TELEBISTA
Iban Garate
Ikuslearekin komunikatzeko duen gaitasunari eta hizkera aberats eta propioari esker Telebistako Argia Saria irabazi du 21 urteko Iban Garate azkoitiar aktore eta aurkezleak. Umeentzat egindako ETB1eko Betizu saioaren aurkezlea izan da azken urteetan, baina bere lehen urratsak bere jaioterrian, ikastolan zegoen antzerki taldean egin zituen antzezle gisa.
Aktore lanetan aritzeko lehenengo aukera lagunekin batera aurkeztu zen casting-etako batean izan zuen. 1997ko irailean hasi zen Goenkale telesailean eta hiru urte egin zituen. Bitarte horretan Enpresa Administrazio Zuzendaritza ikasten hasi zen. Ondoren, Betizu saioan eta geroago bideo-klipak aurkezten ibili zen eta 2002ko irailean itzuli zen egunero zuzenean egiten hasi ziren Betizu saiora. Orain, astean hiru egunetan egiten du lan kamera aurrean. Karreraz ere aldatu du, Ikus-entzunezko Komunikazioa ari da ikasten Iruñean. «Oraingoz behintzat, ikasketek lehentasuna dute niretzat».
Umeentzat egindako saioak aipagai ditu Garatek. ETBn haurrentzako programazioan apustu garbia egiten dutela dio: «Betizu 18:00etatik 20:30etara bitartean emititzen da. Beste kate guztietan haurren saioak goizean izaten dira. Gainera, umeei ez zaie ume deitzea gustatzen eta beste saioetan txatxipiruli eta txatxiguai bezalako hitzak erabiliz komunikatzen dira beraiekin». Ikuslearekin komunikatzeko duen gaitasunari dagokionean, berriz, aktore izateak lagundu diola onartzeaz gain, lanerako erabiltzen den hizkuntza ondo menperatzea ezinbestekoa dela pentsatzen du.
INTERNET
Susa
Sareko Argia Saria Susak jaso du. Ia lau urte daramatza Susaren www.susa-literatura.com orriak sarean eta bitarte horretan, euskal literatura irakurlearen eskuetara bideratzeko ahaleginak begi-bistakoak dira. Une honetan, besteak beste, Bilintxen bertsoak irakurri eta Gabriel Arestiren poemak entzun daitezke.
Mikel Elorzak, web orriaren bultzatzaileetako batek aitortzen duenaren arabera, literatura sustatzea izan da beraien lehenengo helburua; web-ak liburutegi lanak egiten ditu Interneten. Ez da erakusleiho soil bat, literatur testuak jendearen eskuetan jartzen saiatzen dira. Denboraren poderioz, gainera, edukia aberasten saiatu dira. Hainbat osagaien artean, liburuak irakur daitezke, hainbat egileren kritikak jaso eta literatur-mailuak saila eta armiarma web orrialdea ere abian jarri dituzte.
Hainbat autoreren poemak entzuteko aukera da erabiltzailea erakartzen duen orriaren ezaugarrietako bat. Audioaren aukera aipatzerakoan, "aberasgarri izan zitekeela pentsatu genuen, irakurlearen gozamenerako da. Poemen egileek ere ekimen honetan asko lagundu digute, grabazioak egiteko beraien ahotsa erabili ahal izatea oso garrantzitsua zen guretzat eta orain arte behintzat ez dugu arazorik izan", dio Elorzak.
Literatura orokorrean, eta euskalduna zehazki sustatzeko tresna baliagarria dela aitortzen du, baina "Internetek ez du besteek baino abantaila gehiago eskaintzen. Plataforma garrantzitsua da, baina ez da euskara salbatzeko giltzarria; beste bide bat besterik ez da".
PRENTSA IDATZIA
Berriako nazioarteko saila
Nazioarteko gaiak (Mundua izeneko atalean) jorratzeko azaldu duen ahalegin eta gaitasunagatik, Berriako nazioarteko sailak Prentsa Idatziaren Argia Saria jaso du. Bost lankidez osaturiko lan taldeak azken hilabeteetan hainbat herritan izandako albisteak hurbiletik landu ditu. Besteak beste, Txetxenian, New Yorken, Kolonbian... izan dira.
Informazioa jasotzeko agentziak beharrezkoak direla aitortu arren, ahal duten neurrian beste harreman eta iturri batzuk jorratzen saiatzen direla dio Ainara Mendiolak, Berriako nazioarteko saileko arduradunak, agentziekiko ahalik eta «menpekotasun» gutxiena eduki nahian.
Bi lan ildo jorratzen ditu taldeak. Batetik, egunerokotasunarekin loturiko gaiak daude, eta informazio iturri nagusia agentziak izaten dira. Bestetik, ingurukoak ez diren albisteak ere landu behar izaten dituzte eta horien berri emateko aurreikuspenak egiten dituzte. Hala ere, ezustekoak ere izaten dituztela dio noizean behin eta horiei erantzuten saiatzen direla. «Lankide bakoitza modu batean edo bestean gai zehatz baten inguruan espezializatzen saiatzen gara". Nazioarteko gaien jarraipen egokia egitea garrantzitsua dela dio Mendiolak, "gertaera askok gugan eragina baitute eta interesgarriak baitira".
IRRATIA
Aritz Agirre
Irratiko Argia Saria Madrilen Euskadi Irratiaren korrespontsal lanetan ari den Aritz Agirre iruñarrak jaso du. Eguneroko lanari aurre egiteko dituen zailtasunak gaindituz egindakoa goraipatzea da sariaren asmoa.
Ia zazpi urte daramatza iruñarrak irrati esatari lanetan. Lehenengo biak bekadun gisa egin zituen Euskadi Irratiak Gasteizen duen egoitzan, eta ondoren Bilboko eta Donostiako erredakzioetan. Kirola, kultura eta politika gaiak izan ditu eskuartean ibilbide horretan. Urtebete eta lau hilabete daramatza Madrilen eta bere betebeharra bertan gertatzen diren gorabeherei buruz jakitera ematea da. «Askotan zailtasunak ditudala ukaezina da azpiegitura aldetik, batik bat. Baina, oztopo guztien artean irtenbidea bilatzen saiatzen naiz, eta hori ere polita da".
Lanpostua eskaini ziotenean bizipen berriak izateko aukera egokia zela otu zitzaion eta oso gustura onartu zuen. Orain, denbora pixka bat daramanean Madrilen, urte batzuetarako esperientzia gisa oso egokia dela aitortzen du. Gainera, justizia inguruko gaiak izaten ditu egunero eskuartean, eta, «egia esan behar bada, asko ikasten da". Euskal Herrian bizi denarekiko dagoen kontrastea azpimarratzen du Agirrek. "Giroa arrotza da erabat, egun batean zuretzat lanbidean erreferente izan direnen atxiloketen berri eman behar duzu eta hurrengo egunean PPren konbentzio batena! Baina, estatuan titularrak diren albisteak ematen ari zara, eta horrek ere poz handia ematen du".
Azkenik, korrespontsal lanetan aritzeak duen alderik txarrena ere aipatzekoa dela dio Agirrek, "askotan zaila izaten da lanaren eta aisiaren artean bereiztea".
MEREZIMENDUZKOA
Berria egunkaria
Ekainaren 20an lehen aldiz argitaratu zen Berria egunkaria izan da aurtengo Merezimenduzko Argia Saria jaso duena. Otsailaren 20an Juan del Olmo epailearen aginduz Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik lan handia egin dute bertako langileek. Martxelo Otamendik, Euskaldunon Egunkariaren zuzendari ohiak eta Berriaren zuzendariak trebetasun eta azkartasunez itxieraren hurrengo egunean Egunero argitaratu zela aipatzen du. Hala ere, egunkari sendoago baten beharra sumatzen zenez, gaur egun irakurleek goizero irakurri dezaketen Berriaren sorrera "ezinbestekoa" zela ere gaineratu du.
Berriak 13.000 harpidedun ditu gaur egun eta 21.000 ale saltzen ditu egunero. "Euskaldunon Egunkariak baino 7.000 harpidedun gehiago ditu Berriak eta 6.000 ale gehiago saltzen ditu. Jendearen diru-laguntzei eta gugan jarritako konfiantzari esker aurrera goaz; irakurleak babes hori eskaintzen digun bitartean guk kazetal produktu on bat eskaintzeko aukera daukagu". Pozik dago Otamendi 2003 urtean egindakoagatik eta 2004rako aurreikusitako lanengatik.
Une honetan bi lan ildo ditu Berria egunkariak. Batetik, egunkari nazionala hobetzea; urtarrilaren 25ean argitaratzen hasitako ekonomiako gehigarria adibide. Bestetik, herri informazioa ari dira jorratzen. Gaur egun, Tolosaldeako Hitza, Oarsoaldeko Hitza eta Lea-Artibai Mutrikuko Hitza egunero daude eskualde bakoitzeko irakurlearen etxean. Datorren otsailaren 20an Urola-Kostako Hitza argitaratzen hasiko dira.