Nafarroa Ez


2021eko uztailaren 19an
Berriz izan dira egunkarietako lerroburu eta eztabaida publikoaren hizpide Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politika eta euskaldunon egoera. Berriki, Hizkuntza Gutxituetarako Bulego Europarra (EBLUL, www.eblul.org), gobernuz kanpoko erakundea, Europaren Batasunean hizkuntz aniztasunaren aldeko lana egiten duena eta Europaren Kontseiluan, Nazio Batuen Erakundean eta bertze erakunde batzuetan estatus aholkuemailea eta operazionala duena, Iruñean izan da Nafarroako egoeraren gainean egindako txostena aurkezten.

Ez da lehendabiziko aldia EBLULek Nafarroako hizkuntz politika instituzionala gaitzesten duena publikoki eta dokumentu batean. Hala egin zuen 2001ean, Nafarroako Gobernuak administrazio publikoetan euskararen erabilera murriztu zuen Foru Dekretua onartu zuenean, eta 2003an, Iruñeko Udalak Euskararen Udal Ordenantzaren zenbait murrizketa egin zuenean.

Baina honetakoan, gaitzespen ebazpen soila baino, txosten oso bat prestatu du EBLULek 2003ko martxoaren bukaera aldean Nafarroara egindako ikerketa bisitan hartutako informazioetan oinarriturik.

Txostenak "oso kezkagarritzat" jo du Nafarroaren kasua, hizkuntz politika instituzionalean azken urteotan gertatutako atzerapausoak "guztiz onartezinak" baitira. Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak indarrean jarritako lege murrizketak aipatu ditu, Espainiako Estatuak berretsitako Erregioetako edo Gutxiengo Hizkuntzen Europako Kartaren guztiz kontrakotzat joaz. Gomendio batzuk ere eman ditu EBLULen txostenak, Nafarroako hizkuntz politika instituzionala Europaren Batasunaren irizpideekin homologagarria eginen luketenak. Oroitu beharra dago 2003ko irailaren 4an Europako Parlamentuak Erregioetako eta Gutxiengo Hizkuntzen Batzordearendako gomendioak biltzen dituen txosten bat, Michl Ebner eurodiputatuak prestatua, onartu zuela, eta Nafarroako Gobernuak euskaldunekiko daraman politika Europako bertako hizkuntz aniztasuna babestu eta sustatze irizpideen guztiz kontra egiten duela. Izan ere, Nafarroan tokiko hizkuntza gutxituaren aldeko neurri positiborik ez dira onartzen, hizkuntza nagusien hiztunendako diskriminatzaileak direlakoan.

EBLULen oraingo txosten horrek berriro utzi du agerian Nafarroako Gobernuaren jarrera, euskaldunok bigarren mailako nafarrak izan gaitezen duen obsesio neurrigabea. Eta gustuko ez duen txosten horren egilea deslegitimatu eta txostenean azaldutako errealitatea ukatu du: "Hori ez da Nafarroaren errealitatea" zioen Catalán UPNren gobernuaren eledunak txostenaren aurkezpenaren biharamunean. Eta nor harrituko da Nafarroako Gobernuari zer pentsaturik ttipiena ere ematen ez badio halako txostenak, ez eta jakiteak ere honez gero txosten hori Europako Kontseiluan izanen dela? Nor harritu daiteke UPN eta CDNren Nafarroako Gobernu honek, oraingoan ere, euskaldun jendeari ematen dion trataera hobetzeko gomendio egiten dion txosten bati entzungor egiten badio, halako hamaika dei eta eskakizuni behin eta berriz muzin egin izan badie?

Nafarroako Gobernuak 2000. urtean euskaldunon kontra bere Gurutzada hasi zuenetik kontagaitzak izan dira hizkuntz politika murriztaile horrek jaso dituen gaitzespen eta salaketak, Nafarroatik nola kanpotik.

Nafarroan urteetako karrikaratzerik jendetsuenak ikusi genituen; sindikatuek, toki entitateek bai eta kultura, irakaskuntza eta hainbat arlotako gizarte eragileek ere adierazpen publikoak eta mobilizazio ugari egin zituzten indarrean jarritako Foru Dekretu murriztailearen kontra eta inoiz ezagutu ez den auzitegiratzerik zabalena hasi zen Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak euskaldun jendearen eskubideak murrizteko hartutako erabakien aurka. Nafarroako Justizia Auzitegiburua eta Nafarroako epaileen buru zen Rafael Ruiz de la Cuestak ere Gobernuaren erdara hutsezkorako itsukeria neurrigabea gaitzetsi zuen publikoki.

2001ean Euskaltzaindiak murrizketen gaitzespen ofiziala egin zuen eta EBLULek bere lehen gaitzespen ebazpena Nafarroako hizkuntz politikaren kontra, "the first substantial regression of policies for regional minority languages in EU Member State" Bojan Brezigar haren presidentearen hitzez definiturik.

2002an, euskaldunon eskubideon murrizketa zekarten legeen kontra hainbat gizarte eragilek tarteratutako helegiteek aldeko epaia izan zuten eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak foru dekretu murriztailea eta haren ondotik onartutako ekintza planak guztiz baliogabetu zituen. Baina Nafarroako Gobernuak bere asmoari jarraitu zion, baliogabetutako dekretuaren eduki bera duen bertze dekretu bat onartu zuen eta xede murriztaile bera duen hizkuntz politika egiteari segitu zion, tartean Nafarroako Arartekoaren gomendioei jaramonik egin gabe.

Zer dela eta harrituko gara orain, berriz ere, ukapena bada Nafarroako Gobernuaren erantzuna, orain bitartean, Nafarroako herritarren eskakizunek, gizarte erakundeen ezadostasun eta mobilizazioek, Euskaltzaindiaren gaitzespenek, Nafarroako Arartekoaren gomendioek eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiek ez badute ukapena bertze erantzunik izan?

Nafarroaren errealitatearen ukapena da Nafarroako Gobernuaren jardunbidea. Ez dute Nafarroa den bezalakoa izatea nahi ez delako haien gogokoa eta hala jokatzen dute, Nafarroaren izate eta errealitate anitza aintzat ez hartuz, isilaraziz eta baztertuz.

Zer gertatu beharko da Nafarroa euskaldun eta euskaltzale horren errealitatea ukaezin izan dakion? Zenbat gaitzespen? Zenbat karrikaratze? Zenbat epai? Zenbat gomendio behar dira? Zer gertatu beharko da euskaldun jendearendako bereizkeria baizik egiten ez duen Gobernu horri bere ukazio sistematikoa eramanezina bihur dakion?


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude