Peyo Labeguerie: «Euskal eta frantsesen arteko jokaleku politikoa xede dugu»


2021eko uztailaren 19an

Peyo Labegueriek 1976an -20 urterekin- utzi zuen Euskal Herria Parisera ikastera joateko. Lana zela tarteko Parisen, Normandian eta Alsazian bizi izan zen. 1993an itzuli zen Euskal Herrira: «Ipar Euskal Herria izugarri aldatua atzeman nuen kanpoan izandako hamazazpi urteen ondoren. Gizartea aldatua, hainbat gertakari bizi gabe, itzultzean gauza bat deigarria egin zitzaidan: mugimendu abertzalearen eta alderdi frantsesen arteko urruntzea», erran digu Peyok.
Txikitatik sentitu zituen politikarako gogoa eta grina, aitarengandik jasoa. Euskal Herriarekiko bere atxikimendu politikoa ez dela aldatu, betikoa dela erran digu. Zentristatzat jotzen du bere burua, euskal nortasun irmo batez. Horiek horrela, bere buruari zerbait falta zitzaiola ohartuta, politikan engaiatu zen duela hamar urte.

Aitarengandik hartu zenuen politikarako grina. Azal iezaguzu hori, otoi.
Ume eta gazte nintzela aitaren bidea segitu nahi nuen, bere engaiamendu politikoak ukitua nonbait. Frankismoaren azken urteak arras barnetik bizi izan nituen. Konparazione, aitarekin errefuxiatu baten seme-alabak Pausuko (Behobia) muga pasatzen lagundu izana oroitzen dut. Arriskua eta kuraia bizi izanaren kontzientziaz jabetu izan nintzen gerora. Orduan ez nintzen ohartu nire aitak izan zuen garrantziaz. Aitarekiko harremanetatik bere izaera eta jarrera tinkoak eta tematiak atxikitzen ditut.

Nola gogoratzen duzu zure aita politikaren gorabeheretan?
1980ko uztailean hil zen. Hiru hilabete lehenago, senataria zela, honela esan zidan aitak: «Egunen batean, Frantziako eta Euskal Herriaren artean hautatu beharko banu, Errepublikako senatari izatearen eta euskaldun konbikzioen artean, Euskal Herria hautatuko nuke». Orduan ez nintzen jabetu esan nahi zidanaz. Nire ustez Mixel Labeguerie onestua izan zen bere buruarekin, baita berarekin aritu zirenekin. Euskal Herriaz zuen filosofiari eta kontzepzioari ekin zion. Ibilbide politiko ezberdin batean entseatu zen bere estrategiari ekiteko. Euskal Herria laguntzeko modu hoberena frantses politikan sartzea zela pentsatu zuen. Nahiz eta bere ibilbide politikoaren azkenaldian -arrazoiak arrazoi- frantses politikara lerratu zen, bere konbikzioei atxikia hil zen. Giza baloreen eremuan ados zegoen politikariekin -ministroak izandakoak- politika egitea eta Euskal Herriaren alde lan egitea posible ikusi zuen. Azkenik, egia erran, frantses eremu eta balore bereko kideek ez ziotela lagundu konturatu zen. Edozein gisaz, 1980an, Elgar-Ensemble mugimendu baten gisako bat antolatzeko itxaropena atxikitzen zuen.

Elgar-Ensemble mugimendua haren segida al da?
Ez, garaia ez baita bera. Izan ere, Euskal Herriko egoera sozio-politikoa egonkorra izan arren, nolabaiteko bilakabide bat izan du azken 25 urteetan: euskal kontzientzia, identitatea eta euskararen onarpena lortu da gizarte mailan. Ikastolak onartuak dira, ez dira -beren ospea lohitzeko hastapenean esaten zen bezala- «terroristen bizitoki». Alta bada, euskal kultura eta frantses kulturaren arteko banantzea begi-bistakoa da. Ipar Euskal Herriari atxikia den frantses kulturaz eta euskal kulturaren arteko bereizkuntzaz ari naiz. Duela 40 urte bazegoen arazo hau, baina txikiagoa zen.

Zergatik Elgar-Ensemble mugimendua?
Bi arrazoiengatik nagusiki, lehena soziala eta politikoa bigarrena. Sozialari dagokionean, hemen euskal eta frantses kultura elkarrekin bizi dira aspaldidanik. Azken urteetan badira Ipar Euskal Herrira etorri diren frantsesak, hemen bizi nahi dutenak -etorri eta euskal identitatea errefusatzen dutenak, bestalde-. Hauetako askok bere seme-alabak bi hizkuntzatan hezi nahi dituzte. Beraz, euskal identitatea onartzen dute. Ondoan, jatorrizko euskaldunak gaude, ez dugu guztiz gaizki bizitzen inbasio gisako hau, alabaina, euskal berezitasuna aintzat ez hartzea gaizki bizi dugu. Funtsean, gure kultura eta hizkuntzaren onarpen politikoa eskas dugu. Hartara, zenbaitetan, frantses eta euskal populazioen artean oldartze gisako zenbait ageri dira.
Bigarrena, politikoa: Ipar Euskal Herriko jokaleku politikoan alderdi frantses tradizionalak alde batean daude. Hauek, nagusiki, ez dute euskal berezitasuna kontuan hartu nahi. Hor dago koska. Beste aldean, berriz, buruz buru, alderdi politiko abertzaleak daude. AB nagusia izaki, populazioaren %10ren sostengua duelarik. Alabaina, ABren edota abertzaleen mezuak ez du frantses munduan eraginik, edota beste aldean dauden herritar horiek ez dute abertzaleen mezua atzeman nahi. Euskal nazionalismoaren ideiak beldurra sorrarazten die, naski.
Anartean, guk geuk, alderdi frantsesen -inmobilismoan finkatuak, ez dute ezer ukitu ez mugitu nahi- eta alderdi abertzaleen artean zubi lana egin dezakeen mugimendu politiko batentzako jokalekua dagoela uste dugu. Bi populazio edota mundu horien arteko moldatze ezinari aitzi egin diezaiokeen mugimendu baten beharra dago.
Elgar-Ensemble abertzale mugimendu bat ez bagara ere, euskaldunak gara. Etorkizuna Europan kokatzen dugu. Nik euskal nazionalitateko herritar frantsestzat jotzen dut nire burua. Iparraldea abertzale eta frantses jokamolde bi horien artean garatu da azken 30 urte hauetan. Hots, abertzale edo frantsesa zara. Guk, aldiz, hirugarren jokamolde bat landu nahi dugu. Jokamolde honen bidez euskal identitate kultural eta lurraldearekiko errespetua garatu daitekeelakoan gaude. Izan ere, Euskal Herria baztertu ezineko errealitate bat da, bizi-bizia. Ez dugu onartzen -iragan bi mendeetan egin bezala- euskal espezifikotasuna ukatzea.

Mugimendua «ez ezkerrekoa, ez eskuinekoa, ez abertzalea, baina euskaltzaletzat» definitu duzue. Euskaltzaletasunak soilak definitu dezake mugimendu politiko bat? Ideologia finkorik gabe politika egin daiteke?
Hegoaldean behar bada ez. Bere bilakabide historikoaren ondorioz abertzaletasunak -euskalduna eta espainiarra- arras finkatuta daude. Iparraldean ez da berdin. Horregatik sortu zen Batera mugimendua. Batera norbanakoen bidez, herritarren hainbat eskubide eta eskakizunak plazaratu ditu. Elgar-Ensemble mugimenduan ezkerrekoak, eskuinekoak eta zentroko pertsonak gaude, baina denok helburu komun bat dugu: Euskal Herriaren garapen ekonomikoa eta espezifikotasuna lantzea. Horretarako ez da abertzalea edo frantsesa izan behar, hori da gure berrikuntza. Ipar Euskal Herria Frantzian dago eta Frantzia Euskal Herrian. Horratx errealitatea!
Izan ere, aitzina egin behar badugu ezin dugu esan euskal kultura dago eta kito. Frantsesei hori esaten bazaie ez dugu zer eginik, eta haiek hemen bizitzeko eskubidea dute. Gure ahalegina hauxe azaltzean datza: «Zuek hona etorri zarete herria hau maite duzuelako. Aintzakotzat hartzen duzue, beraz, errespetatu ezazue. Eraiki dezagun gizartea elkarrekin, egin dezagun bide elkarrekin». Gure ikurraren bitartez agertu dugunez, euskal eta frantses kulturen eta identitateen arteko jokaleku politiko komun baten beharra aldarrikatzen dugu.

Zergatik aurkezten zarete kantonamendu mailako bozetan?
Jean-Jacques Lasserre, departamenduko presidentea, «Euskal Herria 2010» egitasmoaren kudeatzaile nagusietako bat izan da, Garapen eta Hautetsi kontseiluen sustatzailea. Egitura hauek Frantziako Estatuak emanak izan dira Euskal Herriaren berezitasuna onartzeko. Orain, ordea, Lasserrek, proposamen horien kontraesanetan, lurralde euskal-biarnes bat proposatzen du. Horra arrazoi bat. Bere programari aitzi egiteko aurkezten gara nagusiki. Bozketa hauetan gure aurkariak gure programarekin bat ez datozenak dira. Badaude sekula abertzale bozkatu ez dutenak, ezkerrari edo eskuinari boza ematen diotenak, hauek ez diote bertako alderdi bati boza ematen ez dutelako beste alternatibarik. Guk alternatiba hori izan nahi dugu. Boz batzuk abertzaleetatik hartzea espero dugu, baina, batez ere, frantses alderdi tradizionaletatik bilduko ditugu. Zer nahi gisaz, guretzat kantonamendurako bozak garrantzitsuak badira ere, ez dira ordezkaritza lortzeko soilik, gure proiektua azaldu eta eraikitzeko baizik.

Zein dira zuen bitartekoak? Kontseilari bat lortzeko aukera ote duzue?
Gure bitartekoak urriak dira. Elgar-Ensemble egituratzen ari gara, ez dugu finantzatzeko baliabiderik. Mugimendua kideok finantzatua da. Mugimendu politiko bat alderdi materiala baino zerbait gehiago da, alta. Gure mugimenduaren oinarria bere gizon eta emazteen baloreak dira. Horiek dira gure proiektuaren baliabide nagusiak. Pertsonak hauek -auzapezak eta kontseilariak- beren lanarengatik errekonozituak dira beren herrietan. Kontseilari bat lortzea erdiespen handia litzateke, baina bat lortzea ere arrunt zaila ikusten dut. Alta, ez dugu amore emanen lortzen ez dugulako. Hauteskundeen emaitzek ez dute gure mugimenduaren geroa baldintzatuko inola ere. Ereiteko garaia da.

Zuen programaren helburuak eta Batera-ren eskakizunak antzekoak dira. Mugimendu posibilista gisa aurkezten zarete, agian?
Bai. Batera-ren eskakizunak eta gureak, ñabardurak ñabardura, antzekoak dira. Gure mugimenduak Batera-ren helburuak bere egiten ditu. Baina, esate baterako, Peyo Labegueriek -ez Baterako kide bezala Elgar-Ensemble kide bezala baizik- Ipar Euskal Herrian beste aukera politiko batentzako lekua dagoela uste du. Helburu eta eskakizun horiek erdiesteko lan molde berriak entseatu nahi ditugu. Batera-rekin alderatuz, nolabaiteko malgutasuna erakutsi nahi dugu lan moldeetan.

«Ezin dugu Ipar Euskal Herria aintzat hartu Hegoaldeari so egin gabe»
"Abertzaleak ez dira gure aurkariak, ez gaude ados besterik ez" erran duzue. Zerk ezberdintzen zaituzte abertzaleengandik?
Hasteko, gu zer garen zehaztuz joan behar dugu, emeki-emeki. Anartean, guk badakigu nortzuk diren aurkariak: inmobilismoaren ordezkariak. Nahiz eta alderdi abertzaleen helburuekin eta bitartekoekin ez gatozen bat, gauza asko partekatzen dugu haiekin. Halaber, ez dugu euskal nazionalismoarekin guztiz bat egiten. Adibidez, ez dugu Euskal Herria Europaren barnean berdin ikusten. Helburuez gainera gure programaren eta baloreen defentsa aplikatzerakoan ezberdintzen gara.

Hegoaldeari begira nola ikusten duzu zuen mugimendua?
Bistan denez, guk ezin dugu Ipar Euskal Herria aintzat hartu Hegoaldeari so egin gabe. ABk hori egiten du, baita ontsa egin ere. Bertako alderdi abertzale bakarra da. Guk ere landu nahi dugu Hegoaldearekiko bidea, ez diogu bizkarra eman nahi. Baina, Euskal Herriaren eraikuntza Europaren testuinguruan egingo bada, Euroeskualdeen bidez izango da, bestela nekez. Zentzu honetan, gure ustez, Akitania edo Aragoi eta Errioxa bera aintzat hartu behar ditugu Europako beste eskualde edo erregioekin konkurrentzian sartzeko. Gauza bat da euskaldun gisa gure idealak, eta beste gauza bat da ekonomia.
Aldi berean, esate baterako, beste lurralde horietako biztanleei -hala nola frantsesei- eskua emateagatik ez diogu gure abertzaletasunari uko egiten. Abertzaletasunak norabide horretan eboluzionatu behar du, oraindik ez du bide hori nahiko urratu. Biharko Euskal Herria gure barnea irekiz egingo dugu, ez gure baitara bilduz.


Azkenak
PAIren biktima guztiak

PAIk sortutako biktimak ez dira bakarrik PAIren Legeak eragindako egonkortze prozesuari esker funtzionarizatutako irakasleak, baizik askoz gehiago. Batzuei nolabaiteko ikusgarritasun mediatikoa eman zaie Steilasek jarritako errekurtsoaren ondorioz; gehienak, alabaina, ikusezinak... [+]


Erriberarako kalitatezko trenbide zerbitzu publikoaren alde

Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]


Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean!

Gerra Urte, Gezur Urte!

Horrela dio esaldiak eta horrela berresten du errealitateak.

Munduan eta Europan dagoen gerra-egoera, horren gorakada etengabea eta horrek Euskal Herrian izan dituen eta izango dituen balizko ondorioak aurreikusita, joan den abenduan hainbat... [+]


Laga hondartza leheneratzea

Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.

Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko... [+]


135 preso politiko daude eta 66 ateratzen dira kalera baimenen batekin

Larunbat honetan egingo da Bilbon euskal preso politikoen aldeko urteroko manifestazioa. Gero eta preso gutxiago dago, baina 2011n ETAk bere jarduera armatua eten zuenean inork gutxik irudikatuko zuen handik hamabost urtera oraindik gatazka haren ondorioz espetxeratutako... [+]


Lortu da. Lortu duzue! Lortu dugu. Zorionak eta eskerrik asko

Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, 34 urte, hain zuzen, oso pozik gaude orain egun batzuk, abenduaren 28an Inuzente egunean, Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatu zuen batzarrean hartu zen erabakiagatik. Zeren ondo bidean,... [+]


Estatu aparatuetatik Juan Mari Jauregi eta bera hil nahi izan zituztela esan du Maixabel Lasak

Donostiako La Cumbre Jauregian bizi ziren orduan Juan Mari Jauregi senarra eta bera, lehena Gipuzkoako Gobernadore Zibila zen garaian, 1990eko hamarkadaren erdialdean. Jauregi 2000. urtean hil zuen ETAk Tolosan.


Noizko berrikusi ANren prozesuak eta epaiak

Jar gaitezen 2025erako proposamen politiko gisa, Espainiako Auzitegi Kolonialaren (AN) epai guztiak berrikusten hasteko eta makila bakoitzak bere belari eusteko.

Unionismoarekin lerrokatutako alderdi, sindikatu eta gizarte-erakunde gehienek, eta ez bakarrik horrela... [+]


Espainiako monarkiak Nafarroako Vianako Printzearen sarietan parte hartzeari ezetz esan dio Parlamentuak

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak bat egin dute  Borboiak Nafarroako kultura sari nagusitik at gera daitezen. Espainiako erregeak 2015etik, Uxue Barkos lehendakari zenetik, ez daude ekitaldi handi honetara gonbidaturik.


2025-01-10 | Gedar
Ate birakariak: Gasteizko klinika pribatu bateko zuzendari izango da Gotzone Sagardui

Vithas San José klinikak fitxatu du Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia, kargu publikoa utzi eta urte eta erdira.


Hodeiak murrizten ari dira, klima-aldaketaren kalterako

Hodeiak murrizten ari dira eta horrek eragin nabarmena du klima-aldaketan, NASAko ikertzaile-talde batek ondorioztatu duenez. Terra satelitearen datuak aztertuta, ikusi dute azken 20 urteetan, pixkanaka, baina etengabe, murriztu dela hodeien estaldura. Amerikako Batasun... [+]


Arartekoaren ustez, Martuteneko Agustindarren eraikineko operazioa barruan zeudenak identifikatzeko egin zuten

Iazko martxoaren 14an, polizia operazio handi bat izan zen Martuteneko Agustindarren eraikin okupatuan, Udaltzaingoaren, Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren eskutik: 56 lagun atera zituzten eraikinetik eta 29 Espainiako Poliziaren komisariara eraman zituzten,... [+]


2025-01-10 | Sustatu
Applek albiste-laburpenak asmatzen ditu inolako axolarik gabe

Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]


Erizain indigenek herri zapalduentzat ekitatezko osasun zerbitzua aldarrikatu dute

Garbiñe Elizegi baztandarra erizaina da. Abenduan, Zeelanda Berrian egin duten Osasun Ekitaterako Erizaintza Indigenari buruzko Ikerketa izenburuko bilkuran hartu du parte. Bere tesia aurkeztu du: Euskal emakumeek eta genero ez-normatiboek Euskal Herrian osasungintzan... [+]


Eguneraketa berriak daude