Nagoen lekutik: Oxigeno falta mendian, itolarria hirian


2021eko uztailaren 28an

Katmandura iritsi eta biharamunean eguna argitzearekin batera berriro hegazkina hartu beharra daukat. Presaka nabil eta lehenbailehen egon nahi nuke mendian. Thamel auzoko Utse Hotelean Iñaki Zuzarekin topo egitea espero nuen eta horrelaxe gertatu da, hernaniarra beste bost euskaldunekin batera Ama Dablam mendian egon berria da. Tontor hau ez da zortzimilakoa, ezta zazpimilakoa ere. Dotorea eta itxuraz ederra delako da ezaguna Ama Dablam. Bere gailurra zapaltzea ez dago edonoren esku, bide errazena ere zaila eta arriskutsua du.

Espedizio kideei nabari zaie gaur bertan jaitsi direla menditik, alde batetik irribarrez eta bestetik gozotegira joateko premian. Hilabete bizarra egin gabe egon eta gero, aurpegiko kolore beltzaranak salatzen ditu berehala, ezingo lukete gezurrik esan.

Hegaldia Luklara

Goizeko bostetarako Nepaleko hiriburua mugitzen hasita dago, kaleetan militar kontrolak ugariak dira, taxi gidaria denetan geratzen da, "no problem" entzun orduko aurrera egiten du eta aireportura egunsentia baino lehen iritsi gara. Katmandutik Luklara 40 minutu irauten du hegaldiak, hogei lagun eta ekipajea larri-larri kabitzen den abioi koxkorrek egiten dute bide hau, eta gutxienez sei konpainiek eskaintzen dute zerbitzua. Hainbeste aldiz entzun, irakurri eta argazkietan ikusitako aireportura abiatu gara.

Gaurko eguraldi kaxkarrak ez du ezer asko disfrutatzen uzten, bi hodei erraldoien artean goaz, eta kotoi bolaren erditik irten orduko zerbait beltza aurrez aurre topatu dugu, aireportuko pista da. 1965ean prestatu zuten, 2.800 metrotako altueran kilometro erdia eskas aldapan duen lurrezko eremua. Duela pare bat urte asfaltatu dute. Ordura arte Luklan "lur hartzea" benetakoa zen, geroztik pilotuei maniobra errazagoa zaie, baina bidaiariei halere, emoziorik ez zaie faltako.

Aurten bete dira 50 urte Everest mendia lehen aldiz igo zutenetik. 1953. urteko maiatzaren 29an espedizio britainiar batek lortu zuen balentria. Edmund Hillary Zeelanda Berrikoa eta Tenzing Norgay sherpak zapaldu zituzten gailurreko 8.848 metroak. Mendizaletasunean data historikoa markatu zuen horrek, baina Nepalen Hillary esatea askoz gehiago da: eskola, ospitale, bide, zubi eta abar martxan jarritako gizona da, bertako biztanleen bizi baldintzak hobetzeko ahalegin berezia egindako pertsona da Edmund. Zeelanda Berrian jaiotako erlezaina, sherpa herria zaintzen eta babesten saiatu izan da bereziki.

Lehen geologoak eta topografoak askoz lehenago iritsiak ziren. Sherpa jendea bertako harri puskak hartzen eta mendiak neurtzen ikusi zituztenean izutu ere egingo zen ziurrenik. Sherpentzat lur azala berauen larrua zen, harkaitzak hezurrak eta ura odola. Hildakoan lurrarekin bat egiteko esperantza dute, horrexegatik kanpotar haiek zer arraiotan zebiltzan pentsatzea ez zen batere harritzekoa izango. 1974an iritsi zen lehen euskal espedizioa paraje hauetara. Garai hartan ausardia handia behar zen Everest mendira abiatzeko eta zailtasunak ez ziren faltako. Tximist etxea izan zen babeslea eta Llorente gasteiztar medikua espedizio burua. Taldeko hainbat ezagunen orduko ibilerak irudikatuz egin dut bidea gorantz.

Azken 30 urtetan hemen bizitako aldaketa ikaragarria izan da (etxean ere bai noski). Ni bakarrik etorri naiz, baina jende artean egon naiteke, bertako jendearekin "namaste" diosala egin eta ingelesez hitz egin dezaket. Kanpotar jendearen ahotik berriz, frantsesa, italiera, japoniera, alemaniera eta beste hainbat hizkera entzun daiteke. 25.000 bisitari izan zituen iaz Nepaleko inguru honek eta horietatik % 90 Everest mendia ikusteko asmoz etorritakoak. Ni ez naiz ezer orijinala egitera etorri, gehienez nire burua beste zerbaitetan edukiko dut: garai bateko aitzindariak gogoratuz, honaino hurbildutako ezagunen zerrenda osatuz, betiko bertan geratu direnen istripuak oroituz… horrela egin dut nire ibilbide partikularra. Angel, Felipe, Xabier, Julio, Martin, Emilio, Takolo, Josu, Felix, Alberto, Juanito, Antonio, Adolfo, Marron, Edurne, Patxi, Pitxi, Iñaki… eta beste hainbat eta hainbat etxeko lagunen izenak eta izanak buruan edukitzea ez da ariketa zaila. Nire ibilera bakartian lagun bezala daramatzat.

Nepalera etortzeko arrazoiak

Abestiak dioen bezala "…eta horrela ibiltzen gara sortuz ta sortuz gure aukera…", hamar egun dauzkat berriro Katmandura itzuli arte, gutxiegi dira egin nahi dudana egiteko. Altuerara pixkanaka egokitzen joaten da norberaren gorputza, eta nik oxigeno falta horri erantzun beharra daukat. 4.200 metrora hiru egunetan iritsi naiz eta ustez ondo nago. Pheriche herrixkan bi egun egingo ditut berriro gora abiatu aurretik. Honainoko bidean ostatu hartzeko etxe ugari dago tea house edo lodge bezala dira ezagunak eta merkeak izateaz gain atseginak ere badira ostatuok. Nire ekipajeak 12 kilo pisatzen ditu eta ez daukat janaria garraiatu beharrik, orain nabilen bezala zamalari premiarik ere ez. Gailurretara igotzea gustuko dutenak eta mendi bailara hauetan disfrutatzen dutenak hemen topo egitea oso normala litzateke, tartean euskaldunen bat azaltzea ere bai… ba juxtu horixe da gertatu zaidana. Denbora-pasa nengoela, tipo ile ori bat ikusi dut tea hartzen, hurbildu natzaio eta zera galdetu diot: "… tú no serás Iñaki…", ba bai, Iñaki Otxoa de Olza nafarra, Iruñekoa da, zortzimilakoetan eskarmentu handikoa, gidari eta filmaketa lanetan aritutakoa, hogeita bost aldiz Nepalen egondakoa. Himalayako bazterrak ondo ezagutzen ditu eta nepaliar hizkuntzan nahiko txukun moldatzen da. Berak ere ezagutu nau eta kontu-kontari aritu gara. Zer dela eta hemen? -galdetu diot nik. "Baaaaa… nafar familia batekin etorri naiz" erantzun dit berak. Handik gutxira han egin dugu denok topo mahai bueltan te bero baten inguruan. Euskaraz hitz egiteko gogoz bai beraiek bai neu eta orduan ulertu dut toki ikusgarri hauetara etortzeko beste arrazoi bat. Iazko udaberrian, Pumori (7.161m) mendian, elurrolde handi batek bost gazte eraman zituen aurretik edo harrapatu zituen azpian. Haietako batzuen senitartekoak iaz etorri ziren honantz, oraingoan berriz Haritz Artieda, Etxarri-Aranazko mendizalearen gurasoak eta bi arreba etorri dira Iñaki eta bere lagun Ursularekin.

Juli ama, Pello aita, Idoia eta Onditz Haritz zenaren arrebak goitik behera datoz. Everest aurrean dagoen Pumori mendi zorrotzaren irudia ikustetik datoz, ezbeharra gertatu zen lekua bisitatzetik. Gustuko mendiak maite duzun pertsona "kentzen" dizunean ezin duzu mendi hori gorrotatu, ez zenuke gorrotatu beharko behintzat. Mendi hori maitatzeko arrazoiak ugaritu egiten zaizkizula pentsatu beharko zenuke, baina gogorra da oso. Itzuli ezinak diren egoerak, atzera bueltarik ez daukaten ondorioak, betirako agurrak ez dira inoiz atseginak izaten. Hemengo lo egin ezina, gose falta, buruko mina eta altuerak ematen dituen gainontzeko sintoma guztiak jasangarriak dira.

Artiedatarrek zeramaten zama astunena ez zihoan bi bidoi urdin handi haietan. Agurtu ditudanean garbi ikusi dut hori, sentimenduak ezin dira kilotan neurtu eta zamalari gogorrenari ere ezin zaizkio erantsi. Hiru egun beranduago Kala Pattar (5.545 m. Arroka beltza) izeneko mendira igo naizenean, munduko mendi garaiena neukan aurrez aurre eta atzealdean Pumori ikusgarria, hantxe egin dut ordu eta erdi edo. Negar zotinka egon ez banaiz ere, begi bustietatik malko bakan batzuk isurtzen utzi dut, haize hotz eta bortitzak bi masailak azkar lehortu dizkidan arte. G.B. (Goian Bego edo Goian Bitez) esaldiak hemen badu inon izatekotan esanahi berezirik. Beherantz egiteko garaia da, itzuli beharra daukat, hiruzpalau egunetan berriro Luklan egon nahiko nuke.

Katmandura heldu naiz, eguraldi zoragarria lagun hegaldi guztiak atera dira Luklatik. Orain Nepaleko hiriburuko eromenean sartuko naiz, giro bizia, jende xelebrea, bisitari despistatuak eta trafiko kaosa. Kutsadura dela medio itolarria sentitzera ere irits zaitezke hemen, baina ez dut astirik izango, etxetik datorren lagun talde batekin Annapurnako Trekkinera noa. Erlijioz hinduista dira nepaliar gehienak, beste batzuk budistak eta politikoki gauzak nahastu samar daudenez maoistak ere topatu genitzake.


Azkenak
Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


2025-02-14 | ARGIA
Adin txikiko beisbol jokalari bati musu emateagatik entrenatzaile bat kondenatu dute

Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]


2025-02-14 | dantzan.eus
Inauteriak 2025 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]


2025-02-14 | Sustatu
Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]


2025-02-14 | Euskal Irratiak
David Gramond
“Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko”

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita

"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.


Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko

Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]


Eguneraketa berriak daude