Meatzaldea izeneko eskualdea meatzeen baldintzetara moldatuta badago ere, Gallartatik Zugaztietarako (Trapagarango auzoa) eremua "ustiapenaren bihotza" izan zen. Abanto eta Trapagarango auzook lotzen dituen hamar kilometroko ibilbideak ondare historikoaren berri eman, eta ingurumena berreskuratzeko saioak egin ditu.
Meatzaritzaren Museoaren aurre-aurrean, zeru zabalpeko Kontxa II meatzea dago. Itsasoaren maila baino hogei metro baxuago dago. 1961etik 1993a arte ustiatu zuten meatzea. Urtean 50.000 tona burdina ateratzen zuten 700 meatzari inguruk. Ondoan dagoen Bodovalleko meatzeak 60 kilometroko galeriak ditu. Galeria bakoitzaren barruan Burgoseko katedrala sartzen dela esan ohi da. Galeriarik sakonena itsasoaren maila baino 205 metro baxuago dago; Euskal Herriko punturik baxuena da. Kontxa IIko burdina preziatua eskuratzeko grina handia zen eta gainean zegoen meatzarien herria deuseztatu zuten. Langileen etxeak lekuz aldatu behar izan zituzten 1970ean, Kontxa IIren minerala ustiatzeko. Meatzaritzaren Museoko Kultur Elkarteak zeru zabalpeko meatzea monumentu izendatzeko eskatu berri dio Eusko Jaurlaritzari.
Kontxa IIren aurrean, 1881etik aurrera Meatzari Ospitalea izan zen eraikin zuria dago. Eskualdean, hiru modulutan banatuta zegoen meatzarientzako ospitalea. Enrike Areilza doktoreak zuzendutako ospitalearen ordezkaritzak Abantoko Matamoros auzoan eta Galdamesen zeuden. Tuberkulosiak jota, langile askok baja hartu behar izaten zuen. Bestelako biriketako gaitzek ere makina bat meatzari gaixo eragiten zuten. Dena den, horrelako gaixotasunak ez ziren lan-gaixotasun gisa hartzen.
Ospitaletik Campillo auzora joanda, Gallartako ikuspegi orokorra izango dugu. Lehenengo planoan, gainera, Kontxa II zeru zabalpeko meatzea izango dugu. Triano auzotik gora, mendi-pistari jarraituz, Zugaztieta dago (Trapagaran). Bidean, ingurunea berreskuratzeko saioen lekuko izango gara. Alde batetik, Enkarterriko billano txakurrak eta euskal pottokak hazten dituen baserria dago eta, bestetik, zabaltzear dagoen Ingurumenaren Interpretazio Zentro berria.
Hamar kilometroko ibilbide horretan meatzeek baldintzaturiko ingurunea ikus daiteke. Minerala garbitzeko putzuek hor diraute. Burdina herrira jaisteko plano inklinatuaren sistemak ez du aldaketarik izan. Gallartara helduta, trenez, itsasorainoko bidea hartzen zuen burdinak, handik atzerrira abiatzeko.
Zugaztieta mendi tontorrean eraikitako Trapagarango auzotxoa da. Herri monumentala izendatuta dago. Bere sorrerak, baina, XIX. mendera eramaten gaitu. Behin-behineko barrakoiek eskualdeko meatzariak hartzen zituzten. 1887tik aurrera, harrizko etxeak egin zituzten eta gaur arte iraun dute.
Burdina urre bihurtu zen mendea
Euskal Herrian, eraldaketa sozial eta ekonomikoa ekarri zuen burdinaren ustiapenak. Europako industrializazioak euskal esplotazio tradizionala bertan behera utzi zuen. Hortaz, XIX. mendeko industria boomari heldu zion Bizkaiko Meatzaldeak. Bizkaia eraiki zuten gizon-emakumeen lanaren omenez sortu zuten Gallartako Meatzaritzaren Museoa 1996an.
Uriartek, museoko zuzendariak dioen moduan (eta baita zonaldeko askok ere), Bizkaia eraiki zuten herriak probintziako langile gune garrantzitsuenak bilakatu ziren hamar urtetan. Etorkinen olatu masiboekin batera, garaiko Bizkaia sortu zen. Lurjabeek itsasadarraren eskuinaldera jo zuten eta burdina lantzeko enpresak sortu ziren Ezkerraldean eta Meatzaldean. Mugimendu politikoek bidea hartu zuten: sozialismoak, anarkismoak eta nazionalismoak. Hamar urteko epe laburrean, Bilboko populazioa bikoiztu zen, Barakaldokoa hirukoiztu, eta Sestaokoa hamar aldiz biderkatu. Espainiatik etorritakoek meatzeetan eta ondoko enpresetan lan egiten zuten, bertoko nekazarien seme-alabekin batera. Klase kontzientzia berria abian zegoen. Gallarta dugu Dolores Ibarruri «Pasionaria»ren jaioterria.
Bederatzi urteko jornalariak
Museora sartu aurretik kartel hori handi batekin egingo dugu topo. "Gaur, 0,0 lan-istripu izan ditugu". Egunero-egunero, lauzpabost meatzariren heriotzaren berri ematen zuen kartelak non gauden gogorarazten digu. 20-30 urte bitarteko gizonezkoek jarduten zuten burdin meatzetan. Bizitza itxaropenaren batez bestekoa 18 urtekoa zen garaian (haurren heriotz tasa izugarriak azaltzen du datuaren gogortasuna), enpresaburuek 40-50 urtekoak eta umeak ere enplegatzen zituzten "beharrezko kasuetan". Bederatzi urte besterik ez zituen jornalari baten heriotza-akta dago Museoan ikusgai.
Zazpi egunez, hamabi orduz, lan egiten zuten meatzariek. Egunean 15 bagoi betetzeko beste mineral atera eta kargatu behar izaten zuten langileek, 15.000 kg guztira. Horren truke zazpi pezeta irabazten zituzten hilean, 1940ko datuen arabera. Soldata horrekin sei pezeta balio zituen dozena bat arrautza baino ezin zen erosi orduan. Gainera, enpresaburuaren kantinan erostera behartuta zeuden meatzariak.
Meatzearen ondoko barrakoietan bizi ziren langileak. Ohe bakar batean hiru langilek egiten zuten lo, lan-txanda ezberdinetakoak izaten ziren-eta. Barrakoi horiek ere enpresaburuaren errentapekoak ziren. Kanpotik zetozenentzako etxebizitza eredu berria asmatu zen, behin familia osatu eta gerorako. Pisu bakarreko etxe txikitxoak dira, zuriz kareztatutako fatxadekin. Oraindik, ikus daitezke eraikinok Balastera eta Putxeta auzoetan, Gallartan bertan, Meatzaritzaren Museotik ez oso urrun.
1890ean hamar orduko lan-eguna eskatzeko antolatu ziren lehenengoz meatzariak. Espainiako Estatuko lehen greba orokorra izan zen 1890eko hura.