Azken aste hauetan jende artean zabaldu da bi enpresa handi, Babcock Wilcox (BW) eta Sestaoko La Naval, egoera larrian daudela. Biak, bakoitza bere sektorean »ekipoko ondasunetan bata eta ontzigintzaren sektorean bestea» punta-puntakoak izan dira eta batez ere Ezkerraldean eta Bizkaian, baina hortik kanpora ere bai, dauden beste enpresa txiki askotan enplegua sortu izan dute. Jendeak bi horien arazoen berri izan du enpresa handiak direlako, sindikatuen presioa daukatelako eta kalera irteten direnean prentsak horren berri ematen duelako. Beste enpresa txiki eta ertain askok ere arazoak dituzte eta askok plantillak txikitu edo negozioa itxi behar izaten dute, baina ez dute sindikatuen presiorik eta ez dira egunkarietan ateratzen, eta beraz, kaltetuak eta haien familiak kenduta, beste inork ezer jakin gabe azken hatsa eman eta hiltzen dira. Are gehiago, bi urterako langabezian gelditzen dira enpresa horietako langileak, langabeziako sorospen exkax bat besterik ez dutela, eta denbora mugagabean langabezian jarraitzeko arriskuarekin. Enpresa txiki eta ertainek ezin dute inola ere erabili aurre erretiroen sistema.
Etenik ez duen birmoldaketa
Hizketa-gai ditugun Ezkerraldeko bi enpresek azken hogeita bost urteotan hainbat industri birmoldaketa eta plantilla murrizketa pairatu dituzte. Hogeita bost urte horietan BWk 5.000tik gora lanpostu deuseztatu ditu eta Sestaoko La Navalek, berriz, 3.000 baino gehiago. Lanpostuetako asko 52 urtetik aurrerakoak aurre erretiratuz amortizatu dituzte. BW izan zen adin horretatik aurrerakoak aurre erretiratzeko politikarekin hasi zen lehenengo euskal enpresa, 80ko hamarkadan, hain zuzen ere. Horren atzetik hasi ziren Euskalduna, Sestaoko La Naval, Acenor (gaur egungo Sidenor) eta Bizkaiko Labe Garaiak 52 urtetik aurrerako langileak aurre erretiratzeko politikarekin. Guztiak dira sektore publikoko enpresak, ontzigintza, altzairu berezi edo siderurgiaren sektorekoak. Gauzak horrela, une honetan ere, 2004. urtean, aipatutako bi enpresak plantillak murriztekotan dabiltza, hori lortzeko 52 edo 55 urtetik aurrerako langileak aurre erretiratuz.
Gaur egungo egoera
Babcock pribatizazio prozesuan dago 2001. urteaz geroztik, izan ere urte hartan enpresa Babcock Borsing enpresa multinazional alemaniarrera eramateko pausoa eman baitzen. Zenbait hilabete beranduago, enpresa hori krisian jausi eta ordainketa etendurak etorri ziren. Hori dela-eta, orain inork ez daki zer gertatuko den BWrekin. BW menpean daukan SEPI (Industria Parte Hartzeetako Espainiako Elkartea) erakunde publiko espainiarra BW Duro Felguerari saltzen saiatu zen 2003an, baina sindikatuen gaitzespenari esker azkenean ez zion saldu. SEPIk BW saltzeko beste zenbait ahalegin egin zituen, eta azkenean, Austriako ATBren Austrian Energy-ri (AE) 100.000 euroren truke saltzeko tratua egin du azken aste hauetan.
BWk 5.600 pertsonako plantilla zeukan 1978. urtean, eta gaur egun, berriz, 750 langile besterik ez ditu. BW berriz erosi nahi duen enpresak 310 pertsonako murrizketa egin nahi du, eta beraz, BWk dagoeneko galdu ditu 5.160 langile azken hogeita bost urteetan. Bere inguruko enpresa lagungarriei ere iritsi zaie murrizketen eragina. Sindikatuek gogor kritikatu dute SEPIren prozesua eta baita prozesu osoan zehar Eusko Jaurlaritzak ez esku hartu izana ere. Langile kopurua murrizteko modua aurre erretiroak egitea izango da oraingoan ere.
Sestaoko La Navali dagokionez, berriz, enpresa ontzigintzako IZAR taldekoa da eta hori ere SEPIren menpe dago. Gaur egun ia geldirik dagoela esan daiteke, lan karga handirik ez baitauka. Japonia eta Koreako ontziolak lanez gainezka dauden bitartean »Europakoak baino askoz ere koste txikiagoarekin» Sestaoko La Naval ontziola euskalduna bezalakoak lan kargarik gabe daude. Bere etorkizuna zalantzan dago, Espainiako Estatu osoan instalazioak dauzkan IZAR taldeak 5.000 lanpostu desagerrarazteko asmoa baitauka, eta horietatik 400 Sestaoko La Navalen baitaude. Euskal ontziola horrek garai batean 4.000 langile izan zituen, eta gaur egun 1.200 inguru dauzka. Beraz, iragarritako murrizketa horrekin, 800 bat langile geldituko dira bertan. Lanpostu kopurua gutxitzeko bidea oraingoan ere 55 urtetik gorako langileak aurre erretiratzea izango da. Ez dugu ahaztu behar Bilboko erdialdean bertan zegoen 3.000 langile inguruko Euskalduna ontziola historikoa ere itxi egin zutela orain dela zenbait urte, ontzigintzaren sektoreko birmoldaketaren ondorioz.
Bestalde, gogoratu behar dugu Europako ontziolak konponbide bila ari direla Japonia eta Korearen bidegabeko lehiaren arazoari aurre egiteko. Eta Europako ontzigintzaren partzuergoa egin ote daitekeen aztertzen ari dira. Horrek eragina izango luke Euskal Herriko eta Espainiako ontzioletan ere. Sestaoko La Navalek eta Espainiako beste zenbait ontziolek iragarritako lanpostu murrizketa ziur asko Europako ontzigintzaren partzuergoa sortzeko ahaleginarekin lotu beharko da, partzuergoa sortu ahal izateko, lehendabizi oraingo plantillak murriztu behar baitira.
Sindikatuek beti egin ohi duten bezala, oraingo lanpostu guztiei eutsi behar zaiela defenditu badute ere, esperientziak erakusten du sindikatuek ere azkenean onartu egingo dituztela plantilla murrizketak. Edonola ere, iragarri dituzte mobilizazioak eta lanuzteak bi enpresetako zuzendaritzei presioa egiteko. Sindikatuek, alabaina, aldez aurretik badakite mobilizazio horiek ez dutela lanpostuei eusteko balioko, eta gehienez ere kalera botako dituzten langileen baldintza ekonomikoak hobetzea lortuko dutela.
Enpresa txiki eta ertainetako beste langabetuak
Orain arte sektore publikokoak ziren Babcock Wilcox eta Sestaoko La Naval ontziola krisian daude. Lehendabizikoa berriz pribatizatzeko bidean da eta bigarrenaren etorkizuna ez dago garbi. Krisialdi horrek berriz ere agerian jartzen du tratu aldetik nolako desberdintasunak dauden enpresa handien eta txikien artean. Enpresa handiek, sindikatuen eta hedabideen presioari esker, ehunka aurre erretiro lortzen dituzte langileen zati batentzat negoziazio prozesu bakoitzaren bukaeran. Enpresa txikietako langileez, aldiz, ez da inor arduratzen, babesik gabe daude eta milaka langile gelditu dira langabezian azken urteetan, eta gaur egun ere hala gelditzen dira, 65 urte betetzerakoan erretiroa hartu zain.
Ez dirudi bidezkoa denik diru publikoarekin »hau da, langile guztiek ordaindu beharreko zergen diruarekin» langile batzuek 52 urtetik aurrera aurre erretiroa hartzeko aukera izatea eta beste batzuek 45 edo 50 urterekin kalean gelditu eta aukera bakartzat legezko bi urteko langabezia lehendabizi eta langabezia mugagabea ondoren izatea, adin horrekin inork ez baititu lanerako hartzen. Langile horiek 52 urte betetzen dituztenean langabeziako sorospena eska dezakete, baina ez dute Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) % 75 besterik jasoko. Gaur egun hileko 460,5 eurokoa da LGS, eta beraz, langile horiek hilean 345 euro bakarrik jasotzen dituzte. Zer egin dezake langile batek langabeziako sorospen ziztrin horrekin? Eta zer egin dezake familiako kargak dituen langileak langabeziako sorospen berorrekin? Egoera horretan izango dira orain langabezian gelditzen diren enpresa txiki edo ertainetako langileak. Bidegabeko patu diskriminatzailea inondik ere!