Kontsumitzaileen hizkuntz eskubideak arautze bidean

  • Euskal herritarroi euskaraz bizitzeko eskubidea aitortzen zaigun arren, egunerokotasunean geure hizkuntzan aritzeko oztopo ugarirekin egiten dugu topo. Esaterako, ohiko kasua da saltoki batera joan eta bila gabiltzana gaztelaniaz azaldu behar izatea. Hainbat esparrutan euskaldunoi hizkuntz eskubideak aitortzen zaizkigun arren, ez dago zigorrik legea betetzen ez dutenentzako.

2007ko otsailaren 21ean

Eusko legebiltzarrak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari dagokion lege berria onartu zuen 2003ko abenduaren 22an. Aurretiko legea 1981ekoa izaki, eduki batzuk bere horretan jaso eta beste hainbat atxiki zaizkio, besteak beste, kontsumitzailearen hizkuntz eskubideei dagokiena.

Lege berriaren VII. kapituluan zehazten denez, kontsumitzaile eta erabiltzaileok ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz nahiz gaztelaniaz jasotzeko eskubidea dugu. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresa edo establezimenduekin ditugun harremanetan, ofizialak diren bi hizkuntzetako edozein erabiltzeko eskubidea dugu. Lege horretan xedatutakoaren arabera, euskaraz eta gaztelaniaz eman behar dira establezimenduetako errotuluak, oharrak, publizitatea eta oro har, jendeari zuzendutako jakinarazpenak. Kontsumitzaile eta erabiltzaileek betetzeko inprimaki edo eredu ofizialak (aurrekontuak, fakturak...) ere, bi hizkuntzetan eskaini behar dira.

Derrigortasunik ez

Rodrigo Garcia Azurmendi Merkataritza eta Kontsumo sailburuordeak azaldu digunez, aurten hasiko dira legea definitzen. Lehenik eta behin, zirriborro bat egingo dute eta sail horretako sektoreetara zabalduko dute euren alegazioak biltzeko. Era berean, udalekin, Euskaltzaindiarekin eta euskara elkarteekin elkarlanean ariko dira legearen nondik norakoak aztertzeko. Azken zirriborroak kontrol batzuk pasatu ostean, behin betiko dokumentua idatziko dute. Sailburuordeak legea dekretu bidez 2005ean garatzea aurreikusten du. Horrek legea sustatzeko balioko badu ere, ez da isunik ezarriko. Hots, lege hori hizkuntza eskubide baten aitortza da, baina ez du derrigortasunik. Rodrigo Garciaren aburuz, "euskararen erabilera aldarrikapen gisa hartu ohi dugu, eta kasu honetan merkatu balio bihurtzen da. Azken finean, bezeroak erabakitzen du nora joan eta eskaintzen zaion hori gainerakoagandik bereizteko balioko dio kontsumitzaileari. Ikuspuntu horretatik landu da legea".

Legea dekretu bidez garatzean, lehentasunak eta epeak finkatuko dira. Horretarako, merkatariei diru laguntzak eskainiko zaizkie kontsumitzaileak euskaraz arta ditzaten eta establezimenduetako oharrak bi hizkuntzetan jar ditzaten. Lehenik, eskualde euskaldunenetan hasiko dira neurriak hartzen. Era berean, enpresa handiek, interes orokorrekoek eta publikoek izango dute legea betetzen lehentasuna. Sailburuordearen esanetan, "lege hori ezarri delako, gauetik goizera ez dira merkatari guztiak euskaraz hitz egiten hasiko. Pixkanaka-pixkanaka garatu behar da. Guk lehen diseinu bat egiten dugu, baina bidea herritarrek egin behar dute. Legea betetzeko Administrazioak isunak jartzea ez dugu eskatu behar, ez diogu legea ez betetzearen errua egotzi behar, gure esku baitago bidea garatzea. Hori da erronka nagusia".

Normalizazioan aurrerapausoa

PP eta PSE alderdietako kideak ez daude lege horrekin ados. Kontsumo legeen barruan ez liratekeela hizkuntza eskubideak sartu behar irizten diote eta normalizazio legea berraztertzeko eskaera ere egin dute. Rodrigo Garciak, ordea, Kontsumo Lege berrian zehazturikoa "normalizazioan aurrerapauso garrantzitsua" dela deritzo. Sailburuordeak horrela zehaztu digu eginiko eskubide aitortza: "Ez da aldarrikapen huts bat, hutsune bat zegoen".

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak begi onez hartu ditu Kontsumo Lege berriak kontsumitzaileei aitortzen dizkien eskubideak. Juan Inazio Hartsuaga Behatokiko zuzendariaren aburuz, "aurrerapausoa da hizkuntza eskubideen aipamena egitea. Dena den, aurretik dauden legeen garapena baino ez da. Hori kontsumitzaileen legeak esan aurretik Autonomia Estatutuak dio edozein euskaldunek euskara nonahi erabiltzeko eskubidea duela. Lehenago dagoena jaso besterik ez da egin". Behatokiko zuzendariaren aburuz, legeak derrigortasunik ez duenez, hizkuntza eskubideak urratzen jarraituko da.

Behatokia bitartekari lanetan

Behatokian hizkuntza eskubideen inguruko 800.000 kexa jasotzen dituzte urtero, eta horietako asko kontsumitzaileen eskubideei lotuak. Kasu horietan, Behatokia egin ohi da guztiaren kargu. Erabiltzaileak bere kexuaren berri eman eta zenbait kasutan frogak ere aurkeztu ohi ditu. Ondoren, Behatokia merkataritza gune horrekin harremanetan jartzen da eskubideak urratuak izan direla salatzeko eta neurriak har ditzatela eskatzeko. "Bada euskararekiko amorrua ezkutatu ezin duenik, baina oro har harrera ona izaten dugu merkatariekin harremanetan jartzean. Gehiago izaten da zabarkeria kontua, gorroto kontua baino. Erantzuna ere jasotzen dugu neurriak hartu dituztela jakinaraziz eta barkamena eskatuz", adierazi digu Hartsuagak.

Merkatarien artean, berriz, alde bietako harrera izan du legeak. Txurdinagako Merkatarien Elkarteak (Bilbo), esaterako, begi onez ikusten du Merkataritza eta Kontsumo Sailak kontsumitzailearen hizkuntza eskubidea aldarrikatu izana. Elkarte horretako denda guztietan aurrekontuak, informazio panelak eta gainerako oharrak bi hizkuntzetan eskaintzen dituzten arren, bezeroarekiko arreta gaztelaniazkoa dela jakinarazi digute. Hori dela-eta, merkatarien nahia Eusko Jaurlaritzak euskara ikasteko diru laguntzak ematea da. Otxarkoagako Merkatarien Elkarteak, ordea, ez du iritzi bera. Elkarte horren aburuz, Jaurlaritzak ez luke derrigortu behar inor euskara ikastera, eurak bizi diren eskualdean populazioaren gehiengoa erdalduna delako. Beraz, Jaurlaritzak dendetan euskaraz mintzatzeko eta kartelak euskaraz ipintzeko diru laguntzak ematen baditu ere, elkarte horretako merkatariek ez dute laguntza horietaz baliatzeko asmorik.

Katalunia aitzindari
1998an onartu zitzaien Kataluniako kontsumitzaileei katalanez artatuak izateko eskubidea. Merkatariei bost urteko epea eman zitzaien establezimenduetan oharrak bi hizkuntzetan ezartzeko. Epe hori igaro bada ere, establezimendu askotan legea ez dela betetzen azaldu digu Pere Cardús Coordinadora d' Associacions per la Llengua-ko (CAL) bozeramaileak. Elkarte hori legearen jarraipena egiteaz arduratzen da, hain zuzen. Era berean, legea betetzen ez duten establezimenduei salaketak ezartzeko kanpaina bideratzen du. Hala nola, herritarrei euren hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko gonbita luzatu, establezimenduetako kartelak katalanez ipintzeko eskaintzen diren diru laguntzen informazioa eskaini eta aholkuak ematen ditu CALek. Elkarteko bozeramailearen ustez, "asmo onen aitortza besterik ez da lege hori". Izan ere, salaketak ipini arren merkatariek ez baitute isunik jasotzen. "Diputatuen %70 baino gehiago legea onartzeko ados agertu bazen ere, Parlamentua bera da euren legea betetzeaz arduratzen ez den lehena", irizten dio Cardúsek. Arazoari konponbidea emateko asmoz elkartea Hizkuntz Politika Sailarekin bildu bada ere, isunik ez dela jarriko adierazi diote. Hala ere, sail horretako arduradunekin berriro biltzeko asmoa du CALek, hori baita hain zuzen elkartearen erronka nagusia, legea betetzen ez dutenak zigortzea.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude