Joaquin Araujo idazle, zine zuzendari eta naturalistak Prestige ontziaren hondamendia anekdota bat besterik ez dela dio. Itsasoari segundoko 500 tona kutsatzaile toxiko heltzen omen zaio. Azken hogeita hamar urtetan Prestige bezalako hamar bat gertatzen omen dira egunero.
Galiziarrak, asturiarrak, kantabriarrak, eta euskaldunak, ordea, ez gaude egunero itsasoa beltz ikustera ohituta. Iazko azaroaren 19tik aurrera hasi zen kostaldea belzten. Hondamendia etxeko leihotik ikusteko moduan. Urtebete geroago etxe aurreko zikinak garbitzen jarraitzen dugu. Fuelaren zikinak baino gehiago eragin dituen edo eragin ditzakeen kalteek kezkatzen gaituzte.
Urtebetetzeko «opariak»
Gipuzkoa eta Bizkaian fuelak egindako kalteak neurtu nahian Eusko Jaurlaritzara jo dugu. Hondamendi honen erantzukizun zuzena beraiek izan ez arren, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek bideratu dute krisia. Segidakoa da urtebete ondorengo panorama.
Frantziako eta Espainiako ratioak erabili dituzte arrainek jasandako kalteak zenbaterainokoak diren jakiteko, eta irizpide horien arabera, arrainengan, oraingoz, ez dago eragin txarrik. Mojojoiek edo muskuiluek ordea, ez zuten azterketa gainditu uda aurretik eta argi gorria piztuta geratu da. Arreta berezia jarriko dute horiengan. Arrainen ordez, hegaztiek ederki jasan dituzte fuelaren ondorioak. 3.800 ale (hilda eta bizirik) jaso dituzte ornitologoek (asko martin arruntak eta lanperna-musuak). Ornitologoen kalkuluen arabera, 3.800 jaso izanak esan nahi du, Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldean 38.000 hegazti kaltetuko zituela fuelak. Jasotakoetatik bizirik diren aleak ez dira hogeira iristen. Orain ornitologoak hegazti migratzaileei begira daude. Fuelak ez ditu bete-betean harrapatu, baina urria aldera etorri direnak nola moldatu diren ikusi behar da. Algak eta angulak debekupean dira, hau da, Eusko Jaurlaritzak bien kanpaina bertan behera utzi du.
Hondartzak eta itsaslabarrak
Josu Erkiaga, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko Biodibertsitate zuzendariak dioenez, zorionez marea goreneko gunean eragin du fuelak eta ez da hondoratu. Gune kaltetuak zientifikoki gune estresatuenak dira, beraz, asimilazio gaitasunik handiena dutenak. Ondorioz, balio ekologiko gutxien dutenak. Maiatzetik hona, Euskal Herriko Unibertsitateko Biologia Katedrako ikasleak kostaldea aztertzen ari dira eta hamabostero egoeraren berri ematen dute.
Kostako guneak ez dira modu berean kaltetu. Otsailean adibidez, ipar mendebaldeko haizea eta olatu handiak izan dira eta udan ipar haizea nagusitu da. Neguan eta udaberrian Sopelak, Bakiok, Muskizeko La Arenak, Zumaiako Itzurunek eta Donostiako Kontxak sufritu dute eta udan berriz, Gorlizek, Barrikak, Hondarribiak eta Donostiako Zurriolak.
Dena den, neurriak hartzeko orduan, hondartzen eta itsaslabarren artean banaketa nabarmena egin du Jaurlaritzak, eta ekologista talde asko haserretu da hartutako erabakiengatik.
Hamar hondartzatan metro bateko hondoraino sartuta laginak atera dira, eta behin fuela garbitutakoan, kutsadurarik ez dagoela baieztatu dute. Gainaldea zein hondar azpia garbi dago. Ez da gauza bera gertatzen itsaslabarrekin eta haitz askorekin. Garbitu arren, segituan zikintzen dira. Josu Erkiagak dioenez, hondartzak garbitzen jarraituko dute egindako lanak merezi duelako, baina itsaslabarrak garbitzeak oraingoz, ez du zentzurik, segituan berriz zikintzen direlako.
Hegaztiak, arrainak eta hondartzak aipatu ditugu, baina udaz geroztik fuelak gizakiarengan eragindako kalteen zurrumurruak asko izan dira. Erkiagak baieztatu digunez, fuelak azalean zuzeneko kalteak eragin ditzake, hau da, azaleko gorrituak eta irritazioak. Bestelako ondoriorik ez da identifikatu oraingoz.
Nork ordainduko ditu kalteak?
Bi auzi daude martxan. Bata Corcubion-eko auzitegian eta bestea, Estatu Batuetako Houston-en dagoen ABS (American Bureau of Shipping) Prestigeren sailkatze elkartearen kontra. Corcubion-eko kasutik ondorio penalak gehiago espero dira zibilak baino eta beraz, kalte-ordainik ez du espero Eusko Jaurlaritzak. Bigarrenari ordea, 50 milioi dolarreko kalte-ordainak eskatu dizkie Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek eta Donostiako Udalak eta kalte-ordainik helduko den esperantza badute.
Espainiako Gobernuaren jarrerari dagokionez, egoera ez da aldatu. Gastatutakoa gastatuta dago, baina Erkiagak dioenez hau da Gobernuaren jarrera: «Zuek ordaindu eta gero hitz egingo dugu». Adibide moduan, Europako Batasunetik 57 milioi euro lortu ditu Espainiako Gobernuak eta Euskal Autonomia Erkidegoan urrirako 55 milioi euro gastatuko zirela aurreikusita zegoen. Europako diru laguntzak Gipuzkoa eta Bizkaiko orain arteko gastua kitatuko luke, baina, noski, diru hori Prestigek eragindako kaltetu guztien artean banatzeko da.
Hemendik aurrera zer?
Okerrena pasa dela uste da. Fuela ez da orain arte bezala iritsiko kostaldera. Tartean behin ukituko gaitu fuelak eta unean uneko neurriak hartu beharko dira. Horrek ez du esan nahi Prestigeren hondamendiaren krisia amaitu denik eta hemendik aurrera ezer egingo ez denik. Itsasoan oraindik 3.000 tona dabiltza bueltaka. Txalupa batzuk jarraituko dute uretara ateratzen, baina zatikatutako fuela jasotzea zaila da. Kostaldera datorrena jaso beharko da eta horregatik, hondartzako garbiketa zerbitzuak ez dira etengo oraingoz. Itsaslabarrak garbitzeko asmorik ez du Jaurlaritzak garbiketak zerbaitetarako balio duela ziurtatu arte. Ikerketa batzordean lanean ari den Aztik (arrantza eta elikadura alorretako ikerkuntza zentroa) egunero egiten du egoeraren analisia eta datu horien arabera hartuko dituzte neurriak. Azti krisiari aurre egiteko sortutako informazio eta jarraipen batzordearen barnean ari da lanean. Batzorde honek lanean jarraituko du, egoeraren diagnosia egin eta irtenbideak jartzen. 2003, 2004 eta 2005 urteetan lau milioi eta erdi euro gastatuko dituela aurreikusi du Jaurlaritzak.
Hurrengo baterako eskarmentua
«Ez dadila berriz horrelakorik gertatu gure kostaldean!» diogu, nahiz eta segituan Araujoren hitzak gogoratu: egunero hamar Prestige planeta honetan. Josu Erkiaga, Biodibertsitate alorreko zuzendariak esan digu ez dela horrelakorik berriz gertatuko. Ez da Galizian gertatuko, ez da fuel mota bera isuriko, ez da neguan izango... Gerta daiteke horrelako hondamendiren bat, baina agian Bilboko superportuan hondoratuko da ontzia eta fuelaren ordez gasolio orbanak agertuko dira... Hondamendia errepikatuko balitz ehuneko ehunean jakingo litzateke nola erreakzionatu, baina ez da horrela izango. Baina, noski, eskarmentuak balio du. Adituek dioten bezala, protokoloak finkatu dira, hau da, araudi bat ezarri da larrialdi egoeran nola lan egin jakiteko. Araudiak gastuak, egiturak, baliabide materialak eta giza baliabideak, lan taldeen antolaketa, segurtasuna... jasotzen ditu.
Protokoloak zehazteaz gain, lana hain gaizki ez dela egin adierazi digu Erkiagak. Frantziarrak aho zabalik geratu omen dira Jaurlaritzaren erreakzio gaitasunagatik. Metodo arkaikoak erabiliagatik (arrantzaleen salabardoak) ez Erikako eta ez Exon Valdeseko hondamendian ez omen zuten lortu hain egun gutxitan hainbeste fuel itsasoan jasotzea. Frantziarrekin ez, baina Gipuzkoako zein Bizkaiko hainbat ekologista talderekin ez dira hain ondo moldatu erakundeak. Kritikak gogorrak izan dira. Josu Erkiaga zuzenean aritu da talde hauekin lanean eta ondorio bat atera du garbi: gizarte zibila oso sendo dagoela, aste bitan 3.000 boluntarioko zerrenda egin zelako. Beste kontu bat da gero nola bideratu parte hartze hori.
Batzuk harro daude egindako lanarekin, beste batzuen ustez, inprobisazioak egun batetik bestera belztu den itsasoa garbitzeko ez du balio.
Denbora gutxian ikus dezagula Kantauriko kostaldea beltz eta ez itsasoa betirako hilobi.