Ilberriko gau goibeletan, Sarasate pasealekuko bertze muturretik, Foru-parlamentu zaharberritutik begiratuz, badirudi Nafarroaren miraila omen den andere oparoa zutarri itzel gainetik desagertu dela. Harritzekoa ote? Ehun urte goiko hori bizitoki, gibelean duen Diputazio-Jauregiko jaun batere ez zaio oraindik hurbildu eskua eta ongi etorria ematera. Zutarri-oinetako bortz testu handiosek sinestarazi zioten, beharbada, Nafarroaren sinbolorik bihotzekoena dela, eta jakin badaki protokoloekiko nafarren axolagabetasunaz. Baina ez al da gehiegi? Ehun urtetan hor esperoan egon arren, existituko ez balu bezala, inauguratu gabe oraindik ere. Hau bai sinboloa.
Monumentua: what monumentu?
1903 urtea aurrera zihoala, urrian eman zuen garaiko nafar Diputazioak bukatutzat gure Foru-monumentua, hamar urte lehenago hasia. Luze bezain gorabeheratsua izan zen eraikuntza. Eta egon badago gaur egun haren inaugurazioa eskatzen duenik. Areago, nafar agintariek egiten duten foruen manipulazio maltzurra gogoan, badago, egon, herri-inaugurazioa egin nahiko liokeenik lehen mendeurren honen kariaz, betiko foruzale sasikoei eskutik irabazteko asmoz. Bere abantailak ditu, alabaina, monumentuaren ofizialtasun falta horrek. Galdetu, bertzela, oso urte gutxi dela zutarri itzeletik gora igo eta anderearen gonetatik zintzilikatu ziren protestante haiei »berdin du zeren kontra edo alde», nola libratu ziren foruzainek jarri zieten salaketatik, ondare publikoa zapaldu izanagatik egindako salaketa hartatik. Erregistro batean ere ez da agertzen monumentu hau, nafar instituzio batek ere ez du bere gain hartu haren jabetza. Inaugurazio ofizialaren falta horrengatik, baiki. Ezin hobe suertatu zitzaien behinik behin protestanteei, salatariek ezin izan zutenez frogatu ondare publikoa denik: bertan behera gelditu zen auzia.
Ezti-gozoan bizi izatetik...
Errestaurazio izeneko garai luzeak ziren, Canovasek bideraturiko estatu-kolpe baten bidez hasitako garaiak (1875) eta Primo de Riverak, ohiturak ez galtzeko, bertze Estatu-kolpe baten bidez (1923) amaiera eman zien garai haiek. Hamarkada bukaezin baina korapilatsuak, zinez. Madrilgo erregimen sasi demokratiko hark gorrarena egiten zien temati Estatuko luze-zabalera osoan borborka irakiten ziren mugida guztiei; lan-munduan, gizartean, kultura arloan, Ipar Afrikan, Kuban, Filipinetan, Katalunian edo Euskal Herrian deus ere gertatuko ez balitz bezala. Nihil novum sole edo "zaharrak berri" erran genezake gaur egun ere, ikusten ari garenak ikusita. Nafarroako jauntxoak eztitan bizi ziren 1841.etik, Erregimen Zaharreko nafar Erresumari azken kolpea eman zion Foru-legea, beranduago Hitzarturiko legea izena egokituko zioten hura, indarrean jarri zenetik. Halako ondare familiartzat jo izan zuen ordutik kazike talde murritz berri batek Foru-probintzia, eta jaun eta jabe sentituko ziren beti ezusteko puntual batzutan izan ezik. Hala nola 1855.eko ezustean, non desamortizazio zibila helburu, Madozek nafar jauntxoei kendu nahi izan zien herri-lurren salmenten gaineko kontrola; edo 1877.an, Canovasek Tejada-Valdosera izeneko itunaren bidez Madrili pagatu beharreko kupo altuagoa eta zerga berriak ezarri zizkionean Foru-probintziari. Eta, horratx, halako batean, berriro ere, 1893.ean, bertze ezusteko batekin topo egin zuen nafar ondasunen oligarkia kudeatzaile/gozatzaile hark. Ezusteko honetatik etorriko ziren hizpide ditugun geure Foru-monumentuaren inguruko zertzeladak.
Izan ere, 1893.eko maiatzaren 10ean, Germán Gamazo Ogasun ministroak hurrengo urteko aurrekontuen proiektua prestatu bezain laster, honen berri izan zuten Nafarroan. Aurre-proiektuan honako hau irakur zitekeen: "Gobernuak, 1877.eko uztailaren 11ko Legearen 8. artikuluak ematen dion ahalmenaz berehala baliatuz, ezarriko dizkio Nafarroari bertze probintzia guztietako kontribuzioak, errentak eta zergak, bai gaur egun erresuma osoan indarrean daudenak nola lege berri honek sortzen dituenak". Zer eta zerga-sistema foral berezia, 1841.eko Hitzarturiko legeak kontsakratzen omen zuena, bertan behera geldi zitekeen.
...Foruen aldeko gogo-uholdera
Laster batean hasi ziren erreakzioak. Maiatzaren 16an bertan erabaki zuen Diputazioak ordezkaritza bat aurkeztea Gorteetan bere arrazoiak azaltzeko. 19an, Iruñeko Udalak eman zion sostengua ordezkaritza horri, prentsan kanpaina sutsu bat hasten zen bitartean Gobernuaren asmoen kontra. Hurrengo egunetan Nafarroa osoko bertze udal anitzek »handi eta txikiek, hala nola Tutera, Legarda, Olaibar, Mañeru, Agoitzeko barruti judizialeko 66 herritakoek...» beren atxikimenduak bidaliko zizkioten Diputazioari, Orreaga, Navas de Tolosa eta abarrez oroitu eta nafar aberriaren goraipamen bero-beroak adierazten zituztela. Ablitaskoek, adibidez, nora eta Madrilgo Gorteetara bidali zuten honako mezu hau: "Foruen itzalpean jaio gara eta hauen babesean hiltzea erabaki dugu. Nafar bakar batek bizirik iraun artean, euskal eta baskoien arrazaren ondorengo bakar bat gelditu artean, altxatu eginen da probintzia honetan foruen zutoihala, espainiar erregeek hainbatetan zin egin zioten hori".
Maiatzaren 28an manifestazio jendetsuak egin ziren Iruñean, Merindade-buruetan eta herri askotan, horrelako aldarrikapenak entzun ahal zirelarik: "Gora Foruak!", "Gora nafar-euskal batasuna!", "Gora nafar-euskal probintziak!".
Ekainaren 4an herrialde osoko jendea elkarretaratu zen hiriburuan. Baina gorabeherak izan zituen deialdi honek. Hasiera batean, Diputazioa bera atzetik eraginka, Iruñeko Udalak erabaki zuen probintziako alkate guztiei bidaltzea mezua, nafarrak guztiak biltzeko hirian. Baina bitartean, ekainaren leheneko gauean, itsumustu batekin egin zuten topo.
Sarjentu matxinoa
Izan ere, Garesko muino batean zegoen Santa Isabel postu militarrean altxamendu saio bat egin zuen Lopez de Zabalegi sarjentuak bertze bortz lagunekin. Mendira jo behar izan zuten, Gares eta Obanosen partaide gehiago lortzen alferrik saiatu ondoren. Gutxi iraun zuten, bi egunetara desegin baitzen partida, eta ez nolanahika: Guardia Zibilak orpotik segika izan zituela, matxinatuen artean eztabaidatu eta elkarri tiroka bi partaide zaurituta suertatu ondoren. Erreakzio biziak sortu zituen saioak nafar hedabideetan eta politikariengan. Bereak eta bortz erran zituzten matxinatuen kontra: "Ameslari hutsalak", "munduz kanpokoak", "burutik joanak", "ergelak", "barru beltzak" eta antzeko loreak bildu zituzten protagonistek »ez zuen, bistan dena, oraindik irabazi gaur egungo zabalera semantikoa "terrorista" mintzoak». Ekintza bera, "gaztekeria", "burugabeko ausarkeria" eta abar izan omen zen. Dena dela, bertzelakoa izan zen prentsa errepublikarra, horrelakoak erran zituelarik ideologia horretako Madrilgo El País egunkariak: "Lopez sarjentuak, nafar fier horrek, oihu egin du Iparraldeko mendietan, baina ez da izan eromenaren oihua, desespero nazionalarena baizik. Ez da ero bat, espainiar bat baizik, hots, desesperatu bat". Edo: "Maitemindu egin gara Lopez sarjentuarekin", hau berau baita "memento historiko honetan Espainian dagoen lagun ondratu bakarra". Gainera, egun gutxitara Lopez sarjentuak Pirinioetako muga zeharkatzea lortu ondoren, balantze positiboa eginen zuen egunkari berberak: Gobernuak, atxilotu ezinean, "bere bizkarrezurra makurtu du Lopez sarjentuaren aurrean, Nafarroa osoak zor dizkiolarik honi betiereko eskerronak; izan ere, sarjentuak, aberriaren alde bere sakrifizioa eskainiz, saihestu egin du Nafarroak borroka armatuari ekin behar izatea, eskubideak galduz gero beranduegi izan baitzatekeen gerra ekiditea".
Denak Iruñera
Gauzak horrela, arazoak izan zituzten aipaturiko ekainaren 4ko manifestazioa aurrera eramateko. Asaldatu egin ziren Madrilen bai sarjentuaren saioarekin nola nafar instituzioek jorratu nahi zuten protesta-bide jendetsuarekin, eta luzamendutan ibili elkarretaratzeari legezko baia eman ez eman. Gogoan zuten oraindik hamazazpi urte zela amaituriko Bigarren »edo Hirugarrena, nork egiten dituen kontuak» Gerra Karlista, lau urte iraun zuen hura, foruak aho eta ezpainetan. 3ko gauean bertan jaso zen Madrilgo baimena. Nafar foru-agintariak ere dudatan ibili ziren deialdiarekin jarraitu ez jarraitu, Gareskoak izututa. Diputazioak biltzar sekretu bat egin ostean, deia mantendu bai, baina bertze mezu bat zabalduko zuen, herri bakoitzeko ahalik eta bizilagun gehien beharrean, ordezkariak bakarrik joan zitezen hiriburura erregutuz. Egia erran, hein batean baizik ez ei zuen arrakastarik izan jendea etxean geldiarazteko saioak, eta uholdeka bideratu omen ziren leku guztietatik Iruñera, tren-bagoi bereziak eta guzti antolatu zituztelarik zenbait herritan. Gainera, ekainaren 4an bertan, goizeko 11:00etan hasi behar zuen manifestazioak, baina Jainkoaren asmoak tartean ote, urte hartako Gorpuzti-egunean euria ari izan zuela-eta, aldatua zuten elizgizonek betiko prozesio panpoxa egiteko hitzordua, noiz eta... asma bitza irakurleak eguna eta ordua.
Arratsaldeko hirurak arte atzeratu behar izan zuten, bada, elkarretaratzea. Foru-Jauregian hasiko zen, diputatuen segizioa izanen baitziren manifestariak. Handik Udaletxera, hiriburuko alkatea eta zinegotziak bil zekizkien, eta Ziudadela kaleko Gobernadore zibilaren egoitzaren aurrean gelditzeko asmoa zuten, Madrilgo ordezkari nagusiari eskaerak aurkeztu artean. Hala egin eta, Sarasate pasealekua luzera zeharkatuz, berriro Foru-Jauregian amaituko zen ekitaldia. 15.000 partaide aipatu zuten kontalari batzuek. Batere gaizki ez zegoena, biribilduta izanda ere zenbakia, gogoan hartzen badugu hainbat kontu: hala nola, Nafarroako biztanleria (300.000 guztira), Diputazioaren aipaturiko saioak herritarrak etxean geldiarazteko, bai eta garaiko mentalitatea ere emakumeen paperaz. Intentzio osoz doa azkeneko hau. Izan ere, maiatzaren 28an, Iruñean, honelako errieta bat bota omen zion manifestari gizonezko batek oihuka eta sutan parte hartzen ari zen andre bati: "Emakumeek ez duzue etortzerik manifestazio hauetara; etxean gelditu behar, bendak egiten... laster batean beharko ditugulako!".
Lapikoa borborka
Hurrengo egunean bertze ekimen bat erabaki zuen Diputazioak: idazten zekiten nafar guztiek sinaturiko azalpen bat aurkeztea Erregina Erregeordeari. Kanpaina ireki eta hiru egunetara ia 120.000 sinadura bildu zituzten eta hilaren 28an hitzeman bezala Maria Kristina ama Erreginaren eskuetan utzi Madrilen, dotore eta txukun jostaturiko koadernoetan.
Luzatu eta korapilatu egin ziren gauzak hurrengo hilabeteetan ere. Gorteetako diskurtso beroak, Diputazio eta Gobernu arteko bilerak Madrilen, Gamazoren proiektuaren onarpena Parlamentuan, egunkarietako artikulu sutsuak, matxinadak Tuteran, Corellan eta Cascanten, manifestazio gehiago... Aipatuena, 1894.eko otsailaren 18an Castejonen harrera egin ziena diputatuei, Madrildik trenez esku hutsik, baina makurtu gabe zetozela. Castejonen ez ezik, Nafarroan sartu bezain pronto, trenbideko geltoki guztietan jende andana bildu zen "gora" eta "aurrera"ka, foruak, nafarrak, euskal herri zahar eta garaitezina eta tankera horietako aipamenak aho eta pankartetan. Entzungor, aldiz, Madrilgo agintea, harik eta martxoaren 8an Gobernua krisian lehertu eta Gamazok ministerioari utzi zion arte. Oraindik ere saiatuko ziren legea aurrera eramaten, baina hurrenez hurren etorriko ziren krisi berriei esker libratu ahal izan ziren foruak mementoz eraso hartatik.
Monumentuaren ideia
1893.eko ekaineko giroan jaio zen Foru-monumentuaren ideia. Ekainaren 4ko manifestaziotik bi egunera gutun bat argitaratu zuen Manuel Jimenok, "Ideia bat" proposatuz: plaka bat kokatzeko Foru-Jauregiko fatxadan, ekintzaren oroimenez. Egun eta espiritu berean, Fiacro Iraizoz garaiko idazleak monumentuaren ideia aireratu zuen: "Alegoria artistiko bat, monumentu apal bat", "eguratsean" altxatu eta haren aurrean urtero "Foruen jaia" egiteko; eraikuntzari dagokionez, "utikan subentzioak eta sakrifizio garestiak; ez ote da herriarentzako? Bada, herriak berak egin behar. Herri diru-bilketa eta denon gogo beroa, aski". Bederatzi egunetara eratuta zegoen batzorde bat, bere eginen zituena bien ideiak eta lanean hasteko asmoz. Hilaren 16an plazaratu zituzten dena aurrera eramateko egin beharrekoak eta diru-bilketarako oinarriak: 25 zentimotik 25 pezetarainoko emaitzak egin zitzaketen penintsulako nafar guztiek, eta nahi adina diru talde kolektiboek nola itsas haraindiko nafarrek; kolektak antolatzeko laguntza eskatu zien prentsari, hiriburuko dendari batzuei, probintzia osoko alkateei, parrokoei eta aisialdi-elkarte guztiei; bertzalde, ezin utzi aipatu gabe, Foru-Diputatu bakoitzak bere barrutiko itzal handiko pertsonei »kazike garaietan gaude, ez ahaztu».
Ekainaren 28an, nafarren sinadurak Erregina Erregeordeari eman zitzaizkien egun berean, Esteban Perez Tafallak, bere kontuz eta poltsaz argitaratu zuen Nafarren Ohorezko Liburua izena hartuko zuena, luxuzkoa, hitzaurre bero bat eta 120.000 sinadurak bilduz, eta nafar udal guztiei oparitu tokian tokiko artxiboetan betiko gorde zezaten. Aldi berean, Tuterako eta herri askotako udalek deliberoa hartu zuten Foruen izena jartzeko karrika edo plaza garrantzizkoei, gaur egun edonon ikus ditzakegunak.
Monumentuaren patua
Giro bero-beroa, dudarik ez, baina diru-bilketa nahi baino motel eta apalagoa, Martinez de Ubago Lizarragaren proiektua aurrera eramateko. 1894.eko uztailaren 3an jaitsi behar izan zituen batzordeak emaitza gutxienekoak »5 zentimotara» eta mugarik gabe ireki gehienezkoak. 1895.eko urtarrilean 40.000 pezeta omen zituen batzordeak, nahikoa ez, eta Diputazioari eta hiriburuko Udalari eskatu zien dirua jar zezatela. Egileak berak monumentua merkatzeko erreformak planteatu arren, bertze 30.000 pezeta lortu behar, omen. Ez ziren oso azkar mugitu bi instituzioak, eta urria arte ez zuten erabaki euren ekarpena, 10.000 pezetakoa Diputazioarena, 5.000koa Udalarena.
Lanak azaroan hasi ziren, Foru-Jauregiaren aurrean, baina laster eta maiz utzi behar izan zieten diru faltagatik. Tartean, obrak karrikan suposatzen zituen oztopoak, higiene-arazoak, elkarrekiko kargu-eskaerak Udal, Diputazio, batzorde eta arkitektoaren artean. 1898.eko azaroan Diputazioak berak hartu zuen bere gain lanen jarraipena, baina 1900.eko martxoan berriro geldirik zeuden obrak. El Eco de Navarra egunkari liberalak, ironia zorrotz eta gordinean, proposamen bat egin zuen: zimentarrien gain-gainean plaka bat jar zedila legenda batekin: "Foruen aldeko gogo-uholdeak lorturiko maila". 1902 urteko Foru-aurrekontuetan diru-partida bat jarri arte, ezin izan zuten eraikuntza-lanetan segi. Honi esker egin ahal izan ziren monumentuko estatua osoak, 27.000 pezeta kostatu zuelarik Nafarroaren goiko alegoriak. Monumentuak, guztira, 200.000 pezeta inguru. 1903.eko urrian bukatutzat eman zuten arren, 1905a arte ez zituzten jarriko bortz plakak, Olorizek paraturiko bortz testu foru- eta euskaltzaleekin, hiru gazteleraz eta bi euskaraz, hauetako bat karaktere iberiarrekin eginda.
Eta nafarren bihotza inarrosten omen duten lege sakratuak eskuan, andere oparoa utzi zuten hor goian ongi etorria eman gabe, noraino heldu zen nafar patrizioen foru aldeko gogo-uholdea oroit gaitezen.