EKAITZ GOIKOETXEA ASURABARRENA
80eko abuztuaren 28an jaio zen beasaindar hau, Euskal Filologian lizentziatua da eta euskara irakasle eta itzultzaile lanetan ari da. Hainbat bertsopaper sariketaz gain bat-batean Euskal Herriko Eskolarteko bi txapel irabazi ditu.
Galderak:
Zer izan da txapelketa hau zuretzat?
Probaleku bat izan da. Gazte asko gaude maila izugarri onekoak, saio gutxi dauzkagunak urtean zehar. Saioetara salto emateko txapelketa izaten da tokia. Entrenatzen gustora aurkitzen nintzen, ondo ikusten nuen neure burua. Nahi nuena zen entrenamenduetan ematen ari nintzen maila txapelketan ematea. Uste dut hiru saioetan lortu dudala hori.
Zer alde dago bertso eskolatik plazara?
Urtean behin edo bitan bakarrik igota oholtzara, ni behintzat oso urduri sentitzen naiz, eta txapelketan hare gehiago. Tabladuarekin harremana hestutzea falta zait. Nire helburua da urtean 20-30 saio izatea, sufritzetik gozatzen hastera pasatzeko. Urduritasun punttu hori gustatzen zait eta beharrezkoa da, baina bada garaia gozatzen hasteko.
Bakarkakoan utzi duzu jendea zur eta lur. Nola prestatzen duzu?
Astean bi-hirutan lagun ezberdinekin elkartuz prestatu nahiz. Tolosan Bixente Gorostidi, Alfontso Jimenez eta Amaia Agirrerekin, eta Goierrin Iker Zubeldia eta Iban Urdangarinekin. Baina bereziki etxean liburu asko irakurri ditut: poesia, prosa eta bereziki asaiakera. Egunkarietatik berriak hartu eta hiru bertso berri bakoitzari nola botako nizkiokeen bide ezberdinak jorratu...
Nik uste asko lagundu didala urtetan bertso paperak landu izanak. Errimategia aberasteko. Hasieratik garbi neukan doinu luze bat aukeratu behar nuela, eta bederatzi puntukoaren aukera egin nuen. Horretarako errima dexente behar dira, eta errimak landu egin ditut.
Finalerako zer asmo?
Beste zazpi finalistekin batera saio on bat egitea. Eta helburu gisa, gustatuko litzaidake lehenengo bien horietan sartzeko borroka egitea behintzat. Badakit oso zaila izango dela, ia ezinezkoa, baina borroka behintzat egin nahiko nuke.
Nola ikusi aurreko eta belaunaldi berria?
Oso egonkortuta dago, eta izugarrizko maila ematen ari da joaten den edozein tokitan. Hainbesteko urteren alderik ez dago haiengandik geurera, baina ikusten da bi belaunaldi garela. Belaunaldi berri honetatik 4 sartu gara, baina oso maila orekatua dugu, eta beste edozein sartu zitekeen.
MAIALEN LUJANBIO ZUGASTI
Hernanin jaioa 76ko azaroaren 26an. Arte Ederretan lizentziatua da. Sariketaz sariketa ibili luzea du egina irabazle moduan eta eskarmentu handiko bertsolaria da. 1997an eta 2001ean Txapelketa Nagusiko finalista izandakoa, bere maila erakustera dator txapelketa honetara.
Galderak:
Zuen belaunaldia izan da aurten beterano. Nola ikusi duzu belaunaldi berria? Nola sentitu zara haiekin oholtzan?
Ez da berri izatearen kontua. Kantatzen ohituta ez nagoen jendearekin kantatzea beti da zerbait berezia, berria. Ezberdina da, elkar ezagutzen dugunen artean beti sortzen da ikusten ez den konplizitatea, elkar ulertzea. Elkarrekin aritu gabeko jendearekin bai dela bapatekotasun puru purua. Lehen aldiz norbaitekin hitz egiten dugunean bezala da.
Zer alde dago Euskal Herrikotik Gipuzkoako txapelketara?
Txapelketan zerikusi handia du bertsolariaren momentu pertsonalak, eta bertsogintzako momentuak. Alegia, bertso munduan non zauden, nola zauden, nola ari zaren bertsotan, zer asmorekin... Txapelketak bizitzako une batean harrapatzen gaitu. Txapelketak eskatzen du grina izatea, gogoa eta kemena lehiarako eta lan egiteko. Eta hori ez da beti berdin izaten. Ni ez naiz berdin sentitzen. Bi urte pasatu dira, derrigor da momentu ezberdina. Hura pasatu zen, eta esperientzia pilatu bat da, eta era berean izan liteke neke bat.
Finalerako zer helburu?
Nire buruarekikoak egin nahi ditut, behintzat. Nire buruarekin zintzoa izaten, nire ideiekin, nire ikuspuntuak lantzen saiatu nahi dut. Benetan sentitzen ditudan ideiak kantatzen.
Zer eman du txapelketa honek?
Plazan hainbeste ez dabilen jendeak sekulako maila eman du. Txapelketa honetan agerian geratu dena maila teknikoa da. Aurrera begira pentsatu beharko dena da teknika eta mamiaren arteko balantza. Ikuspuntu, gaia jorratzeko era, iritzia... Zer entzun den, zenbateko balioa ematen zaion horri, hori nola puntuatzen den... Hori ezinezkoa da puntuatzen. Alde teknikoa oso brilantea izan da.
Bertsotako zer momentutan zaude?
Ez daukat oso garbi zer egin nahi dudan. Indefinizio hori da nere arazo nagusia. Txapelketan ez da zertan ezer berririk proposatu behar, zure bertso ibilbideko momentu horretan alderik onena emateko lekua da. Gure bertsokera lantzeko lekua plaza da. Plazan egiten da ahaleginen bilakaera, eta txapelketa da ahalegin horren eskaparate bat.
AITOR MENDILUZE GONZALEZ
Andoaindarra, 75eko azaroaren 11ean jaio zen. Batxilergo ikasketak burutu ditu eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kudeatzailea da. Eskolarteko bi txapel ditu, eta bera da banaka jokatutako azken Gipuzkoako Txapelketako txapelduna 95-az geroztik. Ariketa guztietan aritzen da gustura, eta bere burua probatzera dator txapelketa honetara.
Galderak:
Txapeldun egin zinen txapelketaren eta aurtengoaren artean zer alde?
Partehartzaileentzat zortzi urte pasatu direla, eta ez alperrik. Garai hartan finalera sartu ginen batzuk gaztetxo batzuk ginen, eta orain elitean gabiltza. Elitera saltoa nik txapelketa hartan eman nuen. Eta garai hartan elitean zebiltzan batzuek, oraingo txapelketan ez daude. Ziurrenik aurten atera den belaunaldi berria gu garai hartan geunden egoera berdintsua bizitzen ari da. Guk elitera salto egiteko ilusioa, asmoa eta intentzioa geneukan. Tira, elitera salto egiteko baino, norbait gehiago izateko eta egiteko, ez konkretuan hainbeste plaza... Uste dut aurten jende horrek ilusio bera izango duela. Maila aldetik, agian guk geneukan maila baino hobea dute, orokorrean.
Txapela defendatzera aterako zara?
Nire txapela ez da defendatzekoa, jada urte asko pasatu baitira. Orain, irabazi behar duenari ez diodala merke utziko, ziur. Joatekotan, ez irabazteko helburuarekin, baina bai irabaztera joan behar dela. Txapelketara ezin da galtzera joan.
Zure bakarkako eta puntukako saioak jendearen oroimenean geratu dira. Zein da sekretua?
Bakarkako gaitan saiatu naiz gaian barrurago sartzen. Nire estiloan ukitu pertsonalago bat ematen saiatzea. Bertsoak neureago egiten, neure izakera ematen.
Puntuka egiteko, ahaztu bertsotan egiteko beste modu guztiak, eta puntu bati beste puntu bat erantsi behar zaio, eta kito. Eskema ezberdina du. Batek puntua jartzen duenean, bigarrenak zer erantzungo dion ez du jakiten, beraz, hirugarren puntua pentsatuta edukitzeak ez du balio. Puntu bakarra pentsatu behar da, eta bestearen erantzunaren ondotik pentsatu haren erantzuna. Baina noski, hiru segundutan pentsatu behar da, hori da duen zailtasuna. Puntutik puntura esateko erreflexuak behar dira. Baina sarri hasten gara estrategiak montatu nahian, eta errima batzuk geroko gordetzen, eta hor galtzen gara.
Zer eman du txapelketa honek?
Maila orokorrean oso altua dagoela ikusi du askok, eta beste askok deskubritu, ez baizuten espero. Finalisten artean zortzitik 4 dira lehen aldiz kantatuko dutenak, eta aukera polita da haientzat ere. Publikoaren erantzuna ere nabarmena izan da, erantzuna izugarria izan da, saioetan jende asko ibili da.
IÑAKI GURRUTXAGA ZUBIMENDI.
Euskal Filologiako ikasle oriotar hau 81eko ekainaren 1ean jaio zen. Lizardi sariaren irabazlea izandakoa, ez dauka gustuko ariketa berezirik, agian ofizioka aritzea gehiago gustatzen zaion arren.
Galderak:
Zer izan da aurtengo txapelketa zuretzat?
Aldez aurretik ikusten nuen belaunaldi baten konfirmazioa izan behar zuen txapelketa dela hau. Nire ustez konfirmazio hori bete da, neurri handi batean. 23 urtez beheko 3 sartu gara finalean, eta ordezkaritza gisa ez dago gaizki. Niretzat izan da gazte sariketetan topo egiten ez genuen beste jende batekin lehiatzeko aukera, eta horien ondoan norbait garela erakustekoa.
Zein da zure armarik onena aurtengo txapelketan?
Ilusioa. Haize berriak ekartzea. Belaunaldi berri batekin batera entzule berri bat dago, eta entzule berri horri zerbait eskaini behar zaio. Alternatiba. Eta nik uste publiko berri horri errazagoa zaiola identifikatzen bertsolari berriekin, lehendik dauden bertsolari esterotipatuekin.
Finalerako zer helburu? Zer jarrera?
Oso bertsolari zentratuak ikusten ditut, eta nik kontrapuntua jarri nahi nuke. Freskotasun gehiago eman, eta esperimentatu. Finalean gauza berriak egin daitezke, baina gehiegi ere ez. Bestela, jendea deskolokatu daiteke.
Originala, ideia berriak... Propio hartutako jarrera?
Itsura bat eman nahi izanda ere, publikoak nahi duen bezala interpretatzen du. Beraz, onena norbera nahi duen bezala agertzea da.
AMAIA AGIRRE ARRASTOA.
77ko abuztuaren 27an jaio zen villabonatar hau, eta Euskal Filologian lizentziatua da. Hitzetik Hortzera programako erredaktore bezala lan egiten du. Xenpelar saria irabazi zuen 98an, eta Osinaldeko txapeldunorde ere izana da. Puntuari erantzutea du ariketarik kuttunena.
Galderak:
Finalerako zer helburu?
Ez dut postu batekin amets egiten. Hainbeste jenderen aurrean neure buruarekin gustura geratzea eta jendeak nire bertso bat buruan eramango balu, gustura geratuko nintzateke. Jendeak irudi on bat hartu dezala, eta eraman dezala bertso edo saio bat buruan.
Zer jarrerarekin joan nahi duzu?
Tentsio punttu batekin joan nahi dut, baina lasai. Disfrutatzeko aukera gisa hartu nahi dut finala. Zure buruarengan konfidantza edukitzea ezinbestekoa da. Autoestima aspaldian baju xamar neukan bertsotan, eta autoestima igotzea lortu dut, eta konfidantza pixka bat hartu ere bai.
Nola prestatu duzu txapelketa?
Aurten ez dut plaza gehiegirik egin, eta entrenatu ere oso gutxi egin dut. Bertso eskoletan klaseak emanez eta Hitzetik Hortzeran lan eginda, zaila da entrenatzeko gogoa mantentzen. Saturatu egiten naiz bertsoekin. Baina sinisten ari naiz, Hitzetik Hortzeran besteen saioak entzunaz asko ikasten dela. Subkoszienteki, beti geratzen da zerbait.
Bertsotan nola sentitu Maialen eta Mendiluzerekin?
Bertsotarako lagun onak dira. Sekula ez diote ondokoari biderik isten. Hori esperientziak ematen duen zerbait da, bertsotan jakin behar delako ondokoa arrazoitan hautsi arren, bidea itxi gabe bertsotan egiten. Plazan esperientzia duten bertsolariek hori oso ondo egiten dute, eta beti uzten diote ondokoari zirrikitu bat luzitzeko. Gero luzitzen asmatu behar da!
JON MARTIN ETXEBESTE.
Oiartzuarra, 81eko urriaren 16an jaio zen. Publizitatea eta harreman publikoko ikaslea, kazetaritza ikasketak burutu ditu, eta eskolarteko zenbait txapelketa eta Abra sari irabazi ditu. Bakarkako gaiei erantzutea gustatzen zaio.
Galderak:
Nola prestatu zara? Bakarkakoa...
Maiz bildu gara. Bakarkakoa lantzeko sparring berezia izan dut, Egoitz Zelaia. Horretarako bakarrik elkartzen ginen biok, gaiak jartzen zizkidan eta bide ezberdinak proposatu. Astean hirutan bildu gara Karrika bertso eskolan, batzuetan Karlos Aizpuruari ere bixitak egin dizkiogu... Prestaketa izan da hona iristeko sekretua.
Hainbeste prestatzeko, bertsolari izateko apustu hori egin beharra.
2001eko Euskal Herriko txapelketak izan du horretan eragina. Bertso eskolan biltzen ginen Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Arkaitz Goikoetxearekin eta ikusi nuen bertso eskolan egin zuten lana eta jaso zituzten emaitzak. Ikusi nuen lana gogor eginez gero, noraino iristeko aukera zegoen. Planteatu nuen merezi zuela apostu gogor hori egitea, eta ondo atera da.
Aurten ateratako bertsolari berriek belaunaldi bat osatzen dute?
Nik uste belaunaldi bat badela. Eskolartekoan eta gazte sariketetan elkarrekin lehian ibilitakoak gara, baina horrek ez digu giro txarrik utzi. Koadrila giroa dugu. Bertsolari bakoitzak du bere ezaugarria. Baina denok dugu maila dexente plazarako saltoa ematen hasteko. Arazo handi bat da bertsolari asko dagoela eta guretzat plaza gutxi. Ea jendea txapelketa honetakoa ikusita aukera bat emateko prest dagoen!
Aurtengo beteranoak zer dira?
Maialen, Mendiluze, Iturriaga...ren belaunaldian ere jende asko da plazarako saltoa eman ez zuena. Pentsatzen dut guri ere berdina gertatuko zaigula.
Oraindik gazte etiketarekin dabiltza, eta egitan gazteak dira. Baina oraindik gazteagoak bagaude, eta uste dut hori baliatu behar dugula. Lotsagabe jokatu eta gazte horiei gazteagoek egurra ematen saiatzea nahi genuke.
JEXUX MARI IRAZU MUÑOA.
Larraulen jaioa 72ko irailaren 27an. Filosofian lizentziatua da eta Hernaniko Kronikan lan egiten du erredakzio taldean. Gipuzkoako Txapelketan bigarren egin zuen 1995ean. Txapelketa Nagusian finalera iritsi zen 1997 eta 2001ekoan, eta dena ematera dator txapelketa honetara ere.
JON MAIA SORIA.
Zumaiarra, 72ko ekainaren 25ean jaioa. Euskal Filologian lizentziatua da eta itzultzailea ogibidez. Xenpelar saria irabazi zuen 1989an eta 1990ean, eta Euskal Herriko Eskolarteko txapelduna izan zen 1990ean. Txapelketa Nagusian finaleko zortzikotean sartu zen 1997an eta 2001ean. Ez dio ezeri uko egiten txapelketa honetan.
Bertsotako zer momentutan zaude?
Ni sekula baino hobeto sentitzen naiz. Plazetan azken urteotan gorakada bat sentitzen dut, bertsokeran, askoz gehiagotan gozatzen dut, eskarmentua badut eta oso eroso nabil. Tolosan sentitu nuen alperrik galdu ote nuen gorputzaldi on hori.
Etengabe garatzen ari naizela sentitzen dut, eta hori polita da. Ez dut sekula nabaritu tope bat. Nirea oso karrera luzea da, euskaraz gaizki hitz egitetik hasi, bertsotan ikasi, bertsotan hobeto egin, eta honaino iritsi arte. Oraindik sentitzen dut ez dudala bukatu, eta hori gustatzen zait. Aurrera egin dezakedala eta hobetu dezakedala nire bertsokera sentitzea.
Nik uste nire bertsokera dela landua somatzen dena. Ez da hain intuitiboa. Estilo bat ere lortu dut, eta hortik jo behar dut.
Nola lantzen duzu zure estiloa?
Askotan kontzentrazioa joan egiten zait, eta bertsotan hasten naizenerako zenbait gauza garbi edukitzea nahi dut. Bertsoa nola planteatu nahi dudan pentsatzea gaia entzun ahala, ahal dela, orokorrean ikusi bakarka edo ofizioka hiru bertsotan zer egin dezakedan. Zaila da, baina behintzat gogoratu hori egin dezakedala, eta saiatu. Lortzen ez badut, bada betikoa, bertsoz bertso joan eta kito. Bertso pieza bera nola egituratu ere, kontziente izan nahi dut bertsoari ahalik eta zuku gehien ateratzeko. Plazaz plaza hartzen den inertziarekin, erraztasunetik jotzen da maiz, azkar eta arinaren bila, eta badirudi bertsoaren puntuen gainetik pasatzen garela hegan. Orain puntuz puntu eta hitzez hitz ahalik eta probetxu gehien atera nahi diot bertsoari. Horretarako kontzentrazioa oso da inportantea. Saiatzen naiz zenbait gauza buruan sartzen, gauzak nola egin nahi ditudan presente edukitzen, ez dut hainbeste papereko lanik egiten.
Neurriak ere buruan darabilzkit bueltaka, eta errimak ere bai. Baina errima konkretu batzuk, ez familia osoak, esan nahi dituzun hitz batzuk baizik, zeuretik jotzeko bertsoak.
Zer erronka finalerako?
Gogo handia dut finalerako, aukera bat delako norberaren onena erakusteko. Behingoz aukera hori aprobetxatu nahi dut. Ez zait hainbeste axola irabazi edo galdu, lehenengo edo boskarren. 2001eko Euskal Herriko txapelketan geratu nintzen sentsazioarekin, ez nuela aprobetxatu plaza, ez nuela utzi ezer jendearentzat gogoangarririk, edo neure burua gustura utziko zuenik. Laugarren gelditu nintzen, baina horrek ez dit ezer esaten niri. Gehiago esaten dit zortzigarren gelditu, baina hiru bertso uzteak betirako.
Finalean nahiko nukeena da, neure onenetik kantatzea. Gogoa dut txapelketako saio batean behingoz parez pare jotzeko. Orain arte ez dut lortu.
Nola ikusi duzu Gipuzkoako txapelketa?
Ikusten da gazteak teknikoki oso prestatuak daudela, eta gainera anbizio handiz, leku bat hartzeko gogoz. Hori da ikusi dudan gauzarik nabarmenena. Pena eman dit gure belaunaldiko zenbait jende atzean gelditzeak. Gu ere belaunaldi gazte garelako eta asko dugulako egiteko.
Nola entrenatu/kontzientziatu zara?
Nik zail ikusten dut zenbait jenderekin konparatuta teknikoki haiek adina egitea. Nik uste guk beste alde batzuetan markatu dezakegula diferentzia. Gaiei heltzeko modutan, planteamendutan, gaiak lantzeko moduak, ikuspuntuak... Teknikatik harago dauden zenbait aldetan. Sentimentuak transmititzen, irudiak sortzen... Nik uste hainbeste urtetan sortu dugun norberaren inpronta edo estilo hori adieraztea, nortasunean diferentzia markatzea.