Bizkaiko Foru Ogasuna susmopean


2021eko uztailaren 27an

Martxoko bigarren hamabostaldian Bizkaiko Ogasunaren bulegoetatik atera zituen agiriz betetako berrogeita hamar kaxa aztertzen ari da une honetan Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltza. Teresa Galvez fiskalak eta kasu honetarako izendatu dituzten Espainiako Zerga Ogasuneko bi perituek erabaki beharko dute orain nola erantzun EAJrekin zerikusia omen duten zergadun »edo enpresa» zehatz batzuei BEZa dela-eta mesede egin zaiela adierazten duen salaketari. Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren eskuetan dauden agiriz betetako kaxetan ondorengoak daude, besteak beste: Ikuskatzailetzak hasitako 25 espediente eta hogeita hamarretik gora zergadun bizkaitarren izenak biltzen dituen zerrenda. Zergadun horiei "zaintza berezia" jarria zien foru-saileko arduradun nagusiak.

Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak deklarazioa hartu die Bizkaiko Foru Ogasuneko berrogeita hamar ikuskatzaile eta ikuskatzaileorderi. Nahiko ezkutuan aztertzen ari diren kasu honek badirudi abaila hartu duela joan den uda bukatu denetik. Izan ere, iritsi zaizkigun berrien arabera, joan den urrian deklaratu zuten Galvez fiskalaren aurrean zerga-erakundeko zuzendari ohia den Javier Muguruzak eta Zerga Ikuskatzailetzako burua den Juan Ramón Ybarrak, besteak beste. Oraingoz, aurretik egin beharreko izapideak besterik ez dira, dakigula behintzat fiskalak salaketarik ez baitu jarri. Ikusteko dago kontu hau prebarikazioarekin egindako ustezko zerga-iruzurra den ala azpikeriaz egindako EAJren aurkako operazio politikoa.

Ikertzen ari diren ustezko delituetako bat administrazio-prebarikazioa da. Bestela esanda, argitu beharrekoa da zergen foru-erakundean goi-mailako kargua duen politikari batek, arrazoi ekonomiko, politiko edo bestelakoengatik, zenbait zergadun pribilegiatzeko jarraibide edo agindurik eman ote zuen, jakinaren gainean egonda hori ez dela bidezkoa. Izan ere, jakina da Guardia Zibileko Delitugintza Ekonomikoaren Aurkako Lantaldeak hogeita hamar espediente baino gehiago aztertuak dituela, horietan agertzen diren interesdunei mesede egin zaiela susmoa hartuta. Lantalde horren ustez, mesede egiteko moduak hauek lirateke: espedienteak izapidetu beharrean etetea, izapidea moteltzea edo espedientearen ardura duen teknikaria aldatzea.

Kasu honetan esku hartzen ari den Teresa Galvez ustelkeriaren aurkako fiskalak lehenago ere parte hartu zuen Kataluniako Ogasuneko beste kasu batean. Kataluniako Ogasunaren kasuan, Ikuskatzailetzako sei arduradun ohi ikertu zituzten 2002an, karguan zeuden bitartean ustezko delituak egiteagatik. Akusatuak honakoak izan ziren, besteak beste: Ikuskatzailetzako buru ohia (Jose Maria Huguet) eta autonomia-erkidegoan zerga-erakundearen ordezkari berezia izan zena (Ernesto de Aguilar).

Salaketa-egilea: PPren inguruko ikuskatzaile bat

Martxoko lehenengo hamabostaldian jakin genuen Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak Bizkaiko Foru Ogasuna ikertu behar zuela. Foru-arduradunak ustekabean harrapatu zituen bonba izan zen, hasiera batean prentsaren bidez besterik ez baitzuten izan gertatzen ari zenaren berri. Ikuskatzaile batek jarritako salaketarekin hasi zen dena. Ez dakigu nor den salatzailea, bere izen-abizenen lehenengo hizkiak besterik ez ditugu ezagutzen: J.D.S.F. Ikuskatzaile hori ezagunagoa da, ordea, "Pepe" izenarekin, eta operazioaren berri dutenen arabera, PPren ingurukoa da.

Ikuskatzaile gehienek bezala, salatzaileak Bizkaiko Ikuskatzaileen Zerbitzuan lan egiten du (zerbitzua Bizkaiko Ogasunari transferitu zitzaion 1982an, eta, beraz, foru-langilea da). Ogasuneko zenbait langilek aldizkari honi adierazi diotenez, salaketa jarri duen ikuskatzaileak jokabide bitxia izan zuen Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltza Foru Ogasunera sartu aurreko egunetan. Esate baterako, gaueko ordu txikietan sartu zen foru-erakundera. Ikuskatzaile horrek jarritako salaketak oso zehatza behar du izan, kasua Foru Ogasunean bertan ikertu duen Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzako langileek ez baitzuten denborarik galdu paper artean bilatzen eta zuzenean joan baitziren behar zituzten espedienteen bila. Badirudi ikuskatzaileak bere saileko beste bi ikuskatzaile salatu dituela Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzan, BEZa aplikatzerako orduan zenbait enpresei -EAJrekin zerikusia dutenak, gehienak- ustez mesede egin dietelakoan.

Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzako ordezkariek, ikuskatzaile eta ikuskatzaileordeen organigrama eskuratu ondoren, Bilboko Probintzia Auzitegira deklaratzera joateko dei egin zien 24 ikuskatzaile eta zenbait ikuskatzaileorderi. Galdeketak luzeak izan ziren, pertsona bakoitza lau eta zazpi ordu artean eduki zuten galderei erantzuten. Hainbat enpresei aplikatutako BEZaren eta zigorrik ez jartzearen ingurukoak izan dira galdeketetako itaun nagusiak. Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren esku-hartzea eragin zuen salaketa jarri zuen ikuskatzailea zein izan zen jakin zutenean Foru Ogasunean, tentsio-uneak sortu eta akusazio larriak egin ziren. Ikuskatzaile-talde batek defendatu zuen, azkenean, salatzailea. Berrogeitik gora ikuskatzaile eta ikuskatzaileordez osatutako taldeak erakutsi zion elkartasuna J.D.S.F.ri, eta zera adierazi zuten: "Salatzailea bera izan edo ez izan, ez da bidezkoa pertsona eta langile gisa daukan izen ona zikintzea".

EAJ, kezkatuta

Bizkaiko Foru Ogasuneko arduradun nagusiek bere egunean ziurtatu zuten, Bizkaiko Batzar Nagusietan, ofizialki ez dituztela ezagutzen Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak Foru Ogasuna ikertzeko arrazoiak. Arduradun nagusiak, Javier Urizarbarrenak, azpimarratu zuen sailaren ardura hartu zuenean, 1995ean, arreta berezia eskaini ziola Zerga Ikuskatzailetzari, "gabeziak zituelako". Gainera, batzarkideek egindako galderei erantzun zien erakundean aldian behin egiten diren barneko kontu-ikuskaritzetan "inoiz ez dela irregulartasun nabarmenik azaldu".

PPko ordezkariak "kontua oso larria dela, eta garbi dagoenak beldurrik ez duela izaten" adierazi zuen bitartean, EAJko bozeramailea oso kezkaturik agertu zen. Inazio Etxebarriak "kezkagarritzat" jo zuen Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren jokabidea, eta horrekin batera onartu zuen "izugarria izango litzateke"ela ustelkeria izan dela frogatuko balitz. Aldiz, adierazi zuen ikerketa agian "ezegonkortasun politikoa sortzeko elementu" moduan erabiltzen ari direla, eta horrek "ez diola batere mesederik egingo gizarteari".

Zerga-mesedeak ala ezegonkortze politikoa?
Esku artean daukaguna benetan prebarikazio-delitua al da?, edo, gauza bera dena, Bizkaiko Foru Ogasunak mesede egin al die ustez EAJrekin zerikusia duten zenbait enpresei? Ala, besterik gabe, lehengo maiatzaren 25eko foru-eta udal-hauteskundeetako garai politiko zehatz hartan edota 2004ko hauteskunde orokorrei begira politika ezegonkortzeko PPk diseinatu duen operazioa ote da? Gaur egun ez daukagu hori argitzeko daturik. Ikerketaren emaitzen zain egon beharko dugu, eta emaitza horiek eztabaidaezinak diren ikusi beharko. Madril eta EAJren arteko harremanak nola dauden ikusita, prozesua arrazoi politikoengatik akastuta dagoela pentsa daiteke, eta bistan da baldintza horietan egindako ikerketak susmagarriak behintzat badirela.
Edonola ere, dena da posible. Enpresa-munduak eta arlo profesionalak betidanik egin izan diete zerga-iruzur ugari foru-ogasunei, sindikatuek urtero salatzen dute hori. Iruzurgileak kolore guztietako agente eta enpresak izaten dira, batez ere politikoki eskuindarrak, bai nazionalistak eta bai espainolistak. Bestalde, egia da baita ere, ez direla gaur goizekoak hauteskunde-giroan erasoak egin eta ezegonkortasuna sortzeko operazio politikoak. Horiek ere betidanikoak dira, eta alde batetik nahiz bestetik etortzen direnak. Ziurrenik PPren aldetik asmo politikoren bat egongo da operazio horretan, nahiz eta agian foru-arduradunen batek EAJren inguruko zenbait pertsona edo enpresari zerga-arloan ustez nolabaiteko mesedeak egin izanaren egiazko oinarririk egon. Hori horrela den edo irregulartasunen bat egon den frogatu beharko da; irregulartasuna eta prebarikazioa ez baitira gauza bera.


Azkenak
2025-04-22 | Gedar
Munduko gastu militarra hirukoiztu egin da Gerra Hotzetik

Hainbat ikerketak erakusten dute inbertsio militarraren gorakadak osasuna edo hezkuntza bezalako sektoreen suntsipena dakartela herrialde batzuetan.


2025-04-22 | Aiaraldea
Jai euskaldunak erdiesteko urrats berriak emango ditu Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak

Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak dinamika jarri du martxan aurten ere Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak, Udal eta elkarteekin elkarlanean. Jaien testuinguruan euskararen presentzia eta erabilera sustatzea dute helburu. Iaz abiatutako bidetik jarraitu nahi dute aurten ere,... [+]


2025-04-22 | Euskal Irratiak
Brebetaren zientzietako froga euskaraz egiten ahalko da, sare pribatu zein publikoan

Antton Kurutxarri, Euskararen Erakunde Publikoko presidente ordearen hitzetan, Jean Marc Huart Bordeleko Akademiako errektore berriak euskararen gaia "ondo menderatzen du"


Larunbatean egingo dute Frantzisko aita santuaren hileta, eta maiatzean berria hautatzeko konklabea

88 urterekin hil da Frantzisko aita santua astelehen goizean, iktus baten ondorioz. Azken boladan osasun arazoak izan zituen. Miñan liburua gomendatu zuen publikoki, migratzaileen egoera kontatzen delako.


2025-04-22 | ARGIA
Israelek hildako 15 langile humanitarioen ikerketa-txostena gezurrez josita dagoela salatu dute

Hamabost langile humanitario hil zituen Israelgo armadak martxoaren 23an, terroristak zirela eta ez zutela euren burua identifikatu argudiatuta. Bideo batek bertsio hori gezurtatu ostean, gertatutakoaren barne-txostena egin dute Israelgo Defentsa Indarrek, baina bertan esaten... [+]


Euskal Herria nazioa dela aldarrikatu dute eragile ugarik Aberri Egunean

Eragile nahiz alderdi politiko ugarik plazaratu dituzte euren aldarriak aurtengo Aberri Egunean. Azken urteetan egin bezala, Bilboko eta Iruñeko kaleak hartu dituzte EAJk eta EH Bilduk, hurrenez hurren. Bagira-k, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak, abertzaleen... [+]


Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


Eguneraketa berriak daude