Azken aldian Patxi Barco maiz azaldu da komunikabideetan, batez ere aurtengo Zinemaldian berak zuzendutako "El final de la noche" filma estreinatu duela-eta. Barcok, ordea, urte mordoa darama antzerkiaren munduan. Hogei urteko ibilbidean aktore jarduteaz gain, antzerki, zine eta telebistarako hainbat ekoizpenetan zuzendari aritutakoa da.
Telebistak azken boladan hartu duen norabidea ikusita, ba al du salbaziorik?
Salbaziorik? Ez dut uste. Esponsorrek agintzen dute gaur egun. Programa arrosak eta eskandalua dira nagusi. Gero eta ordinarioagoa izan, orduan eta arrakasta aukera gehiago duzu. Lehen ez ziren hain garrantzitsuak telebista audientziak. Zuzendaritzak hala erabakiz gero, programa batek parrillan iraun zezakeen. Gaur egun, aldiz, telebista produktu zenbaitek arnasa hartzeko aukerarik ere ez dute.
"El final de la noche" zure lehen film luzea estreinatu berri duzu, zer moduzko esperientzia izan da?
Film labur pare bat egina nuen aurretik, baina noski, zinea egitea ez da gauza bera. Oso bitarteko gutxi daude egun filmak egiteko, denbora oso laburrean egin behar izaten dira eta gero, gainera, industria estatubatuarrarekin lehiatu behar. Munduko edozein lurralde txikiren barne produktu gordina izan daitekeen diru kopuru bera gastatzen dute film bat egiteko, eta ondoren, zinema guztiak euren jabegokoak dira. Errealitate honetan lanean aritzea oso zaila da. Dena den, oso pozik nago eginiko lanarekin.
Zein da zure aburuz egun antzerkiak izan behar duen funtzioa?
Antzerkia ez da aurretik erabakitzen den ekintza bat. Gizakiak, sortu zenetik, behar-beharrezkoa izan duen zerbait da. Nire ustez antzerkia gizakiak bere-berezkoa duen zerbait da.
Eta zer da Kanpingags?
Ekoizpen zentro gisa funtzionatu nahi duen zerbait. Burujabe izateko asmoz negozio honetan bizitza osoa daramagun lau pertsonek osatu genuen. Kanpingagsekook komedia egin nahi dugu, azken batean, horixe delako dibertigarrien zaiguna.
Antzerkia batzuetan kulturaren izenean egiten da, edo derrigorrean egin behar den zerbait izango balitz bezala...ez, ez! Niretzat antzerkia ekintza ludiko bat da, funtzionatzen duenean jende askok gozatzeko beta ematen duen ekintza ludikoa.
Zertan zabiltza orain?
Kanpingagsekoekin datorren urterako beste proiektu bat prestatzen ari naiz eta telebistarako telesail bat egiteko asmoa ere badago. Bitartean, datorren film luzerako gidoia idazten dihardut. Ea datorren urtean zortea dugun. Honi jarraipena eman behar zaio, bestela ez du zentzurik.