Carmen, literatur unibertsalaren euskal mitoa


2007ko otsailaren 21ean
1845ean argitaratu zen lehenengoz Prosper Mériméek (Paris, 1803) idatzitako Carmen nobela. Hamabost urte lehenago Espainiara egindako bidaia batean Montijoko kondesak kontatu omen zion idazle frantsesari nobelaren oinarrian dagoen gertaera, alegia, bere amorantea hil zuen gaizkile jeloskorraren istorioa.

Sevillan gaude, 1830ean. Carmen ijito ederra jatorriz Etxalarkoa da eta tabako fabrikan egiten du lan. Don José Lizarrabengoa, berriz, Elizondokoa da eta lanbidez sarjentua. Istilu baten ondorioz, Carmenek labankada eman dio lankide bati eta Don Josék berau atxilotzeko agindua jasotzen du. Ijitoaren begi beltzek liluratuta, ihes egiten uzten dio sarjentuak. Ondorioz aste batzuetako kartzela zigorra jasoko du Josék.
 
Jelosiak itsututa
Carmen emakume apetatsua da eta irabaziak dakarzkioten gizonak gustuko baditu ere, bere gorputza eta maitasuna eskaintzen dizkio sarjentuari, eginiko mesedea eskertu nahian. Jelosiak itsututa, Josék bere lehenengo erailketa egiten du. Ihes egitera behartuta, mendian ezkutatzen da Carmenen lagunak diren bidelapurrekin batera. Une horretatik aurrera, lapurreta bilakatuko da bere bizimodu berriaren ardatz. Izan ere, bai baitaki horrela Carmen bere ondoan izango duela. Carmenek ordea, senarra du. Berriro ere jelosiak eta ijito ederrak eraginda, senarra labankadaz erailtzen du Josék. Ez du denbora asko behar Carmenek maitale berria aurkitzeko, oraingoan toreatzailea. Aurreko kasuetan bezala, Josék eskuak odolez bustiko ditu jelosiak itsututa. Jada ez dute erreguek eta mehatxuek balio, Carmen ez baitago Joséz maiteminduta. Bere bihotzeko ijito ederraren maitasuna atxiki asmoz, Josék bere amorantea erailtzen du.
 
Euskarazko aipuak
Prosper Mérimée idazle frantziarraren obrarik garrantzitsuena da Carmen. Jatorrizko bertsioan, hitz joko eta esaldi euskaldun ugari aurkitzen dira. Hain zuzen, euskarazko aipuak dituen literatur unibertsalaren lan nagusienetakoa da. Esaterako, "Laguna, ene bihotzarena" esaten dio Carmenek Don Joséri, ihes egiten uzteko eskatu aurretik. Don Josék, berriz, ziegan dagoela heriotzaren zain, euskara benetan hizkuntz ederra dela dio eta atzerrian entzunez gero, hunkitu egiten dela. Hain zuzen konfesore euskalduna eskatzen du hil aurretik.

Georges Bizetek 1875ean idatzi zuen operari esker, mundu osoan zehar emakume espainolaren adibide adierazgarrienetako bihurtu zen Carmen. Orduz geroztik, istorio horretan oinarrituriko opera, antzezlan eta film ugari egin dira. Paz Vega (Carmen) eta Leonardo Sbaraglia (José) aktoreak protagonista izaki, pelikula egin zuen iaz Vicente Arandak. Film horrek 2004ko Goya sarietarako zazpi izendatze lortu ditu. Urteak pasa ahala, beraz, obrak arrakastatsu izaten jarraitzen du.

 

Asun Garikano: "Carmen euskalduna den ala ez irakurleak erabaki beharko du"
Asun Garikano Iruretagoienak (Tolosa, 1962) euskaratu zuen Carmen nobela 1992an. Euskal Filologian lizentziatua eta itzulpen kontuetan autodidakta da bera. Egun, itzulpen ikastaroak ematen ditu Gasteizeko Iralen. Duela hamabi urte itzuli zuen Mériméeren nobela, baina ederki oroitzen da Carmen eta Joséren arteko amodio istorioaz.


Liburuaren hasierako orrietan aipatzen den bezala, benetan gertatutako istorioa dela al deritzozu?

Bai, noski, Mériméek behin baino gehiagotan kontatutakoa egia baldin bada. Astebetean idatzi omen zuen liburua. Egia esan, zortzi eguneko lana izan zela kosta egiten da sinestea, nobela egituraren eta hizkuntzaren aldetik zein ona den ikusita. Agian bere "nobelatxoari" gehiegi eska ez ziezaioten asmatu zuen kontu hori. "Une petite drôlerie" besterik ez zela idatzi zion lagun bati liburua argitaratu zenean. Eta begira zer bizi luzea izan duen bere "denbora-pasa txiki" horrek!


Literatur unibertsalean Mériméek euskaldunoi "txoko bat" eskaini digula esan al dezakegu?

Gehienok Carmenen pertsonaia Bizeten operaren bitartez, edo pelikularen baten bitartez ezagutu dugu, eta kontua da, opera horietan eta bertsio zinematografiko guztietan desagertu egin direla abiapuntuan, hau da, Mériméeren nobelan zeuden euskal erreferentzia guztiak. Mériméeren nobelan Don José Lizarrabengoak euskalduna dela dio, eta arabar lagun batekin pilotan liskarren bat izan zuelako alde egin zuela Euskal Herritik. Nobelan zehar pertsonaia hori Euskal Herriarekin lotzen duten beste hainbat xehetasun aurkitzen ditugu. Esan daiteke Don Joséren pertsonaia, bidelapur hori, euskaldun jator eta nobelaren prototipoaren gainean eraikia dagoela. Nobelaren protagonista nagusia den Carmenek ere euskalduna dela dio, Etxalarkoa, eta Don José eta biek euskaraz egiten dute hainbatetan.


Ez da ohikoa nazioarteko idazle baten nobelan protagonista nagusiak euskaldunak izatea...

Mérimée, lanbidez, Monumento Historikoen Ikuskari Nagusia izan zen luzaroan, eta hori zela-eta, askotan egon zen Espainian. Etnografia, hizkuntzak eta abar asko interesatzen zitzaizkion. Eta, dudarik gabe, euskarazko hitzak edo ijitoen hizkuntzakoak aipatzea ondo zetorkion, liburuari halako kolore bat emateko.
Hala ere, horregatik baino gehiago, nire ustez bi izaera guztiz desberdinen arteko lehia erakutsi nahi duelako aukeratzen du Mériméek Don José euskalduna izatea, eta Carmen, berriz buhamesa, ijitoa, araurik gabeko emakumea. Zeren eta Carmen euskalduna den ala ez irakurleak erabaki beharko du. Berak hala dio, eta euskara "lardaskatzeko" gai da, Don Josék jakinarazten digunez. Baina irakurleak badaki Carmen gezurretan dabilela beti.


Nobela honetan oinarritutako operek, filmek eta antzerki obrek jatorrizko bertsioa "kaltetu" dutela esan ohi da, "espainolada" kutsua eman ohi diotela alegia...

Operek eta filmek -itzulpenak nik ez nituzke errudunen sailean sartuko- elementu andaluza azpimarratu dute, toreroen kopurua gehitu dute, Andaluziako folklorearen beste ezaugarriak gehitu dizkiote obrari. Baina Mériméeren liburuan aipatzen den lehen pieza musikala zortziko bat da.
Nire ustez, Mériméeren obra oso nobela labur indartsua da, tragedia baten kontaketa soila, "espainolada" eta horrelako hitz gaitzesgarriekin inola ere lotuko ez nukeena. Gainera, Carmenen pertsonaia oso mito zabaldu baten abiapuntuan dago: berak irudikatzen du emakume fatalaren mitoa.

 


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude