Jorge Nagore: «Partidetan ez dugu artekaririk ere entzuten»

  • Bi Ahizpen magalean, Irurtzunen elkartu gara Lau t'erdikotxapeldunarekin. Herrian oraindik zoriondu ez dutenek ojuren batbotatzen diote pasaeran. Pilota da Nagoreren bizitzaren giltza, etagiltzatakoa ere pilota bat du. Hiru txapela dituen «Kaiolako Erregeak» 33 urte pasatu ditu frontoian sartuta. Baina ondo dioen bezala, pilotaren mundua ez dira bi horma bakarrik. Eta gauzak angeludenetatik aztertzea gustatzen zaio.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zure inguruan bazen pilota zaletasunik zu jokatzen hasterako?
Nire aita pilotari izana da. Zaletuen mailan aritzen zen, eta Nafarroan onentsuena zen. Profesionaletan debutatzera iritsi zen, baina bospasei partida jokatu zituen. Ez zitzaionez errentagarri, berriro zaletuetan jokatzea erabaki zuen. Espainiako binakako txapelketa irabazi zuen bi aldiz, eta Lau t’erdiko txapelketa dezente ere bai.
Agian aitaren eraginez, oso txikitatik izan naiz pilota zale amorratua. Aitaren partidak ikustera joaten nintzen beti, eta haurtzaroa frontoian sartuta eman dut.
Aitari poz handia ematen zion nik ere pilotari izateko nuen umetako ilusioak. Baina ez zuen espero honaino iritsiko nintzenik. Umetako ametsak gauza bat dira, eta profesionaletara iristea bestea.

Pilotan jokatzeko moduan, zer alde dago zure aitaren garaiko eta oraingoen artean?
Orain dela 15-20 urte erabiltzen zen pilota erabat ezberdina zen. Askoz baxuagoa zen, pilotak maneiagarriagoak ziren orduan. Orain gogorragoa da, eta jokoa bizkortu egiten du. Orain 15 urte noizean behin ikusten genuen atzelari batek errebotera bidalitako pilotakadaren bat. Ez da orain baino kolpe gutxiago zutelako, materiala baxuagoa zelako baizik. Oraingo jokoa ikusgarriagoa da. Ez da bata bestea baino hobea, ezberdinak dira eta kito.

Zein izan dituzu maisu?
Ni hasi nintzenean Irurtzunen ez zen pilota eskolarik. Aitarekin entrenatzen nuen. Beragatik izan ez balitz, agian ez nintzatekeen pilotari izatera iritsiko.

Irurtzunen zer aldaketa ekarri du pilota eskola sortu izanak?
Ni pilotan hasi nintzen garaian bakarrenetakoa nintzen herrian. Orain 10-12 urte sortu zen pilota eskola Irurtzunen, eta oso ondo ari da lanean. Gazte pila bat ari dira bertan ikasten, eta oso ondo jokatzen dute. Chafee bera edo Begino Irurtzungo pilota eskolan egindakoak dira. Gaurko gazteetako batzuk ere irits daitezke profesionaletara, baina ez da batere erraza.

Nola izan zen profesionaletarainoko bidea?
Umetan, denek bezala, Nafarroa aldeko torneo denetan ematen nuen izena. Nerabezaroa da, 16-17 urteak, adin kritikoa pilotari gehienentzat. Batzuek aurrera egiten dute, eta beste batzuk parranda egiten hasten dira, edo beste aukera batzuk egiten dituzte eta pilota utzi egiten dute. Nik sekula ez nuen dudarik izan. Adin horretan ikusten da zein pilotari datorren ondo. Orduan hasten dira Euskal Herriko toki ezberdinetatik torneoetarako deitzen...
Zaletu mailan irabaz zitezkeen titulu denak eskuratu nituen. Baina zaletu maila eta profesionaletakoa erabat ezberdinak dira. Zaletuetan besteei koska txiki bat atera diezaiekezu, eta partida asko irabazi. Profesionaletara pasatzean, iruditzen zaigu jada norbait bagarela, mundua jango dugula, eta bai zera, sufritzea tokatzen da. Nik partida nagusiak jokatuz debutatu nuen, eta ohitzen kosta zitzaidan. Zaletu mailakoekin konparatuta, profesionaletan partidak askoz gogorragoak dira, kontrarioek askoz gehiago eusten dute.

Profesionaletarako jauzia noiz zen errazagoa, orain edo lehen?
Agian gure garaian zen zailagoa. Pilotari gutxiago zeuden, eta maila altuagoa eskatzen zen. Orain, enpresa eta pilotari gehiago egonda, aukera gehiago egon litezke. Baina ez da dudarik erraza ez dela sekula izan.

Zein pilotari izan duzu eredu?
Ez dakit hurbiltasunagatik den, baina beti gustukoena izan dudana da Galartza III.
Gerora izan dut berarekin jokatzeko zortea. 10-15 partida jokatuko nituen bera bikote nuela. Nik 25-26 urte nituen, eta bera jada profesionaletako azken urteetan zen. Sekulako ilusioa egin zidan berarekin jokatu ahal izateak.


Zer botilero izan dituzu?
Zaletu garaian aita nuen beti botilero. Profesionaletan debutatu nuenean, Kandido Elizalde hartzea erabaki nuen. Ez da aitak baino gehiago edo gutxiago dakielako. Baizik beste maila batean jokatzen delako eta aita partidetan urduriago jartzen zelako. Denon mesederako iruditu zitzaidan etxetik kanpoko norbait izatea botilero.
Kandido Elizalderekin betidanik izan dugu harreman handia, eta gainera pilotari profesionala izandakoa da. Nik ste dut baldintza hori ezinbestekoa dela botilero batentzat. Pilota jokoa ez dira bi horma eta pilota bat bakarrik. Hamaika pilota mota daude, frontoi bakoitza ere ezberdina da... Eta pilotari izan den botileroak ederki ezagutzen ditu frontoi eta material bakoitzaren ezaugarriak.

Zein da botileroaren lana?
Botileroa Lau t’erdiko eta buruz burukoan erabiltzen dugu. Denborarik badu, entrenamenduetan ere laguntzen digu pilotarioi. Eta entrenamendu berezituak jartzen dizkigu.
Materiala aukeratzerakoan, pilotariak berak ederki asko daki zer nahi duen. Baina beti ikusten dute hobe lau begik, bik baino.
Eta partidan bertan, pilotariari irudi dakioke taktika ona erabiltzen ari dela, baina botileroak kanpotik ikus dezake kontrarioari momentu horretan erasateko modurik onena ez dela pilotaria egiten ari dena. Irabazteko zer beste bide dauden ikus arazten dio pilotariari.
Pilotariak badaki zer material komeni zaion, zein diren bere frontoirik gustukoenak eta nola jokatu behar duen kontrario bakoitzarekin. Baina botileroak uneko jokoa hobetzen laguntzen digu.
Botileroak pilotarien osagarri garrantzitsu dira. Nekatuta ikusten bagaituzte atseden hartzera deitzen gaituzte. Galtzen goazenean lasaitu arazi eta gaizki jokatzen ari garela ahaztu arazten digute. Sarri psikologo lana egiten dute.

Beraz, kanpotik hobe ikusten da jokoa barrutik baino?
Kanpotik frontoiko angelu denak ikusten dira. Barrutik, Lau t’erdiko txapelketa batean pilotaria kontura daiteke kontrarioa beti oso atzean gelditzen zaiola, baina ez da ohartzen txapa gainean utziz gero bestea ez dela iritsiko. Kanpotik errazago ikusten dira jokaldietarako aukera horiek.

Zer lesio izan dituzu profesional mailako 10 urte hauetan?
Debutatu eta hilabete eta erdira, eskuin eskuko hatz luzearekin arazoak izan nituen. Hoztu egiten zitzaidan. Zirkulazio txarraren ondorio zen. Hori sendatzeko urte erdiz egon nintzen jokatu gabe, masaje asko hartu nituen eta maiz ematen nion hotz-beroen kontrastea. Zirkulazio arazoa pilotari askoren gaitza da. Udan ia ez dugu sumatu ere egiten, beroarekin arteriak zabaldu egiten direlako. Baina neguan asko sufritzen dugu. Zaintzeko, masaje asko ematen dizkiot, eskua bigun izateko.
1996an, hankako hezur txiki bat hautsi nuen, paretari ostiko jota.
Eta aurten, Lau t’erdiko txapelketako finalerditan, gihar haustura txiki bat egin nuen. Eskerrak, 15 egunean sendatzen den.

Lau t’erdiko txapelketa irabazteko zer estrategia eraman zenuen?
Titin bezalako jokalari bat denean aurrean, lanketa berezia egin behar da, bere jokaldiei erantzuten ikasteko. Hanka lesionatuta nuen, eta lehen hamabost egunak geldirik eta osatzen egin nituen. Finalerako falta ziren hamar egunetan prestatu nintzen.
Baina obsesionatu nintzen sake errestoa goian jarri behar niola. Frontis erdian uzten banion, gantxoa sartuko baitzidan. Eta zabalera botatzen zidanean, pilota gurutzatu behar nuela banekien, bera airez ahalik eta gutxien sar zedin. Titini airez jokatzen utziz gero, ez baitago irabaziko dionik.

Hiru txapela jantzi dituzu. Zer zapore du bakoitzak?
Ilusiorik handiena lehenak egiten du. Bizitza osoa pilotan jokatzen pasa, eta entrenatzen aritzen gara egunen batean finalen batean sartu ahal izateko. Eta txapela janztea sekulakoa da.
Aurtengoa ere oso polita izan da, urte hau latza izan delako niretzat. Asegarcek ez zidan kontratua berritu, eta Asperekin sinatu nuen. Urte osoan ez ditut maila handiko partidak jokatu. Niretzat beharrezkoa zen erakustea oraindik joko handia dudala, eta txapelketa ona egin eta txapela janztea lortu dut.

Zer alde dago finaletatik beste partidetara?
Erabat ezberdinak dira. Pilotarion artean esaten da garrantzitsuena finalerdiak irabaztea dela. Behin hori gaindituta txapeldun edo txapeldun orde baitzara. Gaur maila handia dago, eta finalera iristea bakarrik sari handia da. Baina behin finalera iritsita, badirudi txapeldunak dena irabazten duela eta txapeldun ordeak ez duela ezer egiten.
Finala beste partidekiko ezberdin egiten duena presioa da. Prentsa gainean izaten dugu, pilota munduan finala egun handia da, frontoia gainezka egoten da, familia eta lagunak han izaten dira...
Finalean garrantzitsuena mentalizatuta ateratzea da, eta galdu edo irabazi, zure jokoa erakustea. Amorrurik handiena ematen baitu nerbioengatik dakizun bezala ez jokatzeak.

Finalean faborito izateak edo ez izateak eragiten al du jokoa hasi aurretik?
Behin finalera iristean, faborito izan edo ez, nahi dugun gauza bakarra nola hala irabaztea da. Beti egon behar du faborito batek, eta horri garrantzia kendu behar zaio. Iskanbila horretatik kanpo gure munduan ixten saiatzen gara.

Finaletan ikuslegoak eragiten al du?
Finala furi furian egoteko, hobe da herrialde ezberdinetako pilotariek jokatzea. Giputz eta nafarrak, edo bizkaitarrak...
Partidetan kontzentratuta ateratzen gara. Pentsa, artekariak izaten dira builarik gehien egiten dutenak, eta ez ditugu sumatu ere egiten! Baina Gasteizko azken final honetan zarata neurriz kanpokoa zen. 500 pertsona orroka hasten badira, derrigor entzuten da. Baina publikoaz ahaztu beharra daukagu. Kanpoko jendeari zenbat eta adiago egon, gutxiago jokatzen baitugu frontoian.

Leku bakoitzeko ikuslegoa ezberdina al da?
Bai, nik uste ikusle euskaldunak frontoian lasaiagoak garela. Edo agian ohituago gaude gure herrietako pilotariak finaletan ikusten.
Errioxan ikusleak buila gehiago ateratzen du. Baina horregatik ez dira hobeak edo txarragoak.
Nola hartu zenuen Asegarcek kontratua ez berritu izana?
Oso kolpe gogorra izan zen. Nire bizitzan egin dudan gauza bakarra pilotan jokatzea izan da. Eta egun batetik bestera neure burua kalean ikusi nuen. Une horretan ez nuen beste biderik aurkitzen, nola hala pilotan jokatzen jarraitzea.
20 egun oso txar pasatu nituen, buruari buelta asko ematen nizkiolako. Asperekin fitxatzean lasaitu nintzen. Geroztik jokoarekin gozatzen saiatu naiz, eta ahalik eta ondoen aritzen.

Pilota uztea pentsatu al zenuen?
Ez, gustatzen zaidana hori delako. Hortik bizitzerik izango ez banu ere, jokatzen jarraituko nuke.
Zer alde dago Asegarcerekin zenuen kontratutik Asperekin sinatu duzunera?
Aspen gutxiago ordaintzen didate. Baina asko eskertzen diet pilotan jokatzeko eskaini didaten aukera.
Ez dakit enpresako beste pilotariek zenbat kobratzen duten. Pilotariok nahiko itxiak gara horretan, eta bakoitza gure kasa gabiltza.
Baina uste dut Lau t’erdiko txapeldunak merezi duela dudana baino kontratu hobea.

Nola ulertzen da Lau t’erdiko txapeldunak binakako txapelketan ez parte hartzea?
Finaleko egunean jakin nuen albistea. Goizero bezala egunkariaren bila jaitsi nintzen, prentsa jarraitzea gustatzen baitzait. Hor irakurri nuen Nagorek ez zuela binakako txapelketa jokatuko. Arratsaldeko partidan zentratuta nengoen eta ez nion garrantzirik eman. Biharamunean jabetu nintzen benetan egoeraz.
Arruabarrena jaunak esan zuen enpresen arteko ligan jokatuko zutela une horretan punttuan zeuden pilotariek. Binakako txapelketa hasi zen Lau t’erdikoa bukatu eta hurrengo astean. Eta Arruabarrenak esandakoen arabera, ez du zentzurik txapelduna kanpoan geratzeak.
Baina enpresen menpe gaude, eta ez dugu onartzea eta aurrera egitea beste erremediorik.

Patxi Mutiloak, Aspeko gerenteak argudiatu zuen espezializazioaren aldeko apustua egin dutela, eta hori izan dela bikoteak aukeratzeko irizpidea. Espezializazioa da etorkizuna?
Ez dakit. Komentatu zigun bakoitza bere modalitatean zentratzea komeni zela. Hori horrela bada, ea kontratuan islatzen den espezializazio hori.
Pilotariak urte osoan jokatzen du. Hiru hilabetez aritzen da Lau t’erdiko txapelketan, sei edo zazpi hilabete egiten ditu binakako txapelketan eta partidetan, eta bi hilabetez jokatzen du buruz burukoan. Uste dut pilotariari komeni zaiola denean moldatzen jakitea. Eta hori ez bada posible, binaka jokatu behar du eta ondoren erabaki Lau t’erdikoan edo buruz burukoan aritzen den ondoen. Baina bikotekakoa da urte osoan agintzen duena.

Zein da zure ustez etorkizuneko pilotaria?
Oso gazte onak datoz, baina bat bereiztekotan Aimar Olaizola aukeratuko nuke. Uste dut etorkizuneko figura bera izango dela.

Curriculuma
Jaio: Irurtzunen, 1971n.
Pilotaria. aurrelaria
Debuta: 1993-07-18, Aritzbatalde pilotalekuan, Zarautzen.

Palmaresa:
4 t'erdiko txapeldun 3 aldiz: 1995, 1998 eta 2003an.
4 t'erdiko txapeldun orde 2 aldiz: 1996 eta 2000n.
4 t'erdiko Nafarroako txapeldun 1999an.
4 t'erdiko Nafarroako txapeldun orde 2000n.
Binakako txapeldun 1999an.
Bigarren mailan, binakako txapeldun 1995ean.

Mutikotatik gidari
«Kotxeko gida baimena atera nuenerako kilometro pila egina nengoen. 11-12 urterekin hasi nintzen bolantea hartzen. Gaur egun ere, oso kotxe zalea naiz.»

Jokoa barrutik
«Lau t'erdian pilotarien %90ak pilota lauko marraren ertzera botatzen saiatzen gara. Kontua da, kontrarioa frontisetik ahalik eta urrutien jartzea eta beti norberaren atzean eustea. Horrela, nahikoa leku izaten dugu txapa gainean mozteko edo uzteko. Luze jokatzen dugu, besteak huts egiteko zain. Salbuespenak dira Titinen jokoa, Capellanena, eta errematatzaileak diren beste pilotari batzuena. Horiek erritmo gehiago jartzen saiatzen dira, airez sartzen... Frontoi osoan ari garenean, gakoa atzera indartsu jotzea da. Zenbat eta atzerago bota pilota, hobe. Min handiagoa egiten zaio kontrarioari. Frontisetik ahalik eta urrutien eutsi behar zaio besteari, aukera sortzean txapa gainean uzteko».

Nagoreren lau ezaugarri t'erdi
Armarik onenak
«Indar handiko pilotaria naiz. Ezker eta eskuin kolpea daukat, punpa bizikoa. Eta sakea eta mozketa ditut nire armak, ezker zein eskuin».

Puntu ahulak
«Agian ikusgarritasuna da nire jokoari falta zaiona. Ez naiz errematatzailea.
Aurrelari askori egozten zaigu partidak luzatzen ditugula, airez sartzeko ausardia falta zaigulako».

Gustuko pilota eta frontoiak
«Frontoia, frontisa eta lurra azkar xamarra duena. Jokoa bizitzen baitu. Pilota, frontisetik atera egiten dena, eta lurrean punpa handiegirik ez duena».

Psikologia
«Nahiko urduria naiz. Nerbioek galdu izan naute tentsio handiko egoera batzutan. Esaterako 1996an, Lau t’erdiko txapelketako finalean, partida txarra egin nuen, nerbioengatik.
Urteekin lasaitzen ari naiz eta ikasi egiten da une kritikoetan frontoian egoten».

Bertsoa

Doinua: Bizkaiko Aberatsak

Frontoia ez da soilik
horma bat edo bi,
zazpira bote edo
bostean erori.
Ez da "Hainbeste zera?
Ba hainbeste tori"
Baina nola azaldu
guzti hau inori,
inoiz probatu denak
jakiten du hori.


Azkenak
2024-11-26 | Ahotsa.info
Paris 365
15 urte pobreziari aurre egiten Iruñerrian, eta inoiz baino beharrezkoagoa

Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]


2024-11-26 | Sustatu
Kabi@ 2024 Durangoko Azokan: Eremu digitala pentsatzen eta garatzen

Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]


2024-11-26 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak galdegiteko manifestaldia egingo dute abenduaren 11n

“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.


2024-11-25 | Leire Ibar
Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.


2024-11-25 | Euskal Irratiak
Alokairuak mugatzeko legea indarrean jada, Lapurdiko 24 herritan

Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]


'Superbotereak' liburua
Eskola-proiektuak izango dira mintzagai asteazkenean, Larraulen

Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]


Lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea leporatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.


2024-11-25 | ARGIA
Nazio auzia “erdigunean” ipintzeko eskatu du EH Bilduk, “jauzi” bat egin eta estatusaren eztabaida abiatzeko

Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


2024-11-25 | Jon Torner Zabala
EHUko errektoretzarako bozketaren atarian
Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko

Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Fronte Zabala itzuliko da boterera Uruguain, bost urteren ostean

95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.


2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Eguneraketa berriak daude