Patxi Zubizarreta: "Kanpoan ez dago interesik hemengo arazoa ulertzeko"

  • Patxi Zubizarreta (1964, Ordizia) Gasteizen bizi da. Haur eta gazte literaturaren kritikaren errekonozimendua jaso du. Helduentzako ere ederki idazten du alta. Horren lekuko Barrikadak (Alberdania) eleberria. Barrikadak zirrara pizten duen liburua da, zinez. Zinez, zinemarako idatzitako nobela da. Duela hogei urte girotutako erretratua paratu du Patxi Zubizarretak. Idazleak gogo bizia eta begi zoliak paratu ditu tren baten barruan, Vigo-Hendaia espresak egindako ibilbidean. Euskal Herrian bizi dugun gatazka gaitzat hartu du idazleak. Lan gaitza beraz. Literatur zale hori, espresa hartzeko billetea erostera gonbidatzen zaitugu. Patxi Zubizarretaren eleberrigile sena aurkituko duzu bere ibilbidean.

2021eko uztailaren 28an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Elkarrizketaren ibilbide honen hasieran, imajina dezagun liburua koadro gisara. Hots, literatura paisaia moduan. Nola ikusten duzu euskal literaturaren paisaia?
Irakurle moduan oso paisaia erakargarria zait. Beharbada ez nau guztiz asebetetzen, baina, bere txikian euskal literaturaren paisaia galeria ederra da.
Idazle gisa berriz, paisaia horretan nola ikusten duzu zure burua?
Beste paisaietako koloreetatik zerbait hartu nahian ari den idazlea bezala, koadro polit bat osatu nahian ari den idazle bat.
Nola definituko zenuke polit hori?
Oso gauza bitxia da, haur eta gazte literaturan ideiak azkar garatzen ditut, baina helduentzako lan bat burutu ostean basamortua etortzen zait. Michael Winterbottonen Wonderland pelikula ikusi ondoren hauxe esan nion nire buruari: «Hau da nik literaturan egin nahi dudana». Baina ez dakit hori nola gauzatu. Liburu politak irakurtzen ditut, baina gero nik ez nuke politasun hori nahi nire liburuetan.

Zer da justu film hori?
Londreseko auzune periferikoetan egindako film bat da. Zuzendariak bizkar gainean eramandako kamera erabiltzen du, eta nik horrelako zerbait egin nahi nuke ere literatura egitean. Filmak egunerokotasuna jasotzen du, familia arrunt baten egunerokotasuna. Hori da gehienbat erakartzen nauena, idealismoetatik eta kurtsileriatik urrun.

«Nire idazle bizitzaren sakonean helduentzat idazteko gogoa dago», esana duzu inoiz. Helduentzako idaztea sakonago idaztea al da?

Ez, ez eta ez. Ipuin txikienean helduentzako idazten duzunean bezain sakon idatz dezakezu. Demagun, nik Barrikadak nobelaren ildotik ipuin txiki bat idatz dezaket: Pikolo izenburua jartzen diot. Herri txiki bat, eta bertako herritarren eta guardia zibilen semeen arteko harremanak landu ditzaket. Istorio hori haurrentzat modu batera egingo nuke. Helduentzat idaztean, berriz, askeago sentituko nintzateke nolabait. Izan ere, bietan irakurlea nor den kontuan hartu behar dut, eta bietan, nolabait, sinpletasunaren bidetik iritsi ninteke sakontasunera. Haatik, helduen literaturan pertsonaien pentsamendua eta harremanak ñabardura gehiagorekin osatu behar ditut, edo aukera hori eskaintzen dit behintzat. Alegia, zuk aipatu koadro horretan zertzelada gehiago, ñabardura gehiago sar dezaket.

Haur eta gazte literatura bereizi ohi dituzu. Nolakoa da genero hauekiko zure harremana?
Haur literaturan eroso sentitzen naiz eta erraz idazten dut. Baina eroso izate horretan, eroso edo erosoegi baldin banabil, malo. Haur literatura gazte literatura baino tentagarriagoa da, nahikoa da printza edo izpi bat izatea ipuin xume bat egiteko, hori marrazki zoragarriekin apaintzeko eta liburu apalategian egon dadin. Gazte literatura heldu literaturarekin pareka daiteke nolabait, bere lanaren planteamenduan esan nahi dut: egitura, protagonisten pentsamendu eta bilakaera kontuetan. Gazte literaturan -haur eta gazte literatura parekatzen baditugu ere, ez dira parekoak- aspaldian ez dut ezer egin. Ez bada Mila gau eta bat gehiago antologiaren itzulpena, gazteentzat ere kontsideratua izan dena. Gazteentzat idazteak erakartzen nau, baina gaur egun zailtasun handiak ditut, zaila egiten zait gaurko gazteen mentalitatean eta bizimoduan sartzea.

Literaturaren paisaia orokorra utzi eta sar gaitezen Barrikadak liburuan. Zein testuinguruan edota nola sortu zenuen? Zergatik?
Koadroaren ideiarekin jarraituz, Barrikadak liburuarekin euskal gatazkari buruzko koadro bat margotu nahi nuen, galderak eragingo zituena: non daude barrikadak, egileak, ideiak…?
Nire jaioterrian, Ordizian, gurasoen etxe parean trenbidea dut, honen ondoan errepide nagusia, -nazionala?- eta bestaldean Guardia Zibilen kuartela. Paisaia edo ingurumari hori guztia ikusmira erakargarri gisa bizi izan dut txikitatik, koadro batean jasotzeko modukoa da. Garai batean oso paisaia ezaguna egiten zitzaigun. Gaurko gazteei ez hainbeste. Barrikadak, alde horretatik begiratuta, egungo gazteek memoria historikoa landu dezaten liburua edo koadroa izan daiteke, gure iraganari begiratzeko leiho moduko bat. Garai hura gogoan nuen eta erretratatzeko gogoa ere bai.

Duela 20 urteko gatazkaren parametroetan idatzitako liburu gisa hartu behar al da?
Hala idatzia da. Baina funtsean galdera hau egin beharrean gaude: Barrikada fisiko horiek ez ote dira psikikoak bihurtu». Izan ere, baikorrenak ez luke gatazka gaindituta dugunik esango. Galdera hor dago, istorioa duela 20 urtean kokatua da, baina, funtsean errealitatea ez da gehiegi aldatu.

Narrazioa bost ataletan eraikia da, atal bakoitzaren hasieran idazle baten aipu bat paratu duzu: Paul Auster, Marcial Lafuente Estefania, Ignacio Aldecoa, Julio Llamazares eta Itxaro Bordarenak. Narrazioaren kontalariak bost izaki, zer moduz eraikitze lan horretan?
Nobelaren egitura berez atera zitzaidan. Egia esan horrek mugatu egin ninduen liburua garatzean. Baina niri, irakurle bezala, Tereixak -galiziar frantsestua eta lehen protagonista- barrikaden aurrean zer pentsatzen duen ezagutzea interesatzen zait. Nik ez dut pentsamolde horren berri ematen, protagonista bakoitzak bere esparrua dauka liburuan eta bakoitzari falta zaizkion esparruak irakurleen esku geratzen dira, irakurleak irudikatu beharko ditu. Liburua irekia da zentzu honetan.
Tereixaren ondoren Miguel lapurra dator. Gero Guardia Zibila, hurrena euskal militantea, eta adinez zaharra den pertsona azkenik. Nobela edo koadroa soziologia ezberdineko piezek osatua da, mosaiko bat da.
Ez nuen soziologia moduko bat osatzea helburu. Tereixa aipatuko dut, adibide gisa. Nik sarritan egin dut Ordizia eta Gasteiz arteko bidea. Behin Kanariar Uharteetatik zetorren neska batekin elkartu nintzen. Ordiziara iritsitakoan barrikada bat zegon trenbidean, Guardia Zibila jaitsita zegoen kuarteletik, tiro eta su festa zegoen nolabait, eta neska hura beldurrak akabatua zegoen trenean. Trenari sua emango ote zioten pentsatu zuen. Nik las3aitu nahi izan nuen eta gero taxi bat hartzera lagundu nion.
Liburuan, gatazkak -Tereixa pertsonaiaren bitartez- euskal gatazkatik kanpo daudenei nola eragiten dien agertzea ere izan da nire asmoa.

Psikologiaren aldetik ere, elkarrizketetan erreparaturik, ondo landuak dira pertsonaiak. Zer moduz beraiekin?
Pertsonaia nagusiak bost dira, baina beste bi ere funtsezkoak dira: trena eta txartel zulatzailea; pika-pika bezala ezaguna. Pika delakoa da beharbada inportanteena, ahotsik ez izan arren. Eta irakurleak pika bost pertsonaien ikuspuntuaren arabera irudikatu behar du.

Zein da osatzen lan gehien eman dizun pertsonaia? Guardia zibilak, apika? Euskaraz azaltzeagatik-edo, esan nahi dut.
Ez. Eta nahiz istorioa duela 20 urtekoa izan, hori ez da kezka niretzat. Izan liteke, eta ulertzen dut batzuentzat izatea. Niretzat topikoetatik harago joatea da kezka eta lana. Guardia zibila osatzea bezain zaila izan zait barrikadak jartzen dituen gaztearen larruan sartzea. Izan ere, militante hori hurbilegia daukat. Datu gehiegi nituen, erreportaje bat egiteko adina datu nuen: zein musika entzuten zuen edo zein pegatina zeraman ezagutzen nituen. Hurbilegi izanda, kazetaritza kronika bat idazteko arriskua saihestu behar nuen.

Azken pertsona, amona, berriz, bitxia.
Bai. Militantearen herrikidea izanda ere, bera da plazerik handiena eman didana. Bere hizkera eta bere ikuspuntuarekin bat egiten dut. Pertsonaia hau zen nobela bukatzeko behar nuena, pertsona klabea. Tren geltokiak agureekin edota aitona-amonekin lotzen ditut.

Zerotik hasi beharra

Liburua zinematografikoa dela adierazi diogu, elkarrizketen aldetik oso landua eta prest pantailara bide egiteko: «Ohore bat da hori entzutea. Literatura eta zinema oso uztartuak daude nire kasuan. Elkarrizketan film bat aipatu dizut, bada, baliteke nire hurrengo liburuaren abiapuntua izatea. Film baterako aproposa izan liteke, baina orain berriro ere zerotik hasi beharrean nago».

Arantza bat
«Idazleok azken urteetan komunikatuak edo atxikimenduak sinatzera mugatu gara. Baina idazleon egitekoa idazlan onak idaztea da. Zentzu honetan, bizitzea eta ezagutzea tokatu zaizkigun gertakari larrien gainetik agirien hoztasuna gainditzen saiatu naiz. Nire barrena askatzeko beharra nuen eta hori literaturatik egin dut».

Ilustratzeko nahia betea
Liburua ilustratzeko errebindikazioa gauzatu du idazleak: «Antton Olariagak oso ondo islatu du istorioa. Trena eta trenbidea, tunelak barne, paregabeki marraztu ditu, tunelen beltza eta elurraren zuria…" Leonardo da Vinci margolariaren hitz batzuk bere egin ditu Zubizarretak: "Idaztea margotzea dela zioen edota margotzea idaztea. Nik ere bai. Batzuentzat ilustrazioa gauza arrotza da literaturan. Ez gaude ohituta, antza. Egia da, argitaletxeari ekoizpena garestitu egiten zaio, baina horrelako apustuak egin behar dira. Horrek ez du esan nahi liburu guztiak ilustratu behar direnik. Liburua ilustratzea planteatu nion argitaletxeari, baina ez esplizituki, haur literaturan bezala, istorioa doi-doi girotzeko baizik".

Gatazkaz interesik ez
Liburu hau gaztelaniaz ondo litekeela esan diogu Zubizarretari: «Baietz uste dut. Baina errealistak izanda, ez dago gaia ezagutzeko interes handiegirik. Morboa izan daiteke, baina ez dago interesik hemen bizi dugun arazoa ezagutzeko, ez sakon aztertzeko behintzat».


Azkenak
2024-11-26 | Leire Ibar
Kutsadura akustikoa egotzita isuna jarri diote Barakaldoko Oxinorte enpresari

Barakaldoko Udalak 11.800 euroko isuna ordaintzea eta gauez hiru hilabetez ixtea exijitu dio Bizkaiko enpresari. Abuztuaren amaieratik txistu etengabe, desatsegin eta jasangaitza igortzen du inguru zabalean entzuten dena.


Laguntza humanitarioa, etenda: 130.000 haur, elikagai eta botikarik gabe

Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.


2024-11-26 | Leire Ibar
Nafarroako Musika Kontserbatorioko bi irakasle salatu dituzte indarkeria matxistagatik

Hainbat ikaslek egin dute salaketa.  Irakasleetako bat sexu proposamenengatik eta sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik salatu dute. Bestea, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik.


2024-11-26 | Iñigo Satrustegi
Lorategiak eta lorezainak zaintzeaz

RR
Nork: Maialen Lujanbiok
Noiz: azaroaren 21ean.
Non: Katakraken (Iruñea) plazan.

----------------------------------------------

Hementxe gaude, Katrakakeko aulki guztiak beteta, hementxe. Erorien monumentua eta Landaben hizpide, hasi da koplaka emanaldia edo... [+]


2024-11-26 | EHU Palestina
EHUn Israelen genozidioa eta apartheidarekin harreman oro aztertu eta eteteko batzordearen alde

Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]


DBHko ikasleak literaturzaletzea helburu duen irakurketa-lehiaketa aurkeztu dute

Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]


2024-11-26 | Mikel Aramendi
India, Trump 2.0 aldirako kontuak ateratzen

Ari da mundu guztia kontuak ateratzen Trump 2.0 aldian norberari gerta dakiokeenaren eta munduan gerta daitekeenaren inguruan. Subjektuaren mudakortasuna ezagututa, ziur samartzat eman daitekeen aurreikuspen bakanetakoa da Estatu Batuen Txinarekiko harremanak, ekonomikoak... [+]


2024-11-26 | ARGIA
Indarkeria matxistaren aurkako egunean, gizonei mezua: “Konponbidea ez bazarete, arazoa zarete”

Milaka lagun bildu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean deitutako manifestazio eta elkarretaratzeek. Gizon, hedabide eta erakundeei zuzendu zaie Mugimendu Feminista.


Guraso bileran hizkuntzak nola kudeatu ez badakizu, gida honek lagunduko dizu

Zenbat komunikazio egoeratan ateratzen da galtzaile euskara? Arduradunak ez duelako aurrez pentsatu hizkuntzak nola kudeatu, erresistentziak egoten direlako eta haiei erantzuteko argudioak prest ez daudelako… Soziolinguistika Klusterrak jendaurrean.eus gida ipini du... [+]


2024-11-26 | Ahotsa.info
Paris 365
15 urte pobreziari aurre egiten Iruñerrian, eta inoiz baino beharrezkoagoa

Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]


2024-11-26 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak galdegiteko manifestaldia egingo dute abenduaren 11n

“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.


2024-11-26 | Sustatu
Kabi@ 2024 Durangoko Azokan: Eremu digitala pentsatzen eta garatzen

Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.


Eguneraketa berriak daude