«Publish what you pay»: garapenak argia behar du

  • Merkatu kapitalista gardenki kudeatu behar dela uste duen fundazio bat eta munduko miseriak arintzen saiatzen diren erakunde humanitarioak elkartu dira kanpaina berezi honetan: multinazionalek publiko egin dezatela herrialde atzeratuetako gobernuei zenbat ordaintzen dieten.

2021eko uztailaren 19an
Angolan 40 urte luzeko gerra ikaragarria bukatu eta gero, Global Witness erakundeak izenburu hau ipini zion hari buruzko bere dossierrari 1999an: «Ezusteko gordina». Munduko baliabideak, gatazkak eta ustelkeria lantzen dituen Global Witness-ek («Lekuko Globala» itzul dezakegu libre samar euskaraz) urte luze horietan bankuek eta petrolio konpainiek Estatuari egindako lapurreta orokortuan izan zuten zerikusia salatu zuen. Txosten hartan garbi geratzen zen ilunpeko diru mugimenduek nola eraman zuten herrialde bat hondamendiraino; eta agiriaren bukaeran dei egiten zitzaien petrolio konpainiei Angolako agintariei ordaintzen zieten dirua publikoki aitor zezaten: «Publish what you pay».

Angolari buruzko agiri hori arretaz irakurri zuen garapen bidean diren herrialdeetan lanean ari den zenbait agentek, denetan zabalduta dagoen eritasuna baita agintarien ustelkeria. Eta Gobernuz Kanpoko Erakunde gehiago bildu ziren Global Witnessen kanpainaren itzalera.

«Publish what you pay» kanpaina sostengatzen duten erakunde humanitario eta altermundialisten zerrenda anitza bezain aberatsa da: Attac, Intermon-Oxfam, Human Right Watch edo Amnesty International-en ondoan, Pax Christi, Caritas eta beste hainbat kristau erakunde ageri dira, eta irakurle gehienei ezezagunak egingo zaizkien beste asko ere bai.

Baina kanpainari ukitu berezia eta indarra Georges Soros filantropo hungariar-amerikar aberatsaren fundazioak eman dio. Hona kanpainarekiko bere sostengua zertan oinarritzen duen Georges Sorosen Open Society Institute-k: «Georges Sorosek uste du korporazioek, merkatuen mekanikari begira, hirugarren munduan bere estandarrak hobetzeak epe luzera globalizazioaren eragin negatiboak hobetzeko balioko duela». Kapitalismoan sinesten duen gizon honen optimismoa ez dute izango beste erakunde sinatzaile askok. Baina kanpainaren inguruan bil daitezke, nonbait.

Txoriak gari artean goseak

Gardentasun estandarrak oso ezberdinak dira enpresentzako herrialde garatuetan eta hirugarren mundukoetan. Kanpainaren helburua, leku guztietan gardentasun osoa izatea da: «Baliabide naturalak Estatuak monopolio gisa hartzen ditu leku gehienetan. Eta horregatik da hain garrantzizkoa herritar guztiek jakin dezaten zer egiten den enpresek baliabide horien truke pagatzen dutenarekin».

Baina ikuspegi moral horrez gain (herritarrek beren baliabideekin zer egiten den jakiteko eskubidea dutela, alegia), herriak bazterketa ekonomikotik ateratzeko estrategiek ere gardentasun hori eskatzen dute. «Publish what you pay» agiriak dioenez «zuk ezin duzu maneiatu neurtu ezin duzuna». Eta arazo sinple bezain larri honekin egiten dute talka hirugarren munduari karitateaz gain aurrerapenerako laguntza ekarri nahi dioten erakundeek.

Petrolioa, gasa eta meatze industriak garrantzizkoak dira garapen bidean dauden 50 herrialdeetan. Horietan bizi diren 3.500 milioi pertsonetatik 1.500 milioi egunean bi dolar baino gutxiagorekin bizi dira. Herrialde horiek jasaten dituzte munduan zorrik handienak dituzten estatuak, eta giza eskubideekiko errespeturik gutxien erakusten dutenak. Afrikari dagokionez, kontinente horretatik egunero sekulako aberastasuna ateratzen badute ere, 300 milioi herritar egunean dolar bat baino gutxiagorekin bizi da, eta beren bizi itxaropena 48 urtez azpira erori da. Haurren heriotza kopuru izugarriak, gosea, milioika heriotza eragin dituzten gerrak, armen zirkulazio beldurgarria... horiek guztiak, batera edo bestera, lehengaien kontrolik gabeko esportazioari lotuta daude. Ikusi bestela, adibideok.

Angolan petroliotik datozen diru sarrerek osatzen dute Estatuak dituen diruen %90 (3.000 eta 5.000 milioi dolar artean). Hala ere, dirutza horri buruzko informazioak ezkutuan segitzen du. Zenbait ikerlariren ustez, azken bost urteotan gutxienez urteko 1.000 milioi dolar geratu da Estatuaren kontabilitatetik kanpo. Zifra hori beste honek argitzen du: Nazio Batuek 200 milioi dolarreko laguntza ematen diote munduan haur heriotza kopururik handiena duen herrialde horri.

Antzeko zerbait gertatu da Nigerian: petroliotik dator hango Estatuaren diru sarreren %90, eta duela gutxi agintetik kendu duten Sani Abacha lehendakariak gutxienez 4.000 milioi dolar ostu eta atzerriko paradisu fiskaletan gorde zuela uste da. Beste hainbeste gertatzen da duela 35 urte arte Espainiaren kolonia izan zen Ekuatore Ginearekin: bere Estatuaren kasik diru guztiak petroliotik datozkio eta horietatik 135 milioi dolar baino gehiago urruneko paradisu fiskaletan ordaintzen zaie hango agintariei.

Ustelkeria hori gardentasunik ezaren estalkipean babesten denez, «Public what you pay» agiriaren sinatzaileek petrolio multinazional handiak konbentzitu nahi dituzte beraiek zergetan agintariei ordaintzen dietena publika dezaten. Izan ere, erakunde humanitarioek herrialde garatuetako herritar eta instituzioen artean dirua eta negozio baldintza zuzenagoak eskatzen dituztenean, hirugarren munduko erregimen ustelei lagundu baizik ez dietela egiten entzun behar izaten dute sarritan. Horregatik nahi dute laguntza eman behar dutenak konbentzitzearekin batera, hartzaileetan ustelkeria kontrolbidean jarri.

Multinazionalak konbentzitzeko argudio saila landu dute «Public what you pay» koaliziokoek: merkatua epe luzera egonkorragoa bihurtuko duela, multinazionalei ezusteko gogorrak (Suharto diktadorearen erorketa aipatzen dute sarri) saihetsi dizkiela, inbertsioak egin dituztenei segurtasun handiagoa eskainiko zaiela... Erregulazio on baten eredua ere erakusten dute: Botswana. Hemengo agintariek eta bertako diamanteak ustiatzen dituen De Beers konpainiak alor honetan garapen bideko herrialdeei bidea erakusten omen diete, konpainiak bere zergak txukun pagatu eta publikatzen dituelako eta Estatuak herritarren garapenean inbertitzen dituelako.

Baina multinazionalek oztopoak erakutsi dituzte: gardentasun politika honetan sartuz gero, estatu horietako agintari askok beste konpainia batzuetara joko dutela, leialtasunik gabeko konpetentzia dela eta abar. «Public what you pay» agiriak, ondorioz, mundu mailan ezarriko den protokolo bat lortu nahi du epe baten buruan.

Geroak erakutsiko du gardentasuna zenbateraino lortu ahal izango den, eta lortzen denak zertarako balio duen. Baina iraganak jada erakutsi du milioika herritarren miseria eta beren agintarien ustelkeria uztarri berean doazela.

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
2025-04-15 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Milioika abokaturekin edo igerilarirekin AEBak berrindustrializatu?

Iradokitzailea delakoan edo, muga-zergen gatazkaren harira norbaitek berriro zirkulazioan jarri duen Maoren 1953ko bideoaren garai hartakoa da milioi bat igerilariren txantxa. Alegia, orain harekin bat egiten omen duen Xi Jinping jaio zen urtekoa.


Naziek deportaturikoen oroimena, diru-zorro batean

1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.


Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Gernikako gaztetxe zaharra hartu dute berriro, itxi eta hamar urtera

Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


Daniel Noboa eskuindarra gailendu da Ekuadorko hauteskundeetan, eta oposizioak iruzurra salatu du

Bozen lehen itzulian pare-parean geratu ostean, inkesta gehienek aurreikusten zutena baino tarte handiagoa atera dio egungo presidenteak Luisa González hautagai correistari. Oposizioak "iruzurra" salatu eta botoak berriz zenbatzea eskatu du.


Analisia
Balantzaka gerrarantz

Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]


‘Oztopoen gainetik askatasunera’: Ernaik manifestaziora deitu du apirilaren 17an

Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko eta "eskuin erreakzionarioaren ofentsibari aurre egiteko" batuko dira. Egun horretarako Euskal Preso Politikoen alde antolatua zuten hitzaldia eta ekitaldia salatu du UPNk, eta hura zelatatzeko agindu du Espainiako Audientzia... [+]


Lau maki, 1947 eta 1948 urteetan Donostian erailak

Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.


2025-04-14 | Uriola.eus
Gerra finantzatzeari uko egiteko zerga desobedientziaren ekimena abian da

Ekimenak bakea eta justizia soziala sustatzeko proiektuak finantzatzea du helburu. Sustatzaile diren gizarte mugimenduek mezu argi bat bidali diete gobernuei eta armagintza industriari: "Ez dugu gerraren konplize izan nahi".


Analisia
Mikrofonoak antzokietan

"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea... [+]


Eguneraketa berriak daude