Donostia eta Errenteriako azken parajeetan


Astigarragako bentetatik Lardarbasora doan errepidea hartu eta bizpahiru kilometro burutu ostean, Barrako Loian kokaturik dagoen atsedenlekura iritsiko gara. Mahai eta erretegiz txukun atondua dago, eta gertu dagoen Listorreta baserriaren izenarekin ezagutzen da egun. Bi gunetan daude banaturik mahaiak. Bigarrenean utzi dugu autoa (200 metro) eta bien artetik beherantz abiatzen den hormigoizko bidetik ekin diogu gaurko ibilbideari.

Bihurgune nabarmena egiten duenean hormigoia utzi eta Landarbaso errekaren ondotik gora abiatzen den bidetik jarraitu dugu (180 m). Bide oso polita da, baina tamalez higadura handia jasan duena, duela gutxi arte motokrosean aritzen baitziren paraje eder hauetan. Egun, zorionez, praktika hau debekatua dago eta naturaren indarra iragan gertuko kalteak estaltzen ari da apurka-apurka. Aurrera egin eta erreka zeharkatzen duen egurrezko zubi edo pasarela luze batekin egin dugu topo. Zeharkatu eta zidor batek goialdean dauden Landarbasoko haitzulora eraman gaitu. Txukun jarritako panel batzuek aztarnategi horren garrantziaz hitz egin digute.

Berriro gure bidera itzulita, metro batzuren buruan Kobako Zabal deitu zelaira irten gara. Hor eskuinera jotzen duen bidetik gora egin eta arestian utzi dugun hormigoizko bidearekin bat egin dugu. Bide horretan gora jarraituz, Larratz baserrira lehendabizi eta ondoren Landarbasoko azken baserriraino iritsi ahal izan gara, Izeneder-Goikoara, hain zuzen. Tartean, Urdaneta baserriaren aurriak ikusi ahal izan ditugu. Baina gure gaurko lehen tontorra igotzeko ez dugu azken baserriraino iritsi beharrik, Bidegurutzeta baserria kokatua dagoen lepoan (337m) eskuinera jo eta pinudian barrena mazelan gora abiatzen den bidetik igotzea nahikoa dugu. Bentatxuri izan zenaren aurrien ondotik igaro gara, nahiz eta sasiek agerian ez utzi aurri horiek. Bidegurutzean ezkerrera egin dugu, Hernani eta Donostia arteko muga egiten duten alanbre sarearen ondora, azken metroetan bertatik zuzenean igotzen baita gero eta malkartsuagoa den zidorra tontorrera. Ez dira bide oso erabiliak eta tamalez sasiak janda egon ohi dira sarri.

Gainaldera iritsita, altuera apalak uzten duen neurrian, ikuspegia nahiko zabala da. Harritzar handi batzuen artean erpin geodesikoa ageri da, mendebalderago. Hara hurbildu gara, Igoinera (456 m). Buzoi bitxia deigarri gertatu zaigu. Ezkerreko hegoa faltan duen metalezko txoria, Mendiriz Mendi taldekoek oroigarri gisa ipinitakoa. Behean idatzitakoak honela dio: «Usoa eskutan harturik / nahi zuten paketu / Baina usoa zegoen / piska bat elbarritu /ezkerreko hegoa / zitzaion faltatu / Orain ongi ikusten da / Euskadi ez dute askatu».

Igo garen bide beretik jaitsi gara lepora, eta Bidegurutzeta baserriaren eskuin aldetik abiatzen den bideari heldu diogu. Eskuin aldean Gazteluko tontorra izeneko muinoa utzi, Astoko zabala lepora irten eta ezkerrean Landarbaso erreka eta eskuinean Ursoko erreka ditugula, banalerroan aurrera egin dugu. Eukalipto baso bat igarota, tarteka bide zaharra erabiliz, gora egin dugu haritz eta pago artean, Malmazar lepotik Urdaburura doan bidearekin bat egin arte, Zilegi lepo parean.

Hortik aurrerako bidea aski ezaguna eta erabilia da, izan ere, Urdaburu Errenteriako mendi nagusia baita, nahiz eta garaiena ez izan. Herriko mendi taldeari ere berak eman dio izena. Jarraitu beharreko bideak zertxobait behera jotzen du, Zuarkazu tontorra (472 m) eskuinetik inguratuz. Iturri baten ondotik pasa eta Pagotzarte lepora agertu gara (412 m); bertan, mahai batzuez gain, garai batean artzain borda izan zena aurkitu dugu, egun hutsa, baina nahiko txukuna dagoena, gaua mendian igaro nahi duenarentzat aproposa. Metro gutxi batzuk aurrerago, bidegurutze garrantzitsua aurkitu dugu. Genekarren bide zabalak, arrasto zuri-horiez markaturikoak, tontorra eskuinetik inguratzen du beste aldeko Lizarregi tontorrera iristeko. Ezkerrera abiatzen den zidor estu baina garbia hartu dugu, tontorrera igotzeko bidea baita berau. Urdaburu txiki (484 m) ezkerretik inguratu dugu lehenik eta gailur nagusiari eskuin aldeko hegitik ekin diogu ondoren. Apurka-apurka, azken pagoak behean utzi, eta gailurrera iritsi ahal izan gara.

Urdaburu edo Urdao (598 m), gurutzea, erpin geodesikoa, plaka oroigarria eta bi mugarri (153.a bata eta Donostia, Errenteria eta Hernaniko muga adierazten duena bestea). Urdao, inguruko biztanleek ezagutzen duten toponimoa da; Urdaburu, berriz, arrantzaleek erabilitako izena, itsasotik begiratuta erreferentzia ona omen baita tontor hori. Azken hori da egun gehien zabalduta dagoen izena. Oberan izenaz ere ezagutu omen zen nonbait. Hegoaldean, Donostiak inguruotan duen bigarren barrendegia dago: Donostia basoa eta Altza basoa. Horretaz guztiaz gain, ikuspegi zabala eta ederra topatu dugu gailurretik, Nafarroa iparraldeko gandor luzeak, Donostialde osoa, eta abar. Alabaina, benetan arreta piztu diguna, Añarbeko arroan topatu dugun kolore bizi eta ñabarreko ikuskizun aparta izan da, pago eta haritzen hosto xigortuak, haritz amerikarren kolore gorrixkak, alertzearen orratzek erori aitzin duten horiskak… udazkena da mendian ibiltzeko sasoi ederrena »behin honezkero hurrengo sasoira arte itxaron beharko dugu».

Malmazar leporaino itzulera bide beretik egin dugu, baina nahi izanez gero, mendebaldera jarraitu eta zidor lauso batek Lizarregi leporaino jaitsiko zaitu (364 m). Bertatik, lehen utzi dugun bidetik Pagotzarteko bordara iritsiko zara. Behin Malmazar lepora iritsita (417 m), Idoia eta Susperregitik barrena abiapuntura jaitsi baino lehen, ekialdean dugun inguruotako hirugarren gailur nagusia igo dugu, Aldurako gaina. Horretarako, Malmazarren, izen bereko borda eskuinean utzi, pista zabaletik ekialdera jarraitu, eta bostehun metroren buruan, pista nagusia Aldurako gailurra eskuinetik inguratzen hasten denean, zuzenean tontorrera abiatzen den bide malkartsutik gora jo dugu. Emeki-emeki gailurrerako ehun metroak gainditu eta gainaldeko ordoki zabalera irten gara. Aldura (551 m), buzoi txiki bat. Ikuspegi zabala hortik ere, baina batez ere Donostialdera, hegoaldera zuhaitzek ikusmira oztopatzen baitigute.

Ilunabarra, itzultzeko tenorea dugu. Malmazarrera lehenik eta Idoia lepora ondoren jaitsi gara (330 m). Bertan, auto aparkaleku handi baten erdian, Susperregi jatetxe berria dago. Hormigoizko bidetik joan ordez, eskuinetik doan bidetik egin ditugu hurrengo metroak, horrela Idoia baserri zaharraren ondotik pasa ahal izan gara. Berriro ere hormigoizko bidean behera, zenbait lasterbidez baliatuz, iritsi gara, azkenean, abiapuntura. Itzuli ederra gaurkoa!

Landarbaso
Egun Donostiak dituen hiru barrendegietatik bat da Landarbaso. Donostiako lurrak dira, baina gune nagusiari atxikirik egon beharrean, beste udalen lurren artean dago kokaturik, Astigarraga, Hernani eta Errenteriako lurren artean. Erdigunetik banatuta egoteak, bertako biztanleei estatus berezi batez gozatu ahal izatea zekarkiela esan ohi zen, hau da, bertako semeak ez ziren soldadutzara joateko deituak izaten eta baserriek ez zituzten udal zergak ordaintzen.
1900ean 12 familia bizi ziren bertan ondorengo eraikinetan: Landarbaso, Astabixkar, Larratz, Lexon errota, Zentrala, Larrazpuru, Urdaneta, Bidegurutzeta eta Izeneder Goikoa. Lehen hiru baserrietan beti bizi izan da norbait, azken bietan arestian aipatu bezala, landa-exodoan hutsik geratu baziren ere, azken urteetan berritu eta biztanleak dituzte eta gainerakoak aurri egoeran daude. Aipatu Larrazpuru baserria auzoko eskola izan zen.
Landarbasoko edo Aitzbitarteko kobazuloak: Urak Urumeara isurtzen dituen Landarbasoko errekaren gainean, kareharrizko mendixka batean daude barrunbe hauek. Leienda ugariren sormen iturri, burututako indusketa arkeologikoek aurkitu diren aztarnarik zaharrenak goi paleolitiko (duela 25.000 urte) garaikoak direla erakutsi dute. Beraz, garai haietan jada, inguru hauetan gizakia bazebilen.

Bigarren karlistaldian erretako Bentatxuri
Igoin tontorraren hegoaldeko lepoan, benta bat egon zen kokaturik. Bigarren karlistaldian erre omen zuten, baina oraindik antzeman daitezke izan zenaren testigantza diren zenbait aurri. Lepotik ehunen bat metrora Igoin aldera igoz, sasiz josia dagoen inguruan, lizar batzuek Bentatxuri han izan zela salatzen dute. Lepoan bertan Etxeberri-Bidegurutzeta baserria dago, egun berritua eta lehen zenaren batere antzarik gabe. Torre izenaz ere ezagutu zen, 1920-25. urteko argazkian ikus daitekeen moduan, dorre baten antza zuelako, karratua, lau isuriko teilatua eta pareta altuak. Auzokalte ezizenez ere ezagutu omen zen garai batean. Lepo hau bidegurutze garrantzitsua izan omen zen, Hernanialdetik Goizueta eta Oiartzun aldera joateko, Akolatik igo eta lepo honetatik barrena igarotzen ziren. Zer esanik ez kontrabandoan aritzen zirenei buruz, mendialdeko bide hauek primeran ezagutzen zituzten eta Bentatxuri maiz bisitatuko zuten. Karlistaldietan ere, liberalek okupatzen zuten Donostialdetik igaro ez izateko, makina bat karlisten pasoa ezagutu zuten lepo honek eta Bentatxurik, bertatik igarotzen baita "karlista bidia" deitu izan zaiona. Bentatxuri erre ostean, ehunen bat metro aurrerago dagoen Izeneder-Goikoa izan omen zen benta. Horrela, baserri horrek Bentatxuri izena ere hartu zuen. 1956ko izozte gogorren ostean bertako biztanleek kalera bizitzera alde egin zuten baserria hutsik utzita. 1996an nagusi berria etorri eta etxea berritu zuen ahal zen moduan zaharra mantenduz, batez ere pareten oinarriari dagokionean. Bidea zabaldu zuen bertaraino, Larratz baserriraino bakarrik iristen baitzen orduan bidea. Zalditegi izan zen eta egun nekazal turismoko etxea da. Jesus Maria Erkizia "Baserri", Izeneder-Goikoako nagusiarekin berriketan jakin ahal izan ditugu kontu hauetako asko.


Azkenak
Maiatzaren 10ean Sorionekuak ekimenak zubi eta ate zeharkatuko ditu euskara nafar guztiona dela aldarrikatzeko

Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.


Udalek espresuki euskaraz jardutea baliogabetu du Gorenak

EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.


2025-04-11 | ARGIA
Lekeitioko musika bandaren zuzendariak jazarpen salaketak jaso ditu

Lekeitioko Udalak jakinarazi du bandako zuzendariak tratu txarrak eman izana jaso dutela, hainbat testigantzaren bidez. Udalak azaldu du, Eusko Jaurlaritzaren aholkuak jarraituta, hainbat pauso eman dituztela, besteak beste, zuzendariarekin hitz egin, eta testigantzak jaso... [+]


Turismo bidaiak antolatu ditu Israelgo Armadak Siriari lapurtutako lurretan

Zibilentzat antolatutako txangoak igande honetatik aurrera egin ahal izango dira, printzipioz astebetez, eta egunero bi ateraldi antolatu dira. Sarrerak berehala agortu dira.


Erdi Aroko emakume kopistak

Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak. 

Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko  ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Salaketa jarriko du Ertzaintzaren tiro baten ondorioz barrabila galdu zuen gizonak

Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.


Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Hutsuneak

Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.

---------------------------------------------------------

Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]


2025-04-11 | Estitxu Eizagirre
Bertso eta pilota zaleentzat saio berezia Zumarragan larunbatean

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]


2025-04-11 | El Salto-Hordago
“Gatazka eta abusua ez dira gauza bera”, feminismoko eztabaidei heltzeko

Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.


Palestinaren alde mobilizatu diren 300 ikasleri bisa kendu diete AEBek

Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.


2025-04-11 | Irutxuloko Hitza
Helena Tabernak irabazi du Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria

Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.


Eguneraketa berriak daude