Nikolasaren albiste, etxean eta herriko giroan, Busturia, Sukarrieta aldean, hartu nuen. Egia esan, behin baino gehiagotan, ahozko historietako pasadizo bihurtzen zen etnografiazko inkestak eginez, han eta hemen galdezka hasi nintzenean. 1970eko hamarkada zen eta gerra zibileko garaiko heriotz zigor latzen kontakizunak ere jaso nituen, tamalez, agintarien aldetik, heriotz zigorrak garaikide ziren garaian. Iragana eguneratua, alegia, belaunaldi berrian. Jakin-mina ase ezinekoa genuen. Batean eta bestean «sabinesiaren» gorabeherak azaltzen ziren, uste nuen baino ezagunagoak zirela. Mitologia berriaren atarian ote nengoen, Jaun Zuriaren mitoaren ahoz ahozko azken kontakizunak biltzen nituelarik? Jakina, eragina izan zuen Busturiarren artean Sabino Aranak egin zuenak, ez baita ohikoa, Bilbo aldeko señorito edo hiriko burgeseriako kideak, baserri giroko neskarekin ezkontza burutzea. Bilbotarrek neska euskalduna neskametarako hartzen zuten, Sabino Aranak, berriz, emaztetzat aukeratu zuen.
Nikolasa zuen izena eta Sabinoren biografia hagiografikoetan aipaturik ageri da bai, baina alargundu ondoren bigarrenez ezkondu zenez, Aranaren alargun betirako gelditu barik, erabat alboratu edo itzali zen, jeltzaleen artean behintzat. Baina, tira, areago oraindik, bigarren ezkontza karabinero batekin egin zuela hurbileko norbaitek zabaldu zuen eta jende ugarik sinetsi. Zurrumurrua luzea zen eta gaurregunean ere delako usteak liburuetan dirau. Adibidez, J. Díaz eta I. Durán, X. Arzalluzi buruz, 2001ean Planetak argitaratu zuen liburuan, 113 orrialdean idazten dute, «contrae matrimonio con un carabinero maketo y tiene 5 hijos». Baina nire harridurarako, Santanderreko Menendez Pelayo Unibertsitateko mintegi mamitsuan ere, hara non entzuten dudan, serio-serio, katedradunaren ahotik, Sabino Aranaren alarguna karabinero edo guardia zibilarekin ezkondu omen zela. Ez denbora asko dela, hiru bat urte besterik ez, Ernest Lluch historialariaren omenez egindako mintegian izan zen hori. J. Ajuriagerra, EAJko buruzagia ere, uste horretakoa zen 1970eko hamarkadan.
Historia pribatua eta txokokoa zena, uste nuen baino hedapen zabalekoagoa dela konturatu naiz. Eta uda honetan, etxeko eta auzokideen iturriak hartu eta berriz galdezka hasi naiz, baina oraingoan agiri eta guzti.
1970 garaiko informatzaileen izenak «Eusko Folklore» aldizkarian, 25 zenbakian, 1974ko alean, Busturiari buruz J.M. Barandiaranen zuzendaritzapean egin nuen lanean argitaraturik daude. Uda honetan hiru emakumezko izan ditut sorburu laguntzaile. Garaikideak hirurak, laurogei urtekoak eta beraientzat nire esker ona sarrera eta hasiera honetan: Mari Karmen Aizpuru, Nikolasaren loba eta bere testamentuaren hartzailea, Elisa Kaltzada eta Agurtzane Zigorraga.
Gaiak, jakina, nobela baterako edo beste emango luke, Edorta Jimenezen adimenean behintzat, Urdaibaiko literatur kontulari fina eta nagusia bihurtu zaigunetik. Historia honen erditzea Urdaibaiko gunean gertatu zen. Baina udan gure Edorta 1936ko gerrateko argazki eta bestelakoetan burubelarri egon denez, hurrengo batean gaiari helduko diolakoan nago, inguru soziala eta materiala sakonetik ezagutzen duelako. Gure parajeko geografia eta bertako biztanleen pasadizo eta grinarik ez da falta istorio honetan ere, guzti-guztia oraingoan hemen azaltzerik ez dugun arren eta beraz, etorkizuneko narrazioen zain egongo gara.
Nikolasatik Nikolera
Nikolasa, Abiñako baserrian jaio zen, 1873ko apirilaren 19an, Sandindereko uharte ondoan, beraz, Urdaibai itsasasadarraren gunearen erdi-erdian. Gerra giro zabala bizi zuen Euskal Herriak, Espainian, konstituzio federalean oinarriturik, Errepublika federala indarrean zegoen bitartean. Karlistak, bereziki Euskal Herrikoak, arrakasta irabazten hasi ziren errepublikaren aurka. Sabino Aranaren aita, armen trafikoan karlisten alde buru-belarri sarturik zegoen eta Urdaibaiko itsasadarra armen sarrera lekuetarikoa zen, Karlos VII, errege eta agintaria Espainian jartzeko helburuz. 1937an, euskal karlistak, armak eskuetan oraturik, II Errepublika desegiteko, berriz altxatu ziren eta Espainiako iparraldean, altxatuen aldeko ekimen estrategikoa bihurtu ziren. Ondorioz beste gerrate bat jasan behar izan zuen Nikolasak eta bigarren horretan atxilotua ere izan zen.
Abiñako baserria Sukarrietan zegoen kokatua, itsasadarraren hegalean, Busturiako lurrez inguraturik. Jose Mari Atxikallende, Errigoititik Abiñara ezkondu zen, dote faltsua ekarri zuela. Ama, Maria Iturri Abiña, Abiñakoa, bertakoa. Zazpi seme-alaba izan zituzten, baina laster, Nikolasa bihurtu zen neba-arreben arteko gazteena. Gregoria zaharrena, Francisca, Francisco, Gabriel, Monika eta Nikolasa. Sukarrietako eskolara joan ziren, oinarrizko hezkuntza hartzera eta gero Abiñako baserrian lanean hasi ziren. Monika Mungiako okinarekin ezkondu eta okindegia Cardiffen (Gales) antolatu zuten. Burdin mea garraiatuz eta bertako ikatza ekarriaz, bizkaitar giroa sortu zen Cardiffen, izugarrizko merkataritza eta aberaskuntzaren harian.
Sabino Arana Sukarrietan
Sabino Arana 1898ko irailean Bizkaiko Diputazio probintzialeko diputatu atera zen. Bilboko barrutian, «piña» delako kandidaturen aurka sortu zen koalizio zabal baten buru zen, hau da, Chavarri industrial gizon kementsuaren taldearen aurkakoa. Chavarri Bizkaiko politikagintzaren buruzagia zen, Cánovas del Castillok sortu zuen konstituzio politiko kontserbadorearen sostengua.
Sabino, gazte-gazterik, bere gurasoekin Urdaibaiko itsasadarrera joaten zen eta adiskide onak egin zituen. Basurdeen ehiza gogoko zuenez gero, bertako lagunekin Kanalako basoetara joaten zen. Alboko herrian, Arteagan bizi zen A. Zabala, «Kondaño» Sabinoren heriotzaren ondoren, EAJ alderdiko buruzagi izango zena.
Sabin eta Nikoleren arteko ezagutza, ezkontza eta bilakaera politikoa eta euskararekikoa
Nikolasaren ezagutza, ahozko tradizioaren kontakizun batzuen arabera honela izan ei zen: behin Kanaleko adiskideekin batera, basurdea bizirik hartu ei zuten eta J.M. Atxikallenderen kortara ekarri zaintzeko eta gordetzeko. Bertan zegoela, baserriko neskatilak ezagutu ei zituen.
J.M. Atxikallende Sukarrietako udaleko zinegotzia zen eta, Sabino sarritan Kanalera, «Kafrankara», etortzen zelako, elkarren arteko hartuemonak landu zituzten. Bere baserri etxeko gela eskaini zion, bertan apopilo hilabete batzuetan gelditzeko. Sabinen gutunetan azken gertakizun hau baieztaturik ageri da.
Hartuemona sakondu egin zen eta Sabinek Abiña baserri ondoko lur sailak erosi egin zizkion, gaurregunean Kolonia delakoaren goialdea, toki zoragarria, itsasadarra bere osotasunean ikusteko. Sukarrietatik Bilbora trena zuen eta bere zeregin politikoak bideratzeko, Bilbora sarritan joan behar izaten zuen, Bizkaiko Diputazioko karguaren zereginak betetzeko eta bestelako politikagintzan aritzeko.
Bizkaiko Diputazioko diputatu zela, gogoratzekoa da 1898ko azaroaren 28an, «Consejo Regional» delakoa sortzea proposatu zuela, hau da «una Junta superior de representantes de Alava, Guipuzcoa, Navarra y Vizcaya cuyos fines serán a) guiar con voz de consejo a las Diputaciones de dichas cuatro Provincias en las relaciones de las mismas con el Poder central». Hau da, Diputazio probintzialek elkarren arteko bilkurak egiten zituzten, ohizko «konferentziak» eta bilkura horien erakundetzea proposatu zuen. Bestelako diputatuek erantzun zioten badaezpada ez zela premiazkoa horrelakorik. Hobe zela, ordurarteko bilkurek bere horretan jarraitzea, botere zentral eta diputazio bakoitzaren bitarteko aginterik sortu gabe.
Engrazio Aranzadi adiskide donostiarrari, 1899ko martxoaren 28an, zera idatzi zion: 1898ko urtarrilean Abiña baserriko lur saila erosi zuela, «Utxurburugane» izenekoa eta frutarbolak lantzen ari zela ezagutu zuela Nikolasa. Bost hilabete apopilo bizi izan zela Abiñako baserrian, beste ahizpa bat zerbitzari zuela. Esamesei aurre eginez, Sukarrietako beste etxe batera aldatu zela.
1899ko martxoaren 22an El Nervion Bilboko Gandariastarren egunkari monarkikoan Busturiako albistea zegoen, Sabino eta Nikolasaren arteko hartuemonen berri emanez, izenik aipatu gabe, hau da, gizon publiko ezaguna eta herriko neskatxaren arteko harremana zabalduz. Elkarrekin paseoan ibiltzen ei ziren eta herrian horrelakorik, antza denez, ez zegoela ondo ikusia.
Urtebetez elkar ezagutu ondoren, bien arteko harremanak ez ziren onartuak izan.Aranaren inguruan. Aranzadiri idatziriko gutunean, zehatz eta mehatz, adierazi zionez: alde batetik bere neba-arreben ustez, baserriko neska ez zen pertsona egokia bere klase sozialari zegokion ezkontza burutzeko. Bestalde, Nikolasaren ahizta zaharragoak ere tente zituen, aurkari legez, berez zaharragoak izanik, lehentasunezko eskubidea edo eskatuz. Azkenik, EAJko alderdikideek ere ez zuten onartzen bere buruzagiaren ezkontza eta bere adiskide Aingeru Zabala herriz herri joan zen azalpenak emanez.
Sabinek berriz, bere jardun politiko publikoan itzala zuen unean, erabakia hartua zuen eta berehala zeregin nagusitzat hartu zuen emaztegaiaren prestakuntzan aritzea. Aurrerantzean, baserritar janzkera, atxurra eta plazako otzara, albo batean utzi behar zituen. Sabinen aginduz (1899-XI-28) «debe ir al Colegio para aprender algunas materias y adquirir la educación exterior necesaria para alternar con mi familia». Beraz, sei hilabetez, Bilboko karmelita mojen ikastetxean sartu zuen, «madre Paz» irakasle zuela, gaztelania eta Bilboko burgeseriaren gizarteko ohiko portaerak behar bezala ikasteko. Kolegioan, «señorita» bihurtu behar zuten, harreman sozialetan iaioa, protokoloan aditua eta abar. Bilboko garaiko burgeseriaren giroko sinesmenak, portaerak eta moldeak ikasi omen zituen, baina lobaren iritzian, «erdera beti apurtu egiten eban».
Bere andregaiaren itxura fisikoari dagokionez, hara zer idatzi zion adiskide donostiarrari: «Y mi futura compañera es una sencilla y humilde aldeana de la Anteiglesia de Sukarrieta (Pedernales) (…) su físico no pasa de regular ni en el rostro ni en el talle (…) Me ama como nunca creí que pudiera amar mujer».
Bestalde, Sabinek ez zuen gogoko bere lehen abizenean Allende ikustea. Bere emaztegaiaren abizen guztien azterketa egin zuen eta pozarren zegoen, 126 abizen euskaldun zituelako eta laster batean itsatsitako Allende delakoa, kenduko ziolako
Ezkontza aurreko hitza 1899ko abenduaren 8an egin zuten. Azkenik, sasi guztien gainetik, 1900. urteko otsailaren bian, kandelario egunean, Abiñako San Antonioko ermitan Arteagako apaizak ezkondu zituen. Sabinek ez zuen nahi etxekoez kanpoko beste inor bere ezkontzan, bere ustez, «debe romperse con la rutina y la moda y ajustarse a la razón y por esto omití el aviso (…) pensaba venir mucha gente a presenciar mi casamiento con una aldeana y quise no dar gusto a su curiosidad». Ezkontza beraz, ahaideen arteko elizkizun pribatua bihurtu zuen nahiz eta zeremoni ostean, bolandera zaratatsuak bota eta Erramonaneko etxean bazkaria egin. 37 urte beranduago, bertako jantokiko ostalaria hartu eta fusilatu egingo zuten, Nafarroako euskaldun karlisten buru zetorren Solchaga jeneralak Busturialdea bere armadarekin konkistatu ondoren.
Elkarrekin Lourdesera bidaia luzean joan ziren, baina bertan larri gaixotu ziren senar-emazteak, batez ere Sabin. Bere anaia Luis Baionan bizi zena eta arreba, Lourdesera joan ziren.
Urte bereko abuztuan, Nikolek umekia galdu zuela adierazi zion Sabinek adiskideari eta inguruko herrietan ere hainbat gertatu zirela eta, kezkaturik zegoen, zergati garbirik ez zutelako aurkitzen. Bigarren umekia ere galdu egin zuen.
Sabin, bere kargu politikoan zegoela, alderdiaren politikagintzaren arloan, aldaketa egiteko bidean sartu zen, prozesu eboluzionista eta espainolista batean aritzeko, garaiko legedira egokitzeko eta alderdiaren eragina handitzeko asmoz. Aldi berean, euskal kulturgintzaren garrantziaz gehiago jabetu zen. 1901eko euskararen kongresuan Hendaian partaide zuzena izan zen. Komunikabideak sortzeko grina berezia erakutsi zuen. Une batez adierazten dio adiskideari, beldur dela euskara XX. mende bukaerara, beharbada, ez zela bizi-bizirik iritsiko. Ulertzen hasi zen, euskarak, bizitza modernoan komunikabide soziala bihurtu ezean, jai zeukala. Horregatik, baserri giroan bizi zirenek, euskara alboratu nahi zuten. Azken batean, euskara oztopo zelako bizitza sozialean aritzeko. Beraz ez zen harritzekoa euskaldun arruntak, bizimodua baserritik at ateratzeko euskara arbuiatzea. Horren ondorioz, neurri zehatzak hartu behar ziren, hezkuntzan eta bestelakoetan, hizkuntza funtzionala bihurtzeko. Bilakaera argia, hamar urte lehenago uste zuenaren parean, Busturia, Sukarrietan, populazio euskaldun bete-betekoen artean bizitzen hasi ondoren.
Sabinen heriotza eta Nikoleren bigarren ezkontza
Heriotzaren aurretik, 1903ko urriaren 21ean, Jose Mendieta Busturiako eskribauaren aurrean Sabinek bere azken borondateko testamentua agindu zuen: «Declara que carece de ascendientes y descendientes y siendo sus bienes de libre disposición, de todos ellos bien sean raices, créditos, derecos, acciones y de la clases que fuerren y dejase a su fallecimiento en prueba del cariño que la profesa a su repetida mujer Doña Nicolasa Achicallende, a esta misma la instituye y nombra por su heredera universal o única». 1903ko azaroaren 25ean hil zen.
Dirudienez, Sabinen anaiak eta arrebak, delako erabakia, ez zuten guztiz begi onez ikusi eta aurrerantzean hartuemonak okertu egin ziren. Luis anaia, Nikoleren etxean sartu zen berehala, paper eta liburu guztiak hartu eta eraman egin zituen. Altzariak eta gutun batzuk berriz, gaurregunera arte gordeta eta zainduta heldu dira Mari Karmen Aizpururen arduragatik.
Sukarrietako abadeak Pedro Burgoak gomendaturik, batetik bere burua inguruko ahaideengandik defenditzeko, bestetik, seme-alabak izateko gogoa zuelako, Nikole bigarrenez ezkondu zen Sukarrietako Eugenio Alegriarekin, 1910eko maiatzaren 9an.
Lehenago, Nikolasak itaundu ei zion: «Zorrik bakozu?». «Ez. Eztekot dirurik baña zorrik pez», erantzun ei zion Eugeniok.
Itsasontzietako kapitaina zen. Ez zuten seme-alabarik izan eta laster batean berriz ere alargundu zen, senarra Gijonen, 1918ko gripeak jota hil zitzaion eta.
Nikolek, baserrian bizi arren, udako giroan, bazekien Bilbotar udatiarren giroan ibiltzen. Baina EAJren ekintzetatik erabat urrundurik, edo bazterturik geratu zen, Luisen eraginez batzuen iritzian, bigarren ezkontza gaizki hartu baitzuten.
1937an, Nikoleren espetxeratzea
1937ko maiatzean, «Molaren euskaldunek», iparraldeko Euskualduna euskarazko kazetak adierazten zuen erara esanik, Busturia eta Sukarrietako herriak bere kontrolpean hartu zituzten. Busturiako udaletxean jestora berria izendatu zuten eta Ricardo Danborenea Castroviejo «delegado gubernativo» zela, besteak beste, auzokideen salaketak bitarteko eta ondorioz, atxiloketak hasi ziren, falangista bi arduradun zirela.
Nikole ere atxilotua izan zen, Sabino Aranaren alarguna zelako. Bermeora eraman zuten eta ondoren Bilboko Larrinagako espetxera. Bertan larriki gaixotu zen eta azkenean, bigarren ezkontza ere izan zuela eta, 1937ko irailaren 7rako lortu zuen etxera bihurtzea, baina egunero joan behar izaten zuen Solchaga jeneralaren aurrera, Uhagoneko etxe ederra beretzat harturik baitzuen.
Atxilotuen artean Busturiako 12 herrikide zeuden. Bermeon atxiloturik egon ondoren, Bilbon, 1937ko uztailaren 18an militarrek epaiketa itxura egin eta azkenik 8 heriotz zigor agindu zituzten. Horietako Jesusa Urrutxuak Roman Zearretari ikaraturik:
-Pena de muerte zetako emon duskue guri ba?
-Ez ein kasurik, esan bai horrek, baie... guk eztogu ein ezer eta zer eingoskue guri ba?
Jesusa eta bere ahizpa Karlotak bere burua salbatzea lortu zuten, azken unean beren aldeko testigantza eman zuelako beraien etxean ezkutaturik egon zen eskuindarrak. Beste sei gizonak ez ziren salbatu : 1937ko abuztuaren 5ean fusilatu zituzten. Hiru EAJko zinegotziak, D. Kaltzada, A. Zearreta, R. Zearreta. Bi «ezker errepublikanotarrak» F. Bilbao, H. Alvarez eta Erramonaneko ostatukoa, D. Lekumberri, euskal abertzale girokoa zena.
Nikolek, gerraostea, isilpean iraun zuen eta 1946ko abenduaren 13an Bermeon testamentua agindu zuen aipatu dugun Mari Karmen Aizpuru eta bere nebaren alde eta 1951ko martxoaren 20an hil zen.