidea. Bera ere kezkatuta dago kasua ez argitzeak aurkako aurrekari ikaragarri bat zabaltzen duelako: «Berriz ere gauza bera egin dezakete. Behingoz hortzak erakutsi behar zaizkie, eta Egunkaria ireki egin behar da, ez estatuari begira bakarrik, baizik eta bazkideei eta dirua eman zaleei begira. Jarraitu dezaten dirua ematen, ez daitezen kikildu».
Egunkariaren itxieraren aurrean hartutako jarrerarekin kritiko ageri da: «Nire uste apalean, zaharra ireki behar zen. Arazo hori hor utzi dugu, eta beharbada ez da egin errebindikazio mailan egin zitekeen guztia».
Aurrerantzean, Egunkaria irekitzeko borroka judizialki eraman beharko dela arrazoitzen du Jon Alemanek: «Diario Madridek egin zuen bezala, epaiketa bat eraman behar genuke estatuaren eta justizi boterearen kontra. Hori hemendik urte askotara izanen da, baina bide bat da, irabaziz gero indemnizazioa kobratzeko, gutxienez. Diario Madriden kasuan, juezak erabaki zuen jabeek arrazoi zutela, eta mila milioi pezetako indemnizazioa jaso zuten»
Egunkariarentzat dirua jarri zuten bazkideen kontua ez dagoela konponduta dio: «Pentsatzen dugu jarritako dirua berreskuratzeko ahalmena izango dugula, asmo horretan ari gara. Kontua da orain auzia penala dela, eta gure bidea zibila izango litzateke. Bide penaletik ez dugu gauza handirik egiteko modurik ikusten».