Kontrabandisten atsedenlekuetan

  • Gipuzkoako Aiako Harriaren hegoaldean, Lesakako lurretan, Endara errekaren bailararen inguruan ezkutatzen diren iraganeko zenbait kontu ezagutuko dugu. Historiaurreko mairubaratzeak eta aspaldian ustiatu ez diren meategiak ikusiko ditugu. Karlistaldien eta Gerra Zibilaren pasadizoen eta kontrabando eta bide zaharren inguruan sortu ziren benta edo ostatuetara ere egingo dugu txangoa. Gainera, Gipuzkoa eta Artikutzatik gertu dauden edo mugakide diren zenbait tontor igotzeko aukera izango dugu: Kopakoarri, Agina, Bidango gaina, Bianditz eta Errenga.

Itzuli honetako abiapuntu egokiak Agina eta Arritxulegi izan badaitezke ere, Endarako urtegiaren ondoan dagoen San Anton ermita aukeratu dugu gaurkoan (250 m). Oiartzun eta Lesaka elkartzen dituen mendiko errepidea nahiko berria da; Gerra Zibilaren ondoren, frankismoak preso izan zituen errepublikanoek ireki zuten (1940-43 artean). Frankisten zaintzapean, baldintza kaskarretan eta pikatxoien laguntza bakarraz mila preso baino gehiago aritu ziren errepide horretan lanean. Asturiar, valentziar eta kataluniar ugari aritu zen, baina euskal herritar gutxi, bizkaitarren bat besterik ez. Lesakan bizi den Joakin Lain anarkista valentziarrak dioenez, frankismoaren irizpideen arabera garrantzirik gabeko errepublikazaleak ziren guztiak, garrantzitsuak espetxean baitzeuden edo hilik. Bizi izan zutena hiru hitzetan honela laburbiltzen du: "Gosea, hotza eta diziplina". Bidean zehar barreiaturik zeuden barrakoi edo etxoletan bizi ziren, Arritxulegin, San Antonen, Aginan, Endainian, Zalaburun... guztiak alanbre sarez erabat inguraturik.

Ibilaldiari ekiteko, asfaltoa utzi eta Ola-Berri jatetxera eraman gaituen hormigoizko malda hartu dugu. Ezkerraldetik, Tellegiko leporaino daraman bide harritsu eta maldatsuari ekin diogu jarraian. Goi-tentsioko linearen poste erraldoien ondotik gora, Aginako tontor belartsuaren eta Kopakoarri harkaitzezko tontorraren artean zabaltzen den leporaino igo gara (412 m). Langa gurutzatu baino lehen ezkerrera jotzen duen zidorrak, Kopakoarriko mazeletan garo artean gora eraman ahal gaitu gainaldeko granitozko harkaitzetaraino iritsi arte. Oraindik ibiltzeko asko badugu ere, bertatik izango dugun ikuspegiak zinez gomendagarri egiten du igotzeko aukera hau.

Langa gurutzatu ostean, bideak beherantz jotzen du. Berehala eskuinera, Aginako mendatera eramango gaituen bidexka agertuko da, baina abiatu aurretik Tellegi baserriraino jaitsiko gara, auzoko eskola eta frontoi zaharraren hondakinak oraindik zutik dirauten ikustera (385 m). Baserrian bertan, Jose Marirekin egin dugu topo eta, nola ez, ukuiluko lanak utzi eta eskola garaiko kontuez hasi gara solasean. Bera jaio zenerako eskola han zegoen, bere aitonaren garaian auzolanean eraiki omen zuten, eta gerra amaitu eta gero, atzealdean duen frontoia gehitu zioten. Lesakara jaisteko errepiderik ez zen orduan, karro-bideak bakarrik. Lesaka orduan urruti zegoen, ordu eta erdira oinez bizkor joanez. Inguruko baserritar gehienek bertan ikasi omen zuten 12-13 urte egin arte, eta 40 bat haur izango ziren berarekin batera. Maistra hasieran bertakoa zen, baina titulurik ez zuen. Ondoren Irungo Kontxita Estonba etorri zen, tituluduna bera. Gerra bukatu ondoren Lesaka-Oiartzun errepidea eraiki zutenez, haurrak Lesakara jaisten hasi ziren. Tituludun maistrek, gainera, ez zuten hona lanera etorri nahi. 1950 inguruan eskola itxi zen.

Baina eskola ez da mintzagai bakarra izan, bigarren karlistalditik hasi eta Gerra Zibilera arteko pasadizo ugari ere kontatu dizkigu. Lesakako alkatea frankista zenean, festa eta "baileak" gustuko ez zituela eta, hemen, San Antonen, ospatzen ziren; akordeoi jolea etorri eta jai egunetan festa egiten zuten inguruko gazteak bilduz, baita Lesaka eta Oiartzundik etorritako zenbaitekin ere.

Aginako errepidetik Domiko aldera doan pista zabaletik abiatu gara (550 m), baina pistatik ibili beharrean erakargarriagoa gerta daiteke gainez gain joatea. Ezkerrean Aginako harrespila utzi dugu eta zertxobait aurrerago, ezkerreko muinoaren gainean, Aita Donostia musikagilearen omenez Oteizak egindako oroitarria. Haren ondoan dago Luis Vallet arkitektoak eraikitako kaperatxoa, aldarea babesten duen zementu grisezko ganga itzelarekin. Pistan aurrera, hegoaldera jarraitu dugu hurrengo muinoa ere eskuinetik inguratu eta Ikatzazulo lepora jaisteko (491 m). Iturritxoa, egurrezko mahaia, hilarria eta bidegurutze garrantzitsua ikusi ditugu. Seinaleek dioten bezala, ezkerrera Lesakara jaisteko bidea dugu, eskuinera Domiko urtegirakoa, eta aurrera jarraituz Zumarreko lepora daraman pista zabala aurkituko dugu. Hauxe izan da guk hartu duguna, baina zuzenean pistatik igo beharrean, horren ezkerretik doan bide zaharra jarraitu dugu pagadian gora igotzeko.

Zumarreko gainera irtetean ehunen bat metro aurrera jo eta izen bereko lepora heldu gara (560 m). Pista mordoa elkartzen da hemen; beraz, ea egokia hartzeko gai garen! Eskuinetik lehenik, arestian utzi duguna dago, Ikatzazulo lepotik datorrena. Beste hiruren artean erdikotik gora jo dugu, zatika hormigoizko zorua duenetik. Baina ehun bat metrotara pista utzi eta mendi bizkarrean gora jo dugu pagaditik zuzenean, Bidango gaina baino ehunen bat metro lehenago gainaldera eta basotik kanpora irteteko.

Bidango gaina (778 m). Harrespilak eta inguru hauetan tamalez oso ugariak diren ehiza postu batek menperatzen dute tontorra. Hegoaldera, txarrantxaren beste aldean, Artikutzako barrendegia dugu eta Bianditzera bitartean bere mugalerrotik ibiliko gara. Mendebalderantz, Burnaiztegiko lepora jaitsiko gara lehenik (715 m). Hona, lehen utzi ditugun pista horietako bat iristen da, lur orotarako ibilgailuak dituztenak postuetatik ahalik eta gertuen egoteko eta ondoren lepo honetan bertan duten etxola dotorean hamaiketakoa egin ahal izateko... Daramagun norabidean, maldari ekin, Gatzarrietako harkaitzetatik igaro eta Bianditzeko tontor belartsu eta zabalera iritsi gara (840 m). Erpin geodesikoa eta gutunontzia. Ikuspegi ezin ederragoa. Gustura egoten da horrelako tontorrean begiek aurrean duten paisaia ederraz gozatuz... tiro-hotsek bakea hausten ez dutenean behintzat. Minutuak segundoak bailiran igarotzen dira!

Arritxulegira abiatzeko, iparrerantz joko dugu bizkar belartsuetan barna Errengako lepora jaitsi arte (720 m). Tontor hori ezkerretik inguratuz Arritxulegiko lepora jaitsiko gara (480 m). Aterpea eta iturria. Metro batzuk aurrerago faxismoak eraildako gudarien omenezko oroigarria. Oiartzun-Lesaka errepidearen tunela gainetik igarota topatu dugun bidebanatzean, Erroilbide tontorrera daramana utzi eta eskuinera joz Endarako urtegira jaisten hasiko gara. Betiere errepidea baino pixka bat goragotik, Aialde jatetxera eta hemendik urtegira. Geratzen dena, errepidetik bertatik egin daiteke presa zeharkatu eta abiapuntura iritsiz, baina bada beste aukera bat: urtegia hegoaldetik inguratzen duen pista jarraitzea; luzeagoa izan arren, Dorrea baserri hutsa eta Garzikoetxea baserria ezagutzeko parada izango dugu.

Endara auzoa eta San Anton
Domiko baserria (aurriak), Domikoko zentrala, Garbiso Intzin Zahar (etxe bilakatua), Intzin Berri, Garzikoetxea, Dorrea, Endara borda, Ola, Borda, Iroizin eta Endarako errota (hondakinak) ziren Endara auzoko baserriak. Horiez gain, San Anton ermita eta etxebizitza eta Ola baserriaren ondoan, izenak berak dioen bezala, ola edo burdinola zahar bat izan zen.
San Anton, Ola eta Endara Borda ostatuak ziren, eta bertan atseden hartu eta mokadu goxoa egin ohi zuten bai Endara eta Gardeleko auzotarrek, bai Lesakatik Oiartzuna eta alderantziz zihoazenek, baina baita kontrabandoan aritzen ziren hamaikak ere. Izan ere, Aiako Harria hegoaldeko inguru hau Bera aldetik zetozen gaueko lanaren ohiko bide ugarik zeharkatzen zuten eta jende joan-etorriak arruntak ziren oso.
Baina 80ko hamarkadaren hasieran Hondarribia eta Irun urez hornitu ahal izateko urtegia eraikitzeko lanak hasi ziren. Presan jartzen duen moduan, 1988an amaitu ziren lanak, eta horrekin batera, ur azpian geratutako hiru baserrien bizitza: Ola, Borda eta Endara bordarena. Dorrea baserrikoak ere alde egitera behartu zituzten, etxea uretatik oso gertu geratzen baitzen. Olakoek Ola-Berri jatetxea ireki zuten gaur egungo lekuan. Endarakoek etxe berria eraiki zuten presa hormaren gainean eta Dorrea baserria oraindik zutik ikus daiteke nahiz eta hutsik eta erdi erorita egon. San Anton ermitako etxebizitzan bizi zirenek Lesakara alde egin zuten, eta ermita hutsik eta egoera kaskarrean geratu zen. Duela zenbait urte ermita berritu egin zuten, eta ordudanik San Anton Txiki egunean, San Anton egunaren (urtarrilak 17) hurrengo igandean, aspaldian bezala erromeria egin ohi dute bertakoek eta gerturatzen diren guztiek. Halaber, igandero 11:00etan meza izan ohi da. Bestalde, urtegiko lanak amaitzearekin batera, duela 15 bat urte, Arritxulegitik urtegirako errepideak egiten duen bihurgune itxian Aialde jatetxea eraiki zuten.

Frankistak Tellegin
Frankistek Gipuzkoa hartu nahi izan zutenean Bidasoa aldetik sartzekoak ziren Irun aldera. Hori eragotzi nahian Erdarlatsako zubia lehertu zuten. Frankistak, orduan, Lesakatik Oiartzuna joateko bidea erabili beharrean izan ziren, Tellegiko lepotik barrena zihoana. Jose Mari Irazoki Telletxeak (1923, Tellegi baserria) kontatua da, nola Tellegi baserrian eta ondoko eskola zaharrean bertan milaka soldadu frankista ibili zen, baita zenbait jeneral ere: Emilio Los Arcos, Varela, Aranda, Moscardo... Bera ume kozkor zela, frankistek kuartel nagusia antolatu zuten Tellegiko eskolan, eta baserrian bertan botikina. Haien asmoa Irungo San Martzial eta Erlaitzeko gotorlekuak hartzea zen, eta hori lortu bitartean hor ibili ziren gotorlekuak kanoikadaz lehertzen saiatzen. Egunez ez ziren baserrian egoten etxekoak, Erlaitzetik harantz egiten baitzuten tiro. Arma astunak autoekin igo ezin zituztenez, inguruko 200 bat baserritarri (Lesaka, Igantzi, Arantza) idi pareak edo behiak uztera eta kanoiak garraiatzera behartu zituzten.


ASTEKARIA
2003ko azaroaren 16a
Azoka
Azkenak
Mikel Oterori erantzuna

Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]


2025-04-07 | ARGIA | ARGIA
Euskararentzat justizia eskatu dute ehunka euskaltzalek Baionan

EHEk deituta, Baionan manifestazioa egin dute apirilaren 6an. Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia eskatu dute, eta Euskararen Errepublika aldarrikatu. Hilaren 11n EHEko bi kide epaituko dituzte Baionako auzitegian desobedientzia ekintza bat egin izanagatik.


Milaka lagun, etxebizitzaren negozioaren aurka Donostian

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitua, milaka lagun batu dira gaur eguerdian Donostian, “etxebizitzaren negozioaren aurka” eta “etxebizitzarako eskubide unibertsalaren alde”.


2025-04-07 | Ahotsa.info
Hego Euskal Herriko langile eta pentsiodunak kalera atera dira bizi baldintza duinak bermatuko dituzten gutxieneko soldata eta pentsioak eskatzeko

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako eta ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek babestutako manifestazioak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean izan dira. Bertan, Euskadiko eta Nafarroako gobernuei eskatu diete zerga eta aurrekontu... [+]


Gasteizko Korda espazio okupatua desalojo arriskuan dagoela salatu dute

Dozenaka auzokidek babesa agertu diote proiektuari igandean. Alde Zaharreko lokala udalaren jabetza da, eta hiru urte dira hainbat eragilek elkarlanean okupatu zutela.


Astelehenean deklaratuko du Amaia Zabartek, eta buruan ostikoa eman zion ertzainak dio “estropezu” egin zuela

2024ko martxoan jokatu zen Realaren partidu baten atarian zauritu zen foam jaurtigai batekin, eta Donostiako ospitaleko Zaintza Intentsiboko Unitatean ingresatu zuten. Lurrean zela ostikoa jo zion ertzainak adierazi du "estropezu" egin zuela harekin.


Haurrak gara behelaino artean

Ardatzean haur filosofia izango duen Galdera Basatiak podcastak, ez alferrik, haur filosofia tailerretan barneratzeko asmoa du. Horixe hitzeman digu Iñigo Martinezek lehen atal honetan. Podcastaren zimenduak ezarri dizkigu, markoa marraztu, eta, batik bat, haurtzaroaz... [+]


Langileek epaiketari uko eginda, Guardian enpresak xake mate egin du Laudion, urte luzez jokaldia prestatu eta gero

Guardian Llodio fabrikako behargin gehienek epaitegira jotzeko bidea bertan behera utzi ondoren, multinazionalak lortu du nahi zuena: enpresa errentagarri bat ixtea erabateko inpunitatearekin. Ez da egun batetik bestera sortutako estrategia, eta bide luzea izan arren, erabat... [+]


2025-04-07 | Behe Banda
barra warroak
Zutitu berri denari

Testu hau balorazio bilera baten ondorio dela esan genezakeen agian. Ordea, balorazio bilerek sarritan uzten dute aho zapore lehor eta gazi-gozoa. Astearte arratsalde eguzkitsu bat da. 16:53. Balorazio bilerara konektatu, eta erabaki dugu limoizko karamelu bana sartzea... [+]


Lokizaldeako Euskararen Eguna
“Euskara gero eta gehiago entzuten da eskualdean, bereziki gazteen artean”

Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.


2025-04-07 | Garazi Zabaleta
Soilik
Lursail txikian eta inbertsio erraldoirik gabe garatu daitezkeen proiektu agroekologikoak

Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]


2025-04-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Suge arrantzalea, errekan barrena

Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere... [+]


2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea

Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.


Eguneraketa berriak daude