Arrozaren urtea gosearen bizitzan

  • FAOk 2004ko urte hau Arrozaren Nazioarteko Urte izendatu du, sektorean aurreikusten den krisi larriak bultzatuta. 2030ean arroz eskaera egungoa baino %38 handiagoa izango dela diote eta, bitartean, ekoizpena behera egiten ari da. Lehen aldia da FAOk urte bat laborantza bakar bati eskaini diola. Agian arroza laborantza baino gehiago delako milioika eta milioika pertsonentzako: bizimodua da, kultura. Baina arrozaren mundu mapak gosearen mundu maparekin antza ere badu. Arroz ekoizle eta kontsumitzaileen zati handi bat egoera larrian dago. Ez dira gosez hiltzen; gosez bizi dira.

«Arrozaren ekoizpen sustengarriaren hazkundeak gosea eta pobrezia gutxituko ditu». Horixe dio FAOk, NBEko Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak. Munduko populazioaren erdia baino gehiagorentzat arroza oinarrizko elikagaia izanik, eskaerak gora egiten duen bitartean, ekoizpena jaisten ari da. Gainera, munduko arroz produkzioaren %80 herrialde pobreetako ekoizle txikien esku dago. Horregatik erabaki dute aurtengoa Arrozaren Nazioarteko Urtea izatea, «arroza bizitza da» lelopean.

Arrozaren urtearen harira, beste datu esanguratsu bat ere eskaini du FAOk: mundu osoan 840 milioi pertsonek pairatzen dute gosea. Gehienei, hirugarren munduko gosea aipatuta, gosez hiltzen diren haur afrikarrak datozkie gogora. Gosearen kontrako lanean dihardutenentzat, ordea, irudi hori hausteko garaia iritsi da. Arrazoi naturalek eragindako gosete larriak urritzen ari diren garaian, gosea ez da gehienentzat heriotzaren sinonimo, bizitza gogorraren sinonimo baizik. Eta 840 milioi horietatik zati handi batek arroza du bizibide eta elikagai.

Zirkulutik ezin irten

Arroz ekoizle eta kontsumitzaile txiki horiek ez dira bihar gosez hilko, baina gaizki jango dute, ez dute lanerako indarrik izango, ur bila urrutira joan beharko dute eta, euren ahalegin guztia oinarrizko laborantza bati eskaintzen diotenez, sasoi txarra egokituz gero, dena gal dezakete. Euren aktibitate guztia elikagaia lortzera bideratzen dute eta, hala ere, ez da nahikoa: egunero euren osasuna bermatzeko behar dutena baino kaloria gutxiago hartzen dute 840 milioi pertsona horiek.

Gosearen zikloa itxia da: elikagai gutxirekin ez dago lan egiteko indar nahikorik eta lan gutxiago eginda, ekoizpena ere jaitsi egingo da eta, beraz, elikagai kopurua ere bai. Belaunaldiz belaunaldi, zirkulu hau genetikoa bihurtzen da: haurdun dagoen emakumeak gaizki jaten badu, haurra garaia baino lehen jaioko da; jaiotzatik gaizki elikatua badago, bere garapenean atzerapena eta arazo intelektual eta fisikoak izango ditu. Ahul jaio eta bizitza guztian ahulduz joango da, berak lantzen duen laborantza eta energia iturriarekin batera. Gero eta zailago bihurtzen da gurpil horretatik irtetea.

Irtenbide bila Erromara

Gosearen ziklo hau irauli asmoz, Arrozaren Nazioarteko Urtearen barruan, Arrozaren Mundu Konferentzia egingo da otsailaren 12 eta 13an FAOk Erroman duen egoitzan. Lehen egunean adituek arrozaren mundu merkatuaren inguruko gaiak jorratuko dituzte. Bigarrenean, berriz, arrozaren produkzio sistemen erronka eta aukerak izango dituzte aztergai, sistema sustengarrien garapena bultzatzeko xedez. Baina edozein neurri edo irtenbide mahai gainean jarri baino lehen, adituek laborantza honen ezaugarri bereziak hartu beharko dituzte kontuan.

Arrozaren mugak

Arrozaren sektorera ez litzateke krisirik etorriko, eskaerarekin batera eta garia eta artoa bezalako zerealekin gertatu den bezala, ekoizpenak gora egingo balu. Alderantziz, ekoizpena jaisten ari da hainbat arrazoi medio: eskulanaren urritasuna, muga instituzionalak, ingurumenaren kutsadura... Gainera arrozean oinarritutako sistemak hain dira ezberdinak geografia, kultura eta baliabide aldetik, irtenbide globalak baino, maila lokaleko neurriak behar dituztela. Bestalde, azken 20 urteetan arrozaren prezioak beheranzko joera izan du eta horrek arroz ekoizle asko euren lurrak utzita hirira bultzatu ditu. Gobernu batzuk prezioak egonkortzeko interbentzioan hasi badira ere, joera hori iraultzea ez da lortu.

Gainera, ez da ahaztu behar arroz ekoizle gehienak eskala txikian aritzen direla eta horiei oso zaila egiten zaie ekoizpenaren hobekuntza ekar dezaketen inbertsioak egitea. Eta, azkenean, arrozak ur eta lur kantitate handiak eskatzen ditu, planetan gero eta urriagoak diren baliabideak.

Laborantza arazoez gain, elikagai gisa ere mugak ditu arrozak. Egia da kantitate kaloriko eta proteiko handiak dituela, baina perfil aminoazido osatugabea du eta oinarrizko mikroelikagai gutxi (elikagai gutxirekin 840 milioi pertsona bizi direla esan dugu, baina mikroelikagai gabezia pairatzen dutenak askoz gehiago dira, 2.000 milioitik gora).

Baina tradizionalki arrozaz elikatu diren kulturek arroza arrainarekin, haragiarekin edo barazkiekin nahasteko ohitura izan dute, euren dieta aberastuz. Arrozean oinarritutako sistemen biodibertsitateak bultzatu du dieta aberatsago hori. Batetik, sistema hauek ganadu mota ezberdinak mantendu dituzte. Arrozaletako urek ahateak eta beste hainbat hegazti mantendu ohi dituzte eta bufaloek, behiek eta ardiek arroz lastoa dute elikagai. Uretan berriz arrainak, igelak, marraskiloak eta intsektuak bizi dira eta horiek izan ohi dira nekazarien animali proteina eta gantz azidoen iturri nagusia.

Uraren onurak eta kalteak

Ur azpian hazten den oinarrizko zereal bakarra da arroza eta horrek uraren kudeaketa egokia ezinbestekoa egin du arroz-soroetan. Mendeetan zehar egindako kudeaketa horren emaitza dira, besteak beste, mendialdetako terraza sistemak. Teknika hau oso onuragarria izan da lurzoruaren higadura eta lurjauziak saihesteko. Gainera, uholdeak kontrolatzeko ere balio izan du, soroetan ur kantitate handiak gordetzen baitira. Ur azpiko laborantzak, bestalde, lurzoruan materia organikoa pilatzea ekartzen du eta horrek landareentzako mineral gehiago esan nahi du.

Baina zereal honen izaera akuatikoak ez dakartza soilik abantailak. Soroen etengabeko inundazioak lurzoruaren prozesu kimiko eta biologikotan eragin negatiboa du eta metano emisioa oso altua izan ohi da. Azkenik, uraren presentziak malaria bezalako gaixotasunen agerpena bultzatzen du.

Arrozaren zientzia

Aipatutako ezaugarri positibo eta negatibo guztiak modu egokian kudeatu eta arrozaren produkzioak gora egin dezan bilatzen du FAOk eta horretarako zientzia ezinbestekotzat jotzen du. Arrozaren zientziak nabarmen egin du aurrera azken hamarkadatan. 70eko hamarkadako Iraultza Berdeak arroz barietate hobetuak eta teknologia berritua ekarri zituen ekoizpenarentzat. Baina azken urteetan, ur eta lur baliabideak gutxitzeaz gain, aurrerapausoak mantsoak izan dira ikerketa esparruan. Dena den, berriki, IRGSP (Arrozaren Genoma Sekuentziaren Nazioarteko Proiektua) izeneko nazioarteko kontsorzio publikoak arrozaren genomaren sekuentzia osoa eman du ezagutzera. Hortan oinarrituta sortuko den ADN datu baseak arroz barietate belaunaldi berri bat sortzea ahalbidetuko du. Arroz barietate berriekin lursail txikiagoetan eta ur gutxiagorekin arroz gehiago landatu ahalko da, landareek erresistentzia handiagoa izango dute lehorte eta izurrien aurrean, uzta ondorengo galerak gutxitu egingo dira eta elikagaietan aberatsagoa izango da emaitza.

Baina ingeniaritza genetikoarena beti da gai korapilotsua eta transgenikoak aipatze hutsak eztabaida dakar. Kasu honetan Greenpeace eta Via Campesina bezalako taldeak arrozaren aldaketa genetikoaren aurka agertu dira. Ez soilik hazi eta elikagai transgenikoen ondorioak oraindik ezezagunak direlako, hobekuntzaren etekinak nekazal industria handientzat izango diren beldur direlako ere bai. Eta horrek nekazari txikien menpekotasuna areagotu besterik ez luke egingo.

Kontuak kontu, arrozaren produkzioa handitu eta, modu horretan, gosea eta pobrezia gutxitzeko, zientzia baino gehiago beharko da (eta urtebete baino gehiago ere bai). Tokian tokiko erabaki politiko sendoak ere beharko dira. FAOko zuzendari orokor Jacques Diouf-ek New Yorken joan den urriaren 31n NBEko bilkuran esan zuenez, «Arrozaren Urteak mundu osoko maila nazionaleko programak katalizatzeko balioko du». Dioufek, gainera, edozein ekimen praktikara eramatearen garrantzia azpimarratu zuen, eta nekazari txikienarengana iristeko konpromisoa agertu. Bitartean FAOren asmoak noiz beteko zain daude 840 milioi pertsona.

Arrozaren zenbakiak
Munduko populazioaren erdia baino gehiagoren oinarrizko elikagaia da arroza. Asian, 2.000 milioi pertsona baino gehiagok energiaren %60-70 bertatik lortzen du. Afrika eta Asian 100 milioi familiaren bizibidea da, eta mundu guztian 1.000 milioi pertsonari lana ematen dio. Arroz laborantzek 1,5 milioi km koadro hartzen dute mundu osoan. 140.000 barietate inguru existitzen direla uste dute zientzialariek. Birmanian, herritar bakoitzak batez beste kilo erdi arroz jaten du egunean eta Europan 3 kilo urtean.

Arrozaren munduak

Arroza elikagai bat baino gehiago dela azpimarratu nahi du Arrozaren Nazioarteko Urteak. Hainbat herrialdetako milioika eta milioika pertsonentzat arroza bizimodua da eta kultura batzuk euren zibilizazioaren garapena arroz laborantzari egozten diote. Herrialde ezberdinetara begira jarri gara arroza nola landu eta bizi duten ikusteko.

Txina. Arroz laborantzaren jatorrizko guneetako bat da eta ekoizpenean (178.251 tona urteko, 1997an) eta kontsumoan (166.990 tona) munduko lehena. Arroza lantzetik 50 milioi familia bizi dira Asiako herrialde honetan. Indika arroza (Hsien) nagusi da hegoaldean, eta iparraldean, aldiz, japonika arroza (Keng) zabalduago dago. Garai batean, elkar agurtzeko «Dagoeneko arroza jan al duzu?» esaldia erabiltzen zuten txinatarrek. Mila eratan hartzen dute arroza, baina frijitua da zabalduena.

India. Indiako arroz laborantza zonaldea munduko handiena da eta ekoizpenean munduko bigarren herrialdea da, urteko 118.400 tonarekin. Vrihi-a (Shiva jainkosak horrela deitzen zion arrozari sanskritoz) Indiako populazioaren %65aren oinarrizko elikagaia da. 1965ean 600 barietate hobetu lantzen hasi ziren, baina Basmati arroza oraindik oso zabaldua dago. Jakia prestatzeko orduan, sinpletasuna da indiarren ezaugarri nagusia eta pilaf hindua da horren adibide.

Japonia. Japoniar askorentzat arroza euren kulturaren giltzarria da Japonia modernoan ere. Tradizio handiko elementua, azken hamarkadatan ekonomia nazionalean zuen pisuak behera egin du nabarmen eta egun urteko ekoizpena ez da 15.000 tonatara iristen. Japoniako 2,3 milioi landetxetatik %80k lantzen du arroza, modu oso mekanizatuan gainera. Japonika arrozaren barietate hobetuak lantzen dituzte, Koshirika barietatea nagusi delarik.

Filipinak. Banaweko arroz terraza ikusgarriak munduko kultur ondare izendatu ditu Unescok. Baina paisaia edertzeaz gain, Filipinetako oinarrizko elikagaia ere bada arroza, herritar guztiek hartzen dituzten kalorien %41 eta proteinen %31 bertatik lortzen baitute, gehienetan lugaw erara prestatuta. Indika arrozaren barietate errentagarriak eta arroz hibridoa lantzen hasi badira ere, oraindik Milagrosa izeneko barietate tradizionalak indar handia du filipinarren artean.

Madagaskar. Asiaz kanpo, Madagaskar da arroz ekoizpenean historia oparoena duen herrialdea, Antananarivotik Antsirabeko errepidean ezker eskuin ikus daitezkeen terrazak lekuko. Barietate hobetuak sartu badira ere, azken 20 urtetan ekoizpenak ez du gora egin ongarri erabilera urriagatik. Hala ere, herritar bakoitzak 140 kg. arroz jan zituen 2000. urtean eta familia askok egunean hirutan jaten du arroza. Uhartearen hainbat tokitan, Ranonapangon kasu, arrozez egindako edaria gordetzen dute egun garrantzitsuetarako.

Senegal. «Espezia asko bota behar dizkiozu arrainari, arroz eta arrain ona egiteko» dio Cebbu Jen-ari (arroz-arrainari) eskainitako Senegaleko kantu herrikoiak. Oryza glaberrima espezieak jatorria Mendebal Afrikan badu ere, Senegalen ez zen arroza landu Oryza sativa asiarra XVI. mendean iritsi zen arte. Herritar bakoitzak 115 kg. arroz jaten du urtean eta eskaera gora doa urtez urte. Ekoizpena nahikoa ez eta Senegal gero eta arroz gehiago inportatzera behartua dago. Oraindik ere, herrixka askotan, jaki preziatua gonbidatuei ongi etorria egiteko erabiltzen dute.

Italia. Europako ekoizle garrantzitsuena izanik ere, italiarrek ez dute arroz asko jaten (8,5 kg. urteko eta biztanleko). Eta hala ere garrantzia izango du haientzat Giovanni Pascolik Tancredi opera ezagunean aria bat risottoari eskaini bazion. Arborio eta Carnarolli bezalako espeziak garatu dituzte Italian. Lombardia eta Piamonten daude arroz laborantza nagusiak eta horretarako Po ibaia eta Maggiore lakuaren urak erabiltzen dituzte aspaldian (Leonardo da Vinci bera aritu zen ur horiek drenatzeko lanetan). «Arroza uretan jaio eta ardotan hiltzen da» dio esaera zahar italiarrak.

Brasil. Brasilek 10.582 tona arroz ekoizten du urtean eta herritar bakoitzak 58 kg. arroz jaten du. Klima tropikaleko estatu guztietan lantzen da, baina modu oso ezberdinetara: Rio Grande del Sur estatuan 200 ha-ko soro erraldoi mekanizatuak dauden bitartean, ondoko Santa Catalina estatuan 10 ha-z azpiko landetxe txiki familiarrak dira nagusi. Ia mundu guztian bezala, brasildarrek ere arroza beste jakiekin nahasten dute. Ezagunena, Arroz com Feijaoa da, arroza babarrunekin nahastuta, alegia.

Genetika noren mesedetan?
FAOren ustez, ingenieritza genetikoak «nekazariek arroz barietate erresistenteagoak, produktiboagoak eta elikagaietan aberatsagoak garatzeko balioko du». Via Campesina, ordea, kritiko agertu da: «Nekazal ikerkuntza nekazal industriaren esku dago, nekazariengandik gero eta urrunago: laborategietan lantzen da eta nekazariak baztertzen ditu. Nekazarientzat dependentzia berri bat esan nahi du, teknologia hori inportatuz, etekinak industriara joaten baitira».

Carmelo Gallardo, Acción Contra el Hambre GKEko Elikadura Segurtasun Saileko arduraduna: «Gosea pasatzea bizimodua da askorentzat»
Arrozaren Nazioarteko Urtea izendatzeko FAOk sektorean aurreikusten den krisia hartu du arrazoi. Eskaera izugarri haziko omen da urte gutxitan eta produkzioak, aldiz, behera doa. Zergatik?
Arrozaren produkzioaren %80 eskala txikiko ekoizleen esku dago. Hori da giltzarria. Ez dago produkzio sistema handirik, Europa, AEB edo Australiako zereal soro zabaletan bezala. Arrozak ura behar du eta gainera mendebaldean ez dago hain zabaldua oinarrizko elikagai gisa. Horregatik beste produktu askotan izan den gorakadarik ez da eman arrozean. Eta eskaeraren gorakada ulertzeko kulturalki Asiako oinarrizko elikagaia dela ikustea besterik ez dago, hots populazioa asko hazten den zonaldean. Kontsumoa Afrikan ere asko igotzen ari da.

840 milioi pertsona daude elikagai faltan munduan. Baina goseaz pentsatzean, askori gosez hiltzen direnen irudia datorkio gogora. Zein perfiletakoak dira milioika pertsona horiek guztiak?
Ematen diren zifra horiek edozeinentzat, baita horretan lanean dihardugunentzat ere, handiegiak dira. Kasik berdin zaizu 800 milioi esatea edo 400. Horrek ez digu ezertxo ere esaten. Hobe litzateke gosea pasatzeak zer esan nahi duen transmititzea. Gosea pasatzea ez da soilik gosez hiltzea. Gosea pasatzea bizimodua da askorentzat, bizitzako aktibitate guztia jateko saiakeran pasatzea da, gero gaizki jateko gainera. Agian ideia hori transmititzea zailagoa da datu mordoa ematea baino, baina errazera jotzen da. Eta Arrozaren Urtearekin ere hori gertatzen da, azkenean. NBEko partaide bezala munduko herrialde guztiek parte hartzen dute eta bultzada politikoa behar dute. Arrozaren Nazioarteko Urtea neurri politiko bat da. Baina beti dago zerbait positiboa horrelakoetan. Eta ez mundu guztia arrozaren garrantziaz jabetuko delako (seguraski horrelakorik ez da gertatuko). Baina zenbait erakundek baliabideak jarriko dituzte nazioarteko eztabaidak bultzatzeko eta truke handiagoa sortzeko. Ez dut uste Erromako eztabaidaguneak irtenbide globalik emango duenik, baina lokalki aurrerapauso batzuk emateko lagungarri izan daiteke.

Hainbat taldek, Greenpeacek edo Vía Campesinak kasu, arrozaren manipulazio genetikoa kritikatu du.
Denek dute arrazoi neurri batean. Niri eta hemen lan egiten dugunoi ez zaizkigu muturreko jarrerak gustatzen. Erridikulua iruditzen zaigu Ipar Amerikako presidente batek transgenikoekin munduko elikadura arazoa konponduko dela esatea, aspalditik arazoa distribuzioan dagoenean eta ez produkzioan. Baina beste muturrera joan beharrik ere ez dago. Guk hazi transgenikoak eta elikagai transgenikoak bereizten ditugu. Haziei dagokienez,guk prekauzioz jokatzea eta ez zabaltzea erabaki dugu. Elikagai transgenikoen kasuan ere ez da demostratu osasunarentzat kaltegarriak direnik, baina guk, gure ekintza humanitarioan, eztabaida etiko garrantzitsu bat dugu: demagun Gineako errefuxiatu eremu batean gaudela, bertan 20.000 pertsona daudela eta nazioartetik zabaldutako elikagaiak besterik ez dituztela; haien artean zabaltzeko transgenikoa izan daitekeen arto irina ematen badizute, emango al diezu? Bada, noski baietz. Transgenikoa den edo ez jakiten saiatzen gara, gutxieneko kontrolak egiten, eta beti irin bezala zabaltzen dugu, alea hazi gisa erabil ez dadin. Baina debatea oso zabala da eta eztabaida ekonomikoarekin ere nahasten da. Egia da, sarritan, gauza hauen atzean firma handien kontrola dagoela, baina badaude etekinik bilatzen ez duten erakundeak, esaterako, C bitaminadun arroz transgenikoa lantzen ari direnak. Azkenean transgenikoena ez dut uste erabateko irtenbidea denik, baina ezezko borobila emateko arrazoirik ere ez dago.

Askotan jendeari horrelako Nazioarteko Urteak urruti geratzen zaizkio, zalantza bat badago ezertarako balio ote duten. Zer egin dezake gutako edozeinek horrelakoen aurrean?
Erantzuna zaila da. Zalantzan jartzen dut oro har jendea Arrozaren Nazioarteko Urtean gaudela jabetuko den. Eta jabetuta ere, horrelako urteetan beti zerbait botatzen dut faltan: hurrengo urtea, eta hurrengoa... Eta harreman eta eragin sarea neurri txikian bada ere zabaltzen bada, azkenean hobekuntza batzuk egongo dira. Baina borondate politikoetan benetako aldaketa eragitea zailagoa izango da. Eta europar bati ez dio ezertan eragingo, azken finean. Seguraski FAOk edo beste organismoren batek herrialde bakoitzean sentsibilizazio kanpainak egingo ditu. Baina eginda ere, azkenean gutxieneko eztabaida besterik ez da sortuko, oso inbolukratua dagoen jendearen artean soilik. Herritarrak problematika honekiko sentsibilizatzea oso zaila da. Gosez hiltzearen arazoa jendeak ulertzen du. Baina arroz ekoizpena jaisteak esan nahi duena ulertzea zailagoa da.


Azkenak
2024-12-12 | Nicolas Goñi
Plastiko kutsadurari buruzko gailurraren porrotak kudeaezin bihurtu dezake

Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean,... [+]


2024-12-12 | Leire Ibar
Osakidetzako oposizioen filtrazioen ikerketa errudunik gabe itxi du epaileak

Blanca Ester Díaz Pulido epaileak Osakidetzako 2018ko oposizioen filtrazioen inguruko ikerketari amaiera eman dio, sei urte eta erdi igaro ondoren. Akusatu guztiak absolbitu dituzte, 22 guztira, nahiz eta bi kasu behin-behingoz artxibatu dituzten.


Kalitatezko hezkuntzaren aldeko eserialdia egin dute Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren sarreran

Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]


2024-12-12 | Julene Flamarique
“Kanal bat, hizkuntza bat” logika gainditzeko eskatu diote ETBri

Ikusle euskaldun gehien biltzen dituen katea da ETB2, datuen arabera. Aldatu Gidoia mugimenduak agerraldia egin du Bizkarsororen kontraprogramatzearen harira. Salatu dute askotan ETB1 lehian sartzen dela ETB2rekin, eta "herritar guztiak eta publiko bakarra helburu izango... [+]


Jaja Wachukuk ez zuen lo hartu

New York, 1960. Nazio Batuen Erakundeko bilkura batean Nigeriako kanpo ministro eta NBEko enbaxadore Jaja Wachukuk lo hartu zuen. Nigeriak independentzia lortu berri zuen urriaren lehenean. Beraz, Wachuku NBEko Nigeriako lehen ordezkaria zen eta kargua hartu berri... [+]


Europako datu zentro handienetakoa Araban: zein dago proiektuaren atzean?

Ribabellosan 300 megawatioko gaitasuna duen eskala handiko datu zentroa eraikitzen ari da Merlin Propertiers enpresa madrildarra. Milaka milioi euro ari da gastatzen Iberiar Penintsula osoan, ustez puntako teknologia “jasangarria” duten baina elektro-intentsiboak... [+]


2024-12-12 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua duten haur eskolak ipintzeko eskatu diote udalari

Hamabi haur eskola publiko daude Iruñean, eta horretatik bakarrean dago euskarazko eredua. Protesta egin dute dozena bat eragilek, eta euskal hiztunen “egoera berezia” aintzat har dezan galdegin diote udalari.


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


2024-12-12 | Irutxuloko Hitza
Nola egin aurre arrazakeriari kazetaritzatik?

Irutxuloko Hitzak asteartean parte hartu zuen Hordago - El Saltok antolatutako mahai inguruan, Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi kazetariekin.


2024-12-12 | Leire Ibar
Palestinarekin elkartasunez, McDonald’s berriari boikota egitera deituko dute Santutxun

Abenduaren 13an mobilizazioa antolatu dute Santutxun (Bilbo), enpresa amerikarra palestinarren aurkako genozidioaren parte dela salatzeko. Auzoko kideek azpimarratu dute ez dutela nahi auzoan sarraskiari sostengua ematen dion enpresa multinazionalik.


2024-12-12 | Julene Flamarique
Greba abiatu dute Uberreko langileek Bizkaian, gutxieneko soldata baino gehiago kobratzeko

Grebak 27 egun iraungo ditu, urtarrilaren 6 arte. Gutxieneko soldata kobratzeko “365 egunez eta 24 orduz” lan-baldintza “jasanezinetan” lan egiten dutela salatu dute, eta lanaldiaren benetako zenbaketa egin dezan exijitu.


Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten du turismoak, eta isurketek gorantza segitzen dute

Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.


2024-12-12 | Gedar
Europako hainbat herrialdek eten dituzte siriarren asilo-eskaerak, al-Assaden gobernua erori ondoren

HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.


2024-12-11 | Julene Flamarique
Lezoko eraso matxista salatu eta ekintza zuzena aldarrikatu du mugimendu feministak

Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.


Eguneraketa berriak daude