Julian Eizmendi: «Gu ez gara beste Udalbiltzaren ilegalizazioaren erantzuleak»


2021eko uztailaren 19an

Ekonomian eta zuzenbidean lizentziaduna da; Gipuzkoako Foru Aldundiko funtzionarioa, borondatezko lan-utzialdian. EAJko kidea ere bada, behiala Euskadiko Ezkerrekoa (EE) izan zen. EE desegindakoan kide batzuk PSE-EEn sartu ziren eta beste batzuk Euskal Ezkerrean. Eizmendi azken honetan aritu zen. Euskal Ezkerra EArekin aurkeztu zen EAEko hauteskundeetan baina arrakastarik gabe. Esan digunez, «umezurtz» geratu zen. 1996 aldean hurbiltzen hasi zen EAJra.
Aurtengo Gipuzkoako Batzar Nagusietako aurrekontuak hizpide izan ditugu solasaldiaren abiapuntuan. EAJ-EAren koalizioak Udalbiltzaren egitasmoak garatzen laguntzeko diru laguntza proposatu zuen osoko bilkuran. PSE-EEk proposamenari aitzi egin zion ordea: «Tamalgarria da. Bai Nafarroarekin bai Iparraldearekin komunean ditugun ezaugarriak eta hauen garapenerako -kultura eta euskararen sustapena, adibidez- laguntzak zeini egiten dio kalte? Nahiz eta politikoki administrazio ezberdinetan egon, denok euskaldunak gara. Elkarren ezagutzarako bideak oztopatze hori bizi dugun egoeraren adierazlea da, egoera zaila da-eta», esan digu Eizmendik. Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko Lehendakaria izendatua izan zen eguna aipatu diogu jarraian.

Basauriko Social Antzokian hautatua izan zinen, Udalbiltzaren III. Batzarrean. Nola bizi izan zenuen ekitaldia?
Udal hauteskundeen ondoren EAJ eta EAko batzar eragileek Udalbiltzaren zuzendaritza berritzea adostu zuten. Zuzendaritza horretan nik hartu nuen lehendakari kargua eta Debako alkateak lehendakariordekoa. Nahiz eta dena ondo prestatuta zegoen urduri samar egon nintzen.
Hautetsi independente batzuek batzarra alderdikoitzat jo zuten, EAJ eta EAren batzarra bezala. «Manipulazio eta faltsukeria» aipatu zuten.
Aldez aurretik adostutako zuzendaritza izan zen eta horrela aho bateko bozketaz onartua. Udalbiltzaren historia aztertzen badugu, ezker abertzaleko hautetsiak aldendu ziren Udalbiltzatik beren asanblada osatuz.

Nola laburbilduko zenuke Udalbiltza honen lau urteko lana?
Zenbait proiektu lagundu eta finantzatu dira euskal kultura eta historia arloan, euskara eta hezkuntzan batik bat. Nafarroan eta Iparraldean bereziki: «Seaska» lagundu dugu Hazparneko ikastolaren zabalkuntzan eta berrikuntzan eta Donibane Garaziko ikastola eraikitzen. Nafarroako Ikastolen Federakuntza lagundu dugu, baita Irunberri-Arrangoitiko ikastola eraikitzeko diru laguntza eman ere. Halaber, Nafarroako Sortzen Ikasbatuaz, bertako Euskara Kultur Elkargoa (EKE), Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), eta kirol arloan Euskal Herriko kluben arteko liga ere lagundu dugu.
Bestalde, «Hurbiltzen» programa, Euskal Herriko udalerrien arteko senidetzak, eta «Xendrak» programaren sustapena ere aipatu behar dira. Honek «Euskal Herrien bideak» programa eskaintzen du, bertan zazpi ibilbide lotzen dituzten euskal lurralde desberdinetako zenbait herri agertzen dira. Azken finean, euskal herritarrak hobeto elkar ezagutzeko eta ulertzeko programak dira, zaila da maitatzea ezagutzen ez dena. Gure eginkizunekin, gure ekimenen bidez, sei lurraldeetako euskaldunak gerturatu nahi ditugu, elkarrekin kontaktuan jarri, elkarlanean jarri.

Euskara eta kultura sustatu dituzue bereziki. Batzuek nortasun politiko falta eragotzi diote Udalbiltza honi. Zer diozu?
Euskal Herrian sinesten dugu, Pirinioen alde bietara hedatzen den herria. Egun hiru eremu politiko-administratibotan banaturik dago, abertzaletasun kontzientzian maila eta erritmo desberdinak dituztelarik. Udalbiltzan sei lurraldeetako udal hautetsiak gaude eta gure helburua Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea da, prozesu dinamiko eta demokratiko gisa ulerturik. Naziogintza integratzailea, pertsonekiko eta lurraldeekiko errespetuan oinarrituta, hiritarren borondate askean eraikia, behetik gora. Lurraldetasuna ez dago herritarren borondatearen gainetik inposatzerik, printzipio hau estatuek errespeta dezatela eskatzen ari bagara, geuk ere gure nazio eraikuntzan errespetatu beharra daukagu.
Hasitako bidetik jarraituko dugu, batik bat hizkuntza zaharra ahulago dagoen lurraldeetan, eta ahal dugun neurrian saiatuko gara ere beste esparruetara zabaltzen. Egunetik egunerako lanarekin, aurrera pausoak ematen jarraituko dugu naziogintzan.

Iazko Aberri Egunean adierazpenok egin zituen Udalbiltza honek: «Bide baketsua, ideia eta erakunde politikoen legezkotasuna eta zilegitasuna, hala nola autodeterminazioaren ideia landu nahi ditugu». Nola dago printzipio horien garapena?
Nola dagoen? ETAk herriaren borondate nagusiaren kontra jarraitzen du, defendatu behar diren eskubide nagusiak bortxatzen. Halaber, ilegalizatu dituzten alderdi eta plataformen ondorioz Hegoaldeko udaletan eta foru aldundietan herri honen zati garrantzitsu bat behar bezalako ordezkaritza politikorik gabe dago. EAEn Ibarretxeren planaren eztabaida galarazi nahi dute eta hori lortzeko Estatua bere botere guztia ari da erabiltzen, hiru botereek bat eginez.
Egun ere printzipio horiek defendatzen eta aldarrikatzen jarraitzen dugu: politikagintzan bide baketsu eta demokratikoak erabili behar dira soilik. Alderdi eta erakunde politikoen ilegalizazioaren aurka egongo gara beti. Herri honek hiritarrok erabakitzen dugun bezalakoa izan behar du.

Zer ekar dezake Udalbiltza honek etorkizunean? Zer behar da hasierako Udalbiltza izan zena berriz izateko?
Udalbiltza duela lau urte sortu zen. 1988ko irailaren 18an, ETAren tregoa garaian, alderdi abertzale guztien partaidetzarekin. Sortu eta berehalaxe, 1999ko abenduan, ETAk su-etena amaitutzat eman eta 2000ko urtarrilean atentatuekin hasi zen. Ondorioz Udalbiltza zatitu egin zen -2000ko martxoan-. Indarkeria politikoaren aurrean genuen postura ezberdinak zatitu gintuen. ETAren indarkeria garbi kondenatu behar da. EAJ eta EAk erabaki zuten orduan EHrekin (Euskal Herritarrak) elkarlanik ez egitea. Ea aurreko denborak itzultzen diren.

Zein dira Udalbitza honen eragozpenak?
Udalbiltzaren eragozpen nabarmenena zatituta egotea da. Udalbiltzak Euskal Herriak bizi duen egoera politikoa islatzen du, alderdien arteko zatiketa.
Zer nolako harremanak dituzue beste Udalbiltzarekin?
Ez dugu harreman formalik, kontaktu puntualen bat edo beste izaten dugu. Ez dugu lan komunik egiten ordea.

Udal hauteskundeen ondorioz sortutako egoerari irtenbide bat ikusten al diozu?
Egoeraren erantzukizuna ez da gurea. Guk elkarlana bilatu nahi dugu, baina hainbat printzipiotan oinarritua: indarkeria politikoaren kontrako jarrera garbia, giza-eskubide guztien errespetua, naziogintza integratzailea, pertsonekiko eta lurraldeekiko errespetuan oinarrituta, hiritarren borondate, atxikimendu librean oinarrituta.

Nola ikusten duzu beste Udalbiltza. Kide asko espetxean daude, beste batzuk ihesi. Zein da zure Udalbiltzaren jarrera hautetsi horiekiko?
Gu beste Udalbiltzaren ilegalizazioaren aurka azaldu gara, baina ez gara ilegalizazioaren eta bere ondorioen erantzuleak, bakoitzak bere hausnarketa egin beharko luke. Guk aipatu printzipioetan oinarritutako naziogintzan elkarlana bultzatzen saiatu behar dugu, indarrak batzen, denon beharra dugulako.
Izan ere, legez kanpo geratu diren tokian tokiko ordezkaritza horiek egoera politiko normal batean aritzea gustatuko litzaiguke. Baina horren erantzukizuna ez da gurea, hori garbi daukagu. Gure bailaran, Zestoa, Zumaia, Errezilen ez zituzten herri plataformak atzera bota. Orduan hemen ere, Azpeitian adibidez, batzuek hausnartu beharko dute horren zergatia. Eraso politiko horri buruzko azterketa egin beharko lukete, bakoitzak nola jokatu duen hausnartu. Haien estrategia eta gurea ezberdinak diren aldetik erantzukizunak ere ezberdinak dira, gu ez gara haien estrategiaren ondorioen erantzuleak.

Nolako ikusten duzu legalitate arazoa?
Legalitateak islatzen duena aldatu nahi dugu, beste Euskal Herri bat nahi dugu. Horregatik nago politikan, konforme egongo banintz ez nintzateke ez EAJn ez Udalbiltzan egongo.

Herriko jende xeheak ulertzen al du zer den Udalbiltza gaur egun?
Askok ez. Kalean galdetu izan didate ea zer den. Batzuek badute ideia orokor bat. Ezin dugu ahaztu herri mailan ari den erakunde bat dela, orain urte gutxi eratua. Erakunde berria den aldetik herri ekimenen bidez gehiago ezagutu gaitzaten lortu nahi dugu. Jende xeheak lana baloratzen duen heinean ezagutuko da Udalbiltza.
Denbora behar da, gure lanaren emaitzak ikusi dituztenek -batik bat Iparraldean eta Nafarroan- ondo baloratu dute erakundea. Dena dela, komunikabideak gehiago erabili behar ditugu, ahalegin horren jabe gara. Komunikazioa berebiziko tresna da naziogintzan, hori ere gure erronka da.

«Legez kanpo direnek parte hartze bat izan dezaten saiatzen gara»
EAJ-EA koalizioaren izenean alkate zara Azpeitian. Zenbaiten ustez, zu zeu alkate-gai izateak egin zuen posible koalizioa.
Ez, nire pertsonak ez zuen baldintzatu koalizioa egitea. Nik dakidanez aldaketa egin beharra zegoen, aurreko alkateak, Jose Maria Bastidak, ez omen zuen jarraitzeko asmorik, horrela adierazi omen zion alderdiari -EAJri-. Beste bat aurkitu behar izan zen. Ni edo beste bat izan, berdin izango zen.

Zertan dago udalerrirako azken hauteskundeetan, legez kanpo izanagatik, eserleku gabe geratu ziren hautatuen egoera?
Gu alderdi politikoen legearen aurka egon ginen, Batasunaren eta plataformen -AuB edota gainerakoen kasuan, Habea izenekoa Azpeitian- ilegalizazioen aurka. Plataforma horiek legezko ordezkaritza izatea gustatuko litzaiguke, gure bailarako hainbat herritan bezala. Azpeitiari 17 zinegotzi dagozkio.
Egun, EAJ-EAk 15 zinegotzi ditu. PPk eta PSE-EEk bana dute. Habea plataformak 2027 boto inguru jaso zituen, legez kanpo geratu izan ez balitz 4 zinegotzi legozkioke. EAJ-EAk 5.560 boto inguru jaso zituen, 13 zinegotzi legozkiguke. PPk eta PSE-EEk ez lukete ordezkarririk izango.
Nolanahi ere, gu saiatzen gara haiek nolabaiteko parte hartze bat izan dezaten. Mugak muga, udaleko bizitzaren gaietan eta batzordeetan egoten dira eta hauen jarraipena egiten dute, beren iritzia ekartzeko aukera dute. Baina, ez daukagu udaletxeko lana geldiaraziko lukeen ezer egiteko asmorik, herriak aurrera egin behar du.


Azkenak
EITBren Bilboko egoitza aurrean kontzentrazioa egingo dute, zuzendaritza postuak euskalduntzea exijitzeko

"EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita!" lelopean, otsailaren 25ean egingo dute elkarretaratzea, asteartean, EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek nahiz Aldatu Gidoia ekimenak deituta.


Lizarrako UPNk eskoletako bertsolaritza programa eten du

Lizarraldean euskara sustatzeko lana egiten duen Bagara elkarteak egin du salaketa: "Sorkuntzarako gaitasuna bultzatzen da eta pentsamendua kritikoa lantzen, hori guztia ikuspegi ludikotik, gozamenean oinarrituta".


EAEko gazteen %88aren ustez buru osasuneko tratamenduak Osakidetzaren gain egon beharko lirateke

Future Game proiektuak EAEko gazteen osasun mentalaren inguruko ikerketa egin du. 18-35 urteko gazteen %87,7ak osasun mentaleko tratamenduak osasun publikoak bere gain hartu beharko lituzkeela pentsatzen du; %64,5ak osasun mentalaz hitz egitean haien iritzia kontuan hartzen ez... [+]


AEBak eta Errusia batzartuko dira gaur Saudi Arabian, Europak albotik behatzen duen bitartean

Ukrainako gerra hasi zenetik, bi potentziak ez dira mahai beraren bueltan eseri. Negoziatu egingo dute nola amaitu gatazka belikoa. Ukrainako presidenteak, ordea, esan du ez duela mahai horretan adosten den ezer onartuko, bera ez baitute gonbidatu.


Guggenheim Urdaibai: nork nori entzun eta zertarako?

2021ean hasi ginen Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruko lehen oihartzunak entzuten…Bai ala bai egingo zela esan zigun orduko Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Bere esanak indartzeko, 40 milioi euro utzi zituen “blindatuta” museoak eraikitzen zirenerako... [+]


Lau urteko espetxe zigorra ezarri diote Irungo irakasle bati, Txingudi Ikastolan ikasle bati sexu abusua egiteagatik

Lau urteko kartzela zigorra, zazpi urteko inhabilitazioa eta hiru urtez 12 urteko biktimarengandik urruntzeko agindua eman du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Neskari 6.000 euro ere ordaindu beharko dizkio erasotzaileak kalte-ordainetan.


Kripto-txanponekin eginiko iruzur batek krisi betean murgildu du Milei

$LIBRA izeneko kripto-txanponean inbertitzeko deia egin zuen Argentinako presidenteak sare sozialetan. Une batean 4.500 milioi euroko balioa izatera iritsi zen arren, ordu gutxiren ostean behea jo zuen kripto-txanponak eta galera asko eragin zizkien bezeroei. 100 salaketa baino... [+]


2025-02-18 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Gorabehera ekonomikoak otorduraino heltzen direnean: arrozaren krisia

Estatu Batuen muga-zergak nahiko buruhauste ez balira, pasa den asteko albiste xalo samar batek dardara-uhinak helarazi ditu mundu-parte handi bateko otordu-mahaietaraino: Japoniako gobernuak bere arroz-gordekin estrategikoetako 210 mila tona merkaturatzeko agindua eman du,... [+]


Martxoak 3a “askatasunez” oroitzeko aldarria egin dute

ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta M3 elkarteak "herrikoia eta sozialki plurala" den memoria eguna "errepresiorik gabe" egitea eskatu dute. Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eskaera da, "iaz ez bezala", aurten manifestatzeko eskubidea... [+]


2025-02-18 | Mara Altuna Díaz
Scott Zuñiga, Estatu Batuetako tiktoker euskaltzalea:
“Euskara ikasteko nire superboterea da etengabe hitz egitea, lotsa alde batera utzita”

44 urte ditu, ama mexikarra, eta eskoziarra aita. Mexiko Berrian jaio zen, Utah-n hazi, eta duela hogei urte izan zuen euskararen berri, Cadizen Zinemagintza ikasten ari zela, norbaitek abizen euskalduna zuela esan zionean. Duela bi urtetik Donostian bizi da eta euskara ikasten... [+]


HezkuntzArtea taldeak manifestua aurkeztu du: “Moda pedagogikoak bata bestearen atzetik ezarri dituzte”

Irakasleek urtetan pilatutako jakintza kontuan hartzea, klaustroek erabakiak hartzeko autonomia bermatzea, IKTen “uneoroko erabilera” sustatzen duten planak geldiaraztea, eta ikasgeletan aldaketa metodologikoak sartu aurretik dituzten ondorioak tentuz aztertzea... [+]


Sabotaje algoritmikoaren alde

«I will overturn, overturn, overturn, it[…]»
Ezekiel 21:27 – King James Version

«Algoritmo guztien gainetik, algoritmo guztien azpitik»
Xabier Landabidea

Deseroso nago, deseroso gure jendarteak teknologiarekiko hartu duen jarrera kasik... [+]


2025-02-18 | Antxeta Irratia
Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune eta Ziburuko herriek hamabostaldia antolatu dute euskararen erabilera hauspotzeko

Hizkuntzarako ere gurasoak haurrentzako eredu direla kontuan hartuta, euskararen erabilera eta irakaskuntzari buruz sentsibilizatzeko helburua duen hamabostaldia antolatu dute Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune eta Ziburuko herriek. Martxoaren 15etik 30era guraso... [+]


Ekainaren 1 era atzeratu dute Iparraldetik zirkulatzeko ingurugiro agiriaren derrigortasuna

Apirilean zen sartzekoa araua baina atzeratzea erabaki dute. Derrigorrezkoa izanen da ibilgailuetan agiria eramatea, ez soilik hiri eta herri nagusienetan sartu ahal izateko, baita kostalde osoko errepideetan mugitu ahal izateko ere.


Eguneraketa berriak daude