Termiten erasoa

  • Txikiak dira oso eta ez zaie bistan ibiltzea gustatzen. Etxe askotan ordea, ederki ezagutzen dituzte termitak, edo bederen, beraiek sortutako kalteak. Egurra jaten dute, baina beste hainbat materiali ere ez diote muzinik egiten. Kalte handiak eragin arren, Euskal Herriko termita espeziei buruzko informazioa ez dago eguneratua eta orain, Euskal Herriko termiten hedapen mapa osatu nahi dute adituek.

2021eko uztailaren 16an

2.000 espezie baino gehiago ezagutzen dira. Horietatik 150 soilik dira etxebizitza edo eraikuntzetako egurrari erasotzen dietenak. Espainiako Estatuan, orain arteko aipuek diotenez, hiru espezie daude eta soilik bi egurrari kalteak eragiten dizkiotenak, Reticulitermes lucifugus lurpeko espeziea eta Criptotermes brevis habia egur lehorrean egiten duena. Azken hau Kanarietan soilik topatu dute. Hala ere, oso gutxi dakigu intsektu honi buruz eta dagoen informazio urria aspaldikoa da.

Beraz, gure etsairik handiena, lehena dugu. Izenak dioen moduan, argiarekiko oso sentikorra da, ilunpetan bizi da. Espezie honetako termitek habi nagusia lurpean egiten dute. Habi hau, lur azaletik 2-3 metrotako sakoneran egon daiteke. Bertatik soldaduak janari bila irteten dira. Behin helburua lortuta, sabelaldea lurraren kontra igurzten dute feromonak askatzeko (komunikazio kimikoa). Feromonekin, jaki goxorainoko bidea markatzen diete langileei. Langileek, beraien baraila sendoekin, egurra karraskatzen dute eta habiraino garraiatu. Sekulako autobiak eraikitzen dituzte, norabide bikoitzekoak, batzuk janari bila joateko eta besteak bueltatzeko. Denborarekin, kolonia hazi egingo da, janari gehiago behar dute eta, soldaduak berriz irtengo dira zonaldea arakatzera. Gerta daiteke langileek bide luzeegia egin behar izatea. Kasu horretan, bigarren mailako habi bat eraiki dezakete erdi bidean. Bertara bigarren mailako ugaltzaileak joango dira beren soldadu eta langileekin eta beste kolonia txiki bat eratuko dute. Ordezkapeneko ugaltzaile hauei esker esaten da suntsiezinak direla intsektu hauek.

Tarteren batean argitan ibili behar badute, ez dago inongo arazorik, tunela eraikitzen dute. Beraien kaka, listu eta lur pixka batekin, ordu gutxitan "tximinia" deritzon pasadizoa egingo dute, berriz ere, ilunpeko bidera edo helburura iritsi arte.

Gure basoetako hostozabal eta konifero espezie guztiei erasotzen diete eta egurraren deribatu guztiei ere bai: kontratxapatuari, kartoiari, paperari...

Etxe osoa eraitsi dezake

Termitak Euskal Herrian, hainbat lekutan egon badaude: Iruñean, Artean eta Gorlizen (Bizkaia)... Pasaian (Gipuzkoa) izugarrizko arazoa bihurtu zen, kale oso bateko etxeak kutsatuak baitzeuden. Udalak diru laguntzak eman zituen. Zarautzen, termiten erruz, etxe bat bota behar izan zuten.

Askotan zaila da jakitea etxe batean termiten erasorik badagoen ala ez. Etxe azpiak, pisu baxuak edo lurretik gertu dauden txokoak dira beraientzat tentagarrienak, baina hirugarren solairuan ere aurki daitezke. Komenigarria da altzarien atzean hezetasunik baden ala ez begiratzea, eta egurrari arreta handia jarri, zeren nahiz kanpotik ez ikusi, barrutik janda egon daiteke. Batzuetan pintura geruza soil bat uzten dute, guretzat engainagarri dena. Udaberri eta udazkenean, termiten presentzia ziurtatzen diguten errege-erreginen hegoak topa ditzakegu lurrean.

Termitak tratatzeko etxea tratatu behar da. Hau da, habia aurkitzea da egokiena, baina hori oso zaila denez, etxea tratatzen da. Hala ere, alboko etxean termitak ibil daitezke gora eta behera inongo arazorik gabe.

Tratamendu klasikoa produktu kimikoetan oinarritzen da. Lurra, paretak eta etxeko egurra tratatu behar izaten dira. Hori bai, erabiltzen diren produktuak, nahiz eta gero eta hobeak diren, ez dira oso onuragarriak gure ingurumenerako.

Gaur egun, termiten biologia aztertzeari ekin diote, termitak modu naturalean akabatzeko. Gehien erabiltzen dena beita edo amua da. Termizidaz beteriko elikagai gustagarria jartzen dute etxeko hainbat puntutan, normalean termitek erabiltzen dituzten pasabideetan.

Nahiz eta guretzat izugarrizko buruhauste diren termitak, ezin dugu ahaztu badutela beren funtzioa ekosisteman. Deskonposatzaileak dira. Materia organikoa deskonposatzen dute eta lurzorura itzuli. Deskonposatzaileei esker, gure mendi eta basoak garbi-garbi mantentzen dira eta lurra ongarritzen dute. Guretzat eta ingurunearentzat onuragarri eta beharrezkoak dira.

Gizakiari esker, baso-izurrite izatetik hiritar bilakatu da. Garai batean, zuhaitza bota behar zenean, ez zuten edozein garaitan botatzen. Neguan botatzen zituzten, izerdia gora igo baino lehen eta espeziearen arabera ilgora edo ilbeheran. Ilgoran, pagoa, lizarra, haltza, platanondoa... eta ilbeheran urkia, haritza, artea... Ondoren, bertan uzten ziren lehortzen, hobeto lehortzeko, egurrak biziorik har ez zezan (ez okertzeko) eta inongo izurriekin kutsa ez zedin.

Gaur egun, hori guztia ez da errespetatzen, ez baitago denborarik zain egoteko. Kutsatutako piezak, egur hondakinak, lurra... garraiatzen dira hara eta hona eta termitak, leku berrira iristean, baldintza egokiak badituzte, bertan geratzen dira.

Frantziarren eskarmentua

Frantzian, aspalditik ari dira aztertzen hiri izurrite hau. Azken 50 urteetan izugarri hedatu da eraikinetako izurrite suntsitzaileena. 1999. urtean, lege berria kaleratu zen termiten hedapena geldiarazteko. Neurri zorrotzak hartu dituzte, kutsatutako egur eta egur hondakinen garraioari dagokionez. Garraiatu aurretik tratatu egin behar dira bertan. Etxean termitak izanez gero, udalean jakinarazi behar du kaltetuak. Kasurik egin ezean, isuna 500 eta 1.000 euro bitartekoa izan daiteke. Bestalde, etxebizitza bat saldu aurretik, beharrezkoa da etxebizitzaren osasuna ziurtatuko duen ziurtagiria edukitzea.

Euskal Herrian ere, ez gara Frantziako arriskutik urrun ibiliko, baina ezjakintasunak zoriontsu egiten gaitu. Horregatik, Azpeitiko Cidemco ikerketa zentroak proiektu bat hasi berri du. Termiten mapa zehatz bat burutu nahi dute, termiten hedapena ezagutzeko eta era berean, kutsatzeko dugun arriskua ezagutzeko.

Horretarako behar beharrezkoa da guztien kolaborazioa, hala nola, desinfekzio enpresa, udal, errestaurazioko enpresa, arkitekto elkargo, ondarearen kontserbaziorako erakunde edota interesa duen edozein pertsonaren laguntza.

Kolaborazioa termitak bidaltzean datza. Parte hartu nahi duenari, ikerketa zentroak laginketarako materiala bidaltzen dio, gutunazal, zigilu eta guzti. Jasotako termita horiekin alde batetik, mapa osatuz joango dira eta bestetik, ingeniaritza genetikoaren bidez, espeziea identifikatzea lortuko dute, lehen aipatu dugun bezala, garai bateko informazioan oinarritzen baikara Euskal Herrian bizi diren espezieak aipatzeko orduan.

Termiten errege familia
Erromatarrek ezagutzen zituzten "Termes" izenez. "Zizare karraskari" adierazten du hitz horrek, egurra jaten dutelako. Baina egia esan, zelulosaz osatutako edozein materialez elika daitezke. Elikatzearen helburua lortzearren, gai dira edozer desitxuratzeko: plastikoa, zementua, aluminioa, igeltsua, poliestirenoa...

Isopteroen ordenean sailkatzen diren intsektu sozialak dira termitak. Sozialak deitzen zaie, gizarte txiki bat osatzen dutelako guztien artean, monarkikoa gainera, erleen antzera.

Intsektuen artean talderik zahar eta primitiboenak dira. Duela 55 milioi urteko fosilak ezagutzen ditugu, baina beren sinpletasunean gaur eguneraino iritsi dira. Aditu askok dio termitak betiraunkorrak direla, egoera zailenetan ere birsortzeko gaitasuna baitute artikuluan ikusi dugun bezala.

Termiten biziraupena hezetasun eta tenperatura konkretuen araberakoa da. Beharrezkoa dute hezetasun minimo bat bizitzeko, baina ez gehiegizkoa, eta gustukoa dute epeltasuna.

Langileak, soldaduak, errege-erreginak...
Kastatan egituratutako gizartea osatzen dute. Bakoitzak bere funtzioa betetzen du kolonia barruan. Kolonia fundatzaile den bikotea, errege-erreginak, indibiduo berriak sortu eta koloniaren ongizateaz arduratzen dira. Baina badaude ugal funtzioaz ardura daitezkeen bigarren mailako indibiduo batzuk ere, ordezkapeneko ugaltzaileak edo ugaltzaile sekundarioak. Adibidez, arrazoi batengatik edo bestearengatik erregina desagertzen bada, horiek ugalkorrak bihur daitezke. Langileek, izenak adierazten digun moduan, koloniako lan guztien ardura daramate, mantenuaz arduratzen dira. Koloniako kasta ugariena da eta berauek dira txikienak, 1-2,5 mm artekoak. Soldaduak, batetik, janariaren bilaketaz arduratzen dira eta bestetik, kolonia defendatu behar dute erasoetatik. Etsai zuzenenak inurriak dira. Ninfak, berriz, errege-erregina gazteak dira, noizbait beste kolonia baten fundatzaile izango direnak.

Ninfa horiek heltzen direnean, hegodun termita ugalkor bilakatuko dira. Ninfak, langileak, soldaduak eta ugaltzaile sekundarioak zuriskak eta argiarekiko sentikorrak badira ere, hegodun hauek beltzak dira eta ez dira argiarekiko sentikorrak, urteko garai zehatz batean argitara irteten baitira. Eztei hegaldiaren ondoren, ernaldu egiten dira eta habi berriaren eraiketa hasten da segidan. Erreginak hegoak galtzen ditu eta arrautzak jartzen hasten da. Eguneko 1.000-4.000 inguru jar ditzake. Arrautza horietatik larbak jaioko dira. Larba horietatik, ninfak, soldaduak, langileak edo ordezkapeneko ugaltzaileak jaio daitezke, koloniaren beharren arabera.

Proiektuan parte hartu nahi baduzu
Termiten erasoa jasan baduzu eta proiektu honetan parte hartu nahi baduzu, zure datuak Cidemco enpresako Biotek-egurra departamentura, 943 81 60 74 fax zenbakira bidali edo ondoko helbide elektronikora idatzi: iban.sabalza@cidemco.es


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


2025-04-16 | Jon Alonso
Zozo zuriak

Jada bizpahiru aste izango dira irakurri nuenetik, Maialen Akizuren zutabe batean. Aner Peritzek telebistan esandakoak zekartzan: “Bertsolaritza da gizon zis heteroekin ez harremantzera eraman nauena, bertsolaritza delako disidente egin nauena, eta, era berean,... [+]


Eguneraketa berriak daude