Ibon Sarasola: «Euskara komunikatiboan asmatzea da gaurko arazoa»

  • Bi hiritan jaio den gizaki bakarra izango da, seguru asko, Ibon Sarasola. Diktadurapeko Donostia grisean eman zuen lehen pausoa, Ramon Saizarbitoriaren eskutik helduta, euskal kulturgintzarantz. Lehen hitzak ZERUKO ARGIAn eta LUR argitaletxean esan zituen. Kamioiak eta eraikuntzak ziren bere jostailuak Ingeniaritza karreran. Zeru urdineko Bartzelonan jaio zen gero, Filosofia eta Letren sehaskan. Bartzelonan izan da Euskal Filologia irakasle 12 urtez. Bartzelonan izan da aita, eta semeek euskara manten dezaten itzuli da.
Donostian Ingeniaritza ikasi eta Bartzelonan egin zenuen Filosofia eta Letrak karrera. Zergatik Bartzelonan?
Ingeniaritzako ikasketa bidaian Bartzelonara joan ginen, 1964an. Pentsa zer garai ziren: Phillips enpresan koloretako lehen telebistaren prototipoa ikusi genuen! Autobusean Diagonaletik sartu ginen. Ilunabarra zen. Lehen kolpeko maitasuna izan zen: «Hau da nire hiria!».
Karrera bukatuta oso argi nuen Bartzelonara joango nintzela. Ordurako literatura asko interesatzen zitzaidan (Ramon Saizarbitoriak jada sartua ninduen mundu horretan), eta, izaeraz, zerbaitetan hasten banaiz, ezin izaten dut zaletasun bezala soilik hartu; karrera egin behar izaten dut goitik behera. Beraz, Filosofia eta Letrak ikastera joan nintzen Bartzelonara. Haiek izan ziren nire bizitzako 5 urterik onenak. Orduan jaio nintzen.
Harreman pertsonalen koloreak harritu ninduen. Ikasleekiko harremanean, adibidez. Hemen matematika klaseak ematen nizkien COU errepikatzen zutenei. Bartzelonara joan eta eskola laiko katalanista batean aritu nintzen. Ez zuen zerikusirik. Hemen irakaslea tarima baten gainean egoten zen, diziplina zen dena... eta han irakaslea ikasleen mailan zegoen, mahaitxoa ere ikasleen berdina nuen. Kolegioa nahiko berezia zen, Goitisolotarren, Carlos Barralen seme-alabak joaten ziren.
Inoiz baino nabarmenago konturatu nintzen hizkuntzak duen garrantziaz. Irakasle gazteena nintzenez, harreman handia nuen ikasleekin. Konturatu nintzen euren artean gauza pertsonalez hitz egiteko katalanera pasatzen zirela, gauza asko ezin zituzten gazteleraz kontatu. Katalana ikasi beste erremediorik ez nuen jendearengana benetan ailegatzeko.

Gerora Bartzelonako Unibertsitatean Euskal Filologia irakatsi duzu 12 urtez. Zer jende klase arrimatzen da euskara ikastera?
Nik ez dut metro koadroko independentista dentsitate handiagorik inon ikusi! Baina hango independentistak askoz ere bareagoak, lasaiagoak dira. "Ezberdin pentsatuagatik, azkenean ez da ezer gertatzen", jarrera hori, ikasleen artean ikusi nuen. Eta urtero banituen ehun eta piko ikasle berri, beraz ez naiz lau katuren jarrerez ari. Denetik zegoen. Batek, esaterako, konfiantza osoz kontatu zidan euskara ikastera etorri zela, Joxe Mari Bakero euskalduna zelako!
Gerora ere, ikusi bakoitza non dabilen eta oso jende interesgarria da. Ikasle batek, Daniel Lujánek, Axularren Gero itzuli zuen katalanera.

Bizitzan markatu zaituen pertsonatako bat Koldo Mitxelena izan zen. Nola ezagutu zenuen?
Ez naiz akordatzen oso ondo. Nik uste bere hiztegia zela-eta hasi genuela harremana. Mitxelenaren hiztegia momentu hartan (1969a izango zen), kaos bat zen: zapata kaxa piloa zituen fitxaz beteta, eta hori ez zekien nola demontre jarri liburutan. Nik argitaratu berria nuen Euskal Literaturaren Historia, eta hor ikusi omen zuen organizazio gaitasun bat banuela. Hortik sortu zen harremana, eta bizitza guztia hartzen dizun harreman bat bihurtu zen.
Bere Salamancako etxean urtebete pasa nuen tesia egiten ari nintzela, eta elkarbizitzak asko lotzen ditu harremanak. Bere bizitzako hainbat esperientziaz orduan jabetu nintzen, ez kontatu zizkidalako, baizik ikusten nituelako bere eguneroko tik batzuetan, gauza batzuk egiteko moduetan. Gerrak, eta batez ere gerra ondoan kartzelak zer eragin izan zuen beregan ikusi, eta ikaragarria da. Halako egoera batean noraino sufritu daitekeen berak erakusten dizu, ezer esan gabe.

Mitxelenarengan zer miresten zenuen?
Zer azkarra, zer argia zen. Ikuskizun hutsa zen gizona. Informazioa diskriminatzeko zuen gaitasuna, zer zen ona, zer zen txarra bereizteko usaimena, ez sinestekoa zen. Espainia guztian bera konturatu zen lehendabizi Chomskyren balioaz. Eta hori Salamancako jendeak esaten du, ez da nik esana. Jakina, "honek linguistikaren mundua aldatuko du" esateko, batetik gainerako beste guztia irakurria izan behar duzu, eta bestetik azkarra izan behar duzu, antzemateko ez dela teoria hutsal bat.
Pertsona bezala, arazoak asko bizi zituen eta asko sufritu zuen; euskara batuaren prozesu guztian zehar ere asko sufritu zuen. Oso lotsatia zen, eta horrek ere puntu berezi bat ematen zion. Erakargarria, alde guztietatik.

Euskaltzaina, estereotipo gisa, hitz bakoitza poroetaraino sentitzen duen jendetzat dugu. Kanpotik beti imajinatzen dugu, zer izango ote den Euskaltzaindiako bilera bat...
Joango bazina Euskaltzaindiako bilera batera, modu bakarra dago esateko zer pasako litzaizukeen: «Flipatuko zenuke». Euskaltzain berri bat sartzen denean bere lehen bilerara, entzun dituenak entzun, eta hala ere «flipatu» besterik ez du egiten. Ezin da imajinatu zer den, zer surrealistak diren bilerak. Bost pertsona baino gehiagoko bilerak, dira deabruaren asmakuntzak: denbora galtze, baina erabatekoak! Bada egoera horretan koka zaitez. Eta gainera ikusi zer jendilaje juntatu garen, eta atera kontuak! Ez naiz hasiko Euskaltzaindiaren kontra hizketan, baina haluzinatzekoak dira, hori bai.

Orotariko Hiztegiaren zuzendaria zara Mitxelena hilez geroztik. 20 urte daramatzazue lanean. Zer hiztegi mota da Orotarikoa?
Hitzen historia esplikatzen duen hiztegia da, baina nahiko maila zehatzean: adieren mailan. Gure tradizioko literatura osoa bildu genuen, eta edozein hitzetan badakigu adiera bakoitzean zein idazlek erabili duten, nola erabili duten, zer euskalkitatik datorren eta noren eraginez pasa zen beste euskalkietara. Esapideekin berdin.
Euskarazko testuetan agertzen diren hitz guztiekin egin dugu hori, nahiz eta erdarakadarik nabariena izan. Hartara jakin genezake zein hitz ez den sekula erabili euskarazko testuetan. Agertzen ez dena ere informazioa da. Astakeria bat adibidetzat jarriz: "mesa" hitza hiztegian ez bada agertzen, esan nahi du inork inoiz ez duela erabili euskarazko testu batean.
Hurrengo urteetarako lana da, lehen tomoak goitik behera errebisatzea. 20 urteotan hartu dugun eskarmentua izugarria da. Orain kontua da urteotan hartu dugun maila eta jokatzeko modua lehen tomoetan ere txertatzea.

Ereduzko Prosa Gaur aplikazio informatikoa atera zenuen iaz. Zer da «ereduzko prosa»?
Orotarikoaren segida bat bezala ikusten nuen. Orotarikoan gure tradizioko autoreek nola idazten zuten nahiko ondo jasota dago. Hurrengo pausoa zen: eta gaur ondo idazten dutenek, nola idazten dute? Baina xehetasunetan sartuta: zer esapide erabiltzen dituzte, aditz jakin bakoitza nola josten dute... Horrek bide ematen du tradizioarekin konparatzeko, ikusteko idazleek tradiziotik zer iraunarazi eta zer aldatu duten.
Ondo idazten duen jendea hartu nahi nuen, ez edonor (denetik baitago gurean ere, hizkuntza guztietan bezala). Ereduzkoak zein diren? Niretzat, zentzurik zabalenean, zerbait ekartzen dutenak, benetan hizkuntzaren kezka dutenak. Batek ez du oso joskera txukuna izango, baina hitz edo esapide berriak sortzeko badu halako, gutxienez, interes bat. Barrura orduan. Besteak ibilbide errekonozitu bat du euskal literaturan; barrura hori ere. Beste batek literatura oso ona egiten du; hori zerbaitegatik izango da, beraz barrura. Oraingoz 87 liburu sartu ditugu osorik, eta beste 60 sartzeko asmoa dugu azken nobela, saiakera eta itzulpenak irakurrita.

Zer ondorio atera dituzu, tradizioa eta gaurko idazleak ezagututa?
Hizkuntza guztiak aldatzen doaz, eta gaur egun euskarak, bizi duen munduagatik, baditu espresio behar batzuek, tradizioan nekez aurkituko dituenak, edo inondik ere aurkituko ez dituenak. Beraz, gaurko idazleek soluzio berriak aurkitu behar dituzte.
Oro har nik uste dezente ondo jaso dela tradizioa, tradizio horrek balio digun neurrian (hainbat gauzak gure mundua esplikatzeko ez baitute balio). Nahitaez asmatu behar izan diren formulatan, batzuetan nahiko ondo asmatu da eta besteetan ez hain ondo, baina ez hain gaizki ere. Ni optimista xamarra naiz, batez ere ondoen idazten dutenen zirkulu horren barruan. Itzulpen literarioan badira asmatu edo egokitu diren formula oso onak, gero erabat baliagarriak izan direnak literatura idazleentzat.
Arazoa da gero dibortzioa gerta daitekeela, gutxiengo horren eta euskaraz kalean egunero hitz egiten duen jendearen artean. Baina hor ere neurri batean optimista naiz. Okerrenak, beti bezala, ikasi nahi ez dutenak dira. Baina badago hizkuntzarekiko kezka duen gutxiengo bat, eta azkenean axolagabeek ere irakurtzen dute gutxiengo horren lana, eta zehar bidez eragina jasotzen dute.

Bereiz ezazu zer den euskara ona, zer euskara zuzena eta zer euskara egokia.
Bereizketa hori azkenean gauza baterako da: jendeari erakusteko hizkuntzan gauza bat baino gehiago dela kontuan hartu beharrekoa.
Euskara ona da betiko euskara. Adibidez: "Gizonak egin dute", oso euskara ona da, Gipuzkoan eta Bizkaian mendeetan eta mendeetan hala erabili baitute. Hori euskara txarra bada, akabo!
Euskara zuzena da Euskaltzaindiaren arau eta gomendioak betetzen dituena. Beharrezkoa da denek bateratsu idazteko. Baina kontuz: jendeak pentsatzen du Euskaltzaindiaren gomendioak beteta jada euskara ona egiten duela, eta ez da hala. Gainera hori zuzentzaileek bultzatzen dute, Euskaltzaindiaren gomendioak zuzentzea askoz errazagoa baita, euskara ona zuzentzea baino, oso sen ona behar duzulako. Euskara txarra eta zuzena ere gerta daiteke, esaterako, aditzean "keteketekete" denak esanagatik, gero gauza negargarri bat eransten badiozu, sena duen euskaldunari belarrian min egiten diona.
Euskara egokia, berriz, nik horrela esplikatzen dut: esaldi bat ulertzeko bi aldiz irakurri behar baduzu, kontu txarra. Hori ezin da euskara egokia izan, komunikazio aldetik ez duelako funtzionatzen. Kike Amonarrizek bere artikulu batean egokitasuna beste modu batean definitzen du: irakurlea eroso sentiarazten duen euskara da euskara komunikatiboa, irakurlea harrapatzen duena. Gero eta argiago dut: mailarik inportanteena hori da. Jendea ez baitago prest esaldi bera bi aldiz irakurtzeko. Gaur euskararen arazoa ez da Euskaltzaindiako arauak betetzen diren ala ez; hori hirugarren arazoa izango da. Gaur euskararen arazoa da, euskara komunikatiboa egiten asmatzea.

Unibertsitateko Euskara Zerbitzuan ere egiten duzu lan. Unibertsitateko irakasleek ez al dute hizkuntza jasoa hizkuntza konplexuarekin nahasteko joera?
Kezkatzekoa bada unibertsitate mailako zenbaiten testu jarioa, batez ere euren artean ulertzera iritsi direlako, testuan zernahi jartzen duela ere. Erdaraz oso gaizki idazten dute eta euskaraz ere bai noski, baina euren artean konpontzen dira eta hor konpon. Askotan gaiak zailak dira eta ahal dutena egiten dute. Ez da salatzeko kontua, baina gauzak hala daude. Eta hor ere betikoa gertatzen da: arazoak dituela konturatzen denarekin, primeran egiten duzu lan eta asko ikasten du. Bere testua baino hoberik ez dagoela pentsatzen duenarekin, jai duzu. Eta halako askotxo ez ote dagoen tamalez, hori dut errezeloa.

Ereduzko Prosa Gaur aplikazio informatikoan, "zeniezazkigukete" aditza behin soilik agertzen da 87 liburutatik...
Eskerrak!

Ahoan kabitzen ez diren aditz horien paradigmak, ikastolatan ikasarazi egiten dituzte. Zer iritzi duzu?
Nik bai ikastoletan, bai euskaltegietan eta orokorrean, Euskal Filologiatik kanpoko leku denetan, debekatuko nituzke zorrotz, potentzial eta aditz paradigma horiek guztiak. Euskarak aspaldi asmatu ditu horiek modu errazean esateko moduak, eta jendeak jada erabiltzen ditu.
Nire semeekin ikusi dut garbi. Bartzelonatik hona ailegatu, ikastolatik pasa eta eguerdian bertan aldatu zuten hizkera. Harrezkero ez diet "dezaket" eta halakorik entzun. "Egin ahal duzu?", "Eman ahal didazu?" eta halako formak erabiltzen dituzte. Atxagak azken nobelan sistema hori erabiltzen du. Seguru propio egin duela, eta nik uste hori dela bidea. Sistema horrek badu beste sistema bat jasoagoa-edo, Iparraldean eta Nafarroan 1666tik gutxienez erabiltzen dena, eta oraindik bizi-bizirik dagoena: "Ematen ahal dizut", "ematen ahalko dizut" eta horiek denak. Are gehiago, nire semeek "harek ekar dezala" beharrean, "harek ekartzia" esaten dute. Eta nahikoa da, ondo ulertzen da.
Berritasun horien aurrean ezin duzu esan, "oso gaizki dago" eta debekatu. Frogak egin ditzagun, ea bide horrek zer ematen duen. Euskaraz hala-moduan hitz egiteko "diezazkigukete" denak ikasi behar baditugu, gureak egin du. Batez ere horiek denak erabiltzen dituenak aldameneko lerroan egundoko aldrebeskeriak jartzen baditu. Indarrak ahulak eta urriak ditugu, beraz gasta ditzagun merezi duten gauzatan. Forma horiek euskararen kontrarako besterik ez dira momentu honetan.

Andu Lertxundi duzu ereduzko prosako idazleen artean. Anduk askotan aipatzen du Berriako artikuluetan, hitz bat jarri eta "hau Xuxenek onartzen ez badit ere...". Zer jarrera izan behar dugu Xuxenen aurrean?
Lehendabizi zure hizkuntzaren sena dago. Sena dago gomendioen gainetik, Hiztegi Batuaren gainetik eta Xuxenen gainetik. Gauza bat da diziplina, eta beste bat da itsu-itsuan esanak jarraitzea. Xuxenen funtzioa zein den jakin behar da: zuzentasuna zaintzeko tresna da. Beraz normala da, esaterako, argoteko hitzak Xuxenek «ez onartzea». Xuxen ez baita horretarako. Hizkuntza komunikatiborako ez du balio, alor horretan jai dugu. Lertxundik oso ondo egiten du hori kritikatzen, baina Xuxenek ere oso ondo egiten du bere funtzioa.

Herri hedabideetan, zer toki behar du euskalkiak, egokitasunari begira?
Nik euskalkia erabiliko nuke, baina hor arkeologian erortzeko arriskua ikusten dut. Niretzat euskalkiaren parte dira herrian gaur bizirik dauden espresioak, eta ez "nire amonak behin esan zuen..." edo txokokeriak, eta ezta euskalki filologiko edo arkeologikoa ere. Horri gerra egin behar zaio.
Txokokeriak dira euskara batuaren etsairik handiena. Eta euskara batuaren bigarren etsaia da, Zornotzako herri-hedabidean Zuberoako moldeak erabiltzea. Eta hori ere salatu behar da erabat. Zornotza batean, jende guztiak «ahaztuko» esaten badu, zer du hobea «ahanzturen» batek? Zure herritarrentzat ari bazara, herritarren formulak erabili behar dituzu, benetan funtzionatzen duten esapideak behar dituzu euskara komunikatiboa egiteko.
Ezer asmatu beharrik ez dago, Iparraldeko herri hedabideetan aspalditik asmatua dago hori. Eta ez gainera araudi baten bidez, senak esanda baizik, nola zuzendu behar duten euren herritarrengana.

Idazten hastean sen hori askotan uzten dugu bazterrean, eta modan jarri diren hitz eta esapideetara jotzen dugu...
Nik ezagutzen dut jendea, "azken batean" esaten duena berez, eta idatzi "azken finean" egiten duena. Euskara batua dela-eta, formula arrotzagoetara jotzen dutela alegia. Berez, «azken finean» hori Axularrek erabili zuen. Bere sorreran «finean» horrek erdararen musika zuen, eta momentu batean erdararen musika zuten esapide guztiak «hain ziren goxoak», hortik sortu zela. Zure inguruan «azken batean» esaten bada, har ezazu etxean duzuna, hori baita egokiena, errealagoa delako zure inguruan!
Egia da gaur inorentzat ez dela arrotza «azken finean» hori, baina halako mila adibide daude. Jende piloa dago hizketan, edo e-postak bidaltzean askoz hobeto moldatzen dena, luma hartuta "inspirazioz" idazten hasten denean baino. Eta hor zerbait gaizki dago.

Sormena
«Akordatzen naiz 15 urte bete nituen egunean bertan, goiz guztia pasa nuela pianoan zerbait konposatu nahian; behar nuen sortu, benetako beharra zen. Pianorako Suite Minima idatzi nuen, 1965a zen. Musika sari bat jaso zuen pieza hark. Hura izan zen bizitzan irabazi dudan lehen saria. Orduan sentitu nintzen lehen aldiz, fisikoki, pozez gainezka.
Aitarengana joan nintzen zuzenean. Aita pianista eta organista amateurra zen. Santa Mariako basilikan igandero jotzen zuen organoa, meza nagusian. Aitona, berriz, Errezilgo organista profesionala izan zen.

Curriculuma
Jaio: Donostian, 1946an.
Hizkuntzalaria eta euskaltzaina.
Ikasketak: Ingeniaritza egin zuen Donostian, eta Filosofia eta Letrak Bartzelonan.

Bartzelonako Unibertsitatean Euskal Filologia irakaslea izan da 1987tik 1999ra
Euskal Filologian Katedraduna da 1998az geroztik.
Euskaltzain oso izendatu zuten 1988an. Euskaltzaindiako Hiztegigintza batzordeko burua eta Euskara Batuko batzordeko kide da.
EHUko Euskara Institutuan egiten du lan.

Aargitaratutako lanak:
- Literatura, poesia eta literaturari buruzko saiakerak egin izan ditu. Horien artean daude: Poemagintza (1969), Euskal Literaturaren Historia (1971), Joan eta Ane zigarro bat erretzen (1977), Sobre la bipartición inicial en el análisis de constituyentes (1977), Contribución al estudio de textos antiguos vascos (1990) eta Euskara batuaren ajeak (1997).
- Itzulpenak ere egin ditu: Voltaireren Kandido eta Gideren Teseu, besteak beste.
- Bereziki hizkuntzalaritza eta, hain zuzen, hiztegigintza alorra landu du; Erdara-euskara Oinarrizko Hiztegia (Vox), eta Hiztegi Handia (Vox) gero. Orotariko Euskal Hiztegiaren zuzendaria da.
- Ereduzko Prosa Gaur aplikazio informatikoa atera zuen 2003an.

Bartzelonan bizi izanak asko aldatu du Sarasola.
"Gauzak lasaiago hartzen ikasi dut, eta benetan zerk duen axola eta zerk ez hainbeste ikusten. Alde pertsonala gehiago baloratzen dut orain. Harreman pertsonalen kolorea interesatzen zait. Hemen jendeak ‘kaixo’ esateko bizkarrekoa ematen dizu; han goxoagoak dira. Edo janzteko moduak, hainbat gauza, bareagoak, lasaiagoak dira. ‘Azkenean ez da ezer gertatzen, lasai’, jarrera hori gustatzen zait eurengandik. Alegia, gauza batzuk beste batzuk baino garrantzitsuagoak dira. Arrazoi ideologikoak oso garrantzitsuak dira, baina arrazoi pertsonalak garrantzitsuagoak dira; konpondu gaitezke nahiz eta zuk horrela pentsatu eta nik hala (hemen askotan gertatzen ez dena)».

Bertsoa

Doinua: Xagutxo batzuekin

Arau eta aholku,
hau eta bestea,
zenbaiten zeregina
da erakustea.
Baina batzutan hobe
garbi ikustea
helburua ez dela
mailari eustea,
baizik ulertu eta
ulertaraztea.


Azkenak
2024-12-19 | Leire Ibar
Ia urtebete daramate soldatarik gabe Bilboko ikastetxe bateko langileek, funts putre batek eraikina erosi ondoren

Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langileek soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.


2024-12-19 | Gedar
Europan, pentsiodunen %13k jarraitu behar dute lanean

Erretiroa hartu berri dutenen %4,9k uztartu behar dituzte pentsioa eta lanen bat Espainiako Estatuan. Estonian %55 dira.


2024-12-19 | Axier Lopez
Palestinaren askatasunaren aldeko 10 orduko elkarretaratzea egingo dute Lekeition

Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.


Ernairen kontrako 290.500 euroko isunak indargabetu ala nabarmen apaltzea onartu dute epaileek

Isunak baliogabetzeko helegitea jarri zuten Ernaiko gazteek eta arrazoi eman die epaileak. Naiz-ek eman du epaiaren berri eta ostegun honetan 10:30ean eginen du prentsaurrekoa Ernaik, zehaztapen guztiak plazaratzeko.


2024-12-19 | Julene Flamarique
TikToken karbono-aztarna Greziako urteko emisioa baino handiagoa da, ikerketa baten arabera

Sare sozialik opakoena da TikTok: ez du bere isurketei buruzko daturik argitaratzen. Gainontzeko sare sozialek baino gehiago kutsatzen du. 2030erako "karbono neutral" bilakatzeko konpromisoa hartu duela esana du.


Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Eguneraketa berriak daude